ELKARTEAK JARDUN EREMUAK

UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

II. KAPITULUA. JARDUN EREMUAK, PARTE HARTZEKO BALDINTZAK, EGOITZA ETA LOKALAK

57. artikulua.– Jardun eremua.

Ikasleen elkarteen jardun eremua UPV/EHU da. Elkarteek ikastegi batean edo gehiagotan jardungo dute, eta, hala behar izanez gero, unibertsitateko beste egitura batzuetan. Unibertsitate eremutik kanpo ere jarduerak egin ahal izango dituzte, betiere, horiek modu egokian egin badaitezke.

58. artikulua.– UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa aitortua izateko gutxieneko baldintzak.

1.– Elkarte bat UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa aitortua izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik inskribatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan edo elkarteen beste erregistro publiko batean.

2.– Era berean, UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa aitortua izateko, elkarteak, gutxienez, bost kide izan beharko ditu, eta errespetatu beharko du, edonola ere, honako osaera hau:

a) Elkarteko kideen % 70, gutxienez, UPV/EHUko ikasleak edo ikasle ohiak izan beharko dira.

b) Edonola ere, elkarteko kideen % 40 UPV/EHUko ikasleak izan beharko dira.

3.– Zuzendaritza batzordean ere bete beharko dira UPV/EHUko ikasle edo ikasle ohien portzentaje horiek.

Bestalde, zuzendaritzako kideak ezin izango dira aldi berean helburu sozial bera edo antzekoa daukan beste elkarte bateko zuzendaritzako kideak izan.

4.– UPV/EHUko ikasletzat hartuko dira titulu ofizialetan, berezko tituluetan edo bizitzan zeharreko prestakuntzako beste ikasketa espezifiko batzuetan matrikulatuta dauden pertsona guztiak.

59. artikulua.– Egoitza soziala.

UPV/EHUk aitortutako ikasleen elkarteek UPV/EHUn izango dute beren egoitza soziala. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, egoitza soziala UPV/EHUtik kanpo edukitzea onartuko da; alabaina, jakinarazpenak UPV/EHUko postontzira bidali beharko dira. Egoitza sozialaren aldaketa ikasleen arloko errektoreordetzari jakinaraziko zaio, eta hark onartu egin beharko du.