Glutena: osasuna, segurtasuna eta gizartea ikertaldearen lan batek antzeman du osasungintza publikoko langileek denbora eta prestakuntza falta dutela zeliakoak artatzeko. Gaixotasun hori dutenek jakintza-maila ona dute glutenik gabeko dietari buruz, baina batez ere Internetera eta elkarte espezializatuetara jotzen dute elikaduraren arloan dituzten zalantzak argitzeko. Beraz, ikertzaileek eskatzen dute beharrezkoa dela osasun-sistema publikoak nutrizio-hezkuntza handiagoa eta arreta hobea eskaintzea zeliakoei.
Osasungintza publikoko langileen % 96k adierazi dute prestakuntza behar dutela glutenik gabeko dietari buruz
UPV/EHUren ikerketa baten arabera, Internet da zeliakoek gehien kontsultatzen duten iturria elikadurarekin loturiko zalantzei erantzuteko
- Research
First publication date: 31/10/2024
Glutenik ez kontsumitzea da zeliakiaren ondorioak saihesteko tratamendu bakarra. Gaixotasun horrek konplikazio larriak ekar ditzake, hala nola hesteetako minbizia edo antzutasuna. Hori horrela, dieta zorrotz betetzea oso garrantzitsua bada ere, ez da beti gertatzen, eta ohikoa izaten da zeliakoek elikagai desegokiak kontsumitzea, ez baitira kontziente dieta urratzen ari direla. Horregatik, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Glutena: osasuna, segurtasuna eta gizartea ikertaldeak aztertu du glutenik gabeko dietaren inguruko ezagutza-maila zenbatekoa den pazienteen eta osasun-profesionalen artean: “Zenbat dakiten neurtu nahi genuen, prestakuntza hobetzeko orduan enfasia non egin egiaztatzeko; izan ere, zenbat eta jakintza mardulagoa, orduan eta hobea izango da zeliakoen osasuna. Gure lanean ondorioztatu dugunez, medikuen artean dago gabezia handiena. Prestakuntza eta denbora falta zaizkie, eta horrek kalte garbia egiten du dieta betetzeari begira”, azaldu du glutenari eta elikadurari loturiko gaiak aztertzen 25 urte baino gehiago daramatzan ikertaldeko buru Edurne Simónek.
Ikerketaren ondorioak ateratzeko, estatuko 17 autonomia-erkidegoetako osasun publikoko profesionalen erantzunak baliatu dituzte. Galdetegietan, % 96k onartzen dute prestakuntza handiagoa behar dutela glutenik gabeko dietari buruz, eta % 80k diote gustatuko litzaiekeela zeliakia duten pazienteei denbora gehiago eskaini ahal izatea. “Osasun-langileek badakite zer gabezia dituzten. Prestakuntza handiagoa izatearen falta sumatzen dute; izan ere, beren espezialitateaz bestelako lanak ari dira egiten, menderatzen ez dituzten gaietan aholkuak ematen. Eta, gainera, kontsulten iraupena mugatua da. Duten denbora apurrean, patologiaren beraren inguruko azalpenak ematen saiatzen dira, eta ez dute behar adina denbora ikusteko ea ukituriko pertsonek betetzen ote duten ala ez dagokien dieta”, gaineratu du Simónek.
UPV/EHUren azterlanak hauteman du zer alorretan duten osasun-arloko profesionalek ezagutza-maila txikia. Emaitzek erakusten dutenez, besteak beste, bostetik batek pentsatzen du kinoak glutena duela —eta ez da hala—, eta % 15ek kutsadura edo kontaktu gurutzatua eragin dezaketen hiru puntu kritiko baino ez ditu ezagutzen. Era berean, medikuen % 70ek uste dute gluten-arrastoak nahitaez jakinarazi behar direla elikagaiak paketatzean, eta hori ere ez da hala. Hau da, gehienek ez dakite produktuek ez dutela zertan adierazi informazio hori bilgarrietan. Lanaren egileek oker horren arriskuak nabarmentzen dituzte: “Medikuek oker ematen badiete pazienteei etiketen gaineko informazioa, gerta liteke zeliakoek lasai asko kontsumitzea glutena duen janaria. Eta hori kaltegarria da berez, gluten-arrastoak ere toxikoak baitira”.
Internet da zeliakoen informazio-iturri nagusia
Bestalde, zeliako-lagin zabal batek parte hartu du ikerlanari loturiko galdeketan. 3.700 paziente baino gehiagoren erantzunek adierazten dutenez, oro har jakintza-maila ona dute glutenik gabeko dietari buruz —batez ere paziente-elkarte espezializatuetara atxikitako zeliakoek—.
Horrekin batera, zeliakia duten pertsonei galdetu diete non kontsultatzen dituzten elikadura-zalantzak, eta % 51,4k erantzun dute Internetera edo sare sozialetara jotzen dutela. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak ohartarazi du errealitate horrek arriskuak dituela, eta nabarmendu du eduki asko fidagarritasun gutxikoak direla eta beharrezkoa dela aldez aurretik nolabaiteko ezagutza izatea, informazio zuzena eta okerra bereizi ahal izateko.
Gainera, Simónen ustean, nabarmentzekoa da zeliakoen % 31k paziente espezializatuen elkarteetara jotzea zalantzak argitzeko, eta, aldiz, % 15,2 bakarrik joatea medikuarenera: “Zeliakia-talde adituak egundoko lana egiten ari dira. Alabaina, Gizarte Segurantzak egin beharreko lana ari dira egiten, eta hori ezin da hala izan. Gure ustez, zeliakia artatzeko diziplina anitzeko unitate klinikoak sortu beharko lirateke, dietista, mediku, erizain eta psikologoekin. Horrek lagunduko luke zeliakoen osasuna hobetzen. Eta, era berean, dirua aurreztuko luke osasungintzan, saihestu egingo bailirateke berandutxo artatzeak edo proba mediko osagarriek eragindako kostuak”.
Informazio osagarria
Edurne Simón Farmazia eta Elikagaien Zientziako Saileko Nutrizio Ataleko kidea da. Gluten: osasuna, segurtasuna eta gizartea ikertaldearen burua da, zeinak 25 urte baino gehiago baitaramatza glutena eta glutenik gabeko dieta aztertzen. Simón irakasle titularra da Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduan eta Farmaziako Graduan. Era berean, eskolak ematen ditu Elikadura eta Osasuna Masterrean eta Zahartze Osasuntsua Masterrean.
Bibliographic reference
- Knowledge Gaps in Gluten-Free Diet Awareness among Patients and Healthcare Professionals: A Call for Enhanced Nutritional Education
- Nutrients
- DOI: 10.3390/nu16152512