Agenda

Aurkezpena

UPV/EHUk lehenengo Master Astea antolatu du

104 master, 66 doktorego programa eta 37 berezko tituluk osatzen dute graduondoko eskaintza
 

Aurreko ikasturteko masterretako ikasle onenei diplomak banatuko zaizkie

Astelehenean, martxoaren 17an, 15:30etan, Elurreta eraikinean (Nieves Cano, 33. Vitoria-Gasteiz) Master Astea 2014ren irekiera ekitaldia egingo da. Arabako Campuseko errektoreordearen, Javier Garaizarren, eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren, Gabriela Chotroren, ongietorri agurrarekin emango zaio hasiera.

Hiru egunetan zehar, 2014/2015 ikasturterako master ofizialak, doktorego programak (ikerketako prestakuntzarako ikasketak) eta berezko tituluak (Espezializazio handiko titulazioak dira, jardun profesionalera argi eta garbi bideratuak. Lan munduaru eskakizunei erantzun arina eta malgua emateko sortuak) ezagutaraziko ditu unibertsitateak. Aurreko urteetan egindako Master Egunaren arrakastak bultzatu du aldaketa. Jendartearen eskariari erantzunez hiru campusetara hedatu eta aste beteko ekimena bihurtu da graduondoko ikasketen erakusleiho hau.

2014ko Master Astea martxoaren 17an, 18an eta 20 egingo da, Arabako eta Gipuzkoako campusetan eta Bilboko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3), hurrenez hurren. Egun horietan, hainbat stand jarriko dira, master, doktorego programa eta berezko titulu bakoitzaren ezaugarriak azaltzeko diplomatura, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza edo graduko azken mailako ikasleei. Standak 15:30etatik 19:30etara egongo dira irekita.

UPV/EHUren graduondoko eskaintzak jakintza-adar guztiak biltzen ditu: Zientzia Esperimentalak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zuzenbide Zientziak eta Arte eta Humanitateak.

Hala, unibertsitateko graduondoko eskaintzak jasotzen ditu 104 master ofizial (Envejecimiento Saludable y Calidad de Vida, Language and Communication Technologies eta Computación de Altas Prestaciones lehen aldiz eskainiko dira), 37 berezko titulu eta 66 doktorego programa. Nabarmendu behar da UPV/EHUk, guztira, Bikaintasuneranzko Aipamenaren saria jaso duten 32 doktorego-programa dituela. Sari hori Hezkuntza Ministerioak ematen du, programa horien fidagarritasun zientifiko-teknikoa eta prestakuntzakoa aintzatesteko. UPV/EHU da estatu mailan aipamen gehien duen erakunde akademikoa.

Eskaintza zabal honek ikasleak nazioarteko ikerketa taldeekin harremanetan jartzeaz gain, zentro teknologiko, enpresa eta erakundeekin ere uztartzen du kontaktua. Hala, 500 hitzarmen baino gehiago sinatu dira I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresarekin master eta doktorego programak garatzeko. Gaur egun, UPV/EHUk 2.500 master ikasle eta 3.500 doktoregai ditu.

EGITARAUA:

Astelehena, martxoak 17: Arabako Campusa. Elurreta Gelategiaren Eraikina. Vitoria-Gasteiz.

15:30: Irekiera ekitaldia. Arabako Campuseko errektoreorde Javier Garaizarren eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotroren ongietorri agurra.

15:45-16:15: Arabako Campusean irakatsitako 2012/2013 ikasturteko masterretako ikasle onenei esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia.

16:00-19:30: Standak ireki eta graduondoko ikasketen aurkezpenak hasiko dira.

Asteartea, martxoak 18: Gipuzkoako Campusa. Carlos Santamaria Zentroa, Donostia.

15:30: Irekiera ekitaldia. Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietaren, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkaren eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotroren ongietorri agurra.

15:45-16:15: Gipuzkoako Campusean irakatsitako 2012/2013 ikasturteko masterretako ikasle onenei esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia.

16:00-19:30: Standak irekiko dira eta masterren aurkezpenak hasiko dira.

Osteguna, martxoak 20: Bizkaiko Campusean. Bizkaia Aretoa (Abandoibarra, 3), Bilbo.

15:30: Irekiera ekitaldia. Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiaren, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkaren eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotroren ongietorri agurra.

15:45-16:15: "Cultura y Evolución Humana" hitzaldia, Juan Ignacio Pérez Iglesias Kultura Zientifikoko katedraren zuzendariaren eskutik.

16:15-16:45: Esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia, Bizkaiko Campusean irakatsitako 2012/2013 ikasturteko masterretako ikasle onenei.

16:00-19:30: Standak irekiko dira eta masterren aurkezpenak hasiko dira.