Gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzailea
UPV/EHU eta Ikerbasqueko ikertzaileek gaixotasun zeliakoa listuaren bidez diagnostikatzeko metodoa garatu dute
- Research
First publication date: 24/06/2021
Eritasun zeliakoa asaldu autoimmune konplexu bat da, eta genetikoki aurrez prestatuta dauden pertsonei eragiten die. Egun, diagnostikoa baieztatzeko endoskopia egitea beharrezkoa da. Hau prozedura desatsegina izateaz gain, nahiko garestia izaten da. Alde batetik, gaixotasun zeliakoaren sintomatologia duten pazienteei endoskopia egiten zaie, baina sintomak: tripako mina, pisu galera edo anemia, besteak beste oso arruntak izaten dira, alegia, beste gaixotasun askoren antzekoak. Era berean, gaixotasun zeliakoa garatzeko arrisku handiena ematen duen aldaera genetikoa populazio osasuntsuaren ehuneko handi batean dago. Ondorioz, sintoma eta arrisku genetikoa duten paziente ez-zeliako askori behar ez den endoskopia bat egiten zaie.
Orain, Ikerbasqueko eta UPV/EHUko ikertzaileek, Biodonostia eta Biocruces institutuekin eta Txagorritxu eta Galdakaoko ospitaleekin lankidetzan, burutu berri duten ikerketa batean, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoan laguntzeko metodo ez inbaditzaile bat garatu dute listua erabiliz. Endoskopia horiek ekidin edota murrizte aldera, ikerketa honetan listua erabiliz gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzaile baten garapena posible dela erakutsi dute.
Metodoa garatzeko prozedura hurrengo hau izan da: Lehenik eta behin, listuan ere zeliakoen hestean ikusten den inflamazioa ikusteko gai zirela ziurtatu zuten. Ondoren, paziente zeliakoen eta paziente kontrolen (hau da paziente ez zeliako) listu laginetan inflamazioa kuantifikatu zuten. Listu lagin horietan gaixotasun zeliakoaren arrisku genetika ere aztertu zuten. Datu hauekin (inflamazioa eta arrisku genetika) iragarpen formula bat sortu zuten. Azkenik, eredu honen iragarpen ahalmena 100 listu laginetan itsuan frogatu zuten eta lortutako asmatze tasa %73koa izan zen. Gainera, euren iragarpen ereduak %91ko sentikortasuna aurkeztu zuen, hau da, gaixotasun zeliakoa dutenen artean asmatze tasa %91koa izan zen.
Ainara Castellanos ikerlari nagusiak eta Maialen Sebastian doktoratu aurreko ikasleak uste dute garatu duten metodoa “gaixotasun zeliakoa izateko susmoa duten pazienteei, endoskopia egin baino lehen, baheketa modura egitea baliogarria izan daiteke” Euren iragarpen ereduak sentikortasun altua du eta beraz, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoa baztertzeko egokia dela uste dute. Era berean, onartu dute euren iragarpen ereduarekin emaitza onak lortu dituzten arren ez dela %100 zehatza, eta beraz gaur egungo diagnostiko metodo tradizionala ezin dela guztiz baztertu. Ondorioz, eredu honek zeliakotzat iragartzen dituen pazienteei endoskopia egitea ideia ona izango litzatekeela proposatzen dute ikerlan honen arduradunek. Edozein kasutan ere, metodo hau erabiliz egiten diren endoskopia kopurua asko murriztuko litzateke.
Gainera, erakutsi dute, listu lagin berdinean gaixotasunaren arrisku genetika ere aztertu ahal denez, odolean egiten diren proba genetikoen alternatiba ez-inbaditzailea ere izan daiteke, listu laginen bilketa odola ateratzea baina erosoagoa baita.
Informazio osagarria
UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ikerbasque ikertzaile Ainara Castellanos-Rubio izan da ikerketaren ikertzaile nagusia eta sail bereko doktoratu aurreko ikasle Maialen Sebastianek lehenengo autore gisa hartu du parte.
Bibliographic reference
- A novel non-invasive method based on salivary inflammatory biomarkers for the screening of celiac disease. Non-invasive diagnosis for celiac disease
- Cellular and Molecular Gastroenterology and Hepatology (2021)
- DOI: 10.1016/j.jcmgh.2021.05.016