Arautegia, UPV/EHUn Gradu bikoitza egiteari eta bi Gradu aldi berean egiteari buruzkoa
UPV/EHUk, bere autonomiaren babesean, unibertsitateko gradu eta masterretako titulazio bikoitzetarako ikasketa programak antolatu eta eskaini ditzake, ibilbide espezifikoarekin, irakasgai guztiak gaindituz gero unibertsitateko titulu ofizial biak lortzea ekarriko dutenak. Hori guztia oinarri hartuta irailaren 28ko 822/2021, Errege Dekretua, Unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen duena. Edozelan ere, dekretuak dio ezin izango direla ikasketa programak ezarri hiru titulazio edo gehiago aldi berean ikasteko.
Bestalde, Universidad del País Vasco/EuskalíHerriko/Euskal Herriko Unibertsitateko Plan 2022-2025koak (2022-2025) agerian jartzen du zein garrantzitsua den unibertsitateko prestakuntza eskaintza eguneratzea, ikasleei prestakuntza osoa eta eskaintzari egokitua eskainiz eta UPV/EHUk eskura dituen baliabideak optimizatuz. Unibertsitateko prestakuntza adarreko helburuak betetzeko, besteak beste ekintza hauek zehaztu ziren: Prestakuntza ibilbide osatuak eta eskaerara egokitutakoak finkatzea, kontuan hartuta, besteak beste: aldiberekotasunak, pasabideak, gradu bikoitzak, eta graduko eta graduondoko eskaintza konbinagarriak (osagarriak), baita unibertsitatekoak eta goi mailako hezkuntzakoak ere (Adibidez, Lanbide Heziketa) eta Prestakuntza eskaintzaren komunikazioa areagotzea balizko ikasleen eta, oro har, gizartearen artean, inplikatutako eragileen arteko estrategia koordinatua definituta (eskaintza, orientazioa eta komunikazioa).
Egun, UPV/EHUk Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiko II. kapituluan jasota ditu titulazio bat baino gehiago aldi berean egiteko arauak, eta horrez gain, Gobernu Kontseiluak onartuak ditu, zenbait bileretan, lehenengo mailan hasita graduko bi titulu aldi berean ikasita bi titulu lortzera bideratutako programak espezifikoak (gradu bikoitzak), baina ez dago ikasketa horiei guztiei ezartzeko marko orokor bat.
Programa berezi horiek urteotan zalantza ugari sortu dituzte ikasketen arloko arauak ezartzean, arautegiak banan banako graduetako baldintzak kontuan hartuta eratu baitira.
Beraz, beharrezkoa da unibertsitateak oinarrizko markoa ezartzea graduko titulazio bat baino gehiago aldi berean ikasteko aukera ematen duten programa guztietarako, gradu bikoitzak izan zein ez izan.
Horrela, bada, arautegi hau osatu da, UPV/EHUko gradu bikoitz guztietako programetarako oinarri izango dena, bai eta gradu bikoitzez gain, bi gradu aldi berean egiteko ere.
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Helburua
Arautegi honen helburua da ibilbide espezifikoa daukaten graduko titulazio bikoitzei edo gradu bikoitzei dagozkien programa akademikoen baldintzak definitu eta arautzea, baita programa horietatik kanpo bi gradu aldi berean egiteko aukera definitu eta arautzea ere.
2. artikulua.- Ezarpen eremua
Arautegi hau ezarriko zaie UPV/EHUk ematen dituen graduko titulazioei eta UPV/EHUn bi gradu aldi berean ikasten ari diren edo ikasi nahi dituzten ikasleei.
UPV/EHUko graduko ikasle bakoitzak espediente akademiko bakar bat izango du irekita unibertsitatean, ikasketa desberdinak aldi berean egiten ari diren ikasleek izan ezik, arautegi honetan zehaztutakoari jarraikiz.
I. KAPITULUA.
GRADU BIKOITZETAKO PROGRAMAK
XEDAPEN ESPEZIFIKOAK
3. artikulua. Definizioa
UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu bikoitzak ibilbide espezifikoa izanik graduko bi titulazio aldi berean egiteko ikasketa programak dira, eta programako irakasgai guztiak gaindituz gero, unibertsitateko bi titulu ofizial eskuratzen dira.
Gradu bikoitza ez da ministerioak egiaztatutako titulu berri bat, nahiz eta ikasleek ikasketak egin bitartean plangintza bakar bat izango duten. Gradu bikoitzeko ikasleak gradu bakoitzerako ziurtagiri bat eta titulu bat izango ditu.
4. artikulua.- Gradu bikoitzaren arau espezifikoak
Gradu bikoitzen programazioa martxan jartzeko, beharrezko da arautegi orokor hau garatzea eta araudi espezifiko bat zehaztea bertan jasota gradu bikoitza emateko baldintzak eta, oro har, gradu bikoitzeko irakaskuntza programako arlo akademiko guztiak.
Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren ikasketa programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta hemen jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko arau orokorrak ezarriko dira.
5. artikulua.- Gradu bikoitzaren ikastegi arduraduna
Gradu bikoitza, administrazio ondorioetarako, gradu bien ardura daukan ikastegiari lotuta egongo da edo gradu bietako baten ardura daukan ikastegiari, betiere, bi ikastegiak ados jarrita. Behin ikastegi bati lotuz gero, ezin izango da aldatu ez txandarik ezarri. Gestio guztiak ikastegi horretan egin beharko dira eta haren antolaketari jarraikiz.
6. artikulua.- Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea
Batzorde akademikoa eratuko da: gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoaren arduradun izango da eta osaera kasuan kasuko gradu bikoitzaren arautegian zehaztuko da.
Edozelan ere, gradu bikoitzaren koordinatzailea 2 ikasturterik behin aldatuko da txandak eginda gradu bakoitzeko koordinatzaileen artean.
7. artikulua.- Gradu bikoitzeko batzorde akademikoaren osaera
Gradu bikotzeko batzorde akademikoak, gutxien dela, kide hauek izango ditu:
Graduetako koordinatzaileak.
Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ordezkari bat.
Bi graduen antolaketa ikastegi bakarraren menpe dagoenean, ikastegiko dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide bat edo bi ikastegi direnean antolatzaileak, ikastegietako dekanotza edo zuzendaritza taldeetako kide bana, ikastegi bakoitzeko dekano edo zuzendariak proposatua.
Gradu bikoietzeko batzorde akademikoko burua izango da gradu bikoitzaren gestioaren ardura daukan ikastegiko zuzendaritza taldeko ordezkaria.
Gradu bikoitzeko batzorde akademikoko idazkari karguan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, titulazio bietako graduko koordinatzaileak.
Gradu bikoitzeko arautegi espezifikoan, aipatutakoez gain, beste kide batzuk ere zehaztu ahal izango. Oso komenigarria da graduetako mailako koordinatzaileak egotea batzordean.
8. artikulua.- Gradu bikoitzeko batzorde akademikoaren eginkizunak
1. Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa graduko bikoitzaren batzorde akademikoaren ardura izango da. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:
Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.
Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegiko kalitate batzordearekin koordinazioan.
2. Gradu bikoitzeko batzorde akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da, batzordeko buruak deituta. Era berean, batzorde akademikoko gutxienez hiru kidek eskatuta ere bilera egin ahal izango da.
3. Gradu bikoitzeko batzorde akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, gradu bikoitzaren ardura daukan ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hartuko du erabakia.
9. artikulua. Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak
Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:
- Gradu bikoitzeko batzorde akademikoak hartutako erabakiak betetzea.
- Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.
- Beste zeregin batzuk, gradu bikoitzeko batzorde akademikoak emandakoak edo UPV/EHUko arautegietan edo arautegi espezifikoan titulazioko koordinatzaileari esleitutakoak.
10. artikulua. Gradu bikoitzean onartua izatea
1. Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak. Gradu bikoitzerako eskainiko diren plazak kupo orokorrekoak izango dira (Batxilergoa eta goi mailako heziketa zikloak).
2. Gradu bikoitzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da gradu bietatik onarpen notarik handiena.
Graduetako batek lehentasunezko batxilergorik badauka, batxilergo hori lehentasunezkoa izango da ere gradu bikoitzerako.
3. Gradu bikoitzeko graduetako bateko tituluduna izanez gero, ezin izango da egin eskaririk gradu bikoitzean onartua izateko.
11. artikulua.- Matrikula
1. Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu bikoitzaren ardura daukan ikastegian, UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.
2. Ikasleek prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.
12. artikulua.- Gradu bikoitzaren arau akademikoak
1. Gradu bikoitzen ezaugarriak bereziak izanik, ezinbestekoa da arduraldi osoan egitea ikasketak. Beraz, gradu bikoitza egin nahi duen ikasleak ikasketa programako irakasgaietarako egin beharko du matrikula maila bakoitzean. Ikasketa programa gradu bikoitz bakoitzaren arautegiari erantsiko zaio.
2. Matrikulatzen den lehen urtean, ikaslea lehen mailako kreditu guztietan matrikulatu beharko da. Hurrengo ikasturteetan gutxienez 60 ECTSrako egin beharko du matrikula, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago falta zaionean izan ezik.
3. Gradu bikoitz bakoitzeko arautegian zehaztu beharko da ikasleak ikasturte bakoitzean gainditu beharreko gutxieneko ECTS kopura, ohiko eta ez-ohiko deialdiak kontuan hartuta.
4. Aipatutako baldintzaren bat betetzen ez duen ikasleak utzi egin beharko du gradu bikoitza. Gradu bikoitza osatzen duten bi graduetako batean jarraitu ahal izango du ikasten, berak aukeratutakoan. Horretarako, eskaria egin beharko du aukeratutako graduaren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan, eta matrikula ikastegiak zehaztutako epe eta irizpideen arabera egin beharko du.
Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio eta gradu bikoitza osatzen duten bi graduetako batean jarraitu ahal izango du ikasten.
5. Gradu bikoitzeko bi graduetako tituluak lortzeko, kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.
13. artikulua.- Ebaluazioa
Gradu bikoitzeko ikasleen ebaluazioa gainontzeko titulazioetako ohiko prozedurari jarraituz egingo da, eta graduko titulu ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiaren araberako datetan.
14. artikulua.- Ohorezko matrikula
1. Gradu bikoitzeko ikasleek talde bat osatzen dutela ulertuko da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegian ohorezko matrikulen inguruan zehaztutakoa ezartze aldera. Beraz irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira irizpide honen arabera: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, ikasketa planeko irakasgai bakoitzeko talde bakoitzean ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da.
2. Dena den, ikastegietako zuzendaritza edo dekanotza taldeek beste modu batera gestionatu ahal izango dute, gradu bereko taldeen irakaskuntza bateratuagatik (gradu bikoitzak barne). Horretarako, graduko ikasketen arloan eskumenak dauzkan errektoreordetza jakinaren gainean jarri beharko dute ikasturteko lehen hiruhilekoan.
3. Gradu bikoitzean lortutako ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberetako hurrengo matrikulan eta kreditu kopuru berean aplikatuko dira.
Murrizketak aplikatuko dira, halaber, ikasleak espedientea aldatzen badu gradu bikoitza osatzen duen titulu batetik gradu bikoitzera.
Aldiz, espedientea aldatzen badu gradu bikoitz batetik hura osatzen duten graduetako batera, murrizketak bakarrik aplikatuko dira baldin eta ohorezko matrikula daukan irakasgaia titulazio berekoa bada.
15. artikulua. Gradu bikoitzetako sari bereziak.
Sari berezietarako, gradu bikoitzak titulazio bakartzat joko dira, eta, beraz, gradu bikoitzetan gehienez bi sari emango dira.
Gradu bikoitz bat osatzen duten graduetako sariak ematerakoan, ez dira kontuan hartuko gradu bikoitzeko espedienteak.
Gradu bikoitzaren ardura duen ikastegiak egingo ditu sari berezietarako proposamenak.
Ikasle sarituek Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreorderen ziurtagiria eskuratuko dute.
16. artikulua.- Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea
Ikasketak gainditzeko bi graduak gainditu behar dira, bata bestearen menpe daude, eta gradu bikoitzaren ibilbide espezifikoa bukatzean izango dira gaindituta bi graduak.
Gradu bikoitzaren programa gainditzen duen ikasleak bi graduetako tituluak eta titulu horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango ditu, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.
17. artikulua. Arautegia onartzea
Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleak arautegi honetan eta gradu bikoitzaren arautegian jasotakoari jarraitu beharko dio, eta jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arautegi orokorrari.
II. KAPITULUA.
BI GRADU ALDI BEREAN EGITEA EDO ONDOZ ONDO BI GRADU EGITEA GRADU BIKOITZEKO PROGRAMATIK KANPO
XEDAPEN ESPEZIFIKOAK
18. artikulua.- Bi gradu aldi berean egitea graduko bikoitzeko programatik kanpo
1. Unibertsitate honetako ikasleek aldi berean UPV/EHUko gradu bat baino egiteko eskaria egin dezakete, ondoren adierazten diren baldintzei jarraikiz.
Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko aukera ikaslearen beraren aukera bat da, eta ikasleak berak egin beharko du ikasketa horien plangintza. Unibertsitateak ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskaria onartzeak ez du esan nahi unibertsitateak ikasketen plangintza aldatuko duenik eskaria egin duen ikaslearen premietara egokitzeko.
Gradu biketako ikasketak aldi berean egitean dira, baina ez dira zertan aldi beran bukatu, eta titulu bat bestea baino lehenago lortu daiteke.
Ikastegiek erabaki dezakete bi gradu aldi berean edo ondoz ondo egiteko aukera eskaintzea, betiere, arloan ezar daitezkeen arauei jarraikiz.
2. Ikastegiek, kontuan izanda eskaintzen dituzten ikasketak eta eskura dituzten baliabideak, bi gradu aldi berean egiteko aukera diseinatu ahal izango dute, ikasleei prestakuntza osoa eskaintzeko eta baliabideak optimizatzeko. Horrelakoetan, aukera hori iragarri egin beharko dute guztiak jakitun egon daitezen.
3. Ikasturte bakoitzean, UPV/EHUko ikastegiek ikasle kopuru bat onartu dezakete graduko bi ikasketa aldi berean egiteko, betiere, hori bateragarri bada irakats ahalmenarekin.
UPV/EHUko ikastegietako zuzendaritzak edo dekanotzak, kontuan izanda irakats ahalmena eta baliabideak, ikasturte bakoitzerako ikasle kopuru bat zehatz dezake bi gradu aldi berean egiteko. Web gunean emango da horren berri eskariak egiteko epea ireki aurretik.
Ikastegiak irizpide objektiboak zehaztuko ditu eskariek eskainitako plaza kopurua gainditzen dutenerako, irizpideon arabera eskariak ordenatzeko. Irizpide horiek ikastegiko batzorde akademikoak onartu behar ditu eta web gunean argitaratu eskariak egiteko epea hasi aurretik.
19. artikulua – Prozedura bi gradu aldi berean egiteko eskarietarako eta horiek ebazteko
UPV/EHUn bi gradu aldi berean egiteko, ikasleak gaindituta izan behar ditu hasita daukan graduko lehenengo maila osoa edo 60 kreditu. Bi gradu aldi berean egiteko eskariak eta horien ebazpena ondoren prozeduraren arabera egingo dira, kontuan izanda zein den modalitatea:
1. Gradu bat baino gehiago aldi berean lehenengo mailan hasita
UPV/EHUn gradu bat ikasketen egonik aldi berean unibertsitate honetako beste gradu bat lehen mailan hasita ikasi nahi duten ikasleen eskariak honen arabera ebatziko dira:
a) Eskaria onartzeko, ezinbestekoa da ikasi nahi den bigarren graduan plaza hutsak egotea matrikula epeak behin bukatuta.
Eskari kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa bada, eskaerak graduko onarpen notaren arabera ordenatuko dira.
b) Eskaria Campuseko Errektoreordetzan edo Sarbide Bulegoan aurkeztu behar da, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegian ikasturte bakoitzerako zehaztutako epean.
Eskariak Sarbide Bulegoan ebatziko dira (Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetza). Sarbideko Bulegoaren erabakiak administrazio bidea agortzen du, eta horren kontra berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke erabakia eman duen organo berari, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa.
2. Gradu bat baino gehiago aldi berean lehenengo mailatik gora
UPV/EHUn gradu bat ikasten dagoen ikasleak eskaria aurkezten badu unibertsitate honetan beste gradu bat egiteko zeinetan gainditutako ikasketengatik aitortuta dituen 60 ECTS edo lehen maila osoa, irizpide hauei jarraituko zaie eskariok ebazteko:
a) Bi gradu aldi berean ikasteko eskaria bigarren graduaren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan aurkeztu behar da, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegian zehaztutako epeei jarraikiz.
b) Bigarren graduaren ardura daukan ikastegiko batzorde akademikoaren erabakia izatea, jasota ageri duena ikasketa horietan gutxien dela 60 ECTS edo lehen maila osoa gainditua duela eskeri egileak.
c) Aurreko artikuluari jarraikiz, eta kontuan izanda irakats eskaintza eta baliabideak, ikastegiak zehaztuta baldin badauka ikasle kopuru bat gradu bat baino gehiago aldi berean egiteko, eskariak onartzeko, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak onartutako irizpide objektiboak ezarriko dira. Irizpideok web orrian argitaratuta egon behar dira eskariak aurkezteko epea hasi aurretik.
Lehendik hasitako ikasketaren bat egungo ikasketekin batera ikasi nahi izanez gero, eskariak prozedura honen arabera egingo dira.
Eskariak ikastegiko dekano edo zuzendariak ebatziko ditu, errektorearen eskumenak eskuordetuta. Erabakia horrek administrazio bidea agortzen du, eta horren kontra berraztertze errekurtsoa aurkez ahal izango zaio erabakia eman duen organo berari, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa.
XEDAPEN GEHIGARRIETATIK LEHENA
Ahalmena ematen zaio Graduko Batzordeari arautegi hau garatzeko beharrezko diren arauak eman ditzan, graduaren arloan eskumenak dituen errektoreordearen proposamenari jarraikiz.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ahalmena ematen zaio errektoreorde eskudunari arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau 2023/2024 ikasturtean sartuko da indarrean.