euskaraespañol

Gernikako araztegiko urak Urdaibaira ez isurtzeak berehalako aldaketak eragin ditu ur-ingurunean

UPV/EHUko Jone Bilbao ikertzaileak hobekuntza fisiko-kimiko handiak eta aldaketa garrantzitsuak hauteman ditu fitoplanktonean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/03

Sergio Seoane eta Jone Bilbao Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategian. | Argazkia: Fernando Casabella, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Gernikako araztegia itxi ondoren Urdaibaiko fitoplanktonak nola erantzun duen ebaluatu du UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikerketa batek, Fitoplanktonaren Ekologia taldeak garatutako eta pigmentuen analisian oinarritutako tresna berritzaile bat erabiliz. Emaitzek erakusten dutenez, uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu egin da, eta horrek norabide onean doazen aldaketak eragiten ditu komunitate fitoplanktonikoan.

Fitoplanktona, fotosintesia egiten duten organismo mikroskopikoen multzo bat, oso sentikorra da mantenugaiak eskuratzeko aukeran gertatzen diren aldaketekiko. Horri esker, adierazle baliagarria da giza jardueraren (eutrofizazioaren) ondorioz sortzen diren gehiegizko mantenugai-kantitateak ebaluatzeko eta haiek murrizteko egiten diren ekintzen ondorioak aztertzeko. Hain zuzen ere, Gernikako araztegiko hondakin-uren isurketak etetean Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoak epe ertainean nola erantzun duen ebaluatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaile Jone Bilbaok. “Saneamendu-lanen aurretik (2020an) eta ondoren (2022an) biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaeran izan diren aldaketak aztertu ditugu”, azaldu du.

Ikerketaren emaitzek erakutsi dutenez, “epe ertainera sisteman eragin garrantzitsuak izan dira”, adierazi du Sergio Seoane Landare Biologia eta Ekologia saileko irakasle eta ikerketaren zuzendariak. Hondakin-uren estazioak sortutako mantenugaiak (amonioa eta fosfatoa) drastikoki gutxitu ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaeran. “Kanpoaldeko eta erdialdeko estuarioan, biomasa nabarmen murriztu zen, mantenugaien kontzentrazioak txikiagoak zirelako; araztegiaren inguruetan, berriz, biomasa handitu egin zen estolderia-lanen ondoren, isurketetatik eratorritako gehiegizko amonio-kargak inguru hartan fitoplanktona haztea eragozten ari zirelako ziurrenik”, esan du. Era berean, ikertzaileek aldaketa garrantzitsuak sumatu dituzte komunitatean; “adibidez, obrak egin ondoren talde batzuk nabarmen ugaritu direla hauteman dugu”.

Pigmentuetan oinarritutako metodologia

Ikerketa egiteko PIGMENTUM erabili dute, ikertzaile biek pigmentuen analisian oinarrituta garatutako tresna berritzailea (Bilbao eta Seoane, 2024). Tresna horrek aukera ematen du pigmentuen bidez komunitate fitoplanktonikoaren osaera ezagutzeko; “ez maila espezifiko batean, baizik eta aukera ematen du pigmentu-talde bakoitzak komunitatean zer portzentaje duen ezagutzeko”, azaldu du Seoanek. “Ikerketa honek balio izan du frogatzeko tresna erabilgarria dela komunitatearen osaera eta aldakortasuna aztertzeko; izan ere, hain organismo txikiak erregistratzen ditu, ezen ez bailirateke kontuan hartuko mikroskopia bakarrik erabili izan balitz”, gaineratu du Bilbaok.

Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileek diotenez, “aldaketa horiek ondorio ekologikoak izan ditzakete etorkizun hurbilean; izan ere, komunitate fitoplanktonikoaren osaeran gertatzen diren aldaketek eragina izan dezakete kate trofiko osoan (katearen oinarrian baitago)”. Ikerketa honek agerian utzi du “aipatutako saneamendu-lanek ondorio onuragarriak izan dituztela. Argi eta garbi, uraren kalitate kimikoa hobetu egin da, eta zantzuak badaude esateko uraren kalitatea hobetzeko bidean doala, nahiz eta leheneratze biologikoa lortzeko beti denbora gehiago behar den, estuarioan erresilientzia dagoelako, sedimentuetan substantziak geratzen direlako; baina, bai, aldaketak ere hautamen ditugu”, diote.

Seoanek eta Bilbaok Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoa aztertzen jarraitzen dute. “Geroztik egin ditugun laginketek erakusten dute komunitateak norabide ona hartu duela”, esanez amaitu dute.

Informazio osagarria

Euskal Herriko Unibertsitateko Landare Biologia eta Ekologia Sailean Jone Bilbaok Sergio Seoaneren zuzendaritzapean egin duen doktore-tesiaren atal bati dagokio ikerketa hau.

Seoanek eskolak ematen ditu zenbat gradutan eta graduondokotan (Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa masterra, Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus masterra, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterra).

Erreferentzia bibliografikoa