Gestiorako arautegia: Sarbidea eta onarpena

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia

II. Kapitulua. Sarbidea eta onarpena

4. artikulua. Graduetan sartzeko bideak

1. UPV/EHUn sartzeko eskaria egin nahi duten ikasleek bide hauetakoren bat erabili beharko dute:

a) Batxilergoa izatea eta unibertsitatera sartzeko proba edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) UPV/EHUn gainditzea.

b) Batxilergoa izatea eta unibertsitatera sartzeko proba edo USE beste unibertsitate batean gainditzea.

c) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua, Arte Plastiko edo Diseinuko goi mailako teknikari titulua, edo goi mailako Kirol teknikari titulua edo baliokidea izatea.

d) Europako Batxilergoko titulua edo nazioarteko Batxilergoko titulua izatea.

e) Ikasketak egin izana Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetan edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetan, eta betetzea kasuan kasuko hezkuntza sisteman unibertsitateetara sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak.

f) 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gainditzea. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak publikoak ez diren unibertsitateetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan‑banan aztertuko dira.

g) 45 urtetik gorakoentzako proba UPV/EHUn gainditzea.

h) Lan esperientzia egiaztatzea.

i) Unibertsitateko titulazioa izatea.

j) Ikasketak egin izana Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetan, baina ez betetzea kasuan kasuko hezkuntza sisteman unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak, edo ikasketak Europar Batasunekoak ez diren estatuetako hezkuntza sistemetan eginda izanik, Espainiako hezkuntza sistemara homologatutako Batxilergoko titulua izatea eta unibertsitatera sartzeko proba gainditua. Modalitate honetan, Unibertsitatera Sartzeko Proba  UPV/EHUn egin ahal izango da.

5. artikulua. Plazen erreserba talde espezifikoetarako.

1. Kupo hauek ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako:

a) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleentzat: plazen % 2.

b) % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat eta, desgaitasunarekin lotutako hezkuntza premia berezi iraunkorrak izanik, aurreko ikasketak normaltasun osoaz egiteko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat: plazen % 5.

c) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat: plazen % 3 (% 5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren eta Fisioterapiako Graduaren kasuan).

d) 25 urtetik gorakoentzako sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 2.

e) 45 urtetik gorakoentzako sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

f) Lan esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

2. Gradu bikoitzen kasuan, berriz, eskainiko diren plazak izango dira bakar‑bakarrik kupo orokorreko ikasleentzat (Batxilergoa gehi USPa eta Goi Mailako Heziketa Zikloa). a), d), e) eta f) kupoentzat izango liratekeen plazak gehituko zaizkie jatorrizko graduetan talde horiei eskainiko zaizkien plazei.

6. artikulua. Onarpen eskaria (izena ematea).

1. Ikasleek onarpen eskari bakar bat aurkeztu ahal izango dute UPV/EHUn ikasturte bakoitzean. Eskaria bakarra izango da unibertsitatean sartzeko bidea dena delakoa izanda, unibertsitatean onartua izateko eskaria modalitate batetik baino gehiagotatik egin arren, edota unibertsitatean sartzeko proba nahiz graduan sartzeko aukera ematen duen goi mailako heziketa zikloa ohiko deialdian zein ezohiko deialdian gainditu.

Indarrean dauden arauei jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotatik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleek eskari bakarra egitean gauzatu beharko dute aukera hori.

2. Onarpen eskaria baliozkoa izan dadin, osorik bete behar da eta eskariaren gordekina eskuratu. Prozesua ez bada osatzen eta eskariaren agiria ez bada eskuratzen, ulertuko da eskaria ez dela bete, eta, ondorioz, interesduna UPV/EHUn sartzeko prozeduratik kanpo geratuko da.

3. Onarpen eskariak behin‑behinekoak izango dira 9. artikuluan zehaztutako agiriak UPV/EHUn jaso eta egiaztatu arte. Unibertsitateak dokumentazio hori behin jaso eta egiaztatutakoan, behin betiko bihurtuko dira.

4. Egindako eskariarekin batera aurkeztu ez ziren ikasketak edo kalifikazioen aldaketaren bat aurkeztu nahi izanez gero, Sarbide Bulegora bidali beharko da dokumentazio berria, konpultsatua edo EKSrekin, betiere tramiteen egutegian zehaztutako epearen barruan.

5.  Unibertsitateko tituludunak ezin izango dira sartu graduko ikasketetan, baldin eta graduko ikasketa horiek ikasleak bukatuta dituen ikasketen ordezko badira eta graduko ikasketen parekoa edo maila handiagokoa bada titulua. Unibertsitateko tituludunak ezingo dira sartu, ezta ere, gradu bikoitzeko ikasketetan, baldin eta daukaten titulua gradu bikoitza osatzen duten ikasketetako bati badagokio.

7. artikulua. Eskatu ahal diren graduko ikasketen kopurua eta graduak esleitzeko lehentasun hurrenkera.

1. Ikasleek matrikularako zortzi gradu eskatu ahal izango dituzte gehienez unibertsitatea sartzeko eskari bakarrean, eta gradu horiek esleitzeko lehentasun hurrenkera ere adieraziko dute.

2. Behin onarpen prozedura hasita, ez da onartuko, inolaz ere, plaza eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta eskari egileak eskarian ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.  

8. artikulua. Onarpen eskariak eta agiriak aurkezteko modua eta epea.

1. Onarpen eskariak online baino ez dira egingo, UPV/EHUren webgunearen bidez (www.ehu.eus), sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den datan.

2. Dokumentazioa, 9. artikuluan zehaztutakoa, graduko tramiteen egutegi ofizialean adierazitako epean aurkeztu beharko da: EKSdun dokumentuak badira, modu elektronikoan, onarpen eskaria aurkeztean; edo posta ziurtatuaren bidez helbide honetara bidalita: Sarbideko Bulegoa, 1.397 posta kutxatila, 48080 Bilbo.

3. Sarrera probaren ezohiko deialdikoa edo Lanbide Heziketakoa izateagatik ikasleak ez baditu betetzen baldintza akademikoak onarpen eskaria aurkezteko epearen barruan, eskuratzen dituenean bidaliko ditu aipatutako agiriak unibertsitatera, eta hurrengo onartuen zerrendan sartuko da horrek ematen dizkion eskubideekin.

9. artikulua. Gradu baterako onarpen eskaria egitean aurkeztu beharreko agiriak

Honako hauek dira onarpen eskaria egiteko aurkeztu beharreko agiriak:

a) UPV/EHUren webgunearen bidez egindako onarpen eskariaren gordekina.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Honako hauen fotokopia erkatuak edo EKSdunak: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiri akademikoa, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa (titulazioa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleek izan ezik), UHUNek emandako ziurtagiria, edo unibertsitatera sartzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein agiri.

d) Desgaitasunak dituzten ikasleentzat edo, desgaitasunarekin lotutako hezkuntza premia berezi iraunkorrak izanik, aurreko ikasketak normaltasun osoaz egiteko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat gordetako plazak eskatu nahi dituzten ikasleek, bai eta goi mailako edo goi errendimenduko kirolarientzat gordetako plazak eskatu nahi dituzten ikasleek ere, egoera hori egiaztatzen duen agiriak (edo agiria) aurkeztu behar dituzte, kasuan kasuko administrazioak emanak.

e) Ikasleei eskatzen bazaie hizkuntza jakin batean B2 maila izatea gradua egiteko, gradu hori egin nahi duten ikasleek maila hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, kasuan kasuko erakunde eskudunak emana.

10. artikulua. Onarpen eskariak ebazteko beharrezkoak diren agiri osagarriak.

Onarpen eskariak ebazteko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiri osagarriak eska ditzake unibertsitateak.

11. artikulua. Ikasketa ofizialak hasita dituzten ikasleen onarpena.

1. Aipatutako ikasleek aukera hauek dituzte UPV/EHUko gradu batean sartzeko:

a) Berriro egin dezakete onarpen eskaria prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta ikasle berritzat hartuko dira; hau da, sarrera proban lortutako kalifikazioa edo parekoa hartuko da kontuan. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute 7. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

b) Era berean, ikasketak hasita dituztenez, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute lekualdaketa, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztuko den epearen barruan. Eskari horiek ikastegiko dekanotzak/zuzendaritzak ebatziko ditu, errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta, betekizun hauei jarraikiz:

1º. Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.

2º. UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.

3º. Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren webgunean egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.  

Ikastegiak kontuan har ditzake, aldez aurretik hala erabaki eta argitara eman badu, ikasleak justifikatutako beste egoera batzuk, zuzenean eragiten diotenak ikaslearen egoera akademikoari.

2. Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartua izan dela egiaztatu ondoren.

3. Lekualdaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, erabilitako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatuta izango ditu bi deialdi.

4. Gradu bera ematen duten ikastegiek plaza kopuru bat gorde ahal izango dute beren jatorrizko ikastegian ematen ez den aipamen bat egin nahi duten ikasleen lekualdaketa eskarientzat. Horretarako, tartean diren ikastegietako batzarren erabakia beharko da. Erabakian zehaztuko da zenbat plaza gordeko diren eta zein baldintzatan egingo diren lekualdaketak, eta informazio hori ikastegietako webguneetan argitaratu beharko da lekualdaketak eskatzeko epea hasi aurretik.

5. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

6. Onartutako ikasle horien berri eman beharko die ikastegiak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzari.

12. artikulua. Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleen onarpena.

1. Aipatutako ikasleek aukera hauek dituzte UPV/EHUn sartzeko:

a) Ikasle horiek izena emateko prozesuan har dezakete parte, 4. artikuluan aipatzen diren bideetakoren bati jarraituta.

b) Era berean, lekualdaketa eskatu ahal izango dute, betiere baliozkotu edo aitortu ahal bazaizkie 30 kreditu, gutxienez.

Ikasle horiek onarpen eskaria aurkeztu beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztutako epearen barruan, eskariarekin batera arautegi espezifikoan zehaztutako agiriak aurkeztuta; eskari horiek dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta.

2. Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren webgunean egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.

3. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

4. Onartutako ikasle horien berri eman beharko die ikastegiak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzari.

13. artikulua. Utzitako ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleen onarpena.

1. Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriro hartu nahi dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztutako epearen barruan, eta dekano edo zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.

2. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

14. artikulua. Ikasketak hasita dituzten goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien onarpena.

1. Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi izanez gero, espedientea lekuz aldatzeko eskaria egin beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko egin beharreko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketaren bidezko onarpenerako zehaztutako epearen barruan. Eskari horiek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan lekualdaketetarako dauden plazak esleitzean, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoak, 9. artikuluko 10. atalean zehaztutakoarekin.

2. Ezarritako epetik kanpo, esleitu gabeko plaza hutsak geratu direnean baino ez dira onartuko era honetako lekualdaketak.

3. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

15. artikulua. Plazak esleitzea.

Plazen esleipena ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan edo dekretu hori ordezkatuko duen arauan zehaztutako lehentasunei jarraituz egingo da, ikasleak adierazitako hurrenkera errespetatuz eta irizpide hauek kontutan hartuta:

a) Gordetako plazak dituzten taldeen kupoetako zenbait plaza, printzipioz, sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie, salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek betetzen diren titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasuko ehunekora arte onartuko dira.

b) Baimendutako plaza muga igoko da aurreko ikasturteko urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori kasuan kasuko ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasun hurrenkera zehatz‑mehatz gordez.

16. artikulua. Graduko ikasketetan onartua izateko notaren kalkulua.

1. Graduko ikasketetara sartzeko eskariak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartar kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta.

2. Ikasleak unibertsitateko tituluren bat badu, unibertsitateko espedienteko batez besteko nota irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan zehaztutakoari jarraituz kalkulatuko da. Aurkeztutako ziurtagiri akademikoaren bidez ezinezkoa bada batez besteko nota zehaztea, honetara kalkulatuko da:

a) Sarbideko kalifikazioak homologatzearren, kalifikazio kuantitatiborik ez dagoenean, taula honetako irizpideen arabera zehaztuko da kalifikazio kualitatiboaren zenbatekoa: baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietarako); nahikoa: 5,5; oso ongi: 7,5; bikain: 9; ohorezko matrikula: 10.

b) Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako irakasgaien kalifikazioak batuko dira, aurreko taulako balioak erabilita, eta emaitza zatituko da titulazioko irakasgaien kopuruaz. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren balioaren erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

c) Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako irakasgai bakoitzaren kreditu kopurua biderkatuko da bere kalifikazioaz, aurreko taulako balioak erabilita; gero, ateratzen diren emaitzak batuko dira eta batura zatituko da titulazioan guztira gainditutako kreditu kopuruaz.

d) Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu aitortuak.

17. artikulua. Ikasleak graduetan onartzeko prozesua.

1. Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen webgunean (www.ehu.eus) argitaratuko da, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztutako epearen barruan.

2. Unibertsitatean, oro har, sei ordenatze fase egingo dira, eta onartuen sei zerrenda emango dira argitara. Onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onartuen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; eta, horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.

Ordenatze bakoitzaren ostean, graduren bateko itxaron zerrendan dauden ikasleek beren onarpen eskaria berretsi beharko dute gradu bakoitzerako hurrengo ordenatze fasean, eta, beraz, itxaron zerrendan jarraitzen dutela. Berresten ez diren eskariak bertan behera utzitakotzat joko dira hurrengo ordenatze fasean.

3. Plaza guztiak bete ez dituzten graduen kasuan, azken onarpenaren ondoren itxarote zerrendarik ez badute, izena emateko beste epe bat irekiko da, plaza libreak bete arte. Epe hori gehienez ere amaituko da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean onarpen prozesua behin betiko amaitzeko zehaztutako datan.

4. Plazak bete ondoren itxarote zerrendak izaten segitzen duten graduen kasuan, onarpen prozesua behin betiko amaituko da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den datan, eta egun horretatik aurrera ez da egingo inolako aldaketarik graduetan sartzeko prozeduran.

18. artikulua. Ikasleei onartuta daudela jakinarazteko bidea.

Graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu onarpen eskariak. Ikasleari UPV/EHUn matrikula egiteko onartuta dagoela jakinarazteko bide ofiziala UPV/EHUren webgunea izango da; hau da, ikasleek ez dute jasoko jakinarazpen indibidualik. Erabaki horren aurka interesdunek berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote graduen arloko eskumenak dituen errektoreordeari.

19. artikulua. Onartutako ikasleen matrikula.

1. Ikasleak berak egin behar du matrikula, ez beste inork, jakinaraziko zaizkion egunetan eta kasuan kasuko artikuluan (34., 35. edo 36. artikulua) adierazitako dokumentuak aurkeztuta.

2. Matrikula egin ahal izango da Internet bidez (automatrikula) edo kasuan kasuko ikasketak ematen dituen unibertsitateko ikastegian. Gradu guztiek ez dituzte matrikula egiteko sistema berberak eta, beraz, unibertsitatearen webgunean ikusi beharko da zein den gradu bakoitzak erabiltzen duena.

3. Ikasleak ez badu matrikula egiten zehaztu zaion egun eta orduan, ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egin diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Gero, beranduago, ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu, eskariak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero baino ezingo luke egin matrikula.

4. Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta beka eskaria aurretik egina izan beharko du.

20. artikulua. Onarpen eskarien aldaketak eta onarpen eskari berriak ebazteko irizpideak.

Bai onarpen eskari berriak eta bai aurkeztutako onarpen eskarien aldaketak eskari berritzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Plaza libreak dituzten graduetarako onarpen eskariak onetsi egingo dira.

b) Plazarik geratzen ez den graduetarako onarpen eskariak ezetsi egingo dira.

21. artikulua. Proba berezia Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.

1. Ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, proba berezia ezartzen da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.

2. Proba hori gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, bete beharko dira kapitulu honetan ezarritako sarbide, hautapen eta onarpen prozedura orokorrak.

3. Proba gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urteetan matrikula egin nahi izanez gero, berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute UPV/EHUn.

4. Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak antolatuko du proba eta epaimahaia izendatu, graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzarekin koordinazioan.

5. Probarako izena emateko epea izango da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztutakoa.

 

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko apiliraren 24an onartua eta 2024ko maiatzaren 6an EHAAan argitaratua