Breadcrumb

UIE-VIII-KAPITULUA

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

VIII. KAPITULUA. IKASLEEN PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARITZA

34. artikulua. Printzipio orokorrak.

Unibertsitateak, proiektu kolektiboa den aldetik, hura osatzen duten talde guztien parte hartzea bultzatu behar du. Ikasleek, unibertsitateko jardueraren protagonistak diren heinean, erantzukizun partekatua izan behar dute erabakiak hartzen direnean, demokratikoki aukeratutako ordezkarien bitartez gobernu organoetan parte hartuz. Sexuen arteko parekotasuna eta unibertsitateko kideen sektore garrantzitsuenen arteko oreka zaindu beharko dira.

35. artikulua. Ordezkariak aukeratzea.

1. Unibertsitateko ikasle guztiek konpromisoa daukate modu aktibo eta demokratikoan parte hartzeko beren unibertsitateko, ikastegiko eta saileko gobernu organoetan eta beren taldeetan, beren ordezkariak aukeratuta.

2. Hautesleak eta hautetsiak izan daitezke beren unibertsitateko estatutuetan eta horiek garatzeko arautegietan zehaztutakoaren arabera unibertsitatean matrikulatuta dauden eta titulu ofizial bat lortzera bideratutako ikasketak egiten ari diren ikasleak.

3. Unibertsitateek bultzatu egingo dute ikasleen parte hartze aktiboa aukeraketa prozesuetan eta horretarako beharrezko informazioa eta baliabide materialak emango dituzte, eztabaida sustatuko dute eta ikasleen parte hartzea pizteko mekanismoen diseinuan ikasleak tartean sartzeko moduak erraztu eta bultzatuko dituzte.

4. Titulu ofizial bat lortzera bideratutako ikasketak egiten ari diren ikasleen ordezkariak dira:

a) Beren kideek aukeraturik unibertsitateko kide anitzeko eta ordezkaritza organoetako kide diren ikasleak.

b) Beren kideek aukeraturik, unibertsitate bakoitzaren arautegiaren arabera, bestelako ordezkaritza eginkizunak betetzen dituzten ikasleak.

5. Ikasleen ordezkariek parekotasun printzipioa errespeta dezatela bultzatuko da eta parte hartzen duten gizon eta emakumeen kopurua proportzionala izan dadila. Horrez gain, ikasleen ordezkarien artean ezgaitasunen bat duten pertsonak ere egon daitezela bultzatuko da.

6. Titulu ofizial bat lortzera bideratuta ez dauden ikasketak egiten ari diren ikasleen ordezkaritza unibertsitate bakoitzaren arauek arautuko dute.

36. artikulua. Ordezkarien eskubideak.

Ikasleen ordezkariek eskubidea dute:

a) Beren ordezkaritzaz edo eskuordetzeaz askatasunez baliatzeko.

b) Beren iritziak askatasunez adierazteko, arauek eta pertsonekiko eta erakundearekiko errespetuak ezarritakoez bestelako mugarik gabe.

c) Ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko informazio zehatza jasotzeko.

d) Erabakiak hartzeko prozesuan eta politika estrategikoetan erantzukidetasunez parte hartzeko.

e) Beren eginkizun akademikoak ordezkaritza eginkizunekin bateragarri egiteko, prestakuntzari kalterik egin gabe. Unibertsitateek prozedurak arbitratuko dituzte aipatutako jarduerek ikasleen ordezkarien eginkizun akademikoei eragin ez diezaieten.

f) Ikasleentzat interesgarria izan daitekeen informazioa zabaltzeko gune fisikoak eta baliabide elektronikoak edukitzeko. Gainera, gune esklusiboak egongo direla bermatuko da, ez bakarrik hedakuntzarako, baita ordezkari lanak egiteko ere. Oinarrizkoa izango da informazio horrek formatu irisgarria izatea eta gune horiek egokituta egotea ezgaitasunen bat dutenen sarbidea eta parte hartzea errazteko.

g) Ikasleen ordezkari moduan dituzten eginkizunak betetzeko beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak izateko.

37. artikulua. Ordezkarien erantzukizunak.

Ikasleen ordezkariek honako erantzukizun hauek hartzen dituzte beren gain ordezkatzen dituztenekiko eta unibertsitate erakundearekiko:

a) Bileretara joatea eta unibertsitateko organoen aurrean ordezkatzen duten taldearen proposamenak, ekimenak eta kritikak bideratzea, unibertsitate bakoitzeko prozedurari jarraiki edozein ikaslek horrelakoak zuzenean aurkezteko duen eskubideari kalterik egin gabe.

b) Beren kargua dela-eta jasotako informazioa zuzen erabiltzea eta informazio konfidentziala ematen zaien kasuetan, konfidentzialtasun hori errespetatzea.

c) Unibertsitatearen ondasunak eta eskubideak babestu, sustatu eta defendatzea.

d) Ordezkatzen dituztenei kide anitzeko organoen jardueren eta erabakien eta eurek organo horietan egiten duten lanaren berri ematea.

38. artikulua. Ikasleen parte hartzea eta ikasleen elkarte, federazio eta konfederazioen sustapena.

1. Estatutu honek eta unibertsitateen beren arautegiek xedatutakoari jarraiki, ikasleen parte hartzea bultzatuko da gizarte elkarte eta mugimenduetan, bizikidetasunaren eta herritartasunaren balioetan heztearen adierazgarri.

2. Unibertsitatearen beraren helburuen barruan ikasleen elkarte, talde, federazio eta konfederazioen sorrera sustatuko da. Horien helburua izango da beren estatutuetan xedatutako moduan ikasleen intereseko jarduerak garatzea.

3. Ikasleek, bai bakarka, bai aipatutako taldeetan antolatuta, proaktibotasunez eta erantzukidetasunez lagundu behar dute honako hauek lortzen:

a) Oreka, parekotasuna eta aukera berdintasuna ikasleen ordezkaritzan eta elkarteen ordezkaritza organoetan.

b) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna proiektuak aurkezterakoan.

c) Ezgaitasunen bat duten ikasleen parte hartzearen sustapena.

d) Unibertsitateen konpromisoa jasangarritasunarekiko eta jarduera osasungarriekiko.

e) Beren jarduera burutzen duten campusen diseinua eta horietako politika estrategikoak, eta bereziki, campusen hobekuntza jasangarritasunaren, osasungarritasunaren eta solidaritatearen alderditik.

4. Unibertsitateek, euren aukeren barruan, elkarteen jarduerak garatzeko eta horien funtzionamendua bermatzeko lokalak eta baliabideak jarriko dituzte.

5. Unibertsitate gaietan eskumenak dituzten administrazioek eta unibertsitateek partidak izango dituzte aurrekontuetan elkarte horien kudeaketa eta ikasleek horietan parte hartzea diruz laguntzeko. Betiere berdintasun printzipioa errespetatuko da eta ez da inor diskriminatuko honako arrazoi hauengatik: sexua, arraza, erlijioa, nazionalitatea, ezgaitasuna, sexu orientazioa, genero identitatea edo bestelako egoera pertsonal edo gizarte arrazoiren bat.

6. Unibertsitateek, beren jarduera eremuaren barruan, ikasleen elkarteen erregistro bat eduki ahalko dute. Elkarte horietarako baldintzak eta funtzionamendu arauak zehaztu egin beharko dira.

39. artikulua. Nazio mailako eta nazioarteko erakundeetan parte hartzea.

1. Unibertsitateetako ikasleen elkarteek, hala erregistratuta badaude, eskubidea izango dute nazio mailako edo nazioarteko sareetan edo konfederazioetan integratzeko.

2. Integrazio hori gauzatzeko, unibertsitate gaietan eskumenak dituzten administrazioek eta unibertsitateek diru laguntzak sustatuko dituzte, eta, aldi berean, integrazio hori erraztuko duten baliabide materialak egon daitezela zainduko dute.