UPV/EHUk zenbait ekintza jarri ditu abian DANAren biktimei laguntzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/11/05
Euskal Herriko Unibertsitatea harremanetan jarri da Valentziako unibertsitate publikoekin (Universitat de València eta Universitat Politècnica de València), hori izan baita herrialderik kaltetuena, eta zenbait ekintza jarri ditu abian DANAren biktimei laguntza emateko.
Valentziako unibertsitateek materiala eskuratzeko premia adierazi digute, eta eskaera kontuan hartuta, biltzen hasiak gara: norbera babesteko ekipamenduak (eskularruak, maskarak eta batak), hondakinak kentzeko tresneria (palak, aitzurrak eta kapazuak), lixiba, gel hidroalkoholikoa eta uretako botak. Materiala leku hauetan utzi ahal izango da:
- Arabako Campusean: Unibertsitate Pabilioian.
- Bizkaiko Campusean: Biblioteka Nagusian (Leioa-Erandio eremua); Bilboko Ingeniaritza Eskolan (2. eraikineko P017 gelan) eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko, sarrera nagusian).
- Gipuzkoako Campusean: Ignacio María Barriola Zentroan.
Egunak: azaroaren 6, 7 eta 8an, 9:00etatik 15:00etara. Ondoren, Valentziara bidaliko dira eta Universitat Politècnica de Valènciak esandako tokian utziko dira.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatea harremanetan jarri daValentziako unibertsitateetan dauden UPV/EHUko hogei ikasleekin, SICUE mugikortasun programaren barruan. Hondakinak kentzeko eta kaltetutako pertsonei laguntzeko lanetan aktiboki parte hartzen ari dira. Euskal Herriko Unibertsitateak egindako lana aitortu eta eskertu nahi die publikoki.
Euskal Herriko Unibertsitateak, horrez gain, adierazten die bere kideei badagoela beste biderik bestelako laguntzarik ere emateko, eta laguntza ekonomikoa ere eman daitekeela. Horretarako, Som Solidaritat gunea erabili daiteke, horixe baita Valentziako Gobernuak laguntzak bideratu eta kaltetuei dohaintzak egiteko sortu duen gunea.