IKASLE OHIEN ELKARTEAK

UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

VI. KAPITULUA. IKASLE OHIEN ELKARTEAK

66. artikulua.– UPV/EHUko ikasle ohien elkarteak.

1.– UPV/EHUko ikasle ohien elkartetzat hartuko dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle izandako bost kide dituztenak gutxienez, baldin eta kide horiek elkartekide guztien % 70 badira. Horrez gain, arautegi honen 58. artikuluan eskatutako baldintzak bete, eta 55. artikuluan aurreikusitako helbururen bat lortzeko xedea izan beharko dute. Zuzendaritza batzordeko kideak, edonola ere, unibertsitateko ikasleak edo ikasle ohiak izan beharko dira, eta ezin izango dira aldi berean ikasleen edo ikasle ohien beste elkarte bateko zuzendaritza batzordeko kideak izan.

Artikulu honen ondorioetarako, ikasle ohiak izango dira UPV/EHUko titulu ofizialen bat edo berezko tituluren bat dutela egiaztatzen duten pertsonak.

2.– UPV/EHUko ikasle ohien elkarteek unibertsitate honen irudia sustatuko dute, eta aktiboki lagunduko dute egresatuak laneratzen, unibertsitatera ikasle berriak erakartzen, eta jarduera kulturalak edo interes sozialekoak antolatzen. Ikasle ohien elkarteek unibertsitatea xede duten mezenasgo jarduerak bultzatuko dituzte, baita unibertsitatearen eta gizartearen arteko loturak estutzeko balio duen beste edozein jarduera ere.

3.– UPV/EHUk laguntza emango du ikasle ohien elkarteek nazioartean oihartzuna izateko, horien arteko sareak garatzeko eta unibertsitateen arteko jarduerak egiteko. Horretarako, UPV/EHUk ehualumni egitura sortu du, ikasle ohien sarea.

4.– Unibertsitateak eskura dituen bitartekoen arabera, ikasle ohien elkarteek arautegi honen 55. artikuluan aurreikusitako eskubideak izango dituzte, horiek ikasleen elkarteei bermatu ondoren. Dena den, elkarte horiek bultzatzeko beste neurri batzuk ere hartu ahal izango dira.

5.– Gainerakoan, ikasle ohien elkarteei titulu honetan adierazitakoa aplikatuko zaie, V. kapituluan ezarritakoa izan ezik. Bestalde, lau urtean behin egiaztatu beharko dute betetzen dituztela inskripziorako eskatzen diren baldintzak.