EHU-ekinean PODCASTaren edizio honetan Txo!?, hedabide berrien artista, ezagutuko dugu, eta ilustrazioan eta grafitian izan zuen hasieraz eta ikus-entzunezkoen eta ikerketaren alorrean izan zuen aurrerapenaz hitz egingo du. Sail horretan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin. Txo!? horren adibide ona da.
Artista eta ikertzailea
Martin Etxauri Sainz de Murieta: «Artista izatea ikertzean datza»
- Interview
First publication date: 07/03/2024
EHU-ekinean 2. denboraldiko 2. podcasta: Martin Etxauri Sainz de Murieta.
Martin Etxauri Sainz de Murieta artista eta ikertzaileak, hasiera batean, ez du eragozpenik esateko estereotipoetatik kanpo dagoela, ikertzaile gisa. Geroxeago, ordea, onartu du artista guztiak direla neurri batean ikertzaile, batik bat, arte garaikidean. Txo!? izenez aritzen da bere proiektu artistikoetan, eta horrela azaldu du bere ikuspegia: “Artista izatearen zati garrantzitsu bat ikertzea da, nire ustez. Ikertzea bilatzea da. Eremu edo gai jakin batean, lehenik, begiratzea aurretik zer egon den eta, gero, esperimentatzea, probatzea eta ikustea hortik zer atera daitekeen edo zuk hor zer aurkitzen duzun".
Berez, definizio hori ez da asko aldentzen ikerketa akademikoarenetik, baina, Txo!?rentzat, badago diferentzia bat: “Agian, galdera proposatzean dago alderik nabarmenena. Artean, askotan, ez dugu galdera zehatzik proposatzen; goaz ea zer aurkitzen dugun esploratzera, eta prozesuak ematen dizu helburua. Ikerketa akademikoan, oro har, galderak zehatzagoak dira, eta ez diozu hainbeste hitz egiten uzten prozesuari. Dena dela, asko aldatzen da ikerketa fisikakoa izan, arte ederretako ikerketa akademiko bat edo soziologiakoa".
Beste diferentzia bat da, normalean, akademiako ikertzaileek beren izen-abizenez sinatzen dituztela ikerketa, eta, aldiz, artisten artean ohikoa da ezizena izatea. Horri buruz galdetuta, azaldu du artistak ere, maila batera iristen direnean, askotan bere izen-abizenak erabiltzen dituztela berriro; gehiago lotzen du ezizena kaleko artearekin edo undergroundarekin. Bere kasuan ere horrela sortu zen: "Txikitatik beti izan naiz Martintxo, eta hiru silaba horien konbinazio guztiekin deitu izan didate; besteak beste, Txo. Gero, ilustrazioan eta grafitian hasi nintzenean, eta gero bideo-jartzaile, erabaki nuen hori izango zela nire izena. Eta izaera grafiko bat eta beste tonu bat emateagatik jarri nizkion harridura-ikurra eta galde-ikurra. Gainera, badu anonimotasun bat ere".
Arte undergroundean hasi bazen ere, unibertsitatera joatea erabaki zuen. Haren esanean, irakasle batzuen ekarpena oso garrantzitsua izan zen beretzat, baita kideen arteko harremanak ere. Hala ere, pixka bat nekatuta atera zen unibertsitatetik. Profesionalki, diseinu grafikoan eta ilustrazioan aritu zen, eta artistikoki, bideo-jartzaile; hasieran klubetan eta diskoteketan, baina gero espresio artistiko gisa. Eta berriro itzuli zen unibertsitatera.
Teknologia eta magia
"Grina sartu zitzaidan gehiago ikasteko, eta, ikastaroak eta jardunaldiak ematen nituenez, horri ere gustua hartu nion, eta hezkuntzan pentsatzen hasi nintzen. Orduan, lizentziatu eta 15 urtera sartu nintzen masterra egitera, gero tesia egin ahal izateko. Baina masterra ere interesatzen zitzaidan; Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa zen masterra", gogoratu du Txo!?-k.
Orain, tesia egiten ari da, interfaze digitalen inguruan. Azaldu duenez, interfazeei buruz hitz egitean metaforak erabiltzen ditugu, eta tesian proposatzen du, modu espekulatiboan, metafora horietako bat magia dela; "ez prestidigitazioa, baizik eta sineskeria". Tesiaren zati handi bat teknologia eta magiaren arteko erlazioa aztertzen eman du. Hain zuzen, aitortu du erlazio hori uste zuena baino askoz ere sakonagoa dela, eta orain, gainera, adimen artifiziala etorri da: "Horrek harrapatu nau. Tesia egiten hasi nintzenean, ez nuen uste orain, bukatzen ari naizela, bat batean teknologiako iragarki gehienek erabiltzea magia hitza!".
Hala ere, gogora ekarri du, ordenagailu pertsonalen erabilera domestikoa hasi zenetik, erabiltzen dela magiaren kontzeptua, Applek bere iPad-a aurkeztu zuenean ere erabili zuen... "Adimen artifizialarekin indartu egin da, baina beti egon da", berretsi du Txo!?-k. Oraingoz, tesia bukatzean dauka jarrita begirada. Eta aurkeztutakoan, zer? "Egia esango dizut: tesia bukatzean irekitzen da pixka bat mundua".
Ikertzaileari buruz:
Martin Etxauri Sainz de Murieta aka Txo!? Iruñean jaio zen, 1977an, eta artista eta medio berrien ikertzailea da. Arte Ederretan lizentziatua (EHU), Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan du masterra eta Arte Garaikidean Ikerketan doktoregaia da, unibertsitate beran. Etengabeko auto-formakuntzan, ikus-entzunezko artista eta bideo jartzailea izateaz gain diseinatzaile web/grafikoa eta ilustratzailea izan da.
EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Artikulu hau lehendabizi Zientzia kaiera webgunean argitaratu da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).