Bizitzaren Basoaren historia
Monumentu honekin, euren gorpua zientziaren esku uzten duten guztiak omendu nahi ditu UPV/EHUk. Horiengatik ez balitz, Medikuntzaren irakaskuntza ez bailitzateke posible izango. Gorpu horiek UPV/EHUko Emaileen Elkartearen bitartez iristen dira Medikuntza Fakultatera. Mila bat bazkide ditu. Emari-eskrituran onartu behar izaten dute, irakaskuntzarako baliagarria izateari uzten dionean, erraustu egingo dutela gorpua. Errautsak kutxa batean sartzen dituzte, eta horiei begira, askotariko erabakiak hartu izan dira. Batzuetan, emailearen senitartekoek eskatzen dituzte; beste batzuetan, emaileak nahi zuen tokian utzi; eta azkenik, bada errautsak uzteko toki egokia Unibertsitateak finkatu beharko zukeela uste duenik. Hortik sortu zen monumentuaren proiektua. Gaurtik, UPV/EHUk gordetzen dituen 50 kutxa daude bertan.
Hala, UPV/EHUk erabaki zuen lehiaketa baterako deialdia egitea, ikerketa zientifikoari euren gorpua uzten dioten emaileen errautsak gordetzeko gune bat eraikitzeko Leioako Campusean.
Monumentua eraikitzeko lehiaketara 42 lan aurkeztu zituzten; gehienak, Euskal Herrikoak eta Bartzelonakoak. Nestor Basterretxea eskultoreak, Juan Antonio Rivas Bizkaiko Campuseko errektoreorde ohiak, Leonardo Lorente Kultur eta Unibertsitate Hedakuntzako errektoreordeak, Francisco Doñate Medikuntza eta Odontologia Fakultateko irakasleak eta Ignacio Ruiz de Gordejuela UPV/EHUko Arkitektura eta Lanen Zerbitzuaren buruak osatu zuten epaimahaiak aho batez erabaki zuen Zade + Vilá Associats enpresaren lana jotzea irabazletzat.
Zade & Vilà Associats enpresak, eraikin bat ez bezala, fisikoki, ikusmenerako edo kontzeptuz sekula itxita egongo ez den gune bat sortzea proposatu zuen aurkeztu zuen proiektuan; biderik, aterik, ordenarik, zenbakirik eta mugarik izango ez duen gune bat... Baso bat, alegia.
Basoa aldaketari irekia dago; esan liteke bere gaia aldaketa dela.Bertan, banakoek eta horien ekintzek ez dute inor gogaitaraziko: lore-eskaintza, esaterako, osotasun edo multzo horri gehitzen zaion beste elementu bat izango da. Ordulari natural baten tankera ere badu, eguzkiarekiko duen kokaguneagatik denboraren iragaitea erregistratu baitezake. Eta soinu-tresna bat ere bada: haizea, hegaztien txioak eta hurbiltzen diren pausoak entzuteko aukera ematen baitigu.