UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu
- Event
When and where
From: 14/10/2024 To: 15/10/2024
Location
Bordeaux (Frantzia)
Description
Urteurrena ospatzeko urteroko topaketa urriaren 14 eta 15ean izango da, Bordeleko Unibertsitatean (Haut Carré, Talence)
Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitatearen (UB) Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu, eta EHU Euskampus Bordeaux Egunean ospatuko da, komunitatearen urteroko topaketan. Topaketa datorren astelehenean eta asteartean izango da, urriaren 14an eta 15ean, Bordeleko Unibertsitatean (Domaine du Haut Carré, Talence). Urteroko hitzordu honek mugaz gaindiko campusaren esparruan garatzen diren proiektu eta lankidetza guztiak partekatzeko, ikusarazteko eta balioesteko balio du, Europan ekimen bakarra baita, bai eta lankidetza-sareak indartu eta zabaltzeko eta mugaz gaindiko campusaren nortasun-ezaugarriak diren kohesio multikulturala, eleaniztuna eta transdiziplinarra sustatzeko ere.
Topaketaren inaugurazioan, urriak 14, 11:30etan, hauexek egongo dira:
- Imanol Pradales, Lehendakaria
- Dean Lewis, Bordeleko Unibertsitateko lehendakaria
- Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea
- Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburua
- Gérard Blanchard, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Hezkuntzako eta Ikerketako lehendakariordea
- Ricardo Díez, DIPCko zuzendaria
- Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia
- Céline Papin, Bordeleko zinegotzia
Euskampus Bordeaux mugaz gaindiko campusari buruz
Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2014an sortutako ekimena da, UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen bikaintasun-programetatik abiatuta eta DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren lankidetzarekin. Bere helburua ikasleei, irakasleei, ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakasteko, ikasteko eta gaitzeko ingurune bakarra eskaintzea da; Europan ikerketa kooperatiboko gune liderra ezartzea, eta, enpresekin, gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako lurralde-ekosistemak sustatzea.
EHU Euskampus Bordeaux Eguna
Inaugurazio-saioan, UPV/EHUko eta UBko ikerketa-errektoreordeek jendaurrean iragarriko dute Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategi berria. LTC berri horri lehendik dauden beste 7 LTC gehitu behar zaizkio; izan ere, LTC inkubatoreko 16 proiektuekin (11 + bost berri 2024an) batera, Eusko Jaurlaritzak 2021etik bultzatutako LTC Sarea osatzen dute. LTCek eta LTC inkubatorrek askotariko gaiak biltzen dituzte: nanoeskalako fisika eta kimika, matematika aplikatua, fabrikazio aurreratu jasangarria, prestazio handiko zementu-materialak, gaixotasun neurodegenetariboak eta horien komorbilitatea, fotonika edo gure itsasoetako kutsadura, besteak beste.
Arratsaldean, azken 10 urteetako atzera begirako interaktiboa egingo da, protagonistetako batzuek (Iñaki Gorizelaia, Nekane Balluerka eta Manuel Tuñon de Lara errektore ohiak eta tartean dauden irakasle eta ikertzaileak) aurkeztutako proiektu enblematikoek ilustratuta. Proiektu horien artean master titulazio bikoitzak daude, tutoretzapeko postdokak erakartzeko cofund proiektua, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroak, Ocean i3 eta EmpacT i3 berrikuntza pedagogikoko proiektuak, eta ENLIGHT Aliantza.
Hurrengo egunean, urriaren 15ean, goizean, "Euskampus Bordeaux kanpusean 173 segundotan egiten ari naizen zeharkaldia, MT173" jarduerak aukera emango die hautatutako pertsonei 173 segundotan (Bordele eta Bilbo arteko distantzia itsas miliatan) Euskampus erakundeen arteko lankidetzaren esparruan garatzen ari diren edo garatu duten proiektua edo ekimena aurkezteko, esperientziaren ikuspegitik. Ondoren, unibertsitatea eta lurraldea lotzeko ekimen enblematikoetan jarriko da arreta. Ekimen horietan, UB eta UPV/EHU funtsezkoak eta erabakigarriak dira: Basque Quantum - BasQ, Euskadin, eta Naquidis, Akitania Berrian. Era berean, ONKO-ON misioa jendaurrean aurkeztuko da lehen aldiz. Euskampus Fundazioak bultzatutako lankidetza-ekimena da, minbiziarekin bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, unibertsitateen, ikerketa-zentroen, pazienteen, gizarte-erakundeen eta osasunean eta gizarte-ekintzan erantzukizuna duten administrazio publikoen elkarlan handieneko ikuspegiaren bidez.
Era berean, bi unibertsitateak Mugaz Gaindiko Campuseko "Prestakuntza eta enplegagarritasuna" ardatzari ematen ari zaizkion bultzada nabarmendu nahi da. Ardatz hau lankidetza-ekintza bateratuetan oinarritzen da, bi unibertsitateetako ikasleen enplegagarritasuna eta ekintzailetza sustatzeko mugaz gaindiko lurraldean, eta datozen urteetarako Campusa garatzeko lehentasunetako bat da.
Informazio gehiago: 2024ko EHU Euskampus Bordeaux Eguna | Euskampus Fundazioa