euskaraespañol

Exhibition

Erakusketa: Dantzaren lubakian

  • Event

When and where

From: 05/11/2024 To: 28/11/2024

Location

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Photo: Kresala Dantza Taldea

Description

Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, ‘Dantzaren lubakian’ argazki erakusketa dago ikusgai. Kresalako 30 dantzarik hartu dute parte, UPV/EHUko ikasleak horiek ere. 40 irudi erakusten dira aluminiozko euskarrian eta espreski gunerako egindako bideo-instalazio batean. Erakusketa Kresala konpainiak antolatu du eta Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du. Erakusketaren komisarioak dira: Claudia Erentxun eta Faustino Aranzabal. Era berean, Juan Carlos Ruiz, Iosu Otaegi, Iker Azurmendi, José Usoz eta Mikel Zubillaga argazkilariak dira erakusketan diren argazkien egileak. Bideoaren egilea aldiz,  Santi Quartango. Erakusketa azaroaren 5tik 28ra egongo da zabalik, 08:30etatik 20:30ak arte, astelehenetik ostiralera. Sarrera librea izango da.

Faustino Aranzabal Kresala Dantza Taldearen zuzendari artistikoak dio:

Euskal dantzaren irudi-erakusketa bat aurkezten dugu, ikuspegi berriztatua eskaintzen duena, arte bisualen, plastikoen, eszenikoen eta koreografikoen topaketa gisa planteatua. Erakusketa honek dantzaren lengoaiaren ikonografia eta poetika gerturatzen ditu, eta barnera begiratzen duen autosabotaje iragankor bihurtzen. Metafora mestizoak, zatikatuak eta osatu gabeak, Roland Barthes semiologoak argazkiaren natura aztoragarriari buruz idatzitakora hurbiltzen direnak: «Unea iritsitakoan, senak jakin behar du jakintza akabatzen».

Dantza tradizionaleko ereduen garapenak –haren lengoaia formal gisa ulertuak– dakiguna gainditzera eramaten gaitu, kanon etiko, estetiko eta hausnartzaile baten corpusa ezarrita, zeina gerora errekonozituko baita –gauzak ondo joanda, eta kasurik onenean–. Transformazio hori etengabe aldatzen eta bilakatzen da, niaren gizabanakoaren kodean guaren kolektiboarekin konektatzen duen izaki bizidun gisa. Norbaitekin komunikatzea da kontua, zer hori komunikatzeko. Dantzan, denborak zentzumenak maskaratzen ditu, eta, hartan geratzeko eta ohore egiteko borondate kritikagabeak ohore horren gertakariak zenbatu eta puztu baino ez ditu egiten.

Iraupen-lasterketa horren gain, korronte guztien kontra lan egiten da jokabide estereotipatuz jositako une sozial eta kultural batean –merkatu-lege galkorrak lagun–, hasi kostunbrismo topikotik eta ohiko merkataritza-modara, biak ere barne-barneratuak iruditeria kolektiboan, gizarte postmoderno eta berantiar samar orotan loratzen diren hainbat aztarna eta konplexu herrestan eramatearen ondorioz. Kontu bat ulertu beharra dago: dantza erreminta kultural gisa erabiltzean asmatzea edo kale egitea, lengoaiaren beraren aberastasunaren esku baino, baliatzen duenaren mugen esku dago. Euskal dantza tradizionala iturri agorrezina da, handik ura ateratzeko gauza denarentzat.

Erakusketa honetan bildutako lanak emozioa eta arrazoia konektatzea du xede, pultsio animiko bilaka litezkeen ikonoen bidez, argazkilaritzaren konplizitatea bidelagun bakar dutela. Gauaren aurreko babesleku bitxi, non dantzak ondo pentsatutako isiltasuna sortzen baitu. Ikusgai egiteko ahaleginetan dabilen denboraren artea da, keinuen bidez memorian ainguratuta geratu nahi duen horrena. Dantza oro atez ate bertigo bizian eramaten gaituen pasabidea da; zeharkatzea erabaki ala ez, neurri handi batean, galdetzera, zalantza izatera edo bilatzera ausartzen denaren jakin-min beharraren mende dago, finean, ezezagunarekiko edo etorriko zaigunarekiko beldurrarekin bizitzen ikasteko eta hura metabolizatzeko”.