Reglamento de Gestión: Premios extraordinarios y

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia

VII. Kapitulua. Sari bereziak eta «Bikaintasunez graduatua» aitorpena

 

61. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak.

1. Graduko Batzordeak (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak eskumenak eskuordetuta) gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2. Karrera amaierako sari berezia jasotzeko hautagai izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofiziala lortzeko ikasketak amaitu dituzten graduko ikasleak.

3. Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak edo zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4. Ikastegi bakoitzeko batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. Prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetako irakasleek osatua, gutxienez. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo atalean zehazten den moduan.

5. Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

a) Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak. Ikastegiko batzarrak egokitzat jotzen dituen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.

b) Ikastegiak erabaki ahal izango du noiz ematen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.

c) Espediente akademikoa baloratzeko, aplikatuko dira irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuko irizpide eta baliokidetzak (irailaren 18ko BOE), edo une horretan indarrean dauden arauak.

d) Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta, ikastegiko batzarrak ezarritako irizpideei jarraikiz, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Horrelakoetan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6.- Saridunari ziurtagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota.

62. artikulua. Gradu bikoitzetako sari bereziak.

Gradu bikoitzetako sari bereziak emango dira UPV/EHUko gradu bikoitzei eta bi gradu aldi berean egiteari buruzko Arautegian adierazitakoaren arabera.

63. artikulua.- «Bikaintasunez graduatua» aitorpena lortzea.

1. «Bikaintasunez graduatua» aitorpena lortzeko baldintzak unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zituen 2017ko uztailaren 13an eta EHAAn argitaratu ziren 2017ko azaroaren 20an. Baldintza horietan esaten da, besteak beste, UPV/EHUk bikaintasunez graduatuaren aitorpena egingo diela graduko kreditu guztiak kasuan kasuko lehenengo ohiko deialdian gainditu dituzten ikasleei. Gehienez ere aitorpen bat egingo da gradu bakoitzeko azkenengo mailan matrikulatutako hamalau ikasleko multzo bakoitzeko edo hamalautik beherako ikasle multzo bakoitzeko.

2. Azaroaren 2an aplikatuko dira aitorpen hori egiteko baldintzak, ikasturtea urriaren 31n behin betiko itxi eta gero. Une horretatik aurrera kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoan kontsultatu ahal izango da informazioa. Data horretatik aurrera ez da aldaketarik egingo.

3. Aitorpena egin zaien ikasleen zerrenda bat jarriko da ikastegien eskura, ikastegiak interesdunekin harremanetan jar daitezen eta aukera eskain diezaieten, dagoeneko ziurtagiri akademikoa eta/edo TGE eskuratu badute, horren ordez beste bat eskuratzeko, aitorpen hori txertatuta daukana.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onartua eta 2024ko maiatzaren 6an EHAAn argitaratua