New Generationen bidez finantzatutako ENCLOSURE proiektuan Europako beste bost unibertsitatek parte hartzen dute, eta jatorri naturaleko biopolimeroak erabiltzen dituzte, esaterako, zelulosa
UPV/EHUk ondarearen kontserbaziorako material jasangarriak garatuko dituen proiektu bat gidatzen du
- Research
First publication date: 03/05/2023
Kultur ondarearen kontserbazioan, teknologia eraginkor, propio egindako material eta konponbide berritzaileen premia handitu egin da azken bi hamarkadatan. Aproposena litzateke kontserbazio teknologia berriek ingurumena errespetatzen duten materialak eta prozedurak erabiltzea, azken erabiltzailearentzako arriskutsu gerta litezkeenak edo ekotoxikoak ahalik eta gutxienera murriztuta. Alabaina, gaur-gaurkoz, arlo horretako oso teknologia eta material gutxi jo daitezke zeharo jasangarritzat ingurumen ikuspegitik.
Jasangarriak direnetatik, duela gutxi ikusi da jatorri naturaleko polimeroetan oinarritutako gelak (esaterako, xantano goma edo agarra) ordezko esperantzagarriak direla, adibidez, astoko pinturen eta eskulturen garbiketan. Zelulosa, polimero natural ugariena dena Lurrean, halaber balia daiteke gelak egiteko. Gainera, ondarearen kontserbazioan erabiltzen da jada; izan ere, maiz erabiltzen dira zelulosa enplastuak gatz kristalduak xurgatzeko. Beste arlo batzuetan legez, nanozelulosen potentzialaren gainean ari dira ikertzen, adibidez, paper, oihal edo zur gaineko lanen kontserbazioan erabiltzeko.
Horren guztiaren ondorio da ENCLOSURE proiektua (Eco-design of NanoCeLlulOse-based Solutions for cUltuRal hEritage conservation: materials development, validation, and life cycle assessment), Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatu, eta Next Generation funtsekin finantzatzen dena. Kultur ondarearen kontserbazio errespetutsurako konponbide holistikoak eskaintzea du helburu, biopolimeroen bitartez; zehazki, nanozelulosak eta bakterio zelulosa. “Formatu askotariko zelulosa materialak garatu nahi ditugu, besteak beste, hormako eta astoko margolanen iraganeko zaharberritzeetako gatzak, zikinkeria eta hondakin organikoak kendu ahal izateko”, azaldu du Maite Maguregui, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoko irakasleak. Bera eta UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle Erlantz Lizundia dira ikertzaile nagusiak proiektu honetan. “Agerian da diziplina anitzeko proiektua dela gurea; uztartzen ditu, batetik, materialen arloko esperientzia, eta bestetik, ondarearen azterketan eta kontserbazioan aplikatutako kimikaren arlokoa”, gaineratu du Erlantz Lizundiak. Natur zientzietako, materialen ingeniaritzako eta kontserbazioko beste hamasei ikertzaile ere (Euskal Herria, Bartzelona, Oslo eta Estokolmoko unibertsitateetakoak eta Zuricheko ETHkoak, eta Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutukoak –CSIC-Zaragozako Unibertsitatea–) ari dira euren alea jartzen ondare kontserbazioaren aldeko proiektu honetan.
Proiektuaren alderdi funtsezkoetako bat da hormako eta astoko pinturen erreprodukzioetan garatutako materialen eraginkortasuna baliozkotzea. Aplikazio mota desberdinak aztertuko dituzte, egiazko margolanetan erabiltzera jauzi egin aurretik. Bizi zikloaren ebaluazioak aukera emango du garatutako materialen ingurumen jasangarritasuna zenbatesteko. Gainera, proiektuaren azken buruzko xedea material berri horiek ondare kontserbazioko profesionalei transferitzea izanik, ENCLOSUREren amaiera aldera, arloko profesionalei zuzendutako jardunaldi bat egingo da, garatu diren materialen ahalmenen erakustaldiak egiteko.
“Proiektu honen helburua da bidea erraztea, etorkizunean nanozelulosak erabili daitezen beste ondare material batzuetan, eta teknologia berri horiek ingurumenaren aldetik jasangarriak diren konponbide gisa posizionatzea”, azaldu du Maite Maguregui ikertzailea; besteak beste, Ponpeiako freskoen gaineko ikerketan eta Munchen horma irudien gainekoan (Osloko Unibertsitatean) parte hartu du.
ENCLOSURE proiektua: https://enclosure-project.eu/