JEAN-PIERRE MELVILLEREN ZIKLOA
Noiz eta non
2018/01/11, 00:00 - 00:00
Deskribapena
JEAN-PIERRE MELVILLEREN ZIKLOA
Moderatzailea: Gabriel Villota Toyos. (UPV/EHU)
Honako hauen arteko lankidetza: Institut français, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU eta Melville Fundazioa.
Otsailak 1-8-15-22
Baroja Aretoa. Bizkaia Aretoa. Bilbao
Sarrera libre aretoa bete arte
19:00
Jean-Pierre Melvilleri buruz
(Atzera begirako baterako oharrak)
Gabriel Villota Toyos
Pertsonaia bakartiak, atsekabetuak, kale hutsetatik oinez, haien babesik eza agerian jartzen duten enkoadraketa bikainen bitartez: horiexek dira Jean-Pierre Melvilleren pelikuletako protagonistak. Frantziar zuzendarien artean estatubatuarrena izatea hainbestetan leporatu zioten arren, gerraosteko Europan berezkoa zen nihilismoaren arrasto garbiak erakusten zituen bere pertsonaietan, zeintzuek ezin hobeto islatzen baitzituzten literatura existentzialista alde batetik eta zentzugabekeriaren antzerkia bestetik. Eta, pertsonaia horiez hitz egitean, ez ditugu aipatu nahi haren Resistanceko heroiak soilik, baizik eta baita gangster deserrotu horiek guztiak ere, haren filmetan hiriko kale suntsituetatik nora ezean eta libratuko dituen azken egintzaren bila ibiltzen direnak. Giza logikaren gaineko fedea galdua denean, zoriaren legeek gaina hartzen dute, batzuetan lasaitua emanez, eta horietatik justiziaren beste zentzu bat jaiotzen da, edota patuarena.
Haren jaiotzaren mendeurrenari omenaldia egin nahi dion ziklo txiki honetan, hainbat film ikusiko ditugu. Zenbaiten arabera, hiru taldetan sailka daitezke haren lanak: lehena, estilo ariketa jakin batzuk egitean zentratua (“24h de la vie d'un clown”, 1946); bigarrena, gerrako pelikulei dagokiena (“L’armée des ombres”, 1969); eta hirugarrena, haren thriller bitxiena (“Bob le flambeur”, 1955, “Le cercle rouge”, 1970).
Pelikula horiek guztiek askotariko gaiak jorratzen dituzte, baina denak ere ekoizpena goitik behera kontrolatuta eginak daude. Teknika horri esker, bere estudioa zabaldu ahal izan zuen, eta europar errealizadore gutxi batzuek erakutsi ahal izan zuten bereizgarri hori. Dudarik gabe, hori bera arrazoi nahikoa izan zen nouvelle vague-aren etiketaren pean zeuden errealizadore gazteek auteur kontzeptuaren aitzindaritzat jo zezaten. Alabaina, eta nahiz eta berari buruzko iritzi horrek atsegin ematen zion, Melvillek inoiz ez zion uko egin zinema komertziala egiteko aukerari, ahalik eta ikusle gehienengana iritsiko zena, hainbeste miresten zituen gerra aurreko Hollywoodeko zuzendariena bezalakoa.
Sasoi jakin batetik aurrera, prentsa zinemazaleko sektore batek “komertzialtasuna” egotzi zion. Hala eta guztiz ere, Melvillek nolabaiteko errealizazio manierista zuen ezaugarritzat, bere enkoadraketen dotoretasunean, eszenaratze perfekzionistan eta bere muntaketei kadentzia berezia ematen dion erritmoaren zentzuaren zainketan oinarritua. Hari buruzko oroitzapena baztertu samar gelditu zen hura 1973an hil ondoren, eta gerora, besteak beste John Woo, Quentin Tarantino eta Jim Jarmusch protagonista izan zituen zinema postmodernistaren olatua iritsi zenean, laurogeiko urteen amaieran eta laurogeita hamarrekoen hasieran, berriz ere balioa eman zitzaion haren obrari. Paradoxikoki, Hollywoodeko makineriaren muga tradizionaletatik nahita eta berariaz aldentzen ziren zinemagileen belaunaldi batek eman zion balio hori.
Haren mendeurrenaren harira eta ziklo honen bitartez, bada, gogora ekar dezagun haren memoria, eta, pertsonaia deserrotuen, harreman ezinezkoen eta bakardade sakon horren bidez, ikus ditzagun oraindik ere gizatasunaren funtsari buruz hitz egiten diguten film batzuen gaur-gaurko zantzuak.
Otsailak 1
-
L'Armée des Ombres (Itzalen armada) · 1969 · 139 min · Frantzia · Drama
Frantzia, 1942, nazien okupazioan. Philippe Gerbier ingeniari zibil bat da, eta frantziar erresistentzian sartuta dago buru-belarri, hango ordezkari garrantzitsuenetako bat baita. Baina, egun batean, poliziak harrapatu, eta kontzentrazio esparru batean sartzen du, zaintzapean. Lekualdatze baten ondoren, ihes egitea lortuko du, ihesaldi azkar eta inprobisatu batean. Hortik aurrera, haren lekukotzarekin biziko ditugu erresistentziaren egunerokoa eta horrek dakartzak zailtasunak, argiak eta ilunak.
- Zuzendaria: Jean-Pierre Melville
- Gidoia: Jean-Pierre Melville
- Ekoizlea: Jacques Dorfmann
- Argazkigintza: Pierre Lhomme
- Musika: Eric de Marsan
- Muntaketa: Françoise Bonnot
- Zuzendaritza artistikoa: Théo Meurisse
- Antzezleak: Lino Ventura, Simone Signoret, Paul Meurisse, Jean-Pierre Cassel, Paul Crauchet
- Jatorrizko obraren autorea: Joseph Kessel
- Ekoizpena: Les Films Corona, Fono Roma
Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Iratxe Fresnedaren eskutik (errealizadorea eta UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko Irakaslea).
Moderatzailea: Gabriel Villota.
Otsailak 8
-
24h de la vie d'un clown (24 ordu pailazo baten bizitzan) · 1946 · 18 min · Frantzia · Film laburra / Drama
“24h de la vie d ́un clown” da Jean-Pierre Melvillek eginiko lehen film laburra, eta bakarra. Orain arte ez da inoiz argitaratu; izan ere, hitzez hitz esan zuen ez zuela nahi “lehen zirriborro pertsonal” hori “tiraderatik ateratzea”.
Egun bat Beby pailazo profesionalaren bizitzan: haren oroitzapenak, lana eta eguneroko bizitza.
- Zuzendaria: Jean Pierre Melville
- Gidoia: Jean-Pierre Melville
- Argazkigintza: Gustave Raulet, Andre Villard
- Muntaketa: Monique Bonnot
- Antzezleak: Beby, Maïss
- Ekoizpena: Societé Melville Productions
- Aktoreak: Beby, Maïss
- Bob le flambeur (Bob jokalaria) · 1955 · 101 min · Frantzia Zinema beltza
Bobek, gangster zahar jokozaleak, porrot egin du eta dirurik gabe gelditu da. Hori dela eta, lagun polizia baten aholkuen kontra, Deauvilleko kasinoan lapurreta egitea erabakiko du.
- Zuzendaria: Jean-Pierre Melville
- Gidoia: Auguste Le Breton, Jean-Pierre Melville
- Ekoizlea: Jean-Pierre Melville, Serge Silberman
- Argazkigintza: Henri Decaë
- Musika: Eddie Barclay
- Muntaketa: Monique Bonnot
- Antzezleak: Roger Duchesne, Isabelle Corey, Daniel Cauchy, Guy Decomble, André Garret
- Ekoizpena: Play Art, Organisation Générale Cinématographique, Productions Cyme
Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Gabriel Villotaren eskutik.
Otsailak 15
- Le Cercle Rouge (Zirkulu gorria) · 1970 · 140 min · Frantzia/Italia · Zinema beltza
Corey Frantziako espetxe batetik irten da kondena bete ondoren, eta, Vogelek, Mattei komisario beldurgarriaren zaintzapean egon den kriminal batek, berriz, ihes egin du bidaiatzen ari ziren trenetik. Bazkide zahar bati lapurtu eta gero, Corey Vogelekin topo egiten dut, eta talde bat osatzea proposatzen dio, bitxi batzuk lapurtzeko.
- Zuzendaria: Jean-Pierre Melville
- Gidoia: Jean-Pierre Melville
- Ekoizlea: Alain Queffelean
- Argazkigintza: Henri Decae
- Musika: Eric Demarsan
- Muntaketa: Marie-Sophie Dubai, Jean-Pierre Melville
- Antzezleak: Alain Delon, André Bourvil, Yves Montand, Gian Maria Volonté, François Perier.
- Ekoizpena: Films Corona, Selenia Cinematográfica
Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Norberto Albónigarekin (Cineclub fas).
Moderatzailea: Gabriel Villota.
Otsailak 22
- Sous le nom de Melville (Melvilleren izenean) · Olivier Bohler · 2008 · 76 min · Frantzia · Dokumentala
Jean-Pierre Melvilleren bizitzari eta filmografiari buruzko dokumentala, zeinetan jasotzen baitira beste zinemagile batzuekin eginiko elkarrizketak (Johnnie To, Masahiro Kobayashi, Bertrand Tavernier), artxiboko irudiak Melvilleren adierazpenekin eta haren filmetako zatiak.
- Zuzendaria: Olivier Bohler
- Ekoizlea: Raphaël Millet
- Musika: Jessica Lalanne
- Argazkigintza: Julien Selleron
- Soinua: Jean-Luc Peart
- Muntaketa: Nicolas Dupouy
- Elkarrizketak: Volker Schlondörff, Bertrand Tavernier, Johnnie To, Philippe Labro, Masahiro Kobayashi, André S. Labarthe, Rémy Grumbach, Laurent Grousset, etab.
- Jean-Pierre Melvilleren artxiboetako zatiak eta Jean-Pierre Melvillren filmetako zatiak.
- Ekoizpena: Nocturnes Productions
Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Olivier Bohler zuzendariaren eskutik.
Moderatzailea: Gabriel Villota.