Breadcrumb

Normariva de Evaluación

Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia

(UPV/EHUko Gobernu Kontseiluko 2016ko abenduaren 15eko erabakia, 2017ko martxoaren 13an argitaratua EHAAn eta ondorengo aldaketak)
Testu eguneratua

                                                                                           I. KAPITULUA

1. artikulua.- Helburuak

Arautegi honen helburua da ikasketa planetako irakasgaietan erabiltzen diren ebaluazio prozesu eta prozedurak arautzea eta ebaluazio jarraituko sistemak ezar daitezela sustatzea, azken proben pisua murrizteko, edo, are gehiago, desagerrarazteko, eta horien ordez irakaskuntza aldian zehar banatuta egongo diren ebaluazio jarduerak ezartzen joateko.

2. artikulua.- Ezarpen eremua

Arautegi hau ezarriko zaie Euskal Herriko Unibertsitatean graduko ikasketak egiten ari diren ikasleen ezagutzak ebaluatzeko sistema guztiei (teorikoak, praktikoak, idatzizkoak, ahozkoak, grafikoak edo informatikoak), baita ezagutza horiek kalifikatzekoei ere.

3. artikulua.- Ebaluazioaren printzipio orokorrak

1.- Ikasleek berdintasun eta justizia bermez ebaluatuak izateko eskubidea dute, jasotako irakaskuntza mailaren arabera.
2.- Ebaluazio probak dibertsitate funtzionala duten ikasleen premietara egokitu beharko dira, eta sailek eta ikastegiek metodologian, egutegian eta eremuetan egin beharreko egokitzapenak egin beharko dituzte.

3.- Ikastegiko zuzendaritza arduratuko da ikastegian ematen diren titulu eta espezialitateen ikasketak pareko baldintzetan ebaluatu daitezen.

4. artikulua.- Ebaluazioa eta irakaskuntza gidak

1.- Ikaskuntzaren ebaluazioak, ikasketa planetako irakasgai guztietan, honako helburu hauek ditu:

  1. Irakasgaian eskuratutako ikaskuntzaren emaitzak neurtzea irakaskuntza gidetan zehaztutako ebaluazio irizpide eta adierazle zehatzen bidez.
  2. Ikasleei ezagutaraztea euren ikaskuntzaren emaitzek zein bilakaera izan duten irakasgaian, bertan ezarritako emaitzekin bat.
  3. Irakasgai bakoitzean irakaslearen jarduera bideratzea, ikasleak ikaskuntzaren emaitzak eskuratu ahal izateko.

2.- Ikaskuntzaren ebaluazioa, irakasgai bakoitzean, kasuan kasuko gradua egiaztatzeko memorian ezarritakoaren araberakoa izan beharko da.
3.- Sailetako kontseiluek beren kargupeko irakasgaietako irakaskuntza gidak onartuko dituzte. Gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzeko eta bertan jasoko dira espero izatekoak diren ikaskuntzaren emaitzak, eta ebaluazio sistema eta irizpideak, kasuan kasuko haztapena barne.
4.- Ikasturteko matrikula egiteko epea ireki baino lehen, ikastegi bakoitzak bere webgunean argitaratuko d

5. artikulua.- Hezkuntzarako ebaluazioa

Ebaluazioa hezkuntzara begirakoa izango da eta ikasleari informazio eta orientazio egokia eskaini beharko dio gaitasunen jabetze mailaren inguruan eta ikaskuntza prozesua hobetzeko iradokitzen diren hobekuntzak adieraziko. Ebaluazio proba egin ondoren, saileko irakasleek ebaluazio probako galderen erantzun zuzenak jakinaraziko dituzte, ikasleek ahalik eta etekin handiena atera dezaten egindako probetatik

6. artikulua.- Ebaluazio proben egutegiak

1.- Ikasturte bakoitzean, matrikula epea ireki aurretik, ikastegietako batzarrek deialdi ofizialetako azterketen daten egutegia onartu eta argitaratuko dute.
2.- Ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak deialdi ofizialetako ebaluazio probak zein ordutan eta zein ikasgelatan egingo diren jakinaraziko du, probak hasi baino, gutxienez, hilabete lehenago.
3.- Ebaluazio proben datak arrazoi justifikatuengatik aldatzeko proposamenak sailak egingo ditu, eta dekanoak/zuzendariak onartu ikastegiko Ikasleen Kontseiluari entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiaren webgunean eta iragarki oholean, betiere aldatutako ebaluazio proba egin baino 15 egun lehenago, gutxien dela.
4.- Irakasgai desberdinetako ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, ikasleak data aldatzeko eskatu beharko dio irakasleari ebaluazio proba eguna baino, gutxienez, 15 egun natural lehenago. Honako hauek hartuko dira kontuan:

  1. Nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, goragoko mailakoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute beste data bat.
  2. Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da.

5.- Maila bereko irakasgaietan ebaluazio proba bi batera suertatzen direla ulertuko da proben hasiera ordua 24 orduren barruan dagoenean. Maila desberdinetako irakasgaien kasuan, proba bi batera suertatzen direla ulertuko da proba biak lau orduren barruan hasten direnean, edo bata bukatzen denetik bestea hasten denera arte bi ordu baino gutxiago igarotzen direnean.

7. artikulua.- Epeak zenbatzea

Abuztua baliogabea izango da epeak zenbatzeko eta azterketak egiteko

                                                                                                                                                                                 

                                                                                                 II. KAPITULUA

8. artikulua.- Ebaluazio sistemak

1.- Irakasgai bakoitzaren ebaluaziorako erabiliko diren irizpide eta prozedurak, haztapenak barne, berdinak izango dira talde guztietarako. Irakasgaiaren ardura duen sailak bermatu egin beharko du hori horrela dela.
2.- Egongo diren ebaluazio sistemak izango dira etengabeko ebaluazioa eta azken ebaluazioa:
a) Etengabeko ebaluazioa da UPV/EHUn nagusiki erabili beharreko ebaluazio sistema. Sistema horretan ebaluazio proba eta jarduera multzo bat ezartzen da, ikasle bakoitzak prestakuntza aldian aurrera nola egiten duen baloratzeko.  Erabilitako sistema eta tresnek bermatu egin behar dute gaitasun guztien garapena eta irakasgaiaren irakaskuntza gidan agertu behar dute. Aukera egongo da ebaluazioa prestakuntza aldian zehar egindako probekin soilik egiteko, edo, proba horiek egiteaz gain, kasuan kasuko azterketa deialdirako ezarritako data ofizialean egingo den proba osagarri bat ere egiteko.

Irakaskuntza gidan zehaztu egin beharko da proba edo jarduera bakoitzak irakasgaiaren kalifikazioan duen haztapena eta, horrez gain, proba edo jarduera derrigorrezkoa den ere adierazi beharko da, hau da, egin beharrekoa den eta /edo gutxieneko nota bat lortu behar den irakasgaia bera gainditzeko.
b) Azken ebaluazioak aukera ematen du proba baten bitartez ebaluatzeko ikaskuntzaren emaitzak. Proba hori irakasgaiaren ebaluazio orokorra egiteko azterketa edo jarduera batek edo gehiagok osatuko dute eta azterketa aldi ofizialean egingo da.
Salbuespen moduan, ebaluazio sistema horrek ikasturtean zehar egindako jarduerak ere barne hartu ahal izango ditu, azterketa aldi ofizialean ezarritako proban ebaluatu ezin diren ikaskuntzaren emaitzak baloratzeko. Irakasgaiaren irakaskuntza gidan argi eta garbi adierazi beharko da jarduera horiek zeintzuk diren eta horien haztapena zein den, eta jarduerok sailaren oniritzia izan beharko dute.
Halako kasuetan, sailak bermatu egin beharko du azterketa aldi ofizialean egindako proban programaren zatirik handiena ebaluatuko dela eta proba horretan ikasleek irakasgaiaren guztizko kalifikazioaren ehunekorik handiena eskuratzeko aukera izango dutela.
3.- Ikasleek eskubidea izango dute azken ebaluazio bidez ebaluatuak izateko, etengabeko ebaluazioan parte hartu zein ez hartu. Eskubide hori baliatzeko, ikasleak etengabeko ebaluazioari uko egiten diola jasotzen duen idatzi bat aurkeztu beharko dio irakasgaiaren ardura duen irakasleari eta, horretarako, bederatzi asteko epea izango du lauhilekoko irakasgaien kasuan edo 18 astekoa urteko irakasgaienean, ikastegiko eskola egutegian zehaztutakoarekin bat lauhilekoa edo ikasturtea hasten denetik kontatzen hasita. Irakasgaiaren irakaskuntza gidan epe luzeagoa ezarri ahal izango da.
4.- Nahitaezko curriculumeko praktikak dauzkaten graduetan, ikasleak urtean deialdi bakarra izango du practicumeko irakasgaia gainditzeko, baldin eta ikasketa horiek ematen dituzten ikastegiek beren deialdi sistema ezartzen ez badute. Bestelako deialdiok, betiere, helburu akademikoak betetzen direla bermatu beharko dute.

9. artikulua.- Ebaluazioa ezohiko deialdian

1.- Irakasgaia ohiko deialdian gainditzen ez duten ikasleek, hautatutako ebaluazio sistema gorabehera, eskubidea izango dute ezohiko deialdiko azken ebaluazioko proba osatzen duten azterketa eta jardueretara aurkezteko. 
2.- Ezohiko deialdietan irakasgaiak ebaluatzeko sistema bakarra azken ebaluazioa izango da.
3.- Ezohiko deialdiko azken ebaluazioko probak definituta dauden ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko eta neurtzeko behar beste azterketa eta ebaluazio jarduera izango ditu, emaitzok ohiko deialdiaren pareko baldintzetan ebaluatu ahal izateko.  Ikasleek ikasturtean zehar eskuratutako emaitza positiboak gorde ahal izango dira. Aldiz, ikasturtean zehar egindako etengabeko ebaluazioaren emaitzak negatiboak badira, emaitzok ezin izango dira ezohiko deialdirako mantendu eta deialdi horretan ikasleek kalifikazioaren %100 eskuratu ahal izango dute.

10. artikulua.- Ikasketa amaierako deialdia

Ikastegi bakoitzak zehaztuko ditu ikasketa amaierako azterketei buruzko arauak, baina, gutxien dela, ondokoa ezarriko da ikasketa guztietarako:
1.- Lehenengo matrikulakoak ez diren irakasgaietan baino ezingo da ikasketa amaierako deialdirako eskaria egin. Salbuespen bakarra izango da Gradu Amaierako Lana.
2.- Ikasketa amaierako deialdirako eskaria egin ahal izango dute ikasketak amaitzeko gehienez ere 30 kreditu falta dutenek, ondorio hauetarako kontuan izan gabe Gradu Amaierako Lanari dagozkion kredituak.
3.- Azterketak matrikularen arabera irakasgai, talde eta deialdiaren ardura daukaten irakasleek egingo dizkiete eskatzaileei.
4.- Ikasketa amaierako azterketak ebaluatzeko erabiliko den sistema azken ebaluazioa izango da.

11. artikulua.- Ebaluazio proben planifikazioa eta garapena

1.- Ebaluazio proben programazioa ezin izango da aldatu, salbu eta ustekabeko arrazoiengatik ezinezkoa denean planifikatu bezala egitea. Salbuespenezko egoera hauen aurrean, titulazioetako arduradunek kontsultak egingo dituzte aldaketaren eragina jasango luketen irakasle eta ikasleekin, zuzenean edo ordezkarien bitartez bost eguneko gehienezko epean programazio berri bat proposatzeko.
2.- Ebaluazio proba egiteko ordu ofiziala iritsita, lehendabiziko hamabost minutuko tartean sartzen utziko zaie probarako deituta dauden ikasleei, behar bezala justifikatzen badute berandu iristeko arrazoia ustekabeko arrazoi larria izan dela (garraio greba, baldintza meteorologikoa edo bestelakoa). Ezinezkoa bada alegatutako arrazoia momentuan bertan egiaztatzea, gerora eskatu ahal izango zaie ikasleoi arrazoi hori egiaztatzeko. Halaber, hamabost minutuko tarte horretan ikasleek ezin izango dute azterketa gelatik irten.
Ebaluazio probak egin bitartean, irakasleak edozein unetan eskatu ahal izango dio identifikazioa bertaratutako ikasleari, eta ikasleak erakutsi egin beharko du ikaslearen txartela, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo ikasgelako zaintzailearen edo probako begiralearen iritziz akreditaziorako baliagarri izan daitekeen beste edozein agiri.
3.- Ebaluazio proba batean kopiatu egin dela egiaztatuz gero, tartean sartuta dauden ikasle guztiei «suspentso» kalifikazioa jarriko zaie, bakoitzaren erantzukizuna gorabehera. Pertsona bat kopiatzen ari dela proban bertan egiaztatuz gero, momentuan bertan proba egiteari uzteko agindu ahal izango zaio.

12. artikulua.- Deialdiari uko egitea

1.- Deialdiari uko egiten dioten ikasleek «aurkezteke» kalifikazioa jasoko dute.
2.- Etengabeko ebaluazioaren kasuan, azken probaren pisua bada irakasgaiko kalifikazioaren %40 baino handiagoa, nahikoa izango da proba horretara ez aurkeztea azken  kalifikazioa "aurkezteke" izan dadin. Aldiz, azken probaren pisua bada irakasgaiko kalifikazoaren % 40 edo hori baino txikiagoa,  deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek kasuan kasuko irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino, gutxienez, hilabete lehenago egin beharko dute eskaria. Eskari hori idatziz aurkeztu beharko zaio irakasgaiaren ardura duen irakasleari.
3.- Azken ebaluazioaren kasuan, azterketa egun ofizialean egin beharreko probara ez aurkezte hutsak ekarriko du automatikoki kasuan kasuko deialdiari uko egitea.

13. artikulua.- Kalifikazio sistema bateratua eta epaimahai bidezkoa

1.- Lehenengo deialditik laugarren deialdira bitartean, irakasgai bereko taldeek irakasle desberdinak dauzkatenean, irakasleok kalifikazio sistema bateratua erabili ahal izango dute. Kasuotan irakasle bakoitzak bere taldearen edo taldeen aktak sinatuko ditu.

2.- Aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, eta kasu berberetarako, ikastegiko arautegian epaimahai bidezko ebaluazio bateratua egiteko aukera jaso ahal izango da lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren deialdietarako. Epaimahaikide izango dira irakasgaiko hiru irakasle, edo guztiak. Epaimahaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Epaimahaiak irakasgai bereko taldeetako irakasleek soilik osatuko dituzte. Taldeen ardura duten irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gutxiago direnean, epaimahaia osatuko da ikastegian jakintza arlo horretan kategoria handiena eta antzinatasun handiena duen irakaslearekin.
  • Irakasgaiko talde guztietako irakasleak egon beharko dira epaimahaian.
  • Irakasgaia ematen duten irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gehiago direnean, honakoek osatuko dute epaimahaia: taldeko irakasleak, eta, gainontzeko taldeetako irakasleen artetik ikastegian jakintza arlo horretan antzinatasun handiena eta kategoria handiena duten irakasleek, epaimahaia osatu arte.
  • Kasuan kasuko jakintza arloan (edo bestela, administrazioan) antzinatasun handiena eta kategoria handiena daukan irakaslea izango da epaimahaiko buru. Epaimahaiaren osaera ikasturteko lehen hiruhilekoan argitaratuko da.
  • Bai kalifikazioak bai aktak, talde bakoitzeko irakasleak eta epaimahaiburuak sinatuko dituzte.

3.- Irakasgai bakoitzeko bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak ebaluatuko dituzten epaimahaiak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, sailei entzun ondoren, eta kontuan izanda, hala badagokio, irakasgaia zein hizkuntzatan eman den. Epaimahaiok saileko hiru irakaslek osatuko dituzte eta probaz gain, kontuan hartuko dituzte ikaslearen historiala eta gainerako gorabehera akademikoak. Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarriko da jendaurrean.
4.- Lehenengo deialditik laugarrenera bitartean dauden UPV/EHUko ikasleek epaimahai aurreko ebaluazioa eskatu ahal izango dute. Horrelakoetarako osatuko den epaimahaia bosgarren eta seigarren deialdietarako osatutako bera izango da edo, bestela, lehenengo deialditik laugarrenera bitarteko deialdietarako osatutakoa, ikastegiko arautegian halakorik jasota badago. Epaimahai hori berori arituko da aplikatu beharreko arauetan abstentziorako eta kideak arbuiatzeko jaso diren kasuetan baina kasu horietakoren batean dauden irakasleek ezin izango dute epaimahaiko kide izan.
5.- Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik ez dutenean, epaimahai bidez ebaluatuko dira. Bosgarren eta seigarren deialdietarako epaimahaiak izendatuta badaude, epaimahaiok kalifikatuko dituzte desagertutako irakasgaien ebaluazio probak, kontuan izan gabe ikaslea zenbatgarren deialdikoa den.
Epaimahai horiek osatuta ez badaude, irakasgai horietako ebaluazio probak Ikastegiko Batzarrak izendatutako epaimahaiek kalifikatuko dituzte, irakasgaia ematen zuten sailei entzun ondoren. Epaimahaiok saileko hiru irakaslek osatuko dituzte, kontuan izanda irakasgaiak zein hizkuntzatan eman diren.
6.- Epaimahaiok hartutako erabakien kontra erreklamazioak jarri ahal izango dira, 22.b) artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki. Ebaluazio proba epaimahaiak berrikusiko du halakoetan.

14. artikulua.- Ahozko ebaluazio probak

Ahozko ebaluazio probak, horrelakorik egiten denean, publikoak izango dira eta ikasleek eskubidea izango dute ebaluazio proba grabatzea eskatzeko.

15. artikulua.- Praktiken memoriak eta lanak

1.- Praktiken memoriak eta lanak aurkezteko data irakasleek ezarriko dute, ikasleei kontsulta egin ondoren, lanok agintzeko momentuan. Edozelan ere, memoria eta lanok ebaluatzeko ezarritako datak behar besteko denboraz jarri beharko dira, ikasleak ebaluazio probetara berme guztiekin aurkezteko duen eskubidea babesteko.
2.- Euskarri material bakarra duten praktiken memoriak eta lanak irakasleak gordeko ditu hurrengo ikasturtea amaitu arte. Epe hori igarotakoan, memoria eta lanok ikasleei itzuliko zaizkie, eskaria egin badute eta horren inguruko errekurtsorik ebazteke ez badago. Epe hori igaro bada eta ikasleak memoria edo lana berreskuratzeko eskaririk egin ez badu edo adierazitako epean hartzera joan ez bada, suntsitu egin ahalko da.
3.- Memoria edo lanok berriz argitaratu edo erreproduzitzeko, osorik edo zati batean, edo beste edozertarako erabiltzeko, ezinbestekoa izango da egileak edo egileek beren-beregi horretarako baimena ematea.
4.- Ikastegi bakoitzak gradu amaierako lanak egiteko indarrean daukan arautegia ikastegiaren webgunean argitaratu beharko da.

16. artikulua.- Ebaluazio probak gordetzea

Ebaluazio probak eta ahozko proben grabazioak (halakorik egonez gero), gutxien dela hurrengo ikasturtea amaitu arte gorde beharko dira; hala ere, errekurtsorik badago jarrita, errekurtsoa ebatzi arte gorde beharko dira. Ikastegiak ezarriko ditu proba horiek gordetzeari buruzko arauak.

17. artikulua.- Behin-behineko kalifikazioak argitaratzea

Deialdi ofizialeko ebaluazioaren behin-behineko kalifikazioak 12 egun naturaleko epean argitaratuko dituzte irakasleek, ebaluazio proba egiteko data ofizialetik kontatzen hasita eta unibertsitateak horretarako prestatuta dituen baliabide informatikoak erabilita. Behin-behineko kalifikazioarekin batera argi agertu beharko da argitaratze data, kalifikazioak berrikusteko eskarietarako epea ezartzeari begira.
Kalifikazioak baliabide informatikoak erabiliz argitaratzeaz gain, eGelan edo iragarki oholetan ere argitaratu ahal izango dira. Kasu horietan ikasleak identifikatzeko NAN zenbakia baino ezingo da erabili.
Azken ebaluaziokoak ez diren proben kasuan, kalifikazioa argitaratzeko 21 egun naturaleko epea egongo da, proba egin edo aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

18. artikulua.- Kalifikazioak berrikustea

1.- Behin-behineko kalifikazioa argitaratzean, kalifikazioa irakasgaiaren ardura duen irakasle edo koordinatzailearekin berrikusteko eguna, tokia eta ordua zehaztu beharko da; berrikuspenerako epea, bestalde, gutxienez hiru egun naturalekoa eta gehienez seikoa izango da, kalifikazioa argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.
2.- Berrikuspena pertsonala eta banakakoa izango da eta bertan, ikasle bakoitzak eskura izango du dagokion ebaluazio proba; horrez gain, lortutako kalifikazioari buruz eman beharreko azalpen guztiak emango zaizkio ikasleari ahoz eta, behar izanez gero, dibertsitate funtzionala duten pertsonen premia espezifikoetara moldatuta.
3.- Ebaluazioa epaimahai bidez egin bada, ikasle ebaluatuak eskubidea izango du ariketak epaimahaiaren aurrean berrikusteko.
4.- Ikaslea ezin bada berrikuspenera joan behar bezala justifikatutako arrazoi pertsonal larriengatik edo arrazoi akademikoengatik, berrikuspena beste egun batean egiteko eskubidea izango du. Egun hori irakaslearekin adostu beharko du, edo, hala badagokio, epaimahaiarekin, lehen aipatutako epearen barruan.

19. artikulua.- Irakasgaiaren akta ofiziala

1.- Berrikuspenerako epea amaitu eta, gehienez ere, hiru egun naturaleko epearen barruan irakasgaiaren ardura duen irakasleak irakasgaian matrikulatutako ikasleek lortutako behin betiko kalifikazioak jasotzen dituen akta ofiziala bete eta sinatuko du.
2.- Akta sinatu behar duen irakasleak ezin badu akta sinatu dena delako arrazoiengatik, irakasgaiaren ardura duen sailak ordezko irakasle bat izendatuko du akta sinatzeko, artikulu honetan ezarritakoa betetzeari begira. 
3.- Akta hauek ikastegiko zuzendaritzara bidaliko ditu irakasleak, idazkari akademikoak irakaslearen sinadura egiaztatu eta argitara eman daitezen, berehala, ikasle bakoitzaren esku dagoen UPV/EHUko web orrian. Aktak baliabide informatikoak erabiliz argitaratzeaz gain, iragarki oholetan ere argitaratu ahal izango dira baina kasu horretan, ikasleak identifikatzeko NAN zenbakia baino ezingo da erabili.
4.- Aktetan akatsik antzemanez gero, zuzenketa egiteko diligentzia egin eta aktaren beheko aldean txertatuko da.
5.- Akta ofizialetan sinadura elektronikoa erabiltzea bultzatuko dute ikastegiek. Akta bera irakasle arduradun batek baino gehiagok sinatu behar badu, sinatzeko sistema bateratu egin beharko da.
6.- Edonola ere, uztaileko deialdiko kalifikazio prozesu osoa hilabete horren barruan egin beharko da.

20. artikulua.- Irakasleek kalifikazioak ez bidaltzea eta aktak ez sinatzea

Ikastegiek deialdi ofizialetako ebaluazioari dagozkion aktak sinatzeko epeak betetzen direla zainduko dute. Kalifikazioak epearen barruan argitaratzen ez badira, unibertsitateak neurriak hartuko ditu, UPV/EHUko Estatutuei jarraiki. Hori alde batera utzita, ikastegietako zuzendaritzak edo dekanotzak oharra bidali ahalko die eginbehar hori bete ez duten irakasleei.

21. artikulua.- Deialdi ofizialetako kalifikazioen ziurtagiria

Ikasle guztiek deialdi ofizialetan lortutako kalifikazioen doaneko ziurtagiria jaso ahal izango dute, eskatuz gero. Dokumentu horretan jasoko dira ikasleak ikasturte horretan matrikulan izan dituen irakasgaien kalifikazioak, eta ikastegiko idazkaritzak emango du, ikastegiko administratzaileak edo bulegoko buruak sinatuta. Dokumentu hori informaziorako baino ez da izango.

22. artikulua.- Kalifikazioei buruzko erreklamazioak egiteko prozedura

Honako prozedura hau beteko da:

a) Sailari erreklamazioa aurkeztea.
Ikaslea ez badago ados berrikuspenaren emaitzarekin, erreklamazio idatzia aurkeztu ahal izango dio saileko zuzendariari sei egun naturaleko epean, aktak argitaratu ziren egunetik hasita.
Azken kalifikazioen berrikusketei eta zuzenketei buruzko erreklamazioak ebazteko, sail bakoitzak gutxienez erreklamazio batzorde bat izendatuko du jakintza arlo bakoitzeko. Batzordea osatuko dute hiru irakaslek eta haien ordezkoek, eta ikastegiko Ikasleen Kontseiluko buruak edo hark eskuordetutako ikasleak. Batzordeburua irakasle iraunkor bat izan beharko da. Ezin izango dira batzordeko kide izan aurreko ebaluazio prozesuan parte hartu duten irakasleak.
Batzordeak erreklamazioa aztertuko du eta, taldeko irakaslearen, edo hala badagokio, epaimahaiaren txostena jaso, egokitzat jotzen dituen ekintzak burutu eta erreklamazio egileari entzun ondoren, erreklamazioari buruzko erabaki arrazoitua emango du, gehienez ere, zortzi egun naturaleko epean, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita.
Kalifikazioa aldatu behar izanez gero, aldaketa batzordeko irakasleek onartuko dute adostasunez, edo, behar izanez gero, bozketa bidez edo batez besteko nota kalkulatuta. Kasu horretan, akta zuzendu egingo da ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.
Batzordeak erabakiaren berri emango die ikasleari, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkariari jakinaren gainean egon daitezen.

b) Ikastegiari erreklamazioa aurkeztea.
Ikaslea ez badago ados sailari aurkeztutako erreklamazioaren inguruan hartutako erabakiarekin, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio, idatziz, ikastegiko dekano edo zuzendariari, lau egun naturaleko epean, saileko batzordearen erabakiaren jakinarazpena jasotzen denetik hasita (bermatu egin beharko da epe horretan, gutxien dela, bi lanegun egongo direla).
Ikastegi bakoitzean erreklamazio batzorde bat eratuko da gutxienez, eta batzorde horretan, gutxien dela, honako kide hauek egongo dira: batzordeko burua, idazkari bat eta irakasle bat. Ezin izango dira batzordeko kide izan erreklamazioa aurkeztu duen ikasleak lortutako kalifikazioan era batera zein bestera parte hartu duten irakasleak. Epaimahai honen bileretara ikastegiko Ikasleen Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako ikaslea joango da.
Atalak dituzten ikastegien kasuan, batzorde desberdinak eratu ahal izango dira ikastegiaren egoitzan eta atal bakoitzean. Kasu horretan, batzordea nongoa, kideak hangoak izan beharko dira eta batzordeko bileretara egoitzako edo ataleko Ikasleen Kontseiluko ordezkaria joango da (kasuan-kasuan dagokiona), edo hark eskuordetutako ikaslea.
Batzorde horrek, hamar egun naturaleko epean gehienez ere eta behar diren txostenak eskatu ondoren, kasua aztertu eta erabaki arrazoitua hartuko du. Ikasleari eta ikastegiko idazkariari jakinaraziko die erabakia, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan, baita saileko zuzendariari ere, hark taldeko irakasleari helaraz diezaion. Kalifikazioa aldatzea erabakiz gero, aldaketa batzordeko irakasleek onartuko dute adostasunez, edo, behar izanez gero, bozketa bidez edo batez besteko nota kalkulatuta. Kasu horretan, akta zuzendu egingo da ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

23. artikulua.- Gradu amaierako lanen eta practicumen kalifikazioak berrikusteko eta kalifikazio horiei buruzko erreklamazioak egiteko prozedura

Gradu amaierako lanei eta practicumei 22. artikuluan ezarritako prozedura aplikatuko zaie. Hala ere, gradu amaierako lanak ebaluatzen dituzten epaimahaietan sailetik kanpoko kideak ere egoten direnez, erreklamazioa, lehendabizi, ikastegiko Erreklamazio Batzordeari aurkeztuko zaio.
Era berean, practicumak irakaskuntzaren ardura duen ikastegiaren menpe daudenean, eta ez sail baten menpe, kalifikazioa tutorearekin berrikusi ondorengo emaitzaren aurkako erreklamazioa, lehendabizi, ikastegiko Erreklamazio Batzordeari aurkeztuko zaio.

24. artikulua.- Gora jotzeko errekurtsoa

Ikastegiko Batzarraren erabakiaren aurka interesatuak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio errektoreari, jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean. Honek, saileko eta ikastegiko Erreklamazio Batzordeen txostenak ikusi eta beharrezko dituen aholkuak jaso ondoren, erabakia emango du, eta erabaki horrek amaiera emango dio administrazio bideari.

25. artikulua.- Beste proba bat egitea

Ikasleak beste proba bat egiteko eskubidea izango du honakoetan:
a) Azken kalifikazioa jartzeko probaren zati bat programan ageri ez ziren gaien ingurukoa izan bada edo, programan agertu arren, irakasleak landu ez zituen gaien ingurukoa.
b) Probak egin aurretik ikasleek ezagutzen ez zuten ebaluazio sistema erabili badu irakasleak.
c) Irakasleak venia docendi-rik ez badu.
d) Ezinbestez, baldintza fisiko edo bestelakoengatik, ikasleek ezin izan badute proba normaltasunez egin. Horrelakoetan, irakasleak egoera aztertuko du eta bere sailaren oniritziarekin eta ikastegiarekin koordinatuta, probak egiteko beste egun bat izendatu ahal izango du, har daitezkeen bestelako neurri bereziak baztertu gabe.
e) Ikastegiko Erreklamazio Batzordeak hala erabakitzen duenean, azterketaren emaitzak anormalak iruditzen zaizkiolako, suspentsoen kopuru askoz ere handiagoa egon delako arrazoiz espero zitekeena baino irizpide akademikoak kontuan hartuta, hots, titulazioaren testuingurua eta kasuan kasuko irakasgaiak.
f)Ebaluazio egunean ikaslea ospitaleratuta badago edo lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea badago egoera horretan; egoera hori behar bezala egiaztatu beharko du osasun agiri egokiak aurkeztuta.
g) Lehen edo bigarren mailako odolkidetasuna daukan senideraren heriotza azterketa egunean edo aurreko lau egunetan; egoera egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira.
f) edo g) ataleko egoeraren batean dagoen ikasleak egoeraren berri izan bezain laster jakinarazi beharko dio irakasleari, eta gehienez ere, bi egun naturaleko epean, ebaluazio probarako zehaztutako egun ofizialaren biharamunetik kontatzen hasita.
Beste probarako zehaztutako eguna baino lehen aurkeztu beharko du egiaztagiria.
Beste proba kasuan kasuko deialdirako zehaztutako epe ofizialaren barruan egin beharko da edo beste data batean, baina, edozelan ere, arautegi honetan kalifikazioak argitaratzeko zehaztutako epeak bete beharko dira.

26. artikulua.- Ebaluazio prozesuaren eta emaitzen azterketaren inguruko gorabeheren salaketak

1.- Ikasketen ebaluazio prozesuaren inguruko salaketak ikastegietako zuzendari edo dekanoen aurrean aurkeztuko dira, haiek organo eskudunei bidera diezazkieten, eta egoki ikusten diren kautelazko neurriak hartuko dira.
2.- Zuzendari edo dekanoen erabakien eta ikastegietako batzarren akordioen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio errektoreari, eta errektorearen erabakiek amaiera emango diote administrazio bideari.
3.- Kasuan kasuko errektoreordetzak aztertuko ditu UPV/EHUko titulazioetako irakasgaietan ikasleek lortutako emaitza akademikoak, emaitzak ohiz kanpokoak direla pentsarazten duten zantzuak daudenean. Azterketa horretatik abiatuta, behar diren neurriak hartuko dira ikasleen emaitzak emaitza orokorretatik desbideratzen direnean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari eman beharko zaio hartzen diren neurrien berri.

 

                                                                                               III. KAPITULUA

                                                                                          EBALUAZIO BEREZIA

 

27. artikulua.- Epaimahai bereziak

1.- UPV/EHUko ikastegi guztiek izango dute Epaimahai Berezia. Epaimahaiburua ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da, baina dekanotza edo zuzendaritza taldeko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.
Gainera, atalak eta/edo titulazio bat baino gehiago dituzten ikastegiek epaimahai berezi desberdinak eratu ahal izango dituzte egoitzarako eta atal bakoitzerako. Kasu horretan, ataleko Epaimahai Bereziko burua ataleko koordinatzailea izango da eta epaimahaiko idazkaria, aldiz, koordinatzaileak izendatutako ataleko dekanorde edo zuzendariorde bat. Gainerako sei epaimahaikideak ataleko irakasleak izango dira, jakintza arlo desberdinetakoak, eta Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu. Epaimahai honen bileretara ataleko Ikasleen Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina botorik ez.
2.- Ikastegiko idazkari akademikoak epaimahaiko idazkari lanak egingo ditu; hitza izango du baina botorik ez. Epaimahaian, epaimahaiburu eta idazkariarekin batera, ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza arlo desberdinetakoak izango dira, eta Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahai honen bileretara ikastegiko Ikasleen Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina botorik ez. Jakintza arlo bateko ordezkaria ezin bada Epaimahai Bereziaren bilerara joan, arlo horretako edo beste arlo bateko irakasle batek ordezkatu ahalko du, baina ikastegiko dekano edo zuzendariak egoera hori idatziz jasota utzi beharko du epaimahaiaren aktari erantsiko zaion ziurtagiri batean.

28. artikulua.- Ebaluazio berezirako eskariak egiteko eta ebazteko epeak

Ikasleek irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egin ahal izango dituzte ikasturte bakoitzeko irailean eta martxoan. Eskariak egiteko azken eguna hilaren 5a izango da kasu bietan. Ikastegietako epaimahai bereziek irailaren edo martxoaren 30a baino lehen hartu beharko dute erabakia, hurrenez hurren..

29. artikulua.- Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egiteko bete beharreko baldintzak

Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egin ahal izateko, honako baldintza guzti hauek bete beharko dira:
1.- Ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi den irakasgaian matrikulatuta egotea eskaria egiten den ikasturtean.
2.- Titulazioan ebaluazio bereziaren bidez gainditu daitezkeen kredituen % 90 gaindituta edukitzea. Ezin izango da inola ere ebaluazio berezirik eskatu Gradu Amaierako Lanerako eta Practicumerako.
3.- Gehienez ere, titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango da. Salbuespena izango da irakasgai bakarrak titulazioko ECTS kredituen % 6 baino gehiago izatea: horrelakoetan irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskaria egin ahal izango da.
4.- Ikasleak ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi duen irakasgaiko hiru deialdi, behintzat, erabilita izatea.
5.- Deialdietakoren batean, gutxienez, hiru puntuko kalifikazioa lortuta izatea.
Baldintza hauek betetzeak ez du esan nahi automatikoki irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gaindituko direnik. Gainditzea edo ez gainditzea kasuan kasuko epaimahai bereziak adostu beharko du, kontuan izanda hurrengo artikuluan ezarritako irizpideak.

30. artikulua.- Ebaluazio berezirako eskaria ebazteko irizpideak

a) Ebaluazio berezirako eskaria jaso eta 29. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatu ondoren, epaimahai bereziek onartu egingo dituzte ondoko baldintzak betetzen dituzten eskari guztiak:

  • Ikasleak irakasgaiko lau deialdi, behintzat, erabilita izatea.
  • Deialdietakoren batean, gutxienez, lau puntuko kalifikazioa lortuta izatea.
  • Gradu Amaierako Lana kenduta, titulazioa amaitzeko geratzen zaion azken irakasgaia izatea.

b) Ebaluazio berezia eskatzeko baldintzak bete arren ez badira betetzen aurreko atalean adierazitako baldintzak, irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzea dakartenak, ikastegiko epaimahai bereziak honako hauek izango ditu kontuan eskariak ebazteko, kasuan kasuko sailaren txostena jaso eta aztertu ondoren:

  • Lehenik eta behin, ikastegiko batzorde akademikoak onartutako irizpideak, unean uneko ikasturteko matrikula aldia baino lehen argitaratuko direnak. Epaimahai bereziek onartu egingo dituzte irizpide horiek betezen dituzten eskari guztiak.
  • Ebaluazio berezia eskatzeko baldintzak bete arren ez badira betetzen ikastegiko batzorde akademikoak onartutako irizpideak, honako hauek hartuko dira kontuan eskaria ebazteko: ikaslearen espediente osoa( besteak beste, ikasketetan emandako denbora) eta ikaslearen errendimendu akademikoari zuzenean eragiten dioten egoera hauek, ikasleak berak alegatu eta justifikatu beharko dituenak: %33ko desgaitasun maila edo handiagoa izatea; hiruhileko bat edo gehiago ematea gaixorik; lan arrazoak; genero indarkeriaren biktima izatea; erditzea, adopzioa, harrera edo hiru urte baino gutxiagoko semealaben ardura izatea; ikaslearekin bizi den mendeko senidea zaintzea; goi mailako kirolaria izatea; ezohiko emaitzak izatea ebaluazio berezia eskatzen den irakasgaian, espedienteko gainerakoekin alderatuta; eta errendimendu akademikoari zuzenean eragiten dioten beste egoera batzuk, ikasleak alegatu eta justifikatuak.

Ikategiko epaimahai bereziak hartuko duen erabakia arrazoitu egin beharko da.

31. artikulua.- Epaimahai bereziak eratzea

1.- Epaimahai Berezia balioz eratzeko beharrezkoa izango da gutxienez kideen erdiak bertan egotea. Dena dela, epaimahaiburua eta idazkaria, edo ordezkoak, beti egon beharko dira.
2.- Epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgairen baterako egin bada eskaria, ikastegiko dekano edo zuzendariak ordezkoa izendatu beharko du.

32. artikulua.- Epaimahai berezien erabakiak

1.- Eskaria aztertu baino lehenago, ikasleak izan duen ibilbide akademikoari eta ikasleak ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi duen irakasgaian izan duen parte hartzeari buruzko txostena egiteko eskatuko dio epaimahaiburuak irakasgaiaren ardura duen sailari. Txosten hori idatziz bidali beharko du sailak, arrazoiak emanda, hamar egun naturaleko epean.
2.- Erabakia hartzeko, epaimahaiak kontuan izan beharko ditu aipatutako txostena eta ikaslearen espediente osoa.
3.- Erabakia ez bada hartu aho batez eta berdinketa gertatu bada, epaimahaiburuaren kalitateko botoak izango du lehentasuna.
4.- Epaimahai Bereziak eskari egileari helaraziko dion erabakian zehatz jasota egon beharko dira arrazoiak.

33. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa

Epaimahaien erabakien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio graduko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordetzari hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

34. artikulua.- Epaimahai berezien bileren aktak

1.- Idazkariak bileraren akta egingo du, kasu bakoitzean hartutako erabaki arrazoitua jasota. Erabakia eskariaren aldekoa edo kontrakoa besterik ezin izango da izan.
2.- Akta helaraziko zaie prozeduran interesatuak diren guztiei.

35. artikulua.- Irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko erabakiaren ondorioak

1.- Erabakia aldekoa bada, ikastegiko idazkari akademikoak honako ohar hau sartuko du eskaria egin duen ikaslearen espedientean: "5.0 – Ebaluazio bereziaren bidez gainditua".
2.- Erabakia aldekoa izanez gero, ikasleak deialdi bat agortuko du. Kontrakoa izanez gero, ordea, ikasleak ez du deialdi hori agortuko.
3.- Espedientea barematzerakoan, ebaluazio bereziaren bidez gainditutako irakasgaiaren balioa 5,0 izango da.
4.- Espediente akademikoan jasota geratuko da ebaluazio bereziaren bidez gainditu dela irakasgaia, eta data, epaimahaiaren erabakiarena izango da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

UPV/EHUko Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da UPV/EHUko Ikasleen Arautegiko V. tituluaren II. kapitulua, graduko ikasketa ofizialei dagokienez. Halaber, indargabetuta geratzen dira lehendik emandako zirkular, xedapen eta erabaki guztiak, arautegi honetan ezarritakoarekin bat ez datozen guztian.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Arautegi hau 2017/2018 ikasturtean sartuko da indarrean.