Arautegia, atzerriko unibertsitate ikasketak homologatzeke dauzkaten ikasleak UPV/EHUko Graduetan onartzeari buruzkoa
ATARIKOA
Ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuak, ikasleak unibertsitateko gradu ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko arautegia ezartzen duenak, 3. artikuluan arautzen du unibertsitateko gradu ofizialetarako sarbidea. Zehazten du zein kolektibok egin ditzaketen gradu ofizialak Espainiako unibertsitatetan. Horien artean honako hau dago: Estudiantes que hayan cursado estudios universitarios parciales extranjeros o españoles, o que habiendo finalizado los estudios universitarios extranjeros no hayan obtenido su homologación en España y deseen continuar estudios en una universidad española. En este supuesto, será requisito indispensable que la universidad correspondiente les haya reconocido al menos 30 créditos ECTS”.
Hortik abiatuta, 30. artikuluan ezartzen dira ikasle horiek onartzeko oinarrizko baldintzak.
Bestetik, 889/2022 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, atzerriko tituluen baldintzapeko homologazioa arautzen du, besteak beste. Kasu horretan interesdunak homologazioa lortzeko prestakuntza-osagarri jakin batzuk egin behar ditu, Unibertsitateen Ministerioaren erabaki batean zehazten direnak (889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, atzerriko hezkuntza sistemetako unibertsitate ikasketak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailekin duten parekotasuna ezartzeko prozedura arautzen duena).
Horrekin batera, ECD/2654/2015 Aginduak, abenduaren 3koak, 967/2014 Errege Dekretua garatzeko eta aplikatzeko arauak ematen dituenak, goi mailako atzerriko tituluak homologatzeko eta baliokidetzat jotzeko prozedurak ezartzen ditu. Agindua aplikatzeko, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak arautu behar du atzerriko tituluak baldintzapean homologatzeko eskatzen diren prestakuntza-osagarrien matrikula, kalifikazioa eta akreditazioa. Kasu bakoitzean homologazioa lortzeko egin behar diren prestakuntza-osagarriak zehaztuko dira ministerio eskuduneko Tituluetako eta Kalifikazioak Aitortzeko Zuzendariordetza Orokorraren erabaki baten bidez.
Arautegi honen helburua da goian aipatutako arau orokorrak garatzea eta haietan zehaztuta ez dauden eta unibertsitateen esku geratzen diren xehetasunak finkatzea.
1. artikulua.- Xedea.
1. Honen bidez, UPV/EHUko graduetarako onarpen prozesua arautuko da atzerriko unibertsitate ikasketak hasita edo amaituta baina homologatzeke dauzkaten pertsonentzat.
2. Era berean, arautuko dira ministerio eskudunak goi mailako atzerriko tituluak baldintzapean homologatzen dituenean eskatzen dituen prestakuntza-osagarriak.
I. KAPITULUA
ATZERRIKO UNIBERTSITATE IKASKETAK HOMOLOGATZEKE DAUZKATEN IKASLEAK UPV/EHUko GRADUETAN ONARTZEA
2. artikulua.- Atzerriko ikasketak homologatzeke izanik onartua izateko baldintzak.
1. Atzerriko unibertsitate ikasketak hasita edo bukatuta baina homologatzeke dauzkaten pertsonek eskaria egin ahal izango dute UPV/EHUko graduak egiteko.
Ezinbestekoa izango da kredituak aitortu eta baliozkotzen dituen ikastegiko batzorde akademikoak ikasle horiei gutxienez 30 kreditu aitortzea egin nahi duten UPV/EHUko graduan.
2. Ikasleok eskari hori egin arren, horrek ez die eragotziko UPV/EHUko sarbide eta onarpen prozedura orokorrean ere parte hartzea, gura izanez gero.
3. Eskariak kasuan kasuko ikastegiko zuzendari edo dekanoak ebatziko ditu, UPV/EHUko errektoreak horretarako eskuordetza emanda.
Erabakiak amaiera emango dio administrazio bideari, eta beraren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio erabakia eman duen organoari hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita, baina ezin izango dira bi errekurtsoak aldi berean jarri.
4. Ikastegiko batzorde akademikoak eskatzaileei gutxienez 30 kreditu aitortzen ez badizkie egin nahi duten UPV/EHUko graduan, baztertuta geratuko dira. Hala ere, ikasle horiek eskaria egin ahal izango dute UPV/EHUko sarbide eta onarpen prozedura orokorrean.
3. artikulua.- Plaza kopurua
UPV/EHUko ikastegi bakoitzeko dekanotza edo zuzendaritzak, ikastegiaren ahalmena eta baliabideak aintzat hartuta, sarbide horretatik onartuko duen ikasle kopurua zehaztu ahal izango du ikasturte bakoitzerako, eta webgunean argitaratuko du eskaria egiteko epea hasi aurretik. Kopuru hori bateragarria izan beharko da bai titulazioko lehen mailako plaza mugarekin eta bai ikastegiaren ahalmenarekin.
4. artikulua.- Eskarien tramitazioa eta hizkuntza betebeharrak.
1. Urtean epe bakarra egongo da atzerriko unibertsitateetan ikasitako ikasleek UPV/EHUko gradu ofizialetara sartzeko eskaria egin dezaten. Eskari bana baino ezin izango dute aurkeztu, eta titulazio banarako.
2. Eskariekin batera ziurtagiri akademiko pertsonala edo dokumentu baliokidea aurkeztu beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean ez badago, haietako batera itzulita ere aurkeztu beharko dute. Matrikulatu nahi duten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko dute dokumentazioa, UPV/EHUko Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegian urte bakoitzean zehaztuko den epean. Unibertsitateko webgunean ere argitaratuko dira datak.
3. Herrialde ez-espainoldunetako nazionalitatea daukaten eta espainola erabiltzen ez den hezkuntza sistema batetik datozen ikasleei dagokienez, ikastegiek erabakiko dute ea eskatuko dieten B2 maila egiaztatzea Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetakoren batean. Eskatzea erabakiz gero, hala iragarri beharko dute webgunean eskariak aurkezteko epea hasi aurretik.
5. artikulua.- Eskariak baloratzea.
1. Jasotako eskari kopurua handiagoa bada eskainitako plazen kopurua baino, ikastegiek irizpide objektibo batzuk ezarri beharko dituzte eskariak sailkatzeko, horietako bat unibertsitateko espedientea izanik. Ikastegiko batzorde akademikoak ontzat eman beharko ditu, eta argitara eman beharko dira ikastegiko web orrian eskaria aurkezteko epea hasi aurretik.
2. Espediente akademikoaren batez besteko nota aterako da ministerio eskudunak atzerriko sistemen eta Espainiako hezkuntza sistemaren artean ezartzen dituen baliokidetzen arabera.
II. KAPITULUA
ATZERRIKO GOI MAILAKO TITULUEN HOMOLOGAZIORAKO ESKATZEN DIREN PRESTAKUNTZA-OSAGARRIAK EGITEKO BALDINTZAK
6. artikulua.- UPV/EHUn prestakuntza-osagarriak egiteko baldintzak.
1. Atzerriko goi mailako titulua duen pertsona batek berori homologatzeko eskaria aurkezten badu eta ministerio eskudunak ebazten badu baldintzapeko homologazioa ematea, interesdunak prestakuntza osagarri batzuk egiteari lotua, UPV/EHUn egin ahal izango ditu osagarriok.
2. Ministerioaren erabakiak argi eta garbi zehaztu beharko du zeintzuk prestakuntza-osagarri egin behar dituen interesdunak homologazioa lortzeko.
3. Interesdunak UPV/EHUn egin ahal izango ditu osagarriak, baldin eta bertan ezarrita eta indarrean badago interesdunak homologazioa eskatu nahi duen unibertsitateko titulu ofiziala. Eskatzen diren prestakuntza-osagarriak egiteko epea ministerioak kasu bakoitzean emandako erabakian egongo da zehaztuta. Epe hori amaituta interesdunak prestakuntza-osagarriak egin ez baditu, baldintzapeko homologazioak indarra galduko du, baina, hala ere, interesdunak eskatu ahal izango du bere ikasketen parte batzuk baliozkotzeko.
7. artikulua.- Prestakuntza-osagarriak gainditzeko proba motak
Ministerioaren erabakian prestakuntza-osagarriak egiteko modu bat baino gehiago onartzen badira, interesdunak aukeratuko du homologatu nahi diren ikasketen ardura daukan UPV/EHUko ikastegiak eskainitako aukeren artetik nahiago duena.
Prestakuntza-osagarriak egiteko moduak izan daitezke: gaitasun proba bat gainditzea, praktika akademikoak egitea, proiektu edo lan akademiko edo tekniko bat egitea, edo prestakuntzan hautemandako gabeziak konpontzeko ikastaroak gainditzea.
1. Gaitasun proba:
eskatzailearen ezagutzak neurtzeko azterketa bat izango da, gabeziak antzeman zaizkion edukiei buruzkoa.
Proba egin beharra ezartzen duen ministerioaren erabakian aipatzen diren gai guztiak sartuko dira azterketan.
Graduaren ardura duen UPV/EHUko eskola edo fakultateak azterketa egutegia argitaratuko du probak baino 30 egun lehenago, gutxienez.
Graduaren ardura daukan UPV/EHUko eskola edo fakultateak programa bakar bat argitaratuko du probetan sartu ahal izango den eduki bakoitzerako.
Deialdi bakoitza amaitzean akta bat egingo da, interesdun bakoitza "gai" edo "ez gai" den adieraziko duena.
2. Praktika akademikoak:
Haien helburua izango da bermatzea interesdunak prestakuntza integrala bereganatzen duela, hau da, ezagutza akademikoak uztartzen dituena Espainiako tituluaren ingurune profesionalaren alde praktikoen ezagutzarekin.
UPV/EHUk bere ikasleentzat ezarritako baldintza berberetan egingo dira.
Gai horren ardura daukan organoak esleituko ditu praktikak, eta berak egingo die jarraipena eta azken balorazioa. Era berean, praktiketako tutorea izendatuko du.
Praktikaldiaren amaieran ikasleak lan bat edo memoria bat aurkeztu beharko du, "gai" edo "ez gai" kalifikazioarekin baloratuko dena.
3. Lan akademiko edo tekniko bat egitea.
Proiektu edo lana egiteko, UPV/EHUk aplikatuko ditu gradu amaierako lanetarako ezarrita dituen arauak.
Ikasturte bakoitza amaitzean akta bat egingo da, ikasleak "gai" edo "ez gai" diren adieraziko duena.
4. Tutoretzapeko ikastaroak:
Banaka edo taldean egitekoak izan daitezke, eta interesdunari titulua homologatzeko eskatu zaizkion edukiak jorratuko dituzte.
Halako ikastaroak egin behar dituzten ikasleei UPV/EHUk eskainiko dizkie beren programazioan kasuan kasuko edukiak jasotzen dituzten irakasgaiak.
Deialdi bakoitza amaitzean irakasgai bakoitzerako akta bat egingo da, interesdun bakoitza "gai" edo "ez gai" den adieraziko duena.
5. Kalifikazioak eta erreklamazioa.
Kalifikazioak argitaratzen direnean eskatzaileek, nahi izanez gero, erreklamazioak jarri ahal izango dituzte, Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiaren 22. artikuluko prozeduraren arabera.
8. artikulua.- Eskaria eta matrikula.
Tramiteari hasiera emateko, interesdunek aurkeztu beharko dute, homologatu beharreko ikasketak ematen dituen ikastegiko idazkaritzan, ministerio eskudunaren behin betiko erabakia, non adierazten den homologazioa emateko baldintza izango dela interesdunak prestakuntza-osagarri batzuk egitea gabeziak antzeman zaizkion gaietan.
Eskolak edo fakultateak zehaztuko du, erabaki horren argitan, zein irakasgai edo kreditu egin edo gainditu behar dituen interesdunak eta hala jakinaraziko dio. Ikasleak matrikula egin beharko du UPV/EHUk ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen epeetan.
Interesdunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu matrikula egiteko:
nortasun agiriaren kopia.
Prestakuntza-osagarrietan matrikulatzeko eskaria, behar bezala beteta.
Behin matrikula eginda, ordaindu egin beharko du, ordainagirian zehazten diren epeetan.
9. artikulua.- Epeak
Homologatu beharreko titulazioa ematen duen eskola edo fakultateak urtean gutxienez epe bat jarriko du eskaria egiteko eta matrikularako. Matrikulak bi deialditara aurkezteko eskubidea emango du.
Eskatzen diren prestakuntza-osagarriak egiteko epea ministerioak emandako erabakian egongo da zehaztuta.
10. artikulua.- Prezioak
Prezio publikoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren aginduan ezarritakoak, eta haien barruan sartuko dira: espedientea irekitzea eta idazkaritzako tasak eta matrikulako gastu finkoak, istripu aseguru oinarrizko bat barne.
11. artikulua.- Prestakuntza-osagarriak egiteko plaza kopurua
Ikasturte bakoitzean UPV/EHUko eskola edo fakultateek onartu ahal izango dute prestakuntza-osagarriak egiteko ikasle kopuru jakin bat, beren ahalmenaren araberakoa.
UPV/EHUko ikastegi bakoitzeko dekanotza edo zuzendaritzak, ikastegiaren ahalmena eta baliabideak aintzat hartuta, ikasle kopuru bat zehaztu ahal izango du ikasturte bakoitzean prestakuntza-osagarrien proba mota desberdinetarako, eta webgunean argitaratuko du kopuru hori eskariak egiteko epea hasi aurretik.
Jasotako eskari kopurua handiagoa bada eskainitako plazen kopurua baino, ikastegiek irizpide objektibo batzuk ezarri beharko dituzte eskariak sailkatzeko. Ikastegiko batzorde akademikoak ontzat eman beharko ditu, eta ikastegiko web orrian argitaratu beharko dira eskariak aurkezteko epea hasi aurretik.
Azken xedapena
Lehena. - Ahalmena ematen zaio errektoreorde eskudunari arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko.
Bigarrena. – Arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.