euskaraespañol

Nola kontserbatzen da koadro famatu bat ukitu gabe?

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/08

Maite Maguregui, UPV/EHUko irakaslea

Maite Maguregui irakasleak Osloko Unibertsitateko Areto Nagusiko pinturak aztertzen laguntzen du, zeinak 1916an Edvard Munchek, Garrasia artelan ospetsuaren egileak, margotu zituen.

1909 eta 1916 artean, Edvard Munchek, Garrasia artelan ospetsuaren egileak, enkargu bidez tamaina handiko (4 eta 11 metro arteko) 11 horma pintura monumental egin zituen Osloko Unibertsitateko Areto Nagusirako. Margolari norvegiarrak erabilitako teknika aztertzen duen taldearen kide da UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakasle Maite Maguregui.

Tine Frøysaker irakasle norvegiarrak, Osloko Unibertsitateko (UiO) Arkeologia, Kontserbazio eta Historia Saileko (IAKH) kide denak, Maite Maguregui EHUko Kimika Analitikoko irakasle titularraren eta IBeA ikertaldeko kidearen laguntza izan du pintura monumental horiek aztertzeko; horretarako, Edvard Muchen pintura piktorikoak eta muralen kontserbazio egoera ezagutzeko aukera ematen duten metodologiak erabili dira. Ikerketa horretan, Zurichen dagoen Arte Ikasketen Suitzako Institutuko (SIK-ISEA) Francesco Caruso doktoreak ere parte hartu du.  

Zehazki, MAP proiektuaren (The Munch Aula Paintings Project) xedea da Edvard Munchek margolan horietan erabilitako materialak ezagutzea, kontserbazio egoera monitorizatzea eta horiek garbitzea, prebentziozko kontserbazio neurri gisa. “Gaur egun pairatu behar duten arazoa da kanpotik sartzen den material partikulatu esekia (hautsa eta beste partikula batzuk), eta horrek agerian uzten du hiri kutsaduraren arazoa; izan ere, hiri askotan eragina du (horien artean Oslo), artelanak zuzenean kutsadura horren eraginpean egon ez arren, kanpoan ez daudelako”, azaldu du Maite Maguregui ikertzaileak.  

Oraingoz, artelanak aztertu behar izan dituzte, eta ikerketan inolako kalterik ez egotea lortu behar dute. “Laginketak izugarri mugatzen gaitu, eta, batzuetan, laginketa bera debekatuta dago”, azaldu du Magureguik. Horregatik, gero eta interesgarriagoa da artelanarengan eraginik ez duten in situ analisi metodoak aurkitzea, laginketek, adibidez, arazo horiek eragin baititzakete.  

Ildo horretan, Maguregui irakaslearen papera funtsezkoa da; izan ere, espezializatuta dago teknika eramangarrien eta laborategiko teknika ez inbaditzaileen erabileran oinarritutako analisi metodologiak garatzean. Zehazki, Muchen artelanetan Raman espektroskopian oinarritutako tresna eramangarria erabili da. “Teknikak aukera ematen du gainazal piktoriko bat aztertzeko, eta, horretarako, zunda bat jarri behar da aztertu beharreko gainazalarekin kontaktuan; ez da beharrezkoa lagina hartzea. Laginketa egin ahal bada, guk pintura batean hartzen ditugun laginak mikrometrikoak dira, eta mikroskopioaren azpian magnifikatzen ditugu”.

Une honetan, Maguregui kide den ikertaldea lehenengo emaitzak eta interpretazioak lortzeko lanean ari da, etorkizun hurbilean material jasangarri berriak garatu ahal izateko, artelan horiek eta apaindutako beste gainazal batzuk kontserbatu ahal izateko.

Osloko Unibertsitateko Areto Nagusiko proiektuari buruz

Areto Nagusiko pintura monumentalak aztertzeko eta kontserbatzeko proiektua, “Munch Aula Painting Project” izenekoa, 2005ean hasi zen, Edvard Munchen teknika piktorikoa ikertzeko xedearekin, zeina konplexutasun handikotzat jotzen den. 2009an, koadroen lehenengo zaharberritzea egin zen, eta gune horretatik kendu ziren 2011n birkokatu ziren arte. Neurketek material partikulatua metatu dela erakutsi dute; material hori berriz agertu da artelan piktorikoetan 2011tik.  

Edvard Munchen 11 artelanen saila Osloko Unibertsitateak margolariari 1916an egin zion enkargu baten emaitza da, Emmanuel Vigeland muralistaren aurka lehiatu zuen pintura monumentaletarako deialdia irabaztea lortu ez ostean. Aretoa Osloko Unibertsitateko paraninfo gisa erabiltzen da, eta bertan banatu ziren Nobel Sariak 1947tik 1989ra.  

Ikertzailea Oslora joateari esker, Osloko Unibertsitateko Kultura Historiaren Museoko (KHM) zur apainduzko Erdi Aroko eskulturen ikerketa batean laguntzeko aukera ere izan du.