Unibertsitateko Ikasleen Estatutua
XIII. KAPITULUA. BALIOETAN HEZTEA
63. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Unibertsitateak bertan elkarrekin bizi direnen eta han ikasten eta lan egiten duten pertsonen prestakuntza osorako espazioa izan behar du. Horregatik, unibertsitateak baldintza egokiak izan behar ditu hark ikasleengan bultzatu nahi dituen balioak irakaskuntzan eta ikerketan egon daitezela bermatzeko. Balio horiek dira: askatasuna, berdintasuna eta solidaritatea, baita aniztasunarekiko errespetua eta haren balioaren aitorpena, bere historia era kritikoan onartuz. Horrez gain, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako balioak bultzatuko ditu maila desberdinetan eta unibertsitatean bertan islatuko ditu unibertsitateko langileei eskatzen dizkien eta gizartean proiektatu nahi dituen eredu etikoak. Ondorioz, unibertsitatearen jarduna zintzotasunak, egiazkotasunak, zorroztasunak, justiziak, eraginkortasunak, errespetuak eta erantzukizunak gidatu beharko dute.
2. Unibertsitateko jarduerak baldintza egokiak sustatu behar ditu ikasleek:
a) Autonomiaz lan egin dezaten eta euren erabakiak hartzeko eta horien arabera jarduteko gai izan daitezen;
b) Erantzukizunez joka dezaten eta euren ekintzen ondorioak bere gain hartzeko prest egon daitezen;
c) Zentzuz joka dezaten, euren onerako dena lortzeko gai izan daitezen eta hori lortzeko bidean besteekin bat egin dezaten;
d) Justiziaren zentzua izan dezaten eta legeak ezaguturik, beste batzuekin dituzten desadostasunak arrazoiz, objektibotasunez eta inpartzialtasunez konpontzeko prest egon daitezen;
e) Gaitasuna izan dezaten euren aukera eta erabakien ondorioek ukitutako pertsona guztiak euren erantzukizunaren eremuan sartzeko, bereziki euren interesak defendatzeko edo horien balioa agertzeko gaitasun gutxien dutenak.
3. Unibertsitateek ikasleen prestakuntzan balio hauek indartzera bideratutako neurriak sustatuko dituzte.