Zeliakoen kolektiboarekiko konpromisoaren Saria
- Kronika
First publication date: 07/11/2022
Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioak (FACE) 2019ko eta 2021eko FACE Sariak banatu ditu. Sari horiek, 2010az geroztik, zeliakoen kolektiboarekin egindako lana eta konpromisoa aitortu eta sustatzen dute. Era batera edo bestera zeliakoen bizitzan modu positiboan eragiten duten proiektuei balioa ematen diote. Gainera, 2021eko ediziotik aurrera, FACEk hainbat proiektuk zeliakoen kolektiboarekin duten konpromisoa ere aitortu nahi izan du, baita hainbat profesionalen ibilbidea ere.
Horrela, bada, aurtengo edizioan zeliakoen kolektiboarekiko erakutsitako konpromisoaren arloko FACE Sari Bereziaren irabazleak Euskal Herriko Unibertsitateko Edurne Simón eta Sevillako Unibertsitateko Carolina Sousa izan dira. Sariak oinarri dauka Farmazia Fakultateko irakasleak eta bere ikertaldeak FACErekin eta estatuko zeliakoen gainerako elkarteekin izandako lankidetza.
Glutena aztertzeko laborategia 1998an hasi zen FACEk kontrolatutako berme marka lortu nahi zuten elikagaiak aztertzen. Marka horrek elikagaiak glutenik ez zeukala ziurtatzen zuen, garai hartan glutenik gabekotzat hartutako hiru laginetatik bat kutsatuta egonik. Horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko laborategi hau aitzindari bihurtu zen, eta kalitatea bermatzeko sistemen bidez gluten hidrolizatua aztertzeko akreditazioa lortu zuen lehena izan zen estatuan.
Ondoren, GLUTEN 3S ikertaldeak (Edurne Simon da horren arduraduna) glutenik gabeko dieta egiten duten pertsonen nutrizio egoera ebaluatzeko software bat egin zuen, zehaztuta zituena glutenik gabeko elikagaien 700 erreferentzia baino gehiago, glutendun ohiko elikagaiek duten nutrizio osaeratik oso bestelakoak. Gainera, software horrek dietaren ohitura dietetikoak, sintomatologia eta FODMAPen edukia ebaluatzen ditu, beste aurrerapen batzuen artean.
Bestalde, UPV/EHUko talde honek nutrizio hezkuntza helburu daukan ikerketa lerro berri bat ireki du, herritar guztiei gaixotasun zeliakoaren berri emateko eta zeliakoei eta haien ingurukoei laguntza emateko.
Horrela, bada, sari hau glutena aztertzeko laborategiko kideek eta GLUTEN 3S ikertaldeak zeliakoen kolektiboaren alde egindako lan horren guztiaren fruitu dugu.