Aplikazio habiaratuak

Info_EspiralEuskara

Euskararen espirala

Euskararen espirala

2010eko martxoan, ospakizun bat egin zen, UPV/EHUn unibertsitate-ikasketak euskaraz ematen hasi zirela hogeita hamar urte bete zirelako. Hizkuntza normalizatzeko prozesua jarri zen martxan orduan pixkanaka UPV/EHUn. Bitxia bada ere, Zientzia eta Teknologia Fakultatea aitzindarietako bat izan zen, eta lehen maila osoa eskaini zuen euskaraz Biologia, Geologia eta Kimikako ikasketetan. 1979-1980 ikasturtea izan zen.

1979-80 eta 1984-85 ikasturteen bitartean, ikasketak euskaraz hasi zituzten Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleek eta ikasleek zuhaitzak landatu zituzten Unibertsitatearen arboretumean; ikastegi horren atzean, hain justu.

Leku horretan, ospakizun horren oroimenezko idazkun txiki bat dago, testu hau idatzita duena:

Nola espiral batek estalitako eremua etengabe handitzen doan bere jatorrizko puntutik urruntzen den heinean, hala joan da etengabe hedatzen Zientzia eta Teknologia Fakultateko lehen mailako talde horren esperientzia; izan ere, hogeita hamar urte geroago, euskaraz ikas daitezke UPV/EHUn emandako irakasgai gehienak.
Espiralean zehar landatutako zuhaitzak eboluzioaren arabera daude antolatuta. Espezierik zaharrenak espiralaren barrualdean daude, eta modernoenak eta aurreratuenak, berriz, haren muturrean. Unibertsaltasuna, unibertsitateko kide orok berezkoa duena, zuhaitz horien jatorrian adierazten da, bost kontinenteetatik ekarriak baitira.

Denok Batera

Denok Batera

Udako ekaitz batek adaburua moztu zion pinu handi bati; zuhaitza erabat hila zela egiaztatu ostean, horrekin eskultura bat osatzeko ideia sortu zen, "arboretum" proiektuaren barruan.

Iñigo Varonak, Arte Ederren Fakultateko Eskultura Sailaren hirugarren zikloko ikasle eta eskultoreak, bere egin zuen egitasmoa, eta enborra bera oinarri duen tailu zuzena lantzea erabaki zuen.

"DENOK BATERA" lana arlo indibidualetik kolektibora doa. Monumentuaren hastapenetik bertatik, obrak kolektibitatea goretsi eta omentzen du, eta helburu bat lortzeko zerbait positibo eta beharrezkotzat jotzen.

Artelanak bata bestearen gainean jarrita enbor handi bati eusten dioten zenbait pertsona irudikatzen ditu. Figura guztiei esker eusten zaio pisu handi horri; pisu horrek, halaber, gogora dakarkigu garai batean existitu zela zuhaitz hori, zeina airezko ekaitz batek hautsi baitzuen.

Enborraren goialdea kontserbatuta (horrek garai batean izandako zuhaitzaren lekuko da, memoria alegia) eta ondo azterturiko polikromia erabiliz, obra paisaian integratzen da.