euskaraespañol

Zorionak, EHUbiblioteka!

  • Photocampus

First publication date: 24/10/2024

NON:  Gipuzkoako Campuseko Biblioteka (Carlos Santamaría zentroa. Donostia). NOIZ: 2024ko urriaren 22ean. NORK: Jorge Navarro, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

 

1997az geroztik, urriaren 24an Liburutegien Eguna ospatzen da, 1992an Balkanetako gerretan Sarajevon Bosniako Liburutegi Nazionala suntsitu zela gogorarazteko. Aurtengo urrian, Gazan txikitutako liburutegi guztiak ere gogora ekarri nahi ditugu. Beraz, oso modu egokian, 2024. urte honetan, ‘Etorkizun iraunkor baten alde’ leloak liburutegiek Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko egiten duten ekarpena aipatzen du.

Unibertsitateko liburutegiek, unibertsitateen parte diren aldetik, zeregin isil eta diskretua betetzen dute gizarte informatuago, bidezkoago eta berdinago baten aldeko ahalegin kolektibo horretan. UPV/EHUko biblioteka da horietako bat. Agian batzuetan oharkabean pasatzen da, agian pertsona batzuen ustez informazio-iturrien digitalizazioak alferrikakoa bihurtzen du, agian baten batek pentsatzen du Googlerekin nahikoa dela. Unibertsitate honetako bibliotekan lan egiten dugunok ez dugu onartzen ideia horiek nagusitzea, eta arrazoi onak ditugu. Liburutegien funtsezko helburuetako bat da kalitatezko informazio zientifiko hautatua, egiaztatua eta ebaluatua eskuratzeko aukera ematea. Horretarako, bilduma egokiak izateaz gain (liburuena, aldizkariena edo datu-baseena), ezagutza erne dadin, ikasleei, irakasleei eta ikertzaileei informazio hori lortzen laguntzeko gai den talde bat dugu batez ere. Horrekin batera, bibliotekaren ardura da unibertsitateko ekoizpen zientifikoa sarbide irekian argitaratzea eta gordetzea, gure erakunde gordailuaren bidez edo beste bide batzuen bidez. Eta hori baino askoz gehiago ere bada biblioteka: topagune bat da, ikasteko, hausnartzeko edo inspiratzeko leku bat, ustekabeko aurkikuntzen iturri bat, eta, azken batean, unibertsitate-komunitate osoaren zerbitzura dagoen gune bat.

Horrek guztiak, sinistu nahi dugu, lagundu egiten du ospakizunaren leloak aipatzen duen etorkizun iraunkor baten aldeko ahaleginean. Konbentzimendu horretatik abiatuta, urriaren 24a aprobetxatzen dugu baliabide hau, biblioteka, erabiltzeko gonbidapena zabaltzeko. Izan ere, gure esku dagoen luxua da liburutegia, eta batzuetan ez gara horren izaeraz jabetzen. Bide batez, Sarajevoko liburutegiak unibertsitateko liburutegi gisa ere jarduten zuen.

 

Testu hau idatzi du Unibertsitate Bibliotekako komunikazio taldeak

 

Eguneko irudi guztiak ikus ditzakezu Photocampus atalean.

Nahi al duzu atal honetan zeuk egindako irudi bat argitaratzea? Bidali, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus