euskaraespañol

Julián Estévez Sanz

2054. urtea: droneen hiria

Robotika eta Adimen Artifizialeko irakaslea eta ikertzailea. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola

  • Cathedra

First publication date: 28/10/2024

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Jarraian kontatuko dizuedana Euskal Herriko Unibertsitateko nire ikertaldeak 2024an garatutako teknologia batean dago oinarrituta. Droneek hiria hartzea galarazten duen arazo handienetako bati irtenbidea ematen dio teknologia horrek: elkarren artean talkarik ez egitea ahalbidetzen du.

20 urte baino ez dira falta hiririk aurreratuenaren zeruan drone seguruen flota bat izan dezaten. Neo-Tokyo deitu diogu hiri horri. Jarraian irakurriko duzun ezer ere ez da ezinezkoa.

Txartel gorriak

2054. urtean, Neo-Tokyioko zeruetan bizia zegoen. Milaka drone zebiltzan airean zehar, ezin hobeto koordinatutako dantza korapilatsu batean. Hiriko Aireko Kontrol Dorrearen goiko aldean, Akira Tanatak harrotasunez begiratzen zion sortzen lagundu zuen ikuskizunari.

Zeta-7, aireko postarako azken belaunaldiko drone bat, aireko trafikoaren artean zebilen. Egituran plaka gorri distiratsu bat zuen, hamarkada batzuk lehenago Akirak eta haren lantaldeak talkak saihesteko garatutako teknologia iraultzaile baten aztarna. Aparatuen identifikazio datu guztiak zituen plaka horrek, datu teknikoak zein komertzialak, eta derrigorrez erabili behar zituzten drone komertzialek.

“ARIA, erakutsi ikuspegia Zeta-7 dronearen kameratik”, agindu zion Akirak laguntzaile birtualari.

Pantaila holografikoak bizia hartu zuen, eta dronearen bereizmen baxuko kameraren, aurreko kameraren, irudia erakutsi zuen. Sinplea zirudien arren, Neo-Tokyoko eremuko koreografia gidatzen zuen begia zen kamera hura.

Berehalako talka saihestea

Bat batean, hiriko alarmak marruka hasi ziren. Kargako drone erraldoi batek kontrola galdu zuen, eta hiriko erdigunera amildu zen. Harrapakari baten aurrean arrain sarda bat nola, hala hedatu ziren hamarnaka drone txiki.

Supituan, pizzen drone bat Zeta-7 dronearen ikus eremuan agertu zen, eta apur bat aldatu zuen ibilbidea. Adimen Artifizialeko (AA) bi sistemek beste ibilbide bat kalkulatu behar zuten ehunen batzuetan, elkar saihesteko eta talka ez egiteko.

Zeta-7 dronearen AA, konputagailu bidezko ikuspegian oinarritutako hasierako algoritmo horien zuzeneko oinordekoa, martxan jarri zen. Kolore gorria abiadura bizian arakatzen hasi zen kamera, kolore gorria baitzen droneen identifikazio-plaken ezaugarria.

Sistema horrek azkar batean kalkulatu zuen irudiaren zer ehuneko hartzen zuen kolore gorriak. Eremu gorriaren tamainan oinarrituta, beste dronera zegoen distantzia kalkulatu zuen Zeta-7k, eta pizzen drone hura (ziur asko, ibilbidetik irten zen) saihesteko maniobrari ekin zion.

“Begira, ARIA”, esan zuen Akirak, gogo biziz. “Drone bakoitzak bere kabuz hartzen ditu erabakiak, elkarren artean komunikatu gabe, ikusten duenean bakarrik oinarrituta. Bi aparatuek kolore gorriaren gertutasuna bilatzen dute eta elkar saihesten dute”.

Islak eta itzalak

Zeta-7 biratu egin zen, gorriaren kontzentrazio handiena ikusten zuen norakoaren aurkakoan, eta talka saihestu zuen. Pizzen droneak, Gamma-4 modelo zahar batek, gauza bera egin zuen. Hala, koreografia ederra sortu zuten airean.

“Harrigarria da kamerak hautematen duen kolore gorriak eta matrikula gorriaren azalerak, horren gauza sinpleak, milaka istripu saihestea”, esan zuen IRIAk.

Akirak baietz esan zuen, hasierako erronkak oroitzen zituen bitartean. “Hasieran arazoak genituen isla eta itzalekin. Baina kolorea hautemateko tarteak eta eremu gorriaren gutxieneko tamaina egokituta, sistema izugarri sendoa lortu genuen”.

Bien bitartean, hiriko alarmek marruka jarraitzen zuten. Kargako droneak kontrolik gabe eta amiltzen jarraitzen zuen. Drone txikiek albo batera egin behar zuten, goitik behera zetorkienaren aurrean, eta euren koloretako plakei distira eginarazten zieten, ostadar tekonologikoa sortuz.

Zeta-7k haren larrialdiko protokoloak aktibatu zituen. Hiriko aireko trafikoa goitik behera aldatu zuen RCA (Reciprocal Collision Avoidance) algoritmoaren bertsio dotorea zen. Haren AA aireko trafiko sarearekin konektatu zen, eta, beste drone batzuekin lankidetzan, hegaldi patroi bat sortu zuten, erreskateko ibilgailuak hondatutako dronera iritsi ahal izateko.

“ARIA, handitu 7. sektoreko ikuspegia”, agindu zuen Akirak, ahots larri baina kontrolatuarekin.

Pantailan, ehunka drone ikusten ziren koreografia perfektuan. Itsaso Gorriko uren gisara ari ziren irekitzen. Akiraren lantaldeak lanerako erabilitako AR Drone 2.0 robot ezagun eta zaharrekin egindako lehen esperimentuen emaitza ziren mugimendu horiek, kolore gorriaren detekzioan eta distantzien neurketan oinarrituak.

Sortu berri zuten korridoretik igaro ziren larrialdi droneak, eta garaiz lortu zuten kargako dronera iristea eta hura egonkortzea. Horien ikusmen sistema aurreratuek, garai bateko bereizmen baxuko aurreko kameren oinordeko zuzenek, harmonia ezin hobean lan egiten zuten.

Krisia desagertzen ari zen artean, Akira aulkian etzan zen, eta lasaitasunez egin zuen hasperen: “Badakizu zer, ARIA? Askok uste zuten erokeria bat zela bereizmen baxuko kamerak eta koloretako txartel soilak erabiltzea. Sentsore aurreratuagoak, droneen arteko komunikazioa, trafikoa kontrolatzeko sistema zentralizatuak... behar genituela esaten zuten”.

“Baina soluziorik sinpleena, batzuetan, eraginkorrena izaten dela frogatu zenuten zuek”, gehitu zuen ARIAk.

“Hala da”, irribarre egin zuen Akirak. “Eta orain, begiratu emaitzari”.

Amaiera zoriontsua

Neo-Tokyoko zerua ohiko ordena kaotikora itzuli zen. Milaka drone zebiltzan airean dantzan, paketeak entregatzen, bizitzak salbatzen eta etorkizuneko hiriaren pultsua mantentzen. Drone bakoitzaren bira eta hegaldi bakoitza aspaldiko laborategi batean emandako lehen pauso zalantzatien oihartzun bat zen, ideia sinple baina iraultzaile batetik jaiotako sinfonia teknologikoa.

“Arazo konplexuei irtenbide dotoreak aurkitzea da benetako jenialtasuna”, esan zuen Akirak, haren begiek droneen argien islarekin dir-dir egiten zuten bitartean. “Eta, batzuetan, irtenbide horiek gure begien aurrean egoten dira; kasu honetan, gure droneen kameren aurrean”.

The Conversation