Breadcrumb

2024-2025 ikasturterako graduko ikasketen gestiorako egutegia

2024-2025 ikasturterako graduko ikasketen gestiorako egutegia

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiak dio Graduko Batzordeak ikasturtero onartuko duela arautegi hori aplikatzeko tramiteen egutegi ofiziala, ikusita graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordearen proposamena. Hori guztia kontuan hartuta, Graduko Batzordeak 2024ko martxoaren 21ean onartu du graduko ikasketen gestiorako 2024/2025 ikasturteko egutegia.

GRADUKO IKASKETETAN SARTZEA

Eskaria

Graduko ikasketetan sartzeko eskariak online baino ez dira egingo, UPV/EHUren webgunearen bidez, eta epe bakarra egongo da, 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era arte, egun biak barne, sarbide mota guztietarako eta deialdi guztietarako.

Onarpena

Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen web orrian (www.ehu.eus ) argitaratuko da honako data hauetan:

1. onarpena: uztailak 13

2. onarpena: uztailak 20 

3. onarpena: uztailak 24  

4. onarpena: uztailak 30 (onarpen honetan sartuko dira USEren ezohiko deialdiko ikasleak eta heziketa zikoetakoak). 

5. onarpena: irailak 5 (onarpen honetan sartuko dira atzerriko batxilergo titulua homologatuta duten ikasleak, zerrendaren bukaeran).

6. onarpena: irailak 10

Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onartuen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.

Plaza guztiak bete ez dituzten graduen kasuan, azken onarpenaren ondoren itxarote zerrendarik ez badute, izena emateko beste epe bat irekiko da 2024ko irailaren 30era arte, aurretik zehaztutako plaza kopurua bete arte.

Plazak bete ondoren itxarote zerrendak izaten segitzen duten graduan kasuan, onarpen prozesua 2024ko urriaren 15ean emango da amaitutzat betiko, eta data horretatik aurrera ez da egingo inolako aldaketarik graduetan sartzeko prozeduran.

Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak unibertsitatean sartzea

a) Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (lekualdaketak). Bi aukera dituzte:

1. Eskaria egitea ikasle berri gisa, unibertsitatera sartzeko proban edo parekoan lortutako kalifikazioarekin: eskaria online baino ez da egingo, UPV/EHUren webgunearen bidez, eta epe bakarra egongo da, 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era arte, egun biak barne.

2.- Eskaria egitea beste unibertsitate batetik ikasketa partzialak eginda eta/edo Espainian unibertsitate ikasketa ofizialak eginda datorren ikasle gisa, edo UPV/EHUn beste ikasketa batzuk eginda datorren ikasle gisa: eskaria kasuan kasuko ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.

b) Unibertsitate ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleak: baliozkotu edo aitortu ahal bazaizkie gutxienez 30 kreditu, eskaria aurkeztuko dute, eskatzen diren agiriekin batera, matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.

c) UPV/EHUn hasitako ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleak: eskaria ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko dute 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.

d) Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek, bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi badute, ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko dute eskaria 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.

Proba berezia Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko proba berezia egin nahi dutenek 2024ko martxoaren 18tik 25era arteko epea izango dute izena emateko, unibertsitatearen webgunean (www.ehu.eus).

Ikasketa desberdinak aldi berean egitea

1. UPV/EHUn graduko ikasketak egiten ari diren ikasleak eta aldi berean unibertsitate horretako beste gradu bat egin nahi dutenak lehenengo mailatik hasita: eskariak 2024ko irailaren 2tik 6ra bitartean aurkeztuko dira, egun biak barne, campusetako errektoreordetzetan edo Sarbideko Bulegoan.

2. UPV/EHUn graduko ikasketak egiten ari diren ikasleak eta aldi berean unibertsitate horretako beste gradu bat egin nahi dutenak, zeinetan aitortuta izango lituzketen gutxienez 60 ECTS kreditu edo lehenengo maila osoa (kredituak aitortu ondoren egindako ikasketengatik): eskariak 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean aurkeztuko dira ikasketa berriak egin nahi diren ikastegiko idazkaritzan. 

MATRIKULA EGITEKO EGUTEGIA

Lehenengo mailako ikasleak

Lehenengo mailako ikasleek epe hauetan egingo dute matrikula, onartuak izango diren fasearen arabera:

1. onarpenekoek, 2024ko uztailaren 15etik 18ra

2. onarpenekoek, 2024ko uztailaren 22an           

3. onarpenekoek, 2024ko uztailaren 26an   

4. onarpenekoek, 2024ko irailaren 2an      

5. onarpenekoek, 2024ko irailaren 6an   

6. onarpenekoek, 2024ko irailaren 11n    

Lehenengo mailatik gorako ikasleak

Matrikula 2024ko uztailaren 17tik 30era bitartean egingo da.

Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Internet bidez egingo da, 2024ko uztailaren 15ean, unibertsitatearen webgunean.

Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, 2024ko uztailaren 15ean unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu, espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta, eta Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegian agertzen den formula aplikatuta aterako den ordenaren araberako lehentasuna izango dute matrikula egiteko.

2023/2024 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak

2023/2024 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleek, baita lekualdaketa eginda onartutakoek ere, 2024ko irailaren 2tik 6ra bitartean egingo dute matrikula.

Ikastegiak beste epe bat ezar dezake, eta bere webgunean argitaratu beharko du denbora nahikoaz.

Behin‑behineko matrikula

UPV/EHUn behin‑behineko matrikula egin duten ikasle berriek, beste unibertsitate publiko batean onartuak izateko zain daudelako, 2024ko irailaren 13a baino lehen egin beharko dute behin betiko matrikula, edo uko egin beharko dio behin‑behineko matrikulari.

2024ko irailaren 13a baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zeukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.