Gai akademikoen inguruko ebazpenak

Erabakia, 2021eko uztailaren 2koa, UPV/EHUko graduondokoaren eta etengabeko prestakuntzaren arloko errektoreordearena, doktorego-tesiak defendatzeko prozedurari buruzkoa

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiaren 21. artikuluak doktorego-tesiaren defentsari eta kalifikazioari buruzko arauak ezartzen ditu.

COVID-19k eragindako pandemia iritsi zenean, aldaketa handiak egin behar izan ziren oso denbora laburrean unibertsitateko jardueraren arlo guztietan, besteak beste, doktorego-tesien defentsa arloan. Hala, EHUko Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko erretoreordearen 2020ko martxoaren 10eko ebazpenaren bidez, salbuespen gisa, aldi horretan aurreikusitako doktorego-tesiak bideokonferentziaz edo online bidez defendatzeko aukera ezarri zen. Geroago, neurri horrek indarra galdu zuen tesiak gordailuan uzteko eta defendatzeko prozedurari buruzko 2020ko apirilaren 29ko ebazpenarekin batera, izan ere, azken honek oro har modalitate erdipresentziala ezarri zuen COVID-19 epidemiaren kontrako errefortzu neurriak indarrean egon bitartean.

Ebazpen honen bidez, UPV/EHUko doktorego-tesien defentsa-ekitaldia egungo osasun-egoerara egokitu nahi da. Horregatik, egungo baldintzak ikusita, komenigarritzat jotzen da, ahal den neurrian, gure araudian aurreikusitako tesi-defentsaren presentziazko izaera berreskuratzea, eta erdipresentzialtasuna edota online defentsa pandemiaren ondorioz zailtasunak dituzten egoeretara mugatzea, araudiak aurretik jasotzen zituen egoerez gain.

Era berean, eta Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiaren 23. artikuluan dietak ordaintzeari buruz xedatutakoari dagokionez, defentsa-ekitaldiaren kudeaketa eraginkorra egin ahal izateko, beharrezkoa da epaimahaiaren osaera-proposamenaren arabera gauzatuko den defentsa-mota edo modalitatea adieraztea tesia gordailuan uzten den unean; horrek ez du eragotziko modalitatea aldatu ahal izatea epaimahaiaren azken osaera ikusita.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiak berak Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeari ematen dizkion ahalmenak, honako hau,

ERABAKI DUT

Lehenengoa. – Honako neurri hauek hartzea doktorego-tesien defentsarako:

  1. Oro har, doktorego-tesiaren defentsa UPV/EHUren egoitzetan egingo da, salbu eta unibertsitateen arteko doktorego-programen babesean tutorekidetzan egindako tesiak edo beste unibertsitate batzuekin elkarlanean egindakoak, dagokion hitzarmenean hala ezartzen denean.
  2. COVID-19 arrazoiengatik UPV/EHUkoa ez den epaimahaikideren batek defentsa-ekitaldira joaterik ez badu, doktorego-tesiaren defentsa formatu bimodalean (aurrez aurreko defentsa bideokonferentziarekin konbinatuta) egingo da UPV/EHUko egoitza batean, doktoregaia eta EHUko zuzendariak zein epaimahaikideak bertan direla. UPV/EHUkoak ez diren beste epaimahaikideek ere bideokonferentziaz parte hartu ahal izango dute.
  3. Salbuespen gisa, COVID-19 arrazoiengatik UPV/EHUko epaimahaikide batek   presentzialki egoteko ezintasuna izanez gero, defentsa bimodala baimendu ahal izango da, betiere doktoregaia UPV/EHUko egoitzan bertan dela. Horretarako, eskaera bat egin beharko da, behar bezala justifikatuta, doctorado@ehu.eus helbideari zuzenduta.

    COVID-19 arrazoiengatik bertaratu ezin dena doktoregaia bada, salbuespenez ere, defentsa bimodala zein bideokonferentzia bidezko online defentsa egiteko baimena eman ahal izango da. Horretarako, eskaera bat egin beharko da, behar bezala justifikatuta, doctorado@ehu.eus helbideari zuzenduta.
  4. Edozein kasutan, eta defentsa-ekitaldiaren kudeaketa eraginkorra egin ahal izateko, tesia gordailuan uzteko unean, defentsa-ekitaldian parte hartuko duen pertsona bakoitzeko, aurrez aurre edo bideokonferentziaz parte hartuko duen adieraziko da. Hori ikusita, eta epaimahaiaren azken osaera kontuan hartuta, ordaindu beharreko zenbatekoak zehaztuko dira.
  5. Defentsa-ekitaldia amaitzean, tesiaren defentsari buruzko dokumentazio guztia bidali beharko da, UPV/EHUren webgunearen esteka honetan publikatuta dagoen protokoloak ezartzen duen moduan.
  6. Dokumentazio guztia jaso ondoren, Graduondoko Ikasketen Zerbitzuak doktoregaiari bere tesiaren balorazioaren eta dagokion aipamenaren berri emango dio, eta titulua lortzeko jarraitu beharreko tramiteak adieraziko dizkio.

Bigarrena. – Ondoriorik gabe uztea UPV/EHUko Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2020ko apirilaren 29ko ebazpena, doktorego-tesien gordailuari eta defentsari buruzkoa.

 

Donostia, 2021eko uztailaren 2an

GRADUONDOKOAREN ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZAREN ARLOKO ERREKTOREORDEA

Montserrat Maritxalar Anglada