MATRIKULA-ORDAINTZEKO-LAGUNTZAK-Oinarriak

BAT-BATEAN SORTUTAKO EDO DENBORAN ZEHAR DIRAUTEN ARAZOEN ONDORIOZ, ZAILTASUN EKONOMIKOAK DITUZTEN UPV/EHUko IKASLEENTZAKO JARRAITUTASUN AKADEMIKORAKO BUELTATU-BEHARREKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. Xedea eta helburua

Oinarri hauen helburua da bat-batean sortutako edo, unibertsitate ikasketak hasi ondoren, denboran zehar dirauten arazo ekonomikoak dituzten ikasleei bueltatu-beharreko laguntzak emateko deialdia arautzea, horren bidez 2023/2024 ikasturteko matrikulan ikasleei ordaintzeko geratzen zaien zenbatekoa finantzatzeko eta ikaslegoaren jarraitutasun akademikoa eta hezkuntzarako sarbidea bermatzeko xedez.

2. Eskari egileak bete beharreko baldintzak

2.1. Laguntza eskatu ahal izango dute UPV/EHUn graduko ikasketetan edo lanbide atribuzio edo orientazioa duten unibertsitate masterretan 2024/2025 ikasturtean matrikulatuko diren ikasleek eta 2023/2024 ikasturtean ikasketak bukatuko dituzten ikasle guztiek. Eskaria egin ahal izango dute, betiere, ikasturtea hasi ondoren bat-batean sortu bazaie arazo ekonomikoren bat edo, unibertsitate ikasketak hasi ondoren, denboran zehar dirauten arazo ekonomikoak badituzte, eta 2023/2024 ikasturtean bekarik edo ikasketetarako laguntzarik eskuratu ez badute.
2.2. Ezin izango dute unibertsitateko titulurik izan edo horretarako beharrezko diren legezko baldintzak bete, egiten ari diren ikasketetan sartzeko bidea ematen duen titulu izan ezik.
2.3. Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu aurreko deialdietan sinatutako Konpromiso Dokumentua bete ez dutenek.
2.4. Laguntza hauek jaso ahal izateko, dagokion ikasturtean matrikulatutako ikasgaien %75era aurkeztu beharko da eta, gutxienez, titulazio eta ikasmaila horretako ikasleek gainditutako batezbesteko kreditu kopurua gainditu beharko du.

 

3. Zenbatekoa

3.1.     Laguntzaren zenbatekoa 2022/2023 ikasturteko matrikulan ordaintzeke daukaten kopuru osoaren bestekoa izango da.

3.2.     Laguntzaren zenbatekoa UPV/EHUk berak zuzenean ezarriko du matrikulan ordaintzeke dagoen zatiaren kitapena egiteko.

3.3.     Ikasleak ezin izango du laguntza bat baino gehiago eskuratu, nahiz eta aldi berean ikasketa desberdinak egiten aritu.

 

4. Bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoak

Ikasleak bat-batean sortutako arazo ekonomikoak dituela ulertuko da, baldin eta ikasturtea behin hasita ondoko egoeraren bat suertatu bazaio:

  • Familiako sostengatzaile nagusia hil izana, sostengatzaile nagusiak nahitaezko erretiroa hartu behar izana arauzko legea bete gabe edo kide horri lanerako ezgaitasun iraunkorra eman izana.
  • Familiako sostengatzaile nagusia langabezian geratzea edo enplegu erregulazioan.
  • Familiako kideren batek gaixotasun larriren bat edo istripu larriren bat izatea.
  • Edo arau hauetan jasota egon gabe ikasleen arloko eskumenak dituen errektoreordearen iritziz egoera larria den beste edozein kasu.

Arazo ekonomikoak denboran dirauela ulertuko da, unibertsitate ikasketak hasi ondoren eta bat-batean sortutako arazo ekonomikoa izanik, egoerak hobera egin ez duenean hurrengo ikasturtean.

 

5. Laguntzaren dirua bueltatzeko era

Laguntza dirutan bueltatu beharko da, onuradunaren eta UPV/EHUren artean diru hori bueltatzeko era adostuta.
Hala ere, kasu jakin batzuetan, matrikulan ordaintzeke dagoen kopururako emandako laguntzaren zati bat dirutan bueltatu ahal izango du ikasleak eta, beste zati bat, erakundearen edo unibertsitateko kideen mesedetan egindako lanen bidez. Jarduera hauek ez dute inola ere ordezkatuko ordaindutako zerbitzu profesionalik.
Jardueraren batean izena eman eta betetzen ez duenak, justifikatua ez bada, ez du jarduerak beste modu batean osatzeko aukerarik izango eta dirutan ordainduko beharko du.
Baldintza hauek bete ezean, matrikula bertan behera geratuko da.

 

6. Erakundearekin edo unibertsitateko kideekin lankidetza jarduerak betetzeko irizpideak

6.1.    Jardueran emandako ordu bakoitzarekin 15 euro kitatuko dira zorretik.

6.2.   Lehentasuna izango dute azken mailetako ikasleek. Azken ikasturteko ikasleen kasuan, lankidetza jarduerak egiteko denbora tarte txikiagoa dutenez, egutegi bat adostuko da jarduera hauek ahal denik eta tarterik laburrenean egin daitezen.

6.3.    Jarduera ezin izango da oztopo izan onuradunak ikasketetan bete behar dituen jardueretarako.

6.4.    Zorra jardueren bidez kitatuko duen onuradun bakoitzak fitxa bat izango du egindako jarduerak eta kitatzeke daukan zorraren kopurua bertan jasotzeko.

 

7. Eskaerak

Eskaria modu telematikoan osatu eta gero, erregistro bidez ikasleen eta enplegagarritasunaren arloko errektoreordetzan aurkeztu beharko da hurrengo jarraibideak jarraituz:

1. Lehenik, esteka honetan dagoen formularioa bete beharko da https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/bekak-eta-laguntzak/ikasleentzako-jarraitutasun-akademikorako-bueltatu-beharreko-laguntzak/eskaera-egiteko-formularioa eta 4. atalean zehaztutako egoeraren baten ondorioz bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauen arazo ekonomikoa frogatzeko beharrezko diren agiriak ere atxikitu beharko dira.

2. Eskaera UPV/EHUko erregistro elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko da: https://egoitza.ehu.eus/eu/registro-electronico. Bertan sartuta, «Jasotzailea» atalean, «Ikasleen eta enplegagarritasunaren arloko errektoreordetza» aukeratu behar da. Interesatuak identifikazio elektronikorako sistema hauetakoren bat erabili beharko du: UPV/EHUko txartela (Izenpe); Izenpe ziurtagiri digitala; NAN elektronikoa; edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES). Eta hori hala da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (14.e) art.), eta bat etorrita UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakiarekin, zeinaren bidez onartu baitziren interesatuak UPV/EHUrekiko harreman elektronikoetan identifikatzeko eta sinadura elektronikoa erabiltzeko jarraibideak, bai eta erakunde horretan lanean ari diren pertsonak identifikatu eta sinadura elektronikoa erabiltzekoak ere.

Era berean, eskaera aurkeztu ahal izango da sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikoan eta, ohiz kanpoko kasuetan, erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan, aurrez aurre. Erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan aurkezten diren eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira administrazio espediente elektronikoan sartzeko, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, interesduna funtzionarioaren aurrean identifikatu eta horrela jarduteko adostasun espresua adierazi ondoren, hori guztia UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakiaren arabera, zeinaren bidez onartu baitziren gai hauei buruzko jarraibideak: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak; eskaerak, idatziak edo bestelako komunikazioak funtzionario publiko gaituaren bidez aurkeztea UPV/EHUn; eta funtzionario publiko gaituen erregistroa.

 

GARRANTZITSUA: Formularioa betez, telematikoki bidaltzen diren eta aurretik adierazitako prozeduraren bidez erregistratu ez diren eskabideak AURKEZTU GABEKOTZAT joko dira, eta laguntzatik kanpo geldituko dira.

 

8. Eskariak aztertzea eta erabakia ematea

8.1.    Eskariak UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak aztertu eta laguntzak emateko proposamenak egingo ditu, kontuan izanda deialdi honek aurrekontu mugatua daukala. Laguntza esleitzeko edo ukatzeko emango duen erabakia ikasleari berari jakinaraziko zaio hilabeteko epean.

8.2.    Onuradunek konpromiso agiri bat sinatu beharko dute eta bertan ageriko da jasota: laguntzaren zenbatekoa, laguntza bueltatzeko era eta epeak eta  lankidetza jardueren bidez kitatuko duen kopurua. Konpromiso agiria erabakian zehaztutako datan sinatzen ez bada, laguntza honetatik kanpo geratuko da onuraduna. Dokumentu hau sinatzea ezinbestekoa izango da laguntza honen onuraduna kontsideratzeko eta behin betiko ebazpena ez da argitaratuko dokumentua sinatu arte.

 

9. Eskariak egiteko epea

Eskaerak aurkezteko epea maiatzak 7tik ekainak 7ra egongo da zabalik.

 

10. Laguntza bueltatzeko epea

10.1. Laguntza hau, bere konpromiso dokumentuak zehazten duen epean eta, edozein kasutan, titulua, ziurtagiriak edo espediente akademikoari buruzko informazioa eskatu aurretik bueltatu beharko da, dirutan edo jardueren bidez; izan ere, graduko ikasketen gestioari buruzko arautegiak (2023/2024 ikasturtea) 34. artikuluko 6. atalean jasotakoari jarraituz, UPV/EHUrekin zorrak dituztenei ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere.
10.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako azken data iritsita, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak erabakia aterako du onuradun bakoitzaren azken egoera jasoz.
10.3. Gaian eskumena duen Errektoreordetzari deialdiaren garapen egokia bideratzeko neurriak hartzeko gaitasuna aitortzen zaio.

11. Errekurtsoak

11.1 Laguntza ukatuz gero, ikasleak erabakiaren kontrako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango du hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 123 eta 124. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.
11.2 Era berean, erabakiaren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da. Horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, erabakia iragarri eta hurrengo egunetik hasita.

 

Donostian, 2024ko maiatzaren 6an