euskaraespañol

Nutrizio-hezkuntza, ezinbestekoa zeliakoentzat

UPV/EHUko GLUTEN3S taldeak material didaktikoa gehituko dio bere ‘GlutenFreeDiet’ softwareari, kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzeko

  • Research

First publication date: 13/04/2022

Gesala Perez-Junkera ikertzailea. Argazkia: Nuria Gonzalez.UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko GLUTEN3S ikerketa-taldea elikagaien glutena eta glutenik gabeko dietaren oreka ikertzen aritzen da, eta zeliakoen eta, oro har, gizartearen trebakuntzan jarduten du, kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Urte askoan glutena detektatzeko lanean aritu ondoren, GLUTEN3S taldeak egiaztatu du paziente horien glutenik gabeko dieta modu zehatzagoan ebaluatu behar dela; izan ere, ohiko elikagaien osaerari buruzko datu-baseek ez dute kontuan hartzen gluten gabeko elikagai espezifikoen osaera, eta horrek doitasunik eza eragiten du dietak baloratzeko orduan, pazienteek dietistei helarazten dieten informaziotik abiatuta.

Lan hori hobetzen saiatzeko, taldeak software bat diseinatu zuen (‘GlutenFreeDiet’) glutenik gabeko dietak ebaluatzeko. Softwareak paregabeko datu-base bat erabiltzen du, zeinak 50 marka komertzialetik gorako glutenik gabeko 700 elikagai espezifiko baino gehiagoren nutrizio-informazioa baitu, ohiko elikagaiei buruzko informazioaz gain. Datu-base horri esker, softwareak —zeinak bi erabiltzaile-profil ematen baititu (partikularra eta profesionala)— aukera ematen du paziente jakin baten dieta modu didaktiko eta bisualean baloratzeko, pertsona horien dietan oso ohikoak diren elikagaiak hautatzeko aukera ematen baitu.

Berriki, GLUTEN3S taldeak artikulu bat argitaratu du ‘Sensors’ aldizkarian. Artikulu horretan, paziente zeliakoekin egindako esku-hartze batean aplikatu da softwarea, eta haren erabileraren ikuspegi praktikoa ematen du. Ikerketan, berriki diagnostikatutako hogeita hamaika haur zeliakok eta hogeita zazpi helduk hartu zuten parte, eta segimendua egin zitzaien hiru bisitatan: diagnostikoaren unean, hiru hilabetera eta hamabi hilabetera. Gurutzeta ospitaleko eta Donostia ospitaleko gastroenterologia pediatrikoko zerbitzuekin eta Glutenarekiko sentikortasuna duten pertsonen eta zeliakoen Madrilgo elkartearekin izandako lankidetzari esker egin zen ikerlana. Bisitetan, hainbat datu hartu ziren nutrizio-egoerari, profil dietetikoari eta sintomen presentziari buruz, galdetegien bidez. Datu horiek ‘GlutenFreeDiet’ softwarean sartu eta aztertu egiten zituzten dietistek. Parte-hartzaileei beren dietaren egoeraren berri ematen zitzaien, posta elektronikoz bidaltzen ziren idatzizko txostenen bidez.

Ikerketaren emaitzak

“Ikerketak erakutsi zuen pertsona horiek zereal, fruta eta barazki gutxi eta haragi asko jaten zituztela”, azaldu du Gesala Perez-Junkera ikertzaileak. Halaber, ikusi ahal izan zen glutenik gabeko produktu espezifikoen eta produktu ultraprozesatuen kontsumoa murriztu egin zela helduetan, glutenik gabeko dietari urtebetez jarraiki. “Erregistratutako sintomak 3 hilabetera murrizten ziren, baina 12 hilabetera berriro egiten zuten gora (ziur aski, prebentzio-neurriak erlaxatu zituztela adierazten du horrek); bestalde, ez zen aldaketarik izan parametro dietetikoetan, esku-hartzearen ondoren helduek produktu ultraprozesatu gutxiago kontsumitzen zutela izan ezik”, gehitu du ikertzaileak. Beraz, nahiz eta softwarea oso baliagarria izan glutenik gabeko dietaren kudeaketan, esku-hartzea ez zen izan pazienteen dietaren orekan aldaketa nabarmenak eragiteko bezain eraginkorra.

Hala, taldeak ondorioztatu zuen, nahiz eta softwarea oso tresna interesgarria den glutenik gabeko dietak diseinatu eta ebaluatzeko, beharrezkoa dela osatzea eta elikadura-ezagutzan eta -portaeran eragina duten material didaktiko eta dibulgatzailez hornitutako moduluak gehitzea. “Modulu horiekin esku-hartze osatuagoa artikulatu liteke, aldi berean zuzeneko interakzioko saio presentzialak eginez pazienteekin, laguntza handiagoa izan dadin, eta, hala, ikerketarekiko eta glutenik gabeko dietarekiko atxikimendua areagotzeko”, adierazi dute ikerketa-taldeko kideek.

Gaur egun, ikuspegi berri hori duen proiektu bat gauzatzen ari da taldea, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleekin —baina parte-hartze hori estatuko beste ospitale eta elkarte batzuetara zabaltzea baztertu gabe—, frogatu nahi baitu zenbateraino den beharrezkoa eta erabilgarria nutrizio-hezkuntza halako pertsonen asistentzia- eta bizi-kalitatea hobetzeko, bereziki diagnostikoaren ondoren.

Glutenik gabeko dieta

Zeliakia heste meharreko asaldura autoimmune kronikoa da, eta genetikoki horretarako joera duten pertsona batzuek izaten dute. Patologia horren ondorioz, glutenik gabeko dieta zorrotza egin behar dute bizitza osoan; izan ere, glutena duen dieta egiten jarraituz gero, haren bilakaera oso larria izan daiteke, eta gaixotasun larriak eragin ditzake (hala nola hesteetako linfomak), baina bitartean bizi-kalitatean eragin zuzena duten ondorio garrantzitsuak ere izan ditzake (diabetesa, anemia, osteoporosia, ernalezintasuna…).

Glutenik gabeko dietak, glutenik gabea izateaz gainera, gomendatutako gainerako dieten antzekoa izan behar du, hau da, orekatua. Hala, osasun-egoera ezin hobean egoteko behar diren nutriente guztiak hartzen direla bermatzen da. Baina dieta murriztaileek zaildu egiten dute dieta orekatua izateko lana.

Zerealak funtsezko elikagai-multzoa dira dietan, elikadura-piramidearen oinarrian daude; oso nutriente garrantzitsuak ematen dituzte, eta ez dira erraz lortzen beste elikagai-talde batzuetatik elikadura-orekari eusteko. Izan ere, zeliako askok dietatik glutena kentzen dute, eta zerealetatik eratorritako produktuen ordez glutenik gabeko beren homologoak erabiltzen (ogia, galletak, opilak, pasta…). Baina produktu horien osaera ez da haien homologoenaren berbera, eta horrek eragin negatiboa izan dezake dietaren orekan, literatura zientifikoan behin eta berriz adierazi den bezala.

Bibliographic reference