Breadcrumb

normativa_tfg

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia

ZIOEN AZALPENA

822/2021 Errege Dekretuak, irailaren 28koak, Unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituenak, 1393/2007 Errege Dekretua ordezkatu du. Besteak beste, honakoa xedatzen du: El trabajo de fin de Grado, de carácter obligatorio y cuya superación es imprescindible para la obtención del título oficial, tiene como objetivo esencial la demostración por parte del o la estudiante del dominio y aplicación de los conocimientos, competencias y habilidades definitorios del título universitario oficial de Grado. Este trabajo de fin de Grado dispondrá de un mínimo de 6 créditos para todos los títulos, y un máximo de 24 créditos para los títulos de 240 créditos, de 30 créditos en los títulos de 300 créditos y de 36 créditos en los títulos de 360 créditos. Deberá desarrollarse en la fase final del plan de estudios, siguiendo los criterios que cada universidad o centro establezca. Asimismo, los trabajos de fin de Grado deberán ser defendidos en un acto público, siguiendo la normativa que a tal efecto establezca el centro o en su caso la universidad.

Horrez gain, UPV/EHUn gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia onartu zenetik aldatu beharreko zenbait gauza daudela ikusi da. Hori guztia kontuan hartuta, arautegi hau osatu da eta izaera orokorreko zenbait arau ezartzen dira UPV/EHU osoko gradu amaierako lanak (aurrerantzean GRAL) modu homogeneoan planifikatu eta ebaluatuko direla bermatuko duten irizpide eta prozedurak bateratzeko xedeaz titulazio bakoitzak dituen berezitasunak berezitasun, horiek ikastegi bakoitzeko batzarrak behar bezala jaso eta arautu eta argitaratu beharrekoak.

1. artikulua.- Helburua eta ezarpen eremua

  1. Arautegi honek UPV/EHUk ematen dituen graduko ikasketa planetan zehaztutako gradu amaierako lanak definitu, egin, defendatu, kalifikatu eta tramitatzeko irizpideak jasotzen ditu.
  2. Araututako jarduera profesionaletan aritzeko gaitasuna ematen duten tituluen kasuan, gradu amaierako lana kasuan kasuko titulua egiaztatzeko baldintzak zehazten dituen aginduan xedatutakoaren arabera arautuko da; arautegi hau ere aplikatuko da, baina, betiere, agindu horren menpe egongo da.
  3. Arautegi honen edukia, besteak beste, ebaluazio sistemaren, kredituen transferentzia eta onarpenaren eta ikasleen mugikortasunaren arloetan indarrean dauden UPV/EHUko gainerako arau eta prozedurekin osatuko da.
    Beste erakunde publiko zein pribatutan egiten diren gradu amaierako lanek arautegi honetan eta kasuan kasuko lankidetza hitzarmenean zehaztutakoari jarraitu beharko diote
  4. Fakultate edo eskoletako batzarrek arautegi hau garatu ahalko dute ikastegi bakoitzean ematen diren graduko titulu bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko. Edonola ere, ikastegi bakoitzak zehazten dituen arauak ikastegiko batzarrean onartu eta ikastegian bertan argitaratu beharko dira


2. artikulua.- Gradu amaierako lanaren izaeraz

  1. Gradu amaierako lana egiteko, ikasleek, banaka, proiektu, memoria edo azterlan original bat egin behar dute, zuzendari baten edo gehiagoren gidaritzapean, eta bertan graduko ikasketa aldian jasotako prestakuntza gaiak eta lortu dituzten ahalmen, gaitasun eta trebetasunak bildu eta garatuko dira. GRALak egile bakar bat izan behar du: ikasle bakoitzak, bakarka, egin behar du bere GRALa (planteamendua, garapena eta idazteko lana), eta ezin da beste inorekin elkarlanean egin. Lan autonomoa da, ikasle bakoitzak bere ekimenez egingo duena eta bere gain hartuta lana garatzeko erantzukizuna. Horretarako, zuzendari baten laguntza izango du, zeinak bideratuko duen lana egiteko eta defentsa prestatzeko prozesua.
  2. - GRALa titulazioan zehaztutako ezagutza, gaitasun eta trebetasunak aplikatzeari begira egingo da, baita datu garrantzitsuak bilatzeko, kudeatzeko, antolatzeko eta interpretatzeko trebatzeari begira ere, ikasleak gizarteari, zientziari, teknologiari edo etikari loturiko gai nabarmenei buruzko gogoeta egin eta iritzia eman dezan –normalean, bere ikasketa gaiei lotutakoei buruzkoa‑, gogoeta eta iritzi horiek kritikoak, logikoak eta sortzaileak izanda.
  3. - GRALa UPV/EHUren zeharkako gaitasunen katalogoan aipatzen diren zeharkako gaitasunak eskuratzera ere bideratuta egon beharko da, eta arreta berezia eskainiko dio diziplina bakoitzak jasangarritasunari eta balio demokratikoei eta bizikidetzari egin diezaiokeen ekarpenari.
  4. Oro har, GRALa defendatu eta ebaluatzeko, egiaztatu egin behar da ikasleak ikasketa planeko gainerako gai guztiak gaindituta dituela eta, hortaz, titulua lortzeko behar diren kreditu guztiak dituela, GRALari dagozkionak izan ezik
    Hala ere, ikastegiak aukera dauka bere arautegian jasotzeko GRALa graduko azken fasean defendatu eta ebaluatzeko aukera, ikasleak ikasketa planean geratzen zaizkion irakasgai guztietarako matrikula eginda badauka. Titulazioa ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, baldintzak berberak izan behar dira guztietan
  5. -GRALa Jabetza Intelektualari buruzko legeak babestutako lana da. Ondorioz, jabetza intelektualeko eskubideen titularra lana egin duen ikaslea izango da, ikaslearen Gradu Amaierako Lana esleitzeko dokumentuan bestelakorik zehaztu ez bada, beraren onarpenarekin eta indarreko legerian zehaztutako baldintzen arabera.

3. artikulua.- Gradu amaierako lan motak

  1. Gradu amaierako lanak, beti lan akademikoak izango direnak eta ikasketa planean jasotako gaitasunak eskuratzera bideratuak, ikastegiek zehaztuko dituzten motatakoak izan daitezke
  2. Edozelan ere, idatzizko memoria edo proiektu batean gauzatuko da lana, eta erantsita izango ditu ikastegiak zehaztutako prozedurari eta arautegi honetako 9. artikuluari jarraikiz erantsi beharreko materialak.
  3.  Gradu amaierako lana lan akademikoa da baina, kasu batzuetan, ikerketa jarduerari ekiteko aukera ere izan daiteke. Lanak eskatzen badu jardueraren bat egitea gizakiekin, haien datuekin eta laginekin, animaliekin, edo agente biologikoekin edo genetikoki eraldatutako organismoekin, zuzendariak lanaren ondorio etikoak aztertuko ditu, 7.5 artikuluan adierazitako moduan.

4. artikulua.- Gradu amaierako lana egiteko irizpide nagusiak

  1. Gradu amaierako lanak garatu eta idazteko, ikaslea ondoko irizpideak betetzen ahaleginduko da eta horretako, lanaren zuzendariaren laguntza izango du:

    1. UPV/EHUren erakunde irudia eta EHU tipografia erabiltzea, erakundearen irudi baitira.

    2. Hizketa inklusiboa erabiltzea, eta generoren ikuspegia txertatzea gizakiekin zerikusia daukaten lanetan.

      Egindako beste jarduera akademiko batzuetatik (praktikak, prestakuntza duala, etab.) eratorritako informazioa bigarren mailan erabiltzen duten lanen kasuan, pertsonei buruzko informazioa erabiliko da bakar‑bakarrik akademikoki justifikatuta badago; eta, hala eginez gero, modu anonimoan erabiliko da, eta inplikatutako pertsonak ezingo direla identifikatuko bermatuko da.

  2. kastegiek zainduko dute gradu amaierako lanak egiten direla UPV/EHUren i3 hezkuntza ereduren arabera. Ildo horretan, erakundeek (sektore publikoa, sektore pribatua, hirugarren sektorea eta GGKEak) sustatuko dute egitea benetako beharrei edo erronkei buruzko gradu amaierako lanak, gizarte erronkei eta jasangarritasunaren dimentsio guztiei arreta berezia eskainiz. Era berean, 2030 EHUagendarekin lerrokatutako gradu amaierako lanak egitea bultzatuko dute, eta lan esparru horien berri emango dute irakasleen eta titulazioetako ikasleen artean.
  3. Unibertsitateko irakaskuntzen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Dekretuak ezarritako ikasketa planak diseinatzeko printzipio gidariak garatuz, gradu amaierako lan guztietan jasoko da egindako lanari buruzko gogoeta bat, printzipio eta balio demokratikoei eta garapen jasangarrirako helburuei jarraituz egina. Gogoeta horrek aztertuko du GRALak balio horiekin eta JGHek osatzen duten lan esparruarekin duen lotura, eta/edo horiekiko ikuspegi kritikoak plantea ditzake.

Gogoetak arreta berezia jarri ahal izango die honako hauei:

  • Giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen errespetua, baita balio demokratikoena ere.
  • Genero berdintasunaren eta tratu berdintasunaren errespetua, eta inor ez diskriminatzea, arrazoia edozein delarik ere: jaiotza, jatorri nazional edo etnikoa, erlijioa, sinesmen edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu orientazioa, genero identitatea edo genero adierazpena, sexu ezaugarriak, gaixotasuna, egoera sozioekonomikoa, edota beste edozein ezaugarri edo inguruabar pertsonal zein sozial.
  •  Irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren printzipioen errespetua.
  • Jasangarritasuna eta aldaketa klimatikoa tratatzeko era.

Gogoetak 200 hitz izango ditu gutxienik, eta atal espezifiko bat izango da lan idatzian. 822/2021 EDn aipatzen diren erreferentziazko arauekin batera, 2030 EHUagenda erabili ahal izango da gure unibertsitatearen erreferentziazko arau espezifiko gisa.

Gainera, ikasleak lanaren erreferentziazko GJHak adieraziko ditu, unibertsitateak edo ikastegiak antolatuko dituen sistemen bidez.

5. artikulua.- Matrikula eta deialdiak.

  1. GRALerako matrikula unibertsitateak matrikula egiteko ezarriko duen epe orokorrean egingo da, edota kasuan kasuko ikasturtean zehar, esleituta dituen kredituetarako ezarritako prezio publikoak ordainduta. Matrikula hori egiteko, ikasleak bete egin beharko ditu gradu amaierako lanaren defentsa egin ahal izateko 2.3 artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, edo bere ikastegian zehaztutakoak.
    Edozelan ere, GRALaren matrikula egin ahal izateko, ikasleak matrikulatuta izan beharko ditu ikasketa plana bukatzeko geratzen zaizkion irakasgai guztiak, betiere, ikasketa planean bestelako baldintzarik ezarri ezean
  2. Matrikulak eskubidea emango dio ikasleari ikasturte bakoitzean bi deialdi ofizialetara aurkezteko, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegian zehaztutakoarekin bat. Lana kasuan kasuko ikasturteko deialdietan aurkeztu ez duen edo gainditu ez duen ikasleak matrikula egin beharko du berriro hurrengo ikasturtean.
  3. Ikasleek GRALa zein hizkuntzatan egin eta defendatu nahi duten zehaztuko dute, baldin eta ikasketa planean bestelakorik ezarrita ez badago.
  4. Ikastegiek, irakaskuntza antolatu eta programak egiteko irizpideak kontuan hartuta, gradu amaierako lanen defentsak ikasturte akademikoan zehar banatuta egiteko aukera ezarri ahalko dute edo, bestela, multzokatuta egiteko aukera, azken kasu horretan ikasturte bakoitzean gutxienez bi aldi zehaztuta, eta kontuan hartuta Gradu Amaierako Lana graduko azken mailako bigarren lauhileko irakasgaia dela. Ikasleak karrera amaierako aparteko deialdia eskatu ahal izango du Graduko Ikasketen arautegian zehaztutako baldintzetan
  5. GRALaren ebaluazioaren akta Unibertsitateko Ebaluazio Arautegiari jarraikiz itxi beharko da, eta epaimahaiko idazkariaren ardura izango da akta behar bezala bete eta ikastegiak zehaztutako prozedurari jarraikiz administrazio zerbitzuei helaraztea. Bestalde, ikastegiko zuzendariaren edo dekanoaren ardura da artikulu honetan jasotakoa bete egiten dela zaintzea


6. artikulua.- Zuzendaria, hura esleitzea eta lanaren gaia aukeratzea

  1. Gradu amaierako lanaren zuzendaria izango da graduan eskolak ematen dituen saileko irakasle bat edo gradua irakasten den ikastegiari atxikitako bat.
  2. Gradu amaierako lanak zuzendari bat baino gehiago izan ahalko ditu.
  3. GRALaren zuzendarikide izan ahalko dira unibertsitatearekin lotura daukaten doktoreak eta doktorego aurreko kontratua daukatenak (baldin eta kontratuak horretarako aukera ematen badu), baldin eta zuzendarikide bat badago graduan eskolak ematen dituen sail batekoa, edo gradua irakasten den ikastegiari atxikia.
  4. Ikasleak, GRALa egiteko eta/edo zuzentzeko hitzarmen espezifiko baten barruan edo prestakuntza dualaren zein txandakako prestakuntzaren barruan, lan osoa edo zati bat UPV/EHU ez den erakunde batean egiten badu, zuzendaria unibertsitatetik kanpokoa izan ahalko da, baina kasu horretan 6.1 ataleko baldintzak betetzen dituen zuzendarikide bat egon beharko da.
  5. Ikastegiko Batzarrak, edo, hala dagokionean, hark eskuordetutako batzordeak, prozedura bat zehaztu eta argitaratuko du matrikula aldi orokorra bukatu orduko, zuzendariak eta gradu amaierako lana egiterakoan landu daitezkeen gaiak ikasleei esleitzeko eta gradu amaierako lana egin eta defendatzeko erabil daitezkeen hizkuntzak zehazteko.

      Ikastegiak, egoki ikusiz gero, bitartekoak zehaztu ahal izango ditu ikasleek

      Graduan eskolak ematen dituzten sail guztiek eskaini eta zuzendu beharko dituzte GRALak, ikastegiaren GRALari buruzko arautegian ezarritakoarekin bat etorriz.
 

7. artikulua.- Zuzendariaren eginkizunak eta bere lana aitortzea

  1. Irakasle zuzendariaren ardura izango da ikasleari lanaren ezaugarriak azaltzea, ikasleari lana egiteko orientazioa ematea eta zehaztutako helburuak betetzen direla zaintzea, bai eta lanaren jarraipena egitea eta ikasleari lana defendatu aurretik emango zaion txostena idaztea ere.
  2. Zuzendariaren eginkizuna da lanaren garapena ontzat ematea eta gainbegiratzea.
  3. Lanaren zuzendari irudiak aitorpena izango du unibertsitatearen kasuan kasuko arautegian zehaztutakoari jarraikiz.
  4. Zuzendariak lanaren eragin etikoa aztertuko du izan ditzakeen ondorioak zehazteko.
  5. Zuzendariak laguntza emango dio ikasleari:
  • Lanaren egitura zehazteko.
  • Iturri egokiak aukeratzeko eta erreferentziak zuzen egiteko.
  • Gizakiekin, haien datuekin eta laginekin, animaliekin, edo agente biologikoekin edo genetikoki eraldatutako organismoekin ikerketa jardueraren bat egin behar den lanean kasuan, zuzendariak kasu hori identifikatzen eta akademikoki behar bezala justifikatzen lagunduko dio ikasleari. Halakoetan, aholkuak emateaz gain, azalduko dio nola bete behar diren lan akademikoetarako indarrean dauden jarraibide etiko espezifikoak (9. artikuluan aipatzen direnak).
  • Egindako beste jarduera akademiko batzuetatik (praktikak, prestakuntza duala, etab.) eratorritako informazioa bigarren mailan erabiltzen duten lanen kasuan, zuzendariak kasu hori identifikatzen eta akademikoki behar bezala justifikatzen lagunduko dio ikasleari, eta azalduko dio zer egin behar duen informazioa anonimoa izan dadin eta bermatzeko inplikatutako pertsonak ezingo direla identifikatu.
  • Lana idazteko.
  • Epaimahaiaren aurrean egin beharreko aurkezpena prestatzeko
     

8. artikulua.- Lana kanpoko erakundeekin lankidetzan egitea

  1. GRALa unibertsitatetik kanpoko erakunde batekin egin ahal izango da. Horretarako ezinbestekoa izango da lankidetza hitzarmena sinatzea.
  2. Lankidetza hitzarmen horiek arautegi honetan zehaztutakoari jarraikiz egingo dira, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiko 25.f) artikuluaren babesean (2009ko maiatzaren 26ko EHAA).

Lankidetza hitzarmena errazteko, Graduko Batzordeak hitzarmen ereduak onartuko ditu; arautegi honi erantsiko zaizkio eta UPV/EHUk horiek erabiltzea sustatuko du. Hitzarmena bat badator onartutako ereduetako batekin, ikastegiak zuzenean sinatu ahal izango du. Ereduarekin bat ez badator, ikastegiak gainbegiratu egingo du edukia bat datorrela arautegi honekin, eta, ondoren, sinatu egingo du.

Hitzarmena sinatuko dute erakunde lankideko kide batek eta ikastegiko zuzendaritza taldeko kide batek (batak zein besteak hitzarmena sinatzeko gaitasun nahiko izan behar du).

  1. GRALa beste erakunde batean eginez gero, aldez aurretik zehaztu egin beharko da konfidentzialtasuna dela-eta mugarik dagoen emaitzaren bat aurkezteko edo argitaratzeko edo lana jendaurrean defendatzeko. GRALa egitean erabiliko bada, modu justifikatuan eta arrazoi akademikoengatik, erakundean sortu den pertsonei buruzko informazioa, modu anonimoan erabiliko da eta bermatuta inplikatutako pertsonak ezingo direla identifikatu; eta lan idatzian azalduko da zeintzuk neurri hartu diren hori ziurtatzeko.


9. artikulua.- Ondorio etikoak dituzten GRALak eta UPV/EHUko Etika Batzordearen jarraibidea betetzea

  1. Gizakiekin, haien datuekin eta laginekin, animaliekin, edo agente biologikoekin edo genetikoki eraldatutako organismoekin ikerketa jardueraren bat egitea eskatzen duten lanen kasuan, tutoreak, lana mota horretakoa dela behin identifikatuta, ikasleari lagunduko dio baloratzen ondorio etikoen garrantzia eta azalduko dio nola bete lan akademietarako indarrean dauden jarraibide espezifikoak, UPV/EHUren ikerketa eta irakaskuntzaren arloko Etika Batzordearen webgunean argitaratuak.
  2. Aipatutako kasu horietan, UPV/EHUren ikerketa eta irakaskuntzaren arloko Etika Batzordearen jarraibideetan aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko ditu ikasleak, GRALa defendatzeko gainerako dokumentuekin batera. Alderdi hori arreta bereziz gainbegiratu beharko du tutoreak. Etika Zerbitzuak, bere aldetik, jarraibideak eta prozedurak etengabe hobetzen direla zainduko du, estandar etikoak betetzea errazteko eta betetze horren justifikazioa ahalik eta arinen egiteko.
  3. Egindako beste jarduera akademiko batzuetatik (praktikak, prestakuntza duala, etab.) eratorritako informazioa bigarren mailan erabiltzen duten lanen kasuan, 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da informazioa anonimoa izan dadin eta inplikatutako pertsonak ezingo direla identifikatuko bermatzeko, baina ez da aurkeztu beharko dokumentu gehiago. Hala ere, GRALean zehazki aipatu beharko da informazio iturria, bai eta zer egin den anonimotasuna bermatzeko ere. Alde horiek arreta bereziz gainbegiratu beharko ditu tutoreak.
  4. Ondorio etikoak dituzten lanen defentsan, epaimahaiak ebaluatuko du, baita ere, bete diren lan akademikoetarako indarrean dauden jarraibide etiko espezifikoak. Izan ere, ondorio etikoak ezagutzea eta jarraibideak betetzea zeharkako gaitasunak dira, ikerketa jarduerari ekiteko aukera ematen duten lanetan frogatu beharrekoak.
     

10. artikulua.- Gradu amaierako lanaren aurkezpena eta defentsa 

  1. Oro har, ikasleak matrikula eginda daukaten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko du gradu amaierako lana paperean eta euskarri informatikoan, lanaren izaerak bestelako biderik eskatzen ez badu behintzat, eta ikastegiak zehaztutako ale kopurua entregatu beharko du, ikastegiak ezarritako epearen barruan. Idazkariak kopia bat helarazi beharko dio epaimahaikide bakoitzari.

Ikastegiak unibertsitateko gordailua erabiltzea zehaztuz gero, ikasleak idazkaritzan aurkeztu beharko du defentsarako eskaria eta GRALa, formatu digitalean, gordailura igo beharko du. Horrelakoetan, ikastegiko idazkaritzak kopia digital bana bidaliko die epaimahaikideei.

  1. Ikasleak aurrez aurre eta jendaurrean defendatu beharko du gradu amaierako lana.

Ikaslea mugikortasun programa batean badago eta programa horretan dagoela egiten badu GRALa, defentsa beste unibertsitatean egin ahal izango du, betiere, bi unibertsitateek aldez aurretik horretako baldintzak zehaztuta badituzte.

  1. Titulua egiaztatzeko memorian ezarritakoaren arabera, graduan eskolak emateko erabili diren hizkuntzetako edozeinetan egin, aurkeztu eta defendatu beharko da lana, guztia hizkuntza berean, baldin eta hizkuntza horiek dakizkiten epaimahaiak osatu ahal badira. Egiaztatze memorian besterik adierazi ezean, GRALa autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzi eta defendatzeko eskubidea bermatuko da.
  2. Ikasleak defentsa egiteko gehienezko denbora tarte bat izango du, eta tarte horretan bere lanaren helburuak, metodologia, edukia eta ondorioak azaldu beharko ditu. Gero, epaimahaiko kideen galdera, argibide eske, komentario edo iradokizunei erantzun beharko die.


11. artikulua.- Epaimahaia

  1. Epaimahaiak ikastegiko batzarrak, edo, hala dagokionean, eskuordetutako batzordeak, ezarritako moduan eratuko dira, matrikulatutako ikasle kopurua eta egin diren gradu amaierako lanen gaiak kontuan hartuta. Edonola ere, bermatu egin beharko da epaimahaiak egongo direla bi hizkuntza ofizialetarako, eta beste hizkuntzaren batean eskainiz gero, hizkuntza horretarako ere.
  2. Epaimahaiak hiru kide izango ditu eta gutxienez, ordezko bat. Guztiak izango dira graduko titulua ematen duen ikastegiko irakasleak.
  3. Epaimahai bakoitzean epaimahaiburu bat eta idazkari bat egongo dira. Ikastegiak bestelako zehaztapenik eman ezean, epaimahaiburua eta idazkaria izendatzeko irizpideak kategoria eta antzinatasuna izango dira. Epaimahaiburuak eta idazkariak zeinek bere karguan jardungo dute beti epaimahaian.


12. artikulua.- Ebaluazioa eta kalifikazioa

  1. Ikaslearen aurkezpena bukatutakoan eta zuzendariaren txostena ikusitakoan, epaimahaiak ikasleari eman beharreko kalifikazioa eztabaidatuko du, Gradu Amaierako Lanaren Gidaliburuan argitaratutako irizpideen arabera eta tituluaren egiaztapeneko memorian ezarritakoari jarraikiz
  2. Suspentso jarriz gero lanari, epaimahaiak txostena helaraziko dio ikasleari, lana hobetu eta berriz ebaluatzera aurkezteko aholkuak adierazita. Zuzendariari ere bidaliko zaio txostenaren kopia bat.
  3. Kalifikazioa epaimahaiak zehaztuko du, eta 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalan emango da, hamartar bakarrarekin, eta kalifikazio hori letraz ere adieraziko da:

    ------      Aurkezteke(AG)
    0 - 4,9:   Suspentso (S)
    5,0 - 6,9: Nahiko (N)
    7,0 - 8,9: Oso ongi (OO).
    9,0 - 10:  Bikain (B)
    Deialdi batean lana aurkezteko eskubideari uko eginez gero, Aurkezteke adierazi beharko da.
    Ikasturteko GRAL guztiak kalifikatu ondoren, ikastegiak “ohorezko matrikula” eman ahal izango die 9,0 kalifikazioa edo handiagoa lortu duten ikasleei, baina, betiere, gehienez ere gradu amaierako lanaren defentsan kalifikaziorik onena lortu duten ikasleen %5ari.

  4. Gradu amaierako lanen azken kalifikazioen berrikuspenak edo erreklamazioak unibertsitateko ebaluazio arauei jarraikiz egingo dira, baina ebaluazioa epaimahaiak egiten duenez, ebaluazioaren berrikuspena lehenengo instantzian epaimahaiak berak egingo du, eta bigarren instantzian ikastegiko Erreklamazio Batzordeak ebatziko du; ebazpen horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio unibertsitateko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboari.
  5. Edozelan ere, GRALeko kalifikazioa ikaslearen espedientean jasota ageri beharko da urriaren 31 baino lehen.
     

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ahalmena ematen zaio Graduko Batzordeari arautegi hau garatzeko beharrezko diren arauak eman ditzan, graduaren arloan eskumenak dituen errektoreordearen proposamenari jarraikiz.


BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ahalmena ematen zaio errektoreorde eskudunari arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko.
 

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko aurreko arautegia, Gobernu Kontseiluak 2015eko maiatzaren 12an onartutakoa (2015eko apirilaren 13ko EHAA).
 

AZKEN XEDAPENA. Indarrean sartzea

Arautegi hau UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
 

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2023ko abenduaren 14an onartutako arautegia, 2024ko apirilaren 10ean argitaratua EHAAn