Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia
V. Kapitulua. Irakaskuntza-ikaskuntzaren plangintza
49. artikulua. Prestakuntza programa eta irakaskuntza gidak.
1. Ekainaren 1erako ikastegiak argitaratuta izan behar du bere webgunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, bertan, honako hauek gutxienez: ikasle bakoitzak izan beharreko arduraldia ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzaren ustezko ordutegia.
2. Epe horretan bertan bere webgunean ikasleen esku jarri beharko ditu ikastegian ematen diren titulazioetako irakasgaien irakaskuntza gidak, kasuan kasuko sailek onartuak, baita ebaluazio proben eta irakaskuntzako bestelako jardueren egutegia ere. Irakasgai bakoitzaren irakaskuntza gida e‑Gelan emango da argitara lehenengo eskola astean, eta bertan egongo da ikasturtea amaitu arte, ikasleek eskuragarri izan dezaten.
3. Irakaskuntza gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzerako eta bertan jasoko dira, gutxien dela, prestakuntzaren helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluazio sistema, baita ebaluazio irizpide eta adierazle espezifikoak ere, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero. Prestakuntzaren helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute, eta ikasketa planean onartutakoarekin bat etorri beharko dute.
4. Irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, saileko kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere.
5. Titulazio zehatz bateko irakasgairen bat sail batek baino gehiagok ematen badute (ikastegi edo atal batean baino gehiagotan), sailen artean adostu beharko da oinarrizko programa.
6. Zuzenean ikastegi baten menpe dauden gai edo irakasgaien irakaskuntza gidak ikastegi horretako batzarrak onartu beharko ditu.
7. Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.
8. Ikastegiak horri buruzko informazioa eskatuko die sailei behar beste denboraz.
50. artikulua. Jarduera akademikoen programazioa eta ordutegiak.
1. Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar‑beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralen ordutegia zehaztea. Beste irakaskuntza mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.
2. Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, ikasle guztiei batera astean bi orduko tartea uzten gutxienez, beste jarduera batzuk egin ahal izateko. Era berean, baliabideek horretarako aukera ematen dutenean eta ikasketen plangintza orokorrak ahalbidetzen duenean, maila bateko nahitaezko irakasgai guztiak txanda berean emateko ahalegina egingo da.
3. Argitaratutako programazioan jarduera bakoitzaren ardura izango duen irakaslearen izena agertuko da.
4. Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.
5. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak, baliabideen arabera ahal den neurrian, talde bidaiak eta ikasketa bidaiak sustatuko ditu. Bidaiok aldez aurretik programatuko dira, denbora nahikoaz, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzeko.
51. artikulua. Irakaskuntza antolatzeko plana.
1. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hurrengo ikasturterako irakaskuntza antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei eta sailek, berriz, ikastegi bakoitzari jakinaraziko diote bertan eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanaren behin betiko esleipena, tutoretza orduak barne.
2. Ikastegiaren eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari lanak egingo dituen irakasle bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari.
Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraikiz izendatuko da, baina, ahal dela, ikastegiari atxikita dagoen eta bertan eskolak ematen dituen irakasle bat izango da.
52. artikulua. Tutoretzak.
1. Ikasleek eskubidea dute ikasketa prozesuan banakako laguntza eta orientazioa jasotzeko, ikasturtean zehar egingo diren tutoretzen bidez.
2. Ikastegi bakoitzeko dekanotzak edo zuzendaritzak tutoretzen ordutegia argitaratuko du, lauhileko bakoitza hasi aurretik, bai ikastegiaren webgunean bai kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoan.
3. Tutoretzen ordutegian aldaketarik eginez gero, irakasleak kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoan grabatu beharko du aldaketa. Hiru egun edo gutxiagoko aurrerapenarekin justifikatutako aldaketen kasuan, aldaketa hori ikastegiko zuzendariak edo dekanoak edo saileko zuzendariak baimendu beharko du, eta ahal bezain laster jakinarazi beharko zaie ikasleei e‑gelaren bidez, eta ohar bat ere jarriko da tutoretza egin behar zen bulegoan.
4. Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin arte.
5. Talde bakoitzeko irakasleen izen-abizenak kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoko irakats eskaintzaren moduluan sartuko dira, NAN zenbaki eta guzti, kalifikazio orrietan eta aktetan izen-abizenak ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapenak egitea.
53. artikulua. Titulazioko, mailako eta moduluko koordinatzaileen araubidea.
1. Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, ikastegiko batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta maila edo moduluko koordinatzaileak ere.
2. Mailako edo moduluko koordinatzaileak mailako edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira, baita irakasle taldeen koordinazioaz, ikasleen lanaren banaketa orekatuaz eta prestakuntza prozesuaren etengabeko hobekuntzarako proposamenaz ere, maila edo moduluan zehar jasotako datu eta ebidentzietan oinarrituta.
54. artikulua. Gradu batean irakasle batek baino gehiagok ematen dituzten irakasgaietako koordinatzaileen araubidea.
1. Ikastegi edo atal batean graduko irakasgai bat irakasle batek baino gehiagok ematen badute, nahitaezkoa izango da irakasle guztiak koordinatzea. Horretarako, irakasgaiko koordinatzaile bat egon beharko da.
2. Irakasgaiko koordinatzailea irakasgaiaren ardura duen saileko kontseiluak izendatuko du, ikasturte bakoitzerako, irakasgaia ematen duten irakasleen artetik. Adostasunik ez badago, saileko kontseiluak irakasgaia ematen duten irakasleen artean kategoria eta antzinatasun handiena duen irakaslea izendatuko du koordinatzaile bi ikasturtez jarraian aritzeko. Hurrengo ikasturtean, gainerako irakasleen artetik kategoria eta antzinatasun handiena duena izendatuko litzateke.
3. Irakaskuntza jarduerak koordinatzeko, honako eginkizun hauek bete beharko dira:
a) Irakasgaiko koordinatzaileak Irakaskuntza Gidaren proposamena gainbegiratu eta eguneratuko du, irakasgaia ematen duten gainerako irakasleekin ados jarrita, saileko kontseiluak onar dezan.
b) Irakasgaia ematen duten irakasleek Irakaskuntza Gidaren arabera programatu beharko dute irakasgaia; irakasgaiko koordinatzaileak gainbegiratu beharko du hori hala dela talde guztietan, edozein dela ere hizkuntza eta irakasle kopurua.
c) Irakasgai bera ematen duten irakasleak gutxienez ikasturtean bitan bilduko dira beren irakaskuntza jarduerak koordinatzeko: behin irakasgaia ematen hasi baino lehenago eta behin irakasgaia ematen amaitu ondoren, emaitzen argitan. Irakasgaiko koordinatzaileak egingo du deia bilera horietako, bai eta koordinazioa bermatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion gainerako guztietarako.
d) Ikasturtea amaitzean irakasgaiko koordinatzaileak txosten bat egingo du, programazioaren garapenari buruzko informazioarekin. Aipatuko ditu gorabehera nagusiak eta, halakorik dagoenean, hobekuntza proposamenak egingo ditu. Txostena saileko zuzendariari eta titulazioko koordinatzaileari aurkeztuko die.
55. artikulua. Proba baten data aldatu beharra hainbat irakasgairen ebaluazio probak batera suertatzeagatik.
Data aldatu behar denean, honako hauek hartuko dira kontuan, Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiko 6. artikuluari jarraituz:
a) Nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, goragoko mailakoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute beste data bat.
b) Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da.
56. artikulua. Ebaluazio probaren ziurtagiria.
Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.
57. artikulua. Unibertsitatea itxita egongo den aldiak.
Gobernu organoen erabakiz unibertsitatea itxita egongo den aldiak baliogabeak izango dira epeak zenbatzeko eta ebaluazio probak egiteko.