Zenbait ohitura osasungarri alde batera uzteko joera (lekaleak, pasta, arroza, lehen platerak eta abar jatekoa) atzeman du Dieta sin gluten en Enfermedad Celíaca: efecto en el estado de salud, ingesta dietética y calidad de vida tesiaren egile den Teba Gonzálezek pazienteen artean, bai eta gantz eta azukre gehiagoko elikagaiak jatekoa ere (hestekiak, gozoak, etab.). Gainerakoan, populazio orokorraren dietarekin alderatuta, ez zuen alde nabarmenik ageri aztertutako zeliakoenak.
Gabezia nabarmenak ditu zeliakoen dietak
Gantz gehiegi eta zuntz gutxiegi izan ohi ditu, oro har, gaixotasun hori dutenen glutenik gabeko dietak, UPV/EHUko ikerketa baten arabera
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/08/13
Gonzálezek dioenez, "oro har, ez da atzeman alde aipagarririk garaierari, pisuari, nutrizio-egoerari eta abarri dagokienez aztertutako pazienteen eta konparazio-lan horretarako populazio orokorrean hautatutako kontrol-taldearen artean. Atzeman genuen, aldiz, dezenteko gabeziak dituela, oro har, zeliakoen elikadurak. Aldarrikatzen dugun nutrizio-oreka aztertuta (karbohidrato-portzentajea, % 50, gutxienik; proteinak, % 12 eta % 15 bitarte; gantzak, % 35 azpitik...), honetaz ohartu ginen: karbohidratoen lekua gantzek hartzen zuten, eta alderantziz" Teba Gonzálezek azaldu duenez, "zuntz gutxiegi kontsumitzen dutela ere ohartu ginen. Jaten duenaz asko arduratzen den talde bat izaki, deigarria egin zait; izan ere, zeliakoen elikadura hobea zelakoan nengoen".
Bestalde, egokiro elikatzeko zeliakoek izan ohi dituzten arazoak ere gogoratu ditu ikertzaile horrek: "Etengabe jardun behar dute erosten dituzten jakien etiketei begiratzen, glutenik ba ote duten jakiteko... Alde horretatik, erraztu egin behar litzaieke bizimodua, oztopoak ezabatu. Kontsumitzen dituzten produktuen kontrola ere bermatu behar litzaieke, baina haiek garestitu gabe. Gaitz horrekin lotura duten profesionalek, berriz, dieta egoki bat jarraitzearen premia azpimarratu behar diete zeliakoei. Ongi trebatutako nutrizionistak behar dira, motibazio handikoak, eta pazienteek dieta jarraitzeaz ez ezik, beste honetaz ere arduratu behar dute: ahalik eta dietarik osoenak sustatzeaz, hots, patatak, arroza, pasta eta abar jan ditzaten esan behar diete pazienteei".
Okerren, emakumeak
Ikerketaren egileak dioenez, emakume zeliakoek gizonek baino are zuntz gutxiago kontsumitzen dute; horrez gain, "gaixotasun zeliakoa duten emakumeen artean handiagoak ziren zink-, D bitamina- eta potasio-gabeziak gizonezko pazienteen artean baino".
'Bizi-kalitatea' atalean ere emakumeei buruzko datuak okerragoak dira gizonezkoenak baino. Gonzálezek dioenez, "emakumeak dira gaixotasun zeliakoa duten paziente gehienak; prebalentzia handiagoa du gaitz autoimmune horrek emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Batez ere alor emozionalari eta sozialari eragiten die gaitzak: etengabe ibili behar du pazienteak elikaduraz arduratzen, ezin du jan besteek jaten dutena... Ezin du inoiz ahaztu gaixo bat dela, eta jaten duen bakoitzean begiratu behar du elikagaiak 'kutsatuta' ote dauden...".
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean diagnostikatutako eta glutenik gabeko dieta egiten gutxienez 15 urte daramaten zenbait paziente zeliako aztertu dituzte ikerketa horretarako. Gaixotasun zeliakoa diagnostikatutako 101 pazientek hartu zuten parte ikerketan, eta dietari, osasun-egoerari, glutenik gabeko dietarekiko atxikimenduari eta osasunarekin lotutako bizi-kalitateari buruzko zenbait galdetegi erabili ziren. Batez besteko adin bertsuko populazio orokorrarekin alderatu ziren emaitzak, gizon-emakume proportzio berari eutsiz.
Datu osagarriak
(Dieta sin gluten en Enfermedad Celíaca: efecto en el estado de salud, ingesta dietética y calidad de vida) doktore-tesia, 2014an egina, Luis Castaño González (BioCruces Ikerketa Institituko zuzendari zientifikoa) eta Juan Carlos Vitoria Cormenzana (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gastroenterologia Pediatrikoko Zerbitzuko burua) doktoreen zuzendaritzapean.