Gai akademikoen inguruko ebazpenak

Erabakia, 2021eko urriaren 5ekoa, Irakasle Ikertzaileen arloko errektoreordearena, jardun akademikoan presentzialtasun osoa berreskuratzeko neurriak ezartzeko dena

COVID-19ak eragindako pandemiak eragin izugarri handia izan du arlo guztietan, eta unibertsitatean aldaketa handiak egin behar izan ditugu gure jardueraren alderdi guztietan, oso denbora epe laburrean.

Zenbateko iraupena izango duen nekez jakin daitekeen “normaltasun berri” honetan, nahitaezkoa da osasun agintariek ezarritako prebentzio eta babes neurriak betetzea, eta, hori dela eta, hainbat jarduera ildo diseinatu behar izan genituen neurri horiekin bateragarria eta errespetuzkoa den jarduera presentziala ahalik eta gehien mantentzeko, ezin baitugu ahaztu Euskal Herriko Unibertsitatea, batez ere, unibertsitate presentzial bat dela.

Horrela, Gobernu Kontseiluak, 2021eko apirilaren 29ko bileran, “Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak” onartu zituen 2021/2022 ikasturte honetarako. Dokumentuan honako hau esaten da: Irakaskuntza egokitzeko neurriak osasun agintariek une oro ezarritako irizpideen arabera moldatuko dira, eta haien gomendioen arabera zorroztu edo lasaituko dira; hortaz, malguak eta aldakorrak izango dira.

Joan den ostiralean, irailak 24, Hezkuntza sailburuak jakinarazi zion UPV/EHUko errektoreari presentzialtasun osoa berreskuratuko dela unibertsitateetako jardun akademikoan, eta adostu zuten urriko lehen hamabostaldiaren barruan berreskuratzea presentzialtasunaren % 100a.

Hortaz, kontuan izanda egungo egoera eta bilakaera, egoki ikusten da irakasle eta ikertzaileak pandemia aurreko jardun presentzialera itzul daitezela, nahiz eta beharrezkoak izan daitezkeen prebentzio eta osasun neurriak hartuko diren langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Erabakiak emandako eskumenen babesean (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko erabakia, 2021eko otsailaren 12ko EHAA), honako hau

ERABAKI DUT

Lehenengoa.- Jardun akademikoa 2021eko urriko lehen hamabostaldian zehar

Kontuan hartuta UPV/EHUren asmoa dela presentzialtasun osoa berreskuratzea jardun akademikoan, irakasle eta ikertzaile guztiak jardun akademiko presentzialera itzuli behar dira eta, beraz, ikastegietan egin beharko dituzte zereginak urriko lehen hamabostaldian zehar.

Bigarrena.- Tutoretzak

IRIek ikasleekin egingo dituzten tutoretza saioak aurrez aurrekoak izango dira, pandemia aurretik egiten ziren moduan; hau da, irakasleak tutoretza saioen egunak zehaztuko ditu eta modu presentzialean egingo dira eskolak ematen diren ikastegian. Beraz, bertan behera uzten da Irakasle ikertzaileen arloko errektoreordearen jarraibidea, 2020ko abenduaren 1etik aurrera tutoretzak egiteko argibide berriak ezartzen dituena.

Hirugarrena.- Ezohiko kontziliazio neurriak

Indarrean dagoen araudiak unean-unean jasotzen dituen neurri orokorrez gain, ezohiko kontziliazio neurri hauek hartu dira ondoren aipatzen den egoeraren batean egon daitezkeen irakasle eta ikertzaileentzat:

  1. Covid 19aren proban positibo eman duen 14 urtetik beherako baten zaintza izatea, edo berrogeialdia egiteko etxean geratu behar dena batena.
  2. Covid 19aren proban positibo eman eta etxean geratu behar den senitarteko bat (ahaidetasuneko bigarren mailarainokoa, mendekotasun egoeran dagoena eta soldatapeko jarduerarik egiten ez duena) zuzenean zaintzeko ardura izatea, langilearekin bizi delako.

Aurreko egoera horietako batean dagoen langileak kontziliazio mota hauetako bat aukeratu ahal izango du:

  1. Baimena zerbitzuak modu ez presentzialean eskaintzeko etxetik, baldin eta lan egiteko modu hori bateragarria bada esleituta duen irakats jardunarekin.
  2. Zerbitzuak modu ez presentzialean eskaintzea ezinezkoa den kasuetan, langileak indarreko arautegian aipatutako kontziliazio neurriak erabil ditzake.

Laugarrena.- Ezohiko kontziliazio premietarako prozedura eta akreditazioa

Aurreko kasuren batean dagoen pertsonak berehala emango dio bere egoeraren berri atxikita dagoen saileko zuzendariari. Kontziliazioaren premia eta hartu nahi duen kontziliazio mota adierazi beharko ditu, eta egiaztagiriak atxiki.

Saileko zuzendariak eskaera onesten badu, mezu bat bidaliko du infopdi@ehu.eus helbidera horren berri emateko.

Bosgarrena.- Langile kalteberak

COVID-19arekiko kalteberak diren pertsonak (hipertentsio arteriala dutenak, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, biriketako gaixotasun kronikoak, minbizia edo immunodepresioa) lanera itzuliko dira, beren egoera klinikoa kontrolatua dagoela dioen txostena egin ondoren Prebentzio Zerbitzuak. Horrelakoetan, beti ere, zorrotz gorde beharko dituzte babes neurriak.

Prebentzio Zerbitzuak banan banan aztertuko ditu kasuak eta, kontuan hartuta bai patologia bai egin beharreko lanak, ebaluatuko du badagoen bereziki sentibera den langilerik. Halakorik egonez gero, hartu beharreko prebentzio eta babes neurriei buruzko txostena egingo du, bai eta lanpostua egokitzeari buruzkoa ere.

Seigarrena.- Erabaki hau eguneratu eta egokitzea

COVID 19aren bilakaerak eragiten duen egoera aldakorra denez, erabaki hau eguneratu egingo da, egokitzeko, beharrezkoa izanez gero, osasun, lan eta hezkuntza arloetako agintariek ezarriko dituzten jarraibideetara.

Zazpigarrena.- Salbuespenezko egoerak

Aztertu egingo dira langileen salbuespenezko egoerak. Horretarako, eskaera bidali beharko da infopdi@ehu.eus helbidera, mezuan azaldu zein den egoera, eta egiaztagiriak atxiki. Prebentzio Zerbitzuaren txostena nahitaezkoa izango da.

Zortzigarrena.- Lantokiak

Lantokietan baldintzak egokiak direla bermatzeko, ikastegiek eta sailek Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzura jo dezakete.

Bederatzigarrena.- Indarraldia

Erabaki honetan aipatzen diren ezohiko kontziliazio neurriak indarrean egongo dira kontrako erabakia eman arte.

Leioa, 2021eko urriaren 5a

Informazio osagarria