Orientaciones para la planificación de la enseñanza y el aprendizaje

2021-2022 ikasturteko Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak

Sarrera

COVID-19ak eragindako pandemiak eragin izugarri handia izan du arlo guztietan, eta unibertsitatean aldaketa handiak egin behar izan ditugu gure jardueraren alderdi guztietan, oso denbora epe laburrean.

Zenbateko iraupena izango duen nekez jakin daitekeen “normaltasun berriaren” aldian, osasun agintariek ezarritako prebentzio eta babes neurriak betetzeko derrigortasunak hainbat jarduera ildo diseinatzera eraman zigun, presentzialtasun maila ahal bezain handia izateko, neurri horiekiko bateragarritasunez eta errespetuz betiere; izan ere, ezin dugu ahaztu Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, batez ere, unibertsitate presentzial bat dela.

2021-2022 IKASTURTEA dokumentu honen helburua zera da UPV/EHUko ikastegiei berrikusitako ildo batzuk ematea, 2021-2022 ikasturteko plangintza egitean kontuan hartu ahal izango dituztenak. Horrez gain, ezin dugu ahaztu ikastegien funtzionamendurako neurriak bete beharko direla eta osasun egoerak eskatzen duenean eguneratu egingo direla; era berean, unean-unean aplikagarria den araudia bete beharko da (https://www.ehu.eus/eu/ehuko-ikastegien-funtzionamendurako-neurriak). Gainera, bete egin beharko dira une bakoitzean indarrean diren gai akademikoei buruzko erabakiak (jarraibideak eta zirkularrak) (https://www.ehu.eus/es/temas-acad%C3%A9micos), baita irakasleei eta tutoretzei buruzkoak ere (https://www.ehu.eus/es/web/iip/tutoretzen-araudia).

Irakaskuntza egokitzeko neurriak osasun agintariek une oro ezarritako irizpideen arabera moldatuko dira, eta haien gomendioen arabera zorroztu edo lasaituko dira; hortaz, malguak eta aldakorrak izango dira. Kalitatezko unibertsitate irakaskuntza ematearen eta ikasleen eta langileen osasuna babestearen arteko oreka ahalbidetu behar dugu kasu guztietan.

Aurrekoa aintzat hartuta, dokumentu honetan zerrendatutako orientabideek UPV/EHUren irakaskuntzaren izaera presentziala mantendu nahi dute, ahal den neurrian, baina hura egokituta segurtasun tartearen, edukiera mugatuaren eta neurri higieniko-sanitarioen testuingurura.

2021-2022 ikasturtea planifikatzeko orientabideek prestakuntza presentzial egokituaren ikuspegiaren planteamenduari eusten diote; hau da, alderdi presentziala lehenetsiko da, baina eskola telematikoekin eta saio asinkronikoekin osatuko da. Presentzialtasun egokituaren arabera lan eginez 2020-2021 ikasturtean hartutako esperientziak 2021-2022 ikasturteari nahikoa bermez aurre egiteko aukera ematen digu.

Irakaskuntza-ikaskuntzaren antolaketaren logika, COVID-19aren arabera.

2021-2022 IKASTURTEA dokumentuak Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 9an onartutako 2020-2021 ikasturteko irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak eguneratzen ditu. Orientabide horiek Errektoretza Taldearen hasierako proposamena batetik sortu ziren, eta gero Ikasleen Kontseiluko ordezkari batek eta UPV/EHUko sei ikastegietako dekanotza eta zuzendaritza taldeetako ordezkariek (campus bakoitzeko bi) egindako proposamenekin kontrastatu eta osatu ziren. Gero, dekanotza eta zuzendaritza taldeek, ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasle-ikertzaileen ordezkariek egindako ekarpenak sartu ziren. Dokumentu horrek jarraipen batzorde baten eraketa jasotzen zuen, honako hauek osatutakoa:

  • Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea.
  • eCampuseko zuzendaria.
  • Berdintasun zuzendaria.
  • Irakasleen zuzendaria.
  • Antolakuntza akademikoaren kudeaketa aholkularia.
  • Prebentzio Zerbitzuaren burua.
  • Arrisku psikosozialez arduratzen den prebentzioko teknikaria.
  • Irakasle-ikertzaileen 3 ordezkari.
  • Ikasleen ordezkari bat.

Batzorde hori irakaskuntza modalitate guztien jarraipena egiteko eratu zen, eta haren zeregina zen plangintza zuzen garatzen dela zaintzea eta organo eskudunei dagozkion aldaketak eta egokitzapenak egin ditzaten eskatzea, hala behar izanez gero. Zeregin horiek betetzean, jarraipen batzorde horrek 2020-2021 ikasturterako emandako orientabideak egokitzen dituen dokumentu hau proposatu du 2021-2022 ikasturtean aplikatzeko.

Hala, 2020-2021 ikasturteko irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideen oinarrizko edukitik abiatuta, zeina unibertsitateko hainbat kolektibok adostu baitzuten, beharrezkoak diren egokitzapenak sartu dira, gaur egun nahitaez bete beharreko osasun neurriak eta 2020-2021 ikasturtean eskuratutako esperientzia aintzat hartuta. Hori guztia, UPV/EHUko ikastegien zuzendaritza eta dekanotza taldeen ekarpenak jaso ondoren.

1. Kontuan hartu beharreko babes neurriak

COVID-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko premiazko prebentzio, euspen eta koordinazio neurriei buruzko martxoren 29ko 2/2021 Legean, kautelazko eta babeseko betebehar orokor bat ezartzen da, zeinak UPV/EHUn 2021-2022 ikasturtearen planifikazioan eragin zuzena izaten jarraitzen baitu. Ikastegiei dagokienez, honako hau ezartzen du: “deberá asegurarse la adopción de las medidas organizativas que resulten necesarias para evitar aglomeraciones y garantizar que el alumnado y trabajadores puedan cumplir las indicaciones de distancia o limitación de contactos, así como las medidas de prevención personal, que se indiquen por las autoridades sanitarias y educativas.”

Bestalde, Osasun Publikoaren Batzordeak 2021/03/11n onartutako Osasun eta Unibertsitateen ministerioen “COVID-19aren aurrean prebentzioa, higienea eta osasuna sustatzeko neurriak unibertsitateentzat 2020-2021 ikasturterako” dokumentuak (https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov/documentos/COVID19_Medidas_Centros_Universitarios_11-03-21.pdf prebentziorako gako neurri gisa honako hauek ezartzen ditu: “Kontaktuak mugatzea, 1,5 metroko tartea mantenduta, eta jende pilaketak saihestea; maskararen erabilera egokia eta eskuetako higienea, transmisioa saihesteko oinarrizko neurri gisa, baita arnasketa higienea ere; espazioak maiz aireztatzea eta zentroa garbitzea; eta, sintomak dituzten eta isolatuta edo berrogeialdian dauden pertsonak unibertsitate ikastegietara ez joatea”.

COVID-19ari aurre egiteko indarrean den araudia betetzen dela ziurtatzeko, UPV/EHUk nahitaez bete beharko diren baldintza hauek finkatu ditu:

  1. Jende pilaketak saihestu behar dira. Horretarako hainbat aukera planteatzen dira:

    1. Maila eta/edo taldeen sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuak izatea, ahal den neurrian.

    2. Gomendatzen da ikasgelako gehieneko edukiera ez izatea, oro har, 50 pertsonatik gorakoa. Horretarako, aintzat hartuko dira irakaskuntza antolatzeko jarraian zehazten diren aukerak edo ikastegi bakoitzak bere tituluen ezaugarrien arabera diseinatuko dituen beste batzuk.

    3. Irakasgai batean edo prestakuntza jarduera batean modu telepresentzialean parte hartzen ari diren ikasleak, ahal bada, ikastegitik kanpoko espazioetan egongo dira, zona komunetan, ikasteko geletan eta liburutegietan ikasleen pilaketak saihesteko.

  2. UPV/EHUko langileek eta ikasleek maskara erabili beharko dute nahitaez. Hainbat motatako maskarak onartuko dira: higienikoak, kirurgikoak edo bestelako babes maskarak, hala nola FFP2ak, Prebentzio Zerbitzuak unibertsitateko langileei egoera jakin batzuetan halakoak erabiltzeko adierazten badie. Maskara higienikoei dagokienez, gomendatzen da, ahal bada, berriro erabil daitezkeen modeloak erabiltzea, eta modelo horiek maskara mota horien informazio eta merkaturatze baldintzak ezartzen dituen otsailaren 11ko CSM/115/2021 Aginduak jasotako espezifikotasun teknikoak bete beharko dituzte.

  3. Oro har, gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde behar da pertsonen artean, ikastegiaren instalazio guztietan.

  4. Ikasgelen aireztapen egokia egingo da irakaskuntza-ikaskuntza jardueran.

  5. Ikastegien barruan ahal den neurrian ikasleen mugimendua mugatzeko, ikasleek ikasgela bera erabiliko dute ahal bada, eta, horren barruan, leku berean eseriko dira, irakasgaien eta espazioen ezaugarriek halakorik egitea ahalbidetzen dutenean betiere.

  6. UPV/EHUko ikastegien funtzionamendurako neurrietan jasotako babes, garbitasun eta desinfekzio neurri guztiak aplikatuko dira.

    Nabarmentzekoa da neurri horiek aldatu ahal izango direla, osasun eta hezkuntza agintariek hartutako erabakien arabera. Horren harira, UPV/EHUko ikastegien funtzionamendurako neurrietan ezarritakoari jarraituko zaio une oro (https://www.ehu.eus/es/zentroen-funtzionamendurako-neurriak).

    Zehazki, osasun egoeraren bilakaera positiboa emango balitz eta araudi esparruak ahalbidetuko balu, ikastegien funtzionamendurako neurriak ahalik eta lasterren egokituko lirateke, presentzialtasun ehuneko handienak arian-arian berreskuratzeko.

2. Irakaskuntzaren egokitzapenak

Gure unibertsitatearen izaera presentziala dela eta, indarreko legedian ezarritako neurriek ahalbidetzen badute, ikastegiek irakaskuntza modalitate presentziala ahal bezainbestekoa izateko planifikazioa egingo dute. Aurreikusten da beharrezkoa izan daitekeela ikaskuntza presentziala eta telepresentziala konbinatzea, baina gomendatzen dugu eskola telepresentzialak soilik ez ematea talde eta lauhileko bakoitzeko 2 irakasgai baino gehiagotan, ezta 15 kreditu baino gehiago ere, master tituluen kasuan, horrek esan nahi du ezingo dela eman ikastaro oso bat modalitate ez-presentzialean. 

Gogoratu behar dugu gure unibertsitatea oso behar eta ezaugarri desberdinak dituzten hogei ikastegik osatzen dutela; hortaz, datorren ikasturteko planifikazioak ez du zertan berdina izan ikastegi guztietarako, ez ikastegi bereko titulu guztietarako, ez titulu bereko maila guztietarako.

Nabarmentzekoa da dokumentu honek 2020-2021 ikasturtean emandako antzeko egoera batean planteatzen duela ikasturtearen antolakuntza, baina berrikus daiteke; izan ere, beste konfinamendu bat egongo balitz, irakaskuntza telepresentzialera itzuliko ginateke, eta eGela eta unibertsitateko kideen esku bideokonferentzietarako jarritako tresna erabili beharko genuke. Egoera horretan, irakasle guztiek baliabide horiek erabili beharko lituzkete irakasgaien garapena ziurtatzeko, ikasleen ikaskuntza egokirako lagungarriak izan daitezkeen beste batzuk baztertu gabe. Bestalde, egoera hobetuko balitz eta osasun agintariek gaixotasuna kontrolpean dutela berretsiko balukete eta zentzu horretan aplikatzen den indarreko legedia baliogabetuko balitz, erabateko presentzialtasuna berreskuratuko genuke.

2.1. Jarduera presentzialak

Titulu guztietan hainbat irakasgai edo jarduera identifikatu daitezke, zeinetan bide telematikoaren bidezko ikaskuntzak errazago ordezka baitezake ikaskuntza presentziala. Hori dela eta, titulu bakoitzak ezinbestean modu presentzialean garatu behar diren irakaskuntza jarduerak edo modalitateak aukeratu beharko ditu, ikasleek dagozkion ikasketa planetan jasotako gaitasunak modu egokian eskuratzen dituztela ziurtatzeko. Hautaketa irizpide posible gisa, honako hauek erabil daitezke:

  • Eskola presentzialak lehenestea modalitate praktikoetan, azalpen eta maisu izaerako modalitateen aurrean.

  • Eskola presentzialak lehenestea hasierako mailetan, azken mailen aurrean, non ikasleek autonomia handiagoa eta ikasketak urrunetik jarraitzeko erraztasun handiagoa duten.

Tituluak ematen dituzten ikastegietako zuzendariek beste proposamen batzuk adostu ahal izango dituzte arduradunekin, baldin eta proposamenek ikasleengan izango dituzten onurak egoki justifikatzen badituzte eta bateragarriak badira ikastegiaren behar orokorrekin.

Jarduera presentziala ahal den guztietan ziurtatzeko ahalegin horretan, aintzat hartu beharko dugu ere ikastegiaren eta, beraz, unibertsitatearen espazioak berrantolatu beharko direla. Horren harira, honako gomendio hauek egiten dira:

  • Espazioak optimizatzea, ikasgelak taldearen tamainara hobeto egokituta, baimendutako edukieraren eta errespetatu beharreko distantziaren arabera.

  • Gutxi erabilitako espazioak (esate baterako, sailen mendeko laborategi jakin batzuk, espazio komunak…) hautematea eta beste erabilera batzuk emateko aukera aztertzea.

  • Campuseko beste eraikin batzuetako ikasgelak erabiltzea (ikasgelategiak, etab.).

  • Irakaskuntza erregularrerako erabiltzen ez diren espazioak erabiltzea: esate baterako, graduko aretoak… Erabilera osagarri horrek bateragarria izango beharko luke espazio horien erabilera nagusiarekin.

  • Irakaskuntza txandaka antolatzea:

    • Goizeko eta arratsaldeko txandak (maila batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez).

    • Egunak txandatzea (mailetako irakaskuntza presentziala “egun osora” programatzea, baina ez egunero).

    • Txandakako antolakuntzaren abantaila bat da mugikortasuna murrizten dela eta horrela jende pilaketak saihesten direla.

2.2. Presentzialtasun egokitua

Presentzialtasun egokituan emandako irakaskuntza-ikaskuntzan jarduera nagusiki presentziala konbinatzen da jarduera telepresentzialarekin eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin. Irakasgaien formatu presentzialean ohikoa den lan metodologia erabiltzen da, baina ikasle batzuek urrunetik jasotzen dute, unibertsitateko kideen esku bideokonferentzietarako jarritako tresnaren bidez eta ahal bada aldi berean; horrela, irakaslearekin eta ikaskideekin elkarrekintzan aritzeko aukera dute. Hortaz, ikaslea ikaskuntza ingurune bimodal batean dago, eta irakaslearekin harreman estua du, nahiz eta batzuetan, jarraipena telematikoa izan. Eredu horren abantaila zera da, egiaztapen memorietan jasotako ohiko irakaskuntza plangintza mantentzeko aukera ematen dizula, aldaketa gehiegi egin gabe, eta aldi berean UPV/EHUren hezkuntza ereduaren kalitatea ziurtatzeko aukera duzula. Prestakuntza jarduera asinkronikoen kasuan, garrantzitsua da ikasleekiko elkarrekintza maila altuari eustea, prestakuntza izaera izan dezaten.

Irakasleek beren irakaskuntza betebeharrak bete beharko dituzte, irakaskuntza ingurune presentzial edo presentzial telematiko batean ematen duten albo batera utzita.

Presentzialtasun egokituko agertoki bat diseinatzean, unibertsitateko kideen esku bideokonferentzietarako jarritako tresna erabiltzea proposatzen da, hainbat multimedia elementurekin (kamera eta mikrofonoa) osatuta, jarduera presentziala eta telepresentziala konbinatzeko sistema gisa. Orientabide hauen araberako irakaskuntzaren arloan, datu pertsonalen tratamendua datu pertsonalen babeserako araudian aurreikusitako eskubideak eta bermeak errespetatuz egingo da.

Hainbat aukera aurreikus daitezke:

a) Jarduera presentziala eta telepresentziala konbinatzea talde osoarekin.

Irakaslea eta ikasle batzuk ikasgela fisiko berean daude, eta gainerakoek bideokonferentzia bidez parte hartzen dute. Aukera hauek eman daitezke:

  • Taldearen zati bat fisikoki ikasgela batean egotea, eta beste zati bat, berriz, urrunetik konektatzea unibertsitatetik kanpoan egonda. Kasu horretan, txandak antolatu behar dira bi taldeen artean, modu parekidean (esate baterako, asteka: taldearen erdiek irakaskuntza presentziala jasotzen dute aste batean, eta hurrengoan ez doaz ikastegira eta modu telepresentzialean egiten dute lan).

  • Taldearen zati bat ikasgela fisiko batean dago, eta beste zatia, beste ikasgela fisiko batean; horrela, irakasleak aldi berean egiten du lan bi taldeekin eta ikasgela batetik bestera joan daiteke, eskolak emateko. Aukera horrek, “ispilu ikasgela” gisa ezaguna denak, antolakuntza zailtasunak eta zailtasun teknikoak sortu ditu hainbat ikastegitan 2020-2021 ikasturtean; hortaz, haren aplikazioa arretaz baloratzea gomendatzen dugu, eta, oro har, aurreko puntuan jasotako aukera hobesten da.

Aukeratutako forma garatzeko eGelaren erabilera lehenetsiko da; hortaz, ikasleak erraz sartu ahal izango dira bideokonferentzia saioetara. Irakasle arduradunek irakaskuntza eta ikasketa helburuetarako egokia dela irizten badiote, saioak irudi eta/edo soinu formatuan grabatu ahal izango ditu, irakasgaiko irakasle arduradunek eta dagozkion ikasleek gerora kontsultatu ahal izateko. Ikasleek ezingo dituzte irakaskuntza saioak grabatu, baina egiten direnak gorde, eta eskuragarri egingo dira, hasierako helburuei erantzuten dieten bitartean. Zentzu horretan, dena delako irakasgai/taldearen ikasleek bakarrik ikusi ahal izango dituzte grabazioak. Edonola ere, irakaskuntza saioetan ezgaitasunak dituzten pertsonak, genero indarkeria edo jazarpen biktimak eta, oro har, kolektibo kalteberen kideak identifikatzea ahalbidetzen dituzten datu pertsonalak ez grabatzeko, tratatzeko eta gordetzeko ahalegina egingo dugu.

b) Irakaskuntza modalitate jakin batzuk batez ere urrunetik ematea (alderantzizko gela eta/edo telepresentzialtasuna).

  • Irakasgai baten irakaskuntza modalitate batzuk bideokonferentzia bidez ematen dira, ikasleak ikastegian egon gabe. Kasu horretan, komenigarria izango litzateke irakaskuntza ez-presentziala talde jakin batean biltzen saiatzea, taldeko kideak ikastegira joan ez daitezen, esate baterako, astean egun batean.

  • Aukera horren abantaila da ikasleen mugikortasuna murrizten dela eta ikastegiko espazioak libratzen direla. Era berean, aukera horrek saioak eGelan grabatzea eta biltegiratzea ahalbidetzen du, askotariko arrazoiengatik irakaskuntza modu sinkronikoan jaso ezin duten ikasleentzat.

2.3. Modalitate praktikoak: laborategiak, tailerrak…

Eduki praktiko handiko irakasgaiak edo jarduerak planifikatzean, kontuan har daitezke honako aukera hauek:

  • Laborategietan egoteko denbora optimizatzea: esate baterako, praktikak prestatzeko eta amaitzeko zatiak gela arrunt batean eman daitezke, eta laborategian sartu esperimentaziorako behar den denborarako bakarrik.

  • Praktika osoa modu presentzialean egiteko aukera izan ezean, urrunetik landu ezin daitekeena lehenetsiko da, eta gainerako guztia lantzeko beste aukera batzuk bilatu beharko dira.

2.4. Curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktikak eta praktika klinikoak

Curriculumeko kanpo praktikak eta praktika klinikoak tituluaren memoria egiaztatuan eta erakunde laguntzaileekin dauden hitzarmenetan ezarritako baldintza beretan mantenduko dira.

Curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktikak eta praktika klinikoak antolatzean, errespetatu beharko dira, une oro, halakoak egingo diren antolakuntza unitateetan, enpresetan eta erakundeetan ezarritako neurriak.

Osasun neurriak betetzeagatik erakunde laguntzailean igaro beharreko ordu presentzialen kopurua mugatu behar bada, jarduera presentzial horiek beste era bateko jarduerekin konbinatuko dira (proiektuak, memoriak, prestakuntza programak, etab.), betiere ebaluatu badaitezke eta ikasleek nahikoa gaitasun eskuratzen dituztela bermatzen badute.

Erakunde kolaboratzailean presentzia fisikoa izatea ezinezkoa bada, prestakuntza helburuei eusteko ahalegina egingo da, erakunde kolaboratzailearekin batera urruneko jarduerak eginez, hark onartzen badu betiere. Egutegia eta metodologia kanpo tutoreekin adostu beharko dira.

Osasun egoera okertzen bada eta agintariek hura egitea debekatzen badute, UPV/EHUk ikaskuntza aukera osagarriak planteatuko ditu.

Curriculumeko praktiken eta praktika klinikoen kasuan, gaitasunen jabekuntza bestelako prestakuntza jardueren bidez osatu ahal izango da, horretarako baldintzak ematen badira betiere. Kasu horretan, barne tutoreek praktiken jarraipen lan handiagoa egin beharko dute. Praktikak ikaskuntza ez-presentzialeko tipologia batera egokitu ezin direnean, unibertsitateak horiek modu intentsiboan egiteko aldia luzatu ahal izango du, osasun egoerak ahalbidetzen duenean.

Lanbide batera bideratutako titulu arautuen kanpoko praktika luzeei dagokienez, aintzat hartuko dira dekanoen konferentziek hartutako erabakiak eta emandako gomendioak, eta konferentzia horietan proposatutako konponbideak ezartzen saiatuko gara, ikasleek eskuratutako gaitasunak antzekoak izan daitezen estatu osoan.

Curriculumez kanpoko praktiken kasuan, amaitu gabeko kreditu praktikoak online ikastaro osagarrien bidez (zeharkako gaitasunak, identitate digitala, enplegurako baliabideak) baliokidetuko dira.

3. Ebaluazioa

Indarreko araudian ezarritako neurriek horretarako aukera ematen dutenean, ikastegiek ebaluazioa modu presentzialean planifikatuko dute. Edonola ere, oraindik ere aurreikus ezin den salbuespenezko egoera batean gaudenez, gomendatzen dugu irakasgai guztietan ebaluazio jarraitua planteatzea; horrela, hainbat proba, entregatzeko lan eta ariketa egingo dira eskolaldiak iraun bitartean, eta horien bidez ikasitakoaren ebaluazio jarraitua egin ahal izango da. Horrez gain, irakasgai guztietan ebaluazio ez-presentzialeko aukera bat proposatu behar da, 4. puntuan zehazten den moduan. Zentzu horretan, indarrean egongo dira EHU edonondik eta EHU edonondik/ebaluazioa dokumentuen gomendioak.

Edonola ere, ebaluazioari dagokionez ere, gai akademikoei buruz unean-unean indarrean diren erabakietan (jarraibideak eta zirkularrak) ezarritakoa bete behar dela gogoratzen dugu (https://www.ehu.eus/es/temas-acad%C3%A9micos).

4. Irakasgaien irakaskuntza gidaliburuak eguneratzea

Aurreko ikasturteetan bezala, irakasle taldeek irakasgaien irakaskuntza gidak eguneratu beharko dituzte GAURen, 2021-2022 ikasturtea hasi aurretik. Ikasleen matrikulazio aldia uztailaren 19an hasten dela kontuan hartuta, ikaskuntza giden eguneratzea webgunean ezagutzera emango da data hori baino lehen. Irakasle taldeetan eta sailetan aurreikusitako ohiko aldaketez gainera, eguneratze honetan ebaluazioari buruzko informazio xehea emango da, dokumentu honen 3. atalean jasotako argibideak kontuan hartuta:

  • Ebaluazio modalitatea.
  • Beste ebaluazio aukera bat, hura modu ez-presentzialean edo urrunetik egin beharko balitz.

Ez da beharrezkoa 2021-2022 Irakaskuntza Egokitzeko Planean, egutegian eta ordutegietan jasotako aldaketa guztiak gidetan sartzea.

5. Ikasleak

Ikasleek ikasturtearen eta irakasgaien antolakuntza orokorra behar besteko aurrerapenez ezagutu beharko dute, eta, edonola ere, 2021-2022 ikasturtearen matrikula epea ireki aurretik. Era berean, ikasleek egokitutako eta eguneratutako irakaskuntza gidak eskuratu ahal izango dituzte.

Haien ikaskuntza egoera zein den albo batera utzita, ikasleek beharrezkoa den irakasleen ikuskapena jasoko dute. Tutoretzak, urrunetik egin izan ahalko direnak, oso garrantzitsuak izango dira. Edonola ere, tutoretzak egiteko moduari dagokionez, unean-unean indarrean diren erabakiak (jarraibideak eta zirkularrak) bete beharko dira (https://www.ehu.eus/es/web/iip/tutoretzen-araudia).

Bestalde, beren jarduera profesionala edo familia egoera albo batera utzita, aparteko egoera pertsonalen (hala nola gaixo edo ospitalean daudenak) eraginez UPV/EHUn ikasketak modu presentzialean jarraitu ezin dituzten ikasleei dagokienez, sailek ikasle horiek matrikulatuta dauden irakasgaietan beharrezkoak diren egokitzapen akademikoak eta pedagogikoak egin beharko dituzte, egoera horietan ikasten jarraitzeko aukera dutela ziurtatzeko.  Horren harira, gai akademikoei dagokienez, unean-unean indarrean diren erabakiak (jarraibideak eta zirkularrak) bete beharko dituzte (https://www.ehu.eus/es/gai-akademikoak).

Ebaluazio proba presentzialen kasuan, egokitzat iritzitako bitartekoak jarriko dira, probak gainerako ikasleen aukera berdinetan egin ahal izateko, eta 3. puntuan aipatutako erabakietan ezarritakoa beteko da betiere.

Azaldutakoa aplikatuko zaie bai kasu partikularrei, bai deskribatutako egoeren baldintzapean dauden ikasleen kolektiboei.

6. Baliabideak

UPV/EHUko ikastegiek plan horiek martxan jartzeko 2020-2021 ikasturtean egin diren ekintza batzuk dira honako hauek:

  • Ikasgeletan kamerak, mikrofonoak eta bozgorailuak jartzea, beharrezkoa zenean, eskolak zuzenean emateko.
  • Ikasgeletako ekipamendua, hala behar zenean, hobetzea (ordenagailuak, proiektoreak…).
  • BlackBoard Collaborate programaren lizentziamendua egokitzea, konkurrentziari dagokionez, presentzialtasun egokituaren formatu berriak sortutako beharrei erantzuteko.
  • Irakasleen prestakuntza plana indartzea, gaitasun digitala hobetzeko ikastaro espezifikoak antolatuz.
  • Ikasleentzako laguntza itzulgarrien urteko deialdia: matrikula ordaintzea + COVID-19tik eratorritako aparteko gastuak.
  • Ekipo eramangarri bat ematea, lan tresna gisa, halakorik ez zuten irakasleei (egoerak banan-banan aztertuta).
  • Ordenagailuak maileguan uzteko eta/edo Internetera konektatzen laguntzeko zerbitzu bat antolatzea, zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat.

2021-2022 ikasturtean, honako ekintza hauekin jarraitzea aurreikusi da:

  • 2021-2022 ikasturterako bideokonferentziako tresna zerbitzua kontratatzea, irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak egiten jarraitu ahal izateko, jarduera presentzialen osagarri gisa.
  • Irakasleen prestakuntza planean gaitasun digitalaren hobekuntzan eragiten jarraitzea, ikastaro espezifikoak antolatuta berriro ere.
  • Matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten ikasleentzako laguntza itzulgarrien urteko deialdia egitea.
  • Ekipo eramangarri bat ematea, lan tresna gisa, halakorik ez duten irakasleei (beharrezkoa izango da egoerak banan-banan aztertzea).
  • Ordenagailuak mailegatzeko eta/edo Interneten konektatzen laguntzeko zerbitzua, zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat, egungo egoerak irauten duen bitartean.

Hori guztia presentzialtasun egokiari lotuta ustekabean sor daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko aukera eragotzi gabe.

7. 2020-2021 ikasturteko ordutegiak egiteko hainbat gomendio

Gogoratu behar dugu irakaskuntza bimodalaren kasuan irakasleen betebeharrak irakaskuntza guztiz presentzial baten berberak izango direla. 2021-2022 ikasturterako ordutegiak egitean, kontuan hartu beharko dira jarraian aipatutako gomendioak, horietako batzuk aipatu dira jada dokumentu honetan bertan:

  • Titulu guztietan, eta osasun agintarien gomendioak errespetatuta betiere, irakaskuntzaren % 75 gutxienez presentziala izatea bermatzen saiatuko gara.
  • Jarduera presentzialen kasuan, eskolak hasteko eta amaitzeko ordutegia ikastegiko maila eta/edo titulu guztietarako berdina izatea saihesten saiatuko gara.
  • Ordutegietan ikasleek argi ikusteko moduan identifikatuko da zer jarduera izango diren presentzial eta zer ikasgelatan emango diren.
  • Gomendatzen dugu, ahal den neurrian, maila bereko jarduera presentzialak egun berean biltzea (goizez edo arratsaldez), ikasleek irakaskuntza telepresentziala (ikastegitik kanpo) eta presentziala txandakatu behar izan ez dezaten. 
  • Ahal den neurrian, ikasleek ez dute ikasgelaz aldatu beharko.
  • Saihestu behar dugu, ahal den neurrian, jarduera presentzialak 20:00ak baino beranduago amaitzea, eguneroko garbiketa eta desinfekzio lanak errazteko.

8. Ikastegi bakoitzak egin beharreko lana

Plangintza on batek koordinazio ona eskatzen du, eta, horretarako, ikastegiek, irakaskuntzaren arduradunak diren neurrian, proposamenen elaborazioa eta jarraipena koordinatuko dute beren zuzendaritza taldeen  bidez, sailetako zuzendarien laguntzaz, eta Ikasleen Kontseilua entzun ondoren;  zeregin horretan, irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleei arreta emateko betebeharra oinarrizko printzipioak izango dira.

2021-2022 ikasturterako Irakaskuntza Egokitzeko Plana dokumentu bat izango da, non, laburbilduta, jarduera presentzialaren eta telepresentzialaren ehuneko globalak jasoko diren titulu, irakasgai eta maila bakoitzeko (ikus eranskina). Osorik modu presentzialean ematen diren irakasgaien kasuan, kontuan hartu beharko dira portzentaje globalak kalkulatzeko unean, baina ez da beharrezkoa izango horiek zerrendan sartzea. Halere, barruan sar daitezke, ikastegiak egoki irizten badio.

Hori egiteko, UPV/EHUko ikastegiek Batzorde Espezifiko baten laguntza jasoko dute, zeina Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako errektoreordeek eta Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren zuzendariak osatua egongo baita. Nahi duten ikastegiek batzorde horri kontsultak egin, eta planari oniritzia eman diezaion eskatu ahal izango diote. Horren helburuak dira ikastegietako arduradunei plana egiteko laguntza eta babesa ematea, alderdi korapilatsuak aztertzea, eta denon artean konponbide onenak aukeratzea. Aipatutako Aholkularitza Batzordearen oniritzia ez da, inondik ere, Irakaskuntza Egokitzeko Plana onartzeko nahitaezko baldintza bat; izan ere, plana, behin amaituta, ikastegiko Kalitate Batzordeak aztertu, eta Ikastegiko Batzarrak onartu beharko du.

Informazioa publikoa eta eskuragarria izatearen baldintza betetze aldera, 2021-2022ko Irakaskuntza Egokitzeko Plana ikastegiko webgunean argitaratu beharko da, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari lotutako atalean.

9. Negoziazioa

Dokumentu honen 2020-2021eko bertsioa irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen negoziazio mahaietan aurkeztu zen, baita Campus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordean ere.

Ikastegi guztien Irakaskuntza Egokitzeko Planak egin ondoren, langileen lan baldintzetan eragiten zuten alderdiak dagozkion negoziazio mahaietara eraman ziren.

Orientabideen eguneratze honek bere horretan uzten du 2021-2022 ikasturterako foro horietan negoziatutakoa, araudiaren esparrutik eta oraingo osasun egoeratik eratorritako eguneratzeekin batera. Dokumentuaren berri eman da ikastegietako dekanotza eta zuzendaritza taldetan, batzorde parekidean, Campus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordean eta Irakasle-ikertzaileen eta AZPko langileen plangintza batzordeetan.

10. Jarraipen Batzordea

Gobernu Kontseiluan dokumentu honen lehen bertsioa onartu ondoren osatutako jarraipen batzordeak, zeinaren osaera sarreran ematen baita, plangintzaren garapen egokia zaintzen jarraituko du, eta, hala behar denean, dagozkion aldaketak eta egokitzapenak egiteko eskatuko die organo eskudunei.

2021-2022 ikasturterako irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideen bertsio eguneratu hau zeregin hori betetzeko egin da, hain zuzen ere.

11. 2021-2022 ikasturterako orientabideen eta planen eguneratzeak onartzeko egutegia

Apirilaren 29a: testu hau 2021eko apirilaren 29ko Gobernu Kontseiluan onartuko da.

Ekainaren 30era arte: Ikastegietako batzarrek 2021-2022 ikasturtearen irakaskuntza egokitzeko planak onartuko dituzte. Edonola ere, matrikula aldia hasi baino lehen onartu beharko dira, eta ikasleen esku egon beharko dute webgunean.

Glosarioa

  • Urruneko hezkuntza: Hezkuntza eredu honetan ikasleak ez daude prestakuntza ematen den lekuan. Edonola ere, askotan erabiltzen da ere teknologia gehiegi erabiltzea eskatzen ez duen hezkuntzari erreferentzia egiteko. Esate baterako, ikasleei materiala bidaltzen zaie, beren erritmora ikas dezaten.
  • Prestakuntza asinkronoa: Irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat, non ikasleen eta irakasleen presentzia modu geroratuan ematen baita; hau da, ikasleak eta irakasleak ez daude aldi berean leku berean. Teknologiari esker, batzuen eta besteen ekarpenak hezkuntza plataforma batean erregistratzen dira, eta ikasleek beren erritmora ikasten dute, gainbegiratuak izan gabe.
  • Prestakuntza presentzial egokitua: Prestakuntza gehienbat presentziala, eskola telematikoekin eta/edo saio asinkronikoekin osatzen dena.
  • Prestakuntza sinkronoa: Online prestakuntza denbora errealean ematen da, eta ikasleen eta irakasleen arteko interakzioa aldi berean gertatze da.
  • Prestakuntza telematikoa: Prestakuntza telematikoa Interneten ematen den irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren modalitate bat da. Irakaskuntza telematikoa Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKTak) bidez ematen da. Prestakuntza telematikoa antzeko adiera duten beste termino batzuen bidez ere ezaguna da: teleprestakuntza, online prestakuntza, prestakuntza telepresentziala, prestakuntza birtuala, e-learning irakaskuntza edo hezkuntza birtuala.

Eranskina: Erabateko presentzialtasunera itzultzea (2021eko urria)

“2021-2022 ikasturterako orientabideak” dokumentuak, 2021eko apirilaren 29ko Gobernu Kontseiluak onartutakoak, UPV/EHUko ikastegiei eman zizkien 2021-2022 ikasturtearen plangintza egitean bete beharreko jarraibideak. Ikastegiek, horiek kontuan hartuta, 2021-2022 ikasturteko Irakaskuntza Egokitzeko Planak prestatu eta abiarazi zituzten, eta horien arabera ikasturte honetako lehen lauhilekoan hasi dira eskolak ematen.

Kontuan izan behar dugu dokumentuak berak hau ezartzen zuela: “Irakaskuntza egokitzeko neurriak osasun agintariek une oro ezarritako irizpideen arabera moldatuko dira, eta haien gomendioen arabera zorroztu edo lasaituko dira; hortaz, malguak eta aldakorrak izango dira.“. 2021eko irailaren 24an, Hezkuntza sailburuak UPV/EHUko errektoreari jakinarazi zion euskal unibertsitateetan erabateko presentzialtasuna berreskuratuko zela, eta erabaki zen urriaren lehen hamabostaldian % 100eko presentzialtasuna beteko zela.

Eranskin honek, dokumentuan bertan ezarritako esparru malgua aldatu gabe, aldi berri horretarako orientabideak modu erraz eta argian laburbildu nahi ditu, betiere kontuan izanik une bakoitzean indarrean dauden ikastegien funtzionamendurako neurriak bete beharko direla (https://www.ehu.eus/es/ehuko-ikastegien-funtzionamendurako-neurriak). Gainera, gai akademikoei buruz indarrean dauden erabakiak (jarraibideak eta zirkularrak) bete beharko dira (https://www.ehu.eus/es/gai-akademikoak-2021-2022), baita irakasleei eta tutoretzen arretari buruzkoak ere (https://www.ehu.eus/eu/web/iip/tutoretzen-araudia), egoera berria dela-eta aplikagarri den guztian.

1. Kontuan hartu beharreko babes neurriak

Adierazi den bezala, unean-unean indarrean dauden ikastegien funtzionamendurako neurriak bete beharko dira (https://www.ehu.eus/es/ehuko-ikastegien-funtzionamendurako-neurriak ).

Presentzialtasun osoa berreskuratzeko fase honetan, bereziki garrantzitsuak dira maskarak derrigorrez erabiltzea eta ikasgelak behar bezala aireztatzea irakaskuntza-ikaskuntza jardueran.

2. Irakaskuntzaren egokitzapenak

Presentzialtasun osoa berreskuratzeak aukera ematen du ohiko irakaskuntza jarduerei eta metodologiei berriro heltzeko, eta alde batera uzteko presentzialtasuna murriztea eta edukiera txikiagoetara egokitzea helburu zuten egokitzapenak (adibidez, irakaskuntza bimodala edo ispilu ikasgelak), irakaskuntza modalitate guztietan (magistralak, ikasgelako praktikak, tailerrak, laborategiko praktikak, etab.). Hori guztia dokumentu honen 5. atalean, Ikasleak, eta unean-unean indarrean dauden erabakietan (jarraibideak eta zirkularrak) aurreikusitako neurriak alde batera utzi gabe.

Ikasleei laguntza akademiko egokia emateko, oraindik ere beharrezkoa da sail guztiek bermatzea eGela aktibo egongo dela ematen dituzten irakasgai guzti-guztietan, tresna unibertsala baita ikasleekin zuzeneko komunikazioa izateko, eta, beraz, funtsezkoa izango da erabateko presentzialtasuneranzko aldi berri honetan ere.

Curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktikei eta praktika klinikoei dagokienez, joera orokorra presentzialtasuna izango da, baina beti errespetatu behar dira horiek gauzatuko diren antolaketa unitateek, enpresek eta erakundeek ezarritako neurriak.

3. Ebaluazioa

Presentzialtasun osoko egoera berri honekin bat etorriz, ikastegiek aurrez aurreko ebaluazioa planifikatuko dute.

Nolanahi ere, une bakoitzean indarrean dauden gai akademikoei buruzko erabakietan (jarraibideak eta zirkularrak) adierazitakoa bete beharko da (https://www.ehu.eus/es/gai-akademikoak-2021-2022), eta arreta berezia jarri beharko zaie COVID-19a dutenei edo gaixotasunaren aurrean bereziki kalteberak diren ikasleen egoerei.

4. Irakasgaien irakaskuntza gidak

Urtero bezala, irakasleek GAURen eguneratu zituzten irakasgaien irakaskuntza gidak 2021-2022 ikasturtea hasi baino lehen. Irakasleek eta sailek aurreikusitako ohiko aldaketez gain, eguneratze honek ebaluazioari buruzko informazio zehatza jasotzen du, “2021-2022 ikasturteko irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak” dokumentu nagusiaren 3. atalean jasotako aurreikuspenak kontuan hartuta:

  • Ebaluazio modalitatea.
  • Ebaluatzeko bestelako aukerak, aurrez aurrekoa egin ezin denerako edo urrutitik egin behar izanez gero.

Hortik abiatuta, egoera berriak presentzialtasuna berreskuratzea eskatzen du, baina irakaskuntzarako eta/edo ebaluaziorako alternatiba mantendu behar dugu, modu ez-presentzialean edo urrutitik egin beharko balitz ere, COVID-19ren arrazoiengatik modalitate presentzialean sartu ezin diren ikasleen kasuan.

Irakaskuntza gidaren batek egoera berrira egokitzeko aldaketaren bat beharko balu, irakasgaiaren ardura duen sailak egin beharko du, eta eragindako ikasleei lehenbailehen jakinaraziko zaie, eGelaren bidez zein ikasgelan bertan. Doikuntza horiek presentzialtasunari berrekiteko ezinbestekoak diren gutxienekoak izango dira, eta ezin izango da justifikatu gabeko aldaketarik egin.

Indarrean dagoen irakaskuntza gida beti eskuragarri eduki beharko da eGelan, eta argi eta garbi nabarmendu beharko dira egoera berria dela-eta egin behar izan diren egokitzapenak.

5. Ikasleak

Ikasleek ezagutu behar dute behar besteko aurrerapenarekin eta, betiere, 2021-2022 ikasturteko matrikula aldia hasi aurretik, ikasturtearen eta irakasgaien antolaketa orokorra. Erabateko presentzialtasunera igarotzeak, ikasturtea hasita egin dena, aldaketak ekar ditzake zenbait ikastegietan ikasturtearen antolaketan eta irakasgaien ordutegietan.

Egoera honen aurrean, irakasleek behar bezala gainbegiratuko dituzte ikasleak, eta hauek izan ditzaketen zailtasunak aztertu beharko dira, ikasturtearen hasieran aurreikusitako baldintzak aldatu direla kontuan hartuta.

Horrekin batera, kontuan izan behar da, erabateko presentzialtasuna berreskuratu arren, salbuespenezko osasun egoeran jarraitzen dugula. Hala, egoera berriak, oro har, presentzialtasun osora itzultzea eta hari egokitutako irakaskuntza eta ebaluazioa aurreikusten badu ere, UPV/EHUn beren ikasketen jarraipena modu presentzialean egiteko aldi baterako ezindurik dauden COVID-19rekin lotutako inguruabarren ondorioz (gaixotasuna kutsatzea, ospitaleratzea, medikuek egiaztatutako eta Ikasleen Errektoreordetzak onartutako kalteberatasun bereziko egoera …) ikasleen kasuan, orain arte izan diren egokitzapen akademiko eta pedagogikoek indarrean jarraituko dute, ikasketek egoera horietan jarraituko dutela bermatzeko.

Horren inguruan, une bakoitzean indarrean dauden gai akademikoei buruzko erabakiak (jarraibideak eta zirkularrak) bete beharko dira (https://www.ehu.eus/es/gai-akademikoak-2021-2022). Alde horretatik, gogorarazten da Webex bideokonferentzia tresnak unibertsitateko kideen eskura jarraituko duela ikasturte osoan zehar, eta, beraz, egoera horietan eskolen jarraipen telematikoa errazteko erabil daitekeela.

Era berean, irakasgaien ebaluazioari dagokionez, ikasleek bide egoki bat eduki behar dute, batez ere, COVID-19rekin lotutako zirkunstantziak direla-eta, hura normaltasunez egitea ezinezkoa denean, gainerako ikasleen aukera berdinekin egin ahal izateko, betiere 3. puntuan aipatutako erabakietan ezarritakoari jarraiki.

6. Ikastegi bakoitzak egin beharreko lana

Ikastegiek koordinatuko dute erabateko presentzialtasunerako trantsizioa, ordutegia eta irakasgaien eta taldeen banaketa eskuragarri dauden espazioetara egokituz. Irakaskuntza-ikaskuntza jarduera, % 100eko presentzialtasunarekin, ahalik eta lasterren hasi beharko da, urriaren 4tik aurrera, eta, beranduenez, urriaren 18tik aurrera.

Ikastegi bakoitzeko dekanotza edo zuzendaritza taldeak Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzara helaraziko dio bere titulazio ofizial bakoitzeko (graduak eta masterrak) egoera, eta titulazio bakoitzerako adieraziko du ea (a) jada erabateko presentzialtasunarekin ematen den, edo (b) ea erabateko presentzialtasunari ekingo dion goian adierazitako aldian, eta, kasu horretan, zein egunetik aurrera hasiko den irakaskuntza hori ikasgeletako ikasleen % 100ekin. Informazio hori vicer.grado-innovacion@ehu.eus helbidera

bidaliko da, eta zentruko web-orrian ere argitaratuko da, 2021-2022 ikasturterako Irakaskuntza Egokitzeko Plana jasota dagoen atalean.

7. Jarraipen Batzordea

Gobernu Kontseiluan "Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak" dokumentuaren lehen bertsioa onartu ondoren eratutako Jarraipen Batzordeak (dokumentuaren sarreran dago zehaztuta haren osaera) zaintzen jarraituko du fase berri honetan irakaskuntza-ikaskuntza prozesua behar bezala garatzen dela, eta organo eskudunei beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko eskatuko die, hala badagokio.

II. eranskina: Azterketa garaiko jarraibideak (2022ko urtarrila)

Pandemiaren egungo egoeraren aurrean, 2021/2022 ikasturteko lehen lauhileko azterketen deialdi ofizialean UPV/EHUko ikastetxe guztietan aplikatu beharreko jarraibide batzuk aurkezten dira:

  • Orain arte bezala, maskara modu egokiz erabiltzea derrigorrezkoa da zentruetako espazio guztietan, une oro.
  • Maskara ez dela kenduko bermatzeko, ezin izango da edan edo jan ikasgeletan, ezta ikastetxeko korridoreetan edo gune komunetan ere.
  • Azterketetan, erabilgarri dauden espazio guztiak erabiliko dira, eta azterketa bakoitzean, erreserbatutako gela guztiak erabiliko dira, ahal den neurrian pertsonen arteko distantzia handienak errespetatuz.
  • Leihoak eta ateak uneoro egongo dira irekita; beraz, zentrura beroki egokiak eramatea gomendatzen da.
  • Pertsonen kontzentrazioak saihesteko:
    • Ikasleak ikastetxera joango dira azterketa egiteko behar den gutxieneko aurrerapenarekin, eta azterketa amaitu ondoren, ikastetxea utziko dute, eta behar den denbora baino ez dute emango.
    • Pertsona taldeak ezingo dira korridoreetan edo gune komunetan egon.

Adierazitakoa ikasgelei eta gune komunei edo pasaguneei dagokie, eta ez beren funtzionamendu-neurriak dituzten jantokiei eta ikasteko gelei.

Ebaluazioari buruz, indarrean jarraitzen dute 2020ko urriaren 9ko zirkularrean aurreikusitako neurriak: 

“Ebaluazio proba egiteko aurreikusitako egunean, ikasgaiko ikasleren batek egiaztatzen badu ezin dela ikastegira joan proba aurrez aurre egitera COVID-19ren ondorioz, ebaluazioa egiteko aukera eman beharko zaio, eta, horretarako, sailak hautabide hauetakoren bat aukeratu ahal izango du:

  • proba beste ikasle guztien egun eta ordu berean egitea, aurrez aurrekoaz besteko edo online modalitatearen bidez.
  • beste proba bat aurrez aurre egitea beste data batean, azterketen aldi ofizialaren barruan, edo azterketen aldi ofiziala amaitu eta, gehien dela, hamar egun naturalen epean.”

Azterketa egin aurretik COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonek ez dutela zentrora joan behar gogoratzea komeni da. Ikasle batek COVID-19 sintomak hasten baditu ebaluazioan zehar, indarrean dagoen protokoloa aplikatuko da.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta online ebaluazioa egin behar duten ikasleak izanez gero, probak egokitzeko gomendioak jasotzen dituen gida bat aurki daiteke helbide honetan:
https://www.ehu.eus/discapacidad/online-ebaluazio-probetarako-hezkuntza-premia-bereziak-dituzten-ikasleen-arreta

Azkenik, eta aldi horretan COVID-19ak eragindako irakasleak egon daitezkeenez, beharrezkoa izango da bertaratu daitezkeen irakasle-taldeko edo saileko pertsonak aurreikustea, azterketa bakoitzaren arduraduna falta bada.

III. eranskina: Azterketa garaiko jarraibideak (2022ko maiatza-ekaina)

Pandemiaren egungo egoeraren aurrean, 2021/2022 ikasturteko lehen lauhileko azterketen deialdi ofizialean UPV/EHUko ikastetxe guztietan aplikatu beharreko jarraibide batzuk aurkezten dira:

  • Une bakoitzean indarrean dauden COVID-19a prebenitzeko neurriak aplikatuko dira. Eranskin hau argitaratzen denean, UPV/EHUko gerentearen apirilaren 20ko Ebazpena jarraitu behar da, barne-espazioetan maskarak erabiltzeari buruzkoa.
  • Ebaluazioari buruz, indarrean jarraitzen dute 2020ko urriaren 9ko zirkularrean aurreikusitako neurriak: 

    “Ebaluazio proba egiteko aurreikusitako egunean, ikasgaiko ikasleren batek egiaztatzen badu ezin dela ikastegira joan proba aurrez aurre egitera COVID-19ren ondorioz, ebaluazioa egiteko aukera eman beharko zaio, eta, horretarako, sailak hautabide hauetakoren bat aukeratu ahal izango du:
    • Proba beste ikasle guztien egun eta ordu berean egitea, aurrez aurrekoaz besteko edo online modalitatearen bidez.
    • Beste proba bat aurrez aurre egitea beste data batean, azterketen aldi ofizialaren barruan, edo azterketen aldi ofiziala amaitu eta, gehien dela, hamar egun naturalen epean.”

Egungo egoeran, eta indarrean dagoen araudiekin bat etorriz, ikasleak ebaluazio-proba egitera bertaratu ezin duela ulertuko da kontsulta medikoa eskatzeko behar adinako intentsitateko sintomak dituen kasuan eta mediku txostenak horrela egiaztatzen badu.
COVID-19arekin bateragarriak diren sintoma arinak dituzten edo egindako probaren batean positibo eman duten ikasle/irakasleen kasuan, ikastetxera joan beharko dute FFP2 maskara batekin, ahalik eta arreta handienarekin.

Informazio osagarria