Euskaltzaindiari Urrezko Domina emateko ekitaldia
Leioan, 2019-10-25
Euskaltzainburu jauna; amabitxi andrea; errektore ohi jauna; euskaltzain jaun-andreok; herri-agintariok; Euskal Herriko Unibertsitateko klaustroko kideok; jaun-andreok; lagunok.
Euskaltzaindia duela 100 urte sortu zen, eta hain zuzen ere mende bete geroago Euskal Herriko Unibertsitateak bere urrezko domina eman dio Euskararen Akademiari.
Gure araudiaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitatearen urrezko domina ematen zaie unibertsitatearen ospea zabaltzen bereziki lagundu dutenei –zientzien, letren eta arteen arloan nabarmendu direlako– edo UPV/EHUko kide izan gabe gure unibertsitateari aparteko zerbitzua eskaini diotenei.
Euskaltzaindia eta Unibertsitatea bi erakunde desberdin dira, baina esan dezakegu bi-biak eskutik helduta ibili direla azken mende erdian. Beraz, Euskaltzaindiak merezimendu osoz jaso du Euskal Herriko Unibertsitatearen urrezko domina.
Igaro diren 50 urte hauetan, unibertsitate publikoak behar bezala erantzuten jakin du eta aurre egin die gizartearen, hizkuntzaren, gizarte inklusioaren eta irakaskuntza eta ikerkuntzaren kalitatearen erronkei. Eta horrekin batera, kementsu aritu da euskararen normalizazioan.
Egia esan, ez dira gutxi gaurko egoerara heltzeko euskararen normalizazioan unibertsitatean eman ditugun urratsak. Gauza asko aldatu dira gure unibertsitate publikoa sortu zenetik, euskarak gizartean ia presentziarik ez zuen 60ko hamarkada amaierako egoera hartatik. Adibide bat jartzearren, nahitaezko irakasgaien % 97a euskaraz irakasten ditugu, eta datu adierazgarria da hori, noski.
Pertsonok ahazteko joera dugu, baina ahalegin txiki bat egin beharko genuke gogoratzeko zein egoeratan zegoen euskal gizartea (eta gure kultura) orain dela mende erdi. Nork esango liguke, 1960an, 1970an, gaur egun unibertsitatean edozein ikasketa euskaraz emango genuela? Garai hartan ametsa zirudien; orain, horrenbeste denbora igaro ez bada ere, beti horrela izan dela iruditzen zaigu.
Hau guztia posible izan bada, 50 urte hauetan gogor lan egin delako izan da, eta unibertsitateak bidaide onak aurkitu dituelako bidean. Gehiago esango dut: argi izan behar dugu gaur dugun unibertsitatea ez dela berez sortu, eta eraikuntza kontziente baten emaitza izan dela. Gure aurretik, batzuek amets egin zuten unibertsitate berri, euskaldun eta ikertzaile batekin, nazioartean ondo kokatuta egongo zen unibertsitate batekin, eta buru-belarri ekin zioten lanari. Gaurko gure unibertsitatea haiei zor diegu, urte luzez zuloz eta bihurgunez beteriko bidea egiteko prest egon direnei, bidean aurkitu ditugun lagun zintzoei. Eta lagun horien artean, jakina, Euskaltzaindia.
Gogora ekarri nahi nituzke gure unibertsitatearen aitzindari handienetako bat izan zen Carlos Santamariaren hitzak.
1968ko ekainean, Bilboko Unibertsitatea sortu zuen Dekretu Legea argitaratu eta egun gutxira, Carlos Santamariak “Negu-marrubiak” izeneko artikulua argitaratu zuen Zeruko Argia aldizkarian, oso argigarria dena ulertzeko nola hartu zuten orduko euskaltzaleek unibertsitate publiko baten sorrera.
“Euskal-unibersidadeaz, euskerazko unibersidadeaz, alegia, asko mintzatzen da gaurkoan. Naiz ta milla billoi libera izan eta libertade osoa izan, horrelako Unibersidade egiterik iñork ez du oraindikan, hizkuntza eldurik ez bait dago”.
Izan ere, hizkuntza heldu eta emankor bat falta zitzaigun. Honako hau gehitu zion gogoetari:
“Euskera aurtxo bat bezelakoa da ta apal-apal lenengo maillako eskolatara joan bear. Sail hontan ere bere lana izango du, izan, aurrera ateratzeko. Asiera horri umil-umil ekiten badiogu, ba liteke biarko egunean, urrutiko udaberri batean, marrubiak euskal baratzean agertzea”.
Horrela amaitu zuen Carlos Santamariak bere artikulua, gure unibertsitatea sortu eta egun gutxira idatzi zuena. Artikuluan aipatzen den “urrutiko udaberri” hori… ez al da iritsi jada gurera? Zein urrun zegoen orduan, 1968an, duela mende erdi baino gehiago…
Hala eta guztiz ere, nola gertatu da hain azkar eta hain sakon eraldaketa hau?
1968ra itzuliz, urte horretan burutu zen urte gutxi batzuk lehenago hasi zen lan bat, erabateko eragina izango zuena euskararen eta euskal kulturaren historian: euskara batuaren sorrera. Funtsezko bultzada hori Euskaltzaindiari zor diogu.
Miren Azkaratek oso esanguratsua den esaldi metaforiko bat aipatu du, Isaac Newton zientzialariak Robert Hooke bere lagunari eskutitz batean idatzi ziona: bere aurrekoei erreferentzia eginez, ‘erraldoien sorbalden gainean’ ibili zela adierazi zuen.
Euskal Herriko Unibertsitateak izan ditu ere sorbalda indartsuko erraldoiak bidelagun.
Horietako bat Euskaltzaindia izan da. Bilboko Unibertsitatea sortu zen urte berean, 1968an, Euskaltzaindiak urrats garrantzitsua egin zuen euskararen normalizazioan, eta euskara batuaren lehenengo oinarri sendoak ezarri zituen.
1968ko Arantzazuko Biltzarra amaitzean, euskara batuaren lehenengo arau multzoa eman zuen: ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoei buruzko arauak. Arau horiek hizkuntza idatziari zegozkion, ezinbestekoa testuliburuak sortu eta hizkuntza akademikoa garatzeko.
Denborak argi erakutsi du euskara batuak, hizkuntza bera modernizatzeaz gainera, batu egiten gaituela euskaldunok. Euskara baturik gabe, ez ziratekeen diren bezalakoak izango ez gaurko euskara ezta gaurko Euskal Herria ere.
Euskara modernizatzeko araurik gabe eta eredu estandar bat definitu gabe, gaur ez genuke unibertsitate euskaldunik izango.
Euskalkiez harago euskaldun guztiek ulertuko duten hizkuntza baturik gabe, ez genuke ere zientzia euskaraz egiteko modurik izango.
Bestetik, Euskaltzaindiari eta Euskal Herriko Unibertsitateari gagozkiolarik, nabarmentzekoa da ere bi erakundeetan pisu handia izan duten pertsonen lana, kasu askotan bi erakundeetako kide izanik bien arteko zubi lana egin dutenak. Funtsezko ekarpena egin diote Euskaltzaindiari, UPV/EHUri eta baita euskarari ere.
Alde horretatik, aipamen berezia merezi du Koldo Mitxelena irakasleak. Euskal literaturari, testu zaharrei eta hizkuntzaren historiari buruz egin zituen lanak funtsezkoak izan ziren euskara batua sortzeko. Lexikoari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegiaren egitasmoa jarri zuen abian, euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzeko xedez.
Nabarmendu nahiko nuke ere Koldo Mitxelenak Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrerari eta kultura normalizazioari egin zien ekarpena, eta 1978tik aurrera UPV/EHUko euskal filologoen lehen promozioen trebakuntzan egin zuen lan eskerga. Inork gutxik bezala uztartu zituen jakintza eta euskaltzaletasuna. Mitxelena bezalako euskaltzaleei esker iritsi zen euskara unibertsitateko fakultateetara, eta haren ikerketek zabaldu zizkiguten euskararen iraupen miresgarria ulertu ahal izateko bideak. Izan ere, errenteriar hizkuntzalari handiaren ahotan, ‘Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria”.
Koldo Mitxelena aipatzeak hizpidea ematen digu adierazteko Euskal Herriko Unibertsitateko kide asko Euskaltzaindiako kide ere badirela. Edo alderantziz: Euskaltzaindiako kide asko UPV/EHUko kide ere badirela. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak, erakunde gisa elkarlanean aritzeaz gainera, eskua ematen diote elkarri, irakasle eta ikertzaile asko ari baitira lanean eta jakintza sortzen bi erakundeetan.
Hori horrela, eskerrak eman nahi dizkiot ere Miren Azkarateri bere hitzengatik, eta erantsiko nuke aurretik esan dudanaren beste adibide bat dugula: euskaltzain izan zen lehen emakumea gure katedraduna da, eta haren ondoren akademiara iritsi diren beste emakume batzuk ere gure unibertsitateko kideak dira. Horrek agerian uzten du berriro bi erakundeen arteko lotura estua.
Dagoeneko esan dut Euskaltzaindiak eta gure unibertsitateak eskutik helduta egin dituztela azken 50 urteak. Ziur naiz horrela jarraituko dutela. Euskaltzaindiak ekitaldi honetan jaso duen urrezko domina Euskal Herriko Unibertsitatearen aitortzaren eta esker onaren adierazgarri da.
Beraz, zorionak Euskaltzaindiari eta mila esker euskararen alde eta euskal kulturaren alde egindako lan guztiagatik.