Arboretuma

ARBORETUM

Arboretuma

Parke botanikoaren barietate honek xede hezitzaile eta ludikoak ditu, eta herritar guztiei dago zabalik. 19 hektareako azalera du, eta 6 hektarea Lertutxeko urtegiari dagozkio. Gainerako 13 hektareetan, 3 kilometroko bideek lotutakoak, 420 espezie eta barietateko 2.200 zuhaitz eta zuhaixka daude.

Arboretuma 2008ko azaroaren 4an inauguratu zen, eta UPV/EHUren Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio eremuaren hegoaldean, hego-ekialdeko hegalean, kokatuta dago. Xede hezitzaileak eta ludikoak dituen parke botaniko mota bat da. Horrez gain, arboretumak unibertsitatea lotzen du Leioa eta Erandio udalerri mugakideekin; izan ere, unibertsitateko kideentzat ez ezik, herritar guztientzat ere dago zabalik. Horregatik, arboretumaren balio hezitzaileaz gain, bertatik paseatu nahi duten pertsona guztientzako balio ludikoa eta paisajistikoa bilatu da. Arboretumaren bisitariek Leioa eta Erandio udalerrietako muino eta baso ugariak ikusi ahal izango dituzte, baita Lertutxe urtegia ere.

Land Art Studio 2002 arkitekturako estudioak diseinatu zuen parkea, berak irabazi baitzuen 2007ko otsailean UPV/EHUk deitutako proiektuen lehiaketa.

Hasieran, oso landare interesgarriak zeuden hainbat gunetan, eta errespetatu nahi izan dira, garbiketa arinak eginda. Zegoen landaretzaz gainera, beste landare mota batzuk landatu dira.

Hala, arboretuma bi gunetan dago banatuta:

  • Natur gunea, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen eta Arte Ederren Fakultatearen arteko ibarbidean dago. Lertutxe errekastoaren inguruan, berez garatu da haritzez eta haltzez osatutako baso txiki bat, gaur egun naturaltasun handia duena. Beheko aldean Bizitzaren Basoa dago, hots, haien gorputza zientziari eman dioten pertsonen omenez egindako monumentua.

  • Bilduma botanikoaren gunea, hau da, Euskal Herriaren antzeko klima duten 5 kontinenteetatik etorritako espezieak biltzen dituena. Hainbat bildumatan banatuta dago jatorri geografikoaren arabera:

    • Bilduma mediterraneoa, parkearen sarreran, campusera  eta Medikuntza eta Odontologia Fakultateko abeltegira sartzeko errepidearen ondoan. Hortxe daude Mediterraneoko eremu epeletako landare espezieak.

    • Ipar Amerikako Bilduma, Leioara jaisten den errepidearen ondoan, Ipar Amerikako eremu epeletako zuhaitz espezieak biltzen ditu.

    • Hego Hemisferio Bilduma, Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen magalean dagoena. Hego hemisferioko 3 kontinenteetako eremu epeleko espezieak biltzen ditu. (Hego Amerika, Afrika eta Australia).

    • Asia Bilduma, Medikuntza Fakultatearen eta Zientzia eta Teknologia Fakultatearen arteko ibarbidean dago, eta Asiako kontinenteko eremu epeletako espezieak biltzen ditu.

    • Bilduma Autoktonoa, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen magalean, Euskal Herriko espezieak daude. Ondoko ibarbidean harizti eta haltzadi natural helduak daude.

    • Oroitzapenezko Bilduma, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen eta Arte Ederren Fakultatearen artean dago. Parkerako sarbidea da, Errektoregoaren eraikinaren aurrekoa. Hortxe daude UPV/EHUko honoris causa doktoreek landatutako zuhaitzak.

Landatutako zuhaitz kopurua eta mota:

  • 420 espezie eta barietateetako 2.200 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago
  • 6.800 zuhaixka baino gehiago parterre eta heskaietan
  • 10 hektarea soropil

Arboretumaren beste ezaugarri batzuk:

  • Irisgarritasuna ia parke osoan.
  • Euskal Herriko zuhaitz berezien irudikapena.

2012ko uztailean, foru agindu batek gune hori blindatzen du, babestu nahirik. Aldundiak animalia basatiak askatu ditu, noizean behin, inguru hori berreskuratzeko (benetako ahateak, zapelatz liztorjalea, belatza, apo hontzak, zapelatz arruntak, urubiak, trikuak, apoarmatu korrontezaleak...).

Bildumen mapa

(Chrome edo Firefox)

Informazio osagarria