normativa_permanencia_grado

Gradu ikasketetarako iraunkortasun arautegia

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, 2010eko uztailaren 14ko bileran, ikasleek EHUn Iraute Arauak onetsi zituen.

2014ko martxoaren 26ko erabakiaren bidez aldatua eta 2014ko apirilaren 15ean argitaratua EHAAn

1. ARTIKULUA. Baldintza akademikoak

  • 1.1. UPV/EHUko ikasleek bete beharreko baldintza akademikoak:
    • a) UPV/EHUn graduko titulazioren bateko lehenengo mailan lehen aldiz matrikulatzen den ikasleak maila horretako irakasgai guztietarako egin beharko du matrikula.
    • b) Ikasleak lehenengo mailako eskola zamaren gutxienez % 15 gainditu beharko du (kreditutan neurtuta), ohiko eta ezohiko deialdietan.
    • c) Matrikulako bigarren urtearen amaieran, aldiz, ikasleak lehenengo mailako eskola zamaren gutxienez % 30 gainditu beharko du (kreditutan neurtuta).
  • 1.2 b) eta c) ataletan ezarritako baldintzak betetzen ez dituenak ezingo du ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.
  • 1.3. 1.2. atalean azaldutako egoeran dagoen ikasleak beste titulazio bateko ikasketak hasi ahalko ditu, balorazio irizpideen eta plazak esleitzeko ikasturte bakoitzerako zehaztutako irizpideen arabera (irizpideok Gobernu Kontseiluak onartzen ditu unibertsitateko titulazioetan sartzeko prozedurari buruzko legedia garatzeko). Bigarren titulazioan ikasten hasi eta ez badu 1.1. atalean zehaztutakoa betetzen, ezin izango du beste ikasketarik egin UPV/EHUn, harik eta bi ikasturte UPV/EHUtik kanpo eman arte.

2. ARTIKULUA. Ikasturte bakoitzerako matrikula

  • 2.1. Ikasleak aurreko mailetan gainditzeke dituen irakasgai guztietan matrikulatu behar du.
  • 2.2 Ikasleak gehienez 60 kreditu berritarako egin dezake matrikula. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezingo du 90 kreditu baino gehiagotan matrikulatu.

3. ARTIKULUA. Irakasgai bakoitzerako deialdi kopurua eta azterketa eskubideari uko egitea

  • 3.1. Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako.
  • 3.2 Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.
  • 3.3. Irakasgaiaren gidaliburuak adierazi beharko du zelan egin diezaiokeen uko ikasleak ebaluazio deialdi bati.
  • 3.4seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako arauei jarraituz.

Ikastegian ikasleren bat badago bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile lanetan jardun gabeak izan daitezela zainduko da, ahal den neurrian.

  • 3.5. Sei deialdiak behin agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdi bakar bat eska dezake UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez.Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia UPV/EHUko errektoreak emango du, kontuan hartuta ikaslearen espediente akademikoa eta beste gorabehera batzuk
  • 3.6 Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

4. ARTIKULUA. Matrikulako urte kopurua

  • 4.1. Ikasleak matrikulako urte kopurua mugatua izango du bere graduko ikasketak amaitzeko; zehazki, graduak dituen maila kopurua eta beste bi urte gehiago izango ditu.
  • 4.2 Matrikulako urte horiek agortuta ez baditu graduko ikasketak amaitu, salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoitu ostean, beste urte bat eska dezake. Horretarako, ikastegiko dekanoari edo zuzendariari idatzia aurkeztu beharko dio. Honek erabakia hartzerakoan kontuan hartuko ditu ikaslearen ikasketen espedientea eta beste gorabehera batzuk.
  • 4.3 Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hartutako erabakiaren kontra egin daiteke Unibertsitateko errektoreari gorako errekurtsoa aurkeztuz hilabeteko epean.

5. ARTIKULUA. Egoera bereziak

Ikasleari ez zaizkio ezarriko 1.2., 4.1. eta 4.2. artikuluetan zehaztutakoak, baldin eta honako egoera bereziren batean badago:

  • Eskola aldian ikaslea gaixorik egon bada hiruhileko batean baino luzaroagoan. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko du.
  • Objektiboki baloratu daitekeen beste egoeraren bat.

Egoera horietakoren batean egonez gero, alegazioa ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko du ikasleak dekanoari/zuzendariari zuzendutako idatziaren bidez, eta dekanoak/zuzendariak emango du eskariari buruzko erabakia.

6. ARTIKULUA. Arduraldi partzialeko ikasleak

  • 6.1 Arduraldi partzialeko ikasletzat joko dira 60 kredituz azpiko matrikula egiten duten guztiak.
  • 6.2 Matrikula egiteko urte kopurua kalkulatzerakoan (4.1 atalean zehaztuta), arduraldi partzialeko matrikulak urte erdi gisa zenbatuko dira.
  • 6.3. Arautegi honetako 1.1a) artikuluaren arabera, lehenengo mailako irakasgai guztietan matrikulatu behar duten ikasle berriek beren matrikula "arduraldi partzialera" aldatzeko eskaera egin ahalko diote ikastegiko dekanoari/zuzendariari ikasturte akademiko bakoitzeko irailaren 15a baino lehen, edo, matrikula egun hori igaro ondoren egin bada, matrikula egin ondorengo bost egun baliodunen barruan.
    Ikastegietako dekanoek/zuzendariek honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleei baino ez diete baimenduko arduraldi partziala:
    1. %33ko ezintasun maila edo handiagoa ofizialki aitortuta duten ikasleak. Ezintasuna eta ezintasun maila agiri bidez egiaztatu beharko dituzte.

    2. Adingabeak edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak ardurapean izanik, familia unitatea osatzen duten ikasleak. Egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko dute.

    3. Lanean ari diren ikasleak. Gizarte Segurantzaren Alta eta dagokion lan kontratua aurkeztuta, astean 20 ordutik gorako lanaldia dutela eta lanaldi hori eta eskoletara joatea bateraezinak direla egiaztatu beharko dute.

    4. Goi mailako kirolari, teknikari eta epaileak edo errendimendu handiko kirolariak. Egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko dute, indarreko legediaren arabera.

    5. Presondegietan diren pertsonei buruzko UPV/EHUren protokoloa aplikagarri zaien ikasleak.
  • 6.4. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak erabaki arrazoitua emango du eta erabaki horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio unibertsitateko errektoreari hilabeteko epean

     

7. ARTIKULUA. Matrikula baliogabetzea

  • 7.1. Ikaslearen eskariari jarraituz matrikula baliogabetuz gero, ikasle horrek ez duela matrikularik egin ulertuko da iraute hauen ondorioetarako.
  • 7.2. Ikasleak matrikula baliogabetzeko duen epea abenduaren 31n bukatuko da.
  • 7.3. UPV/EHUk berak bere kabuz baliogabetuko du matrikula, baldin eta ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko zehaztutako baldintzaren bat edo ez badu matrikula ordaindu zehaztutako epeen barruan.

8.- ARTIKULUA. Prozedura

  • 8.1. Arautegi honekin zerikusia duten eskariak (3.5. atalean adierazitakoa salbu) ikastegiko dakanoari/zuzendariari zuzendu beharko zaizkio. Hark hartutako erabakiaren kontrako errekurtsoa, ordea, errektoreari hilabeteko epean.
  • 8.2. Arautegi honetan jaso ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako prozedura ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Desagertzear dauden diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza tekniko, ingeniaritza, arkitektura tekniko eta arkitekturan matrikulatutako ikasleei Gizarte Kontseiluak 2005ean onartutako iraute arauak ezarriko zaizkie (2006ko urtarrilaren 17ko EHAAn argiratuak). Hori horrela izango da harik eta ikasketa horiek erabat desagertu edo graduko ikasketetara egokitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak 2005ean onartutako iraute arauak indargabetzen ditu, bai eta arau haiek garatzeko zehaztutako xedapen guztiak ere, kalterik egin gabe Xedapen Iragankorrean ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Iraute arau hauek 2014/15 ikasturtearen hasieran jarriko dira indarrean, graduko ikasketak ezartzen direnean.

Bigarrena. Errektoreak, urtero-urtero, arautegi honen emaitzen eta ezarpenaren berri emango dio Gizarte Kontseiluari.