ELKARTEAK PROZEDURA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

III. KAPITULUA. ELKARTE BAT UPV/EHUKO IKASLEEN ELKARTE AITORTUA BIHURTZEKO PROZEDURA ETA INSKRIBATZEAK SORTZEN DITUEN ESKUBIDEAK

60. artikulua.– Elkarte bat UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko prozedura.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan inskribatzeko, elkarteak aldez aurretik inskribatuta egon beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan edo elkarteen beste erregistro publiko batean.

2.– Elkarte bat UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko –Ikasleen Errektoreordetzaren menpe dago erregistroa–, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartea EAEko Elkarteen Erregistroan edo elkarteen beste erregistro publiko batean inskribatuta egotearen ziurtagiriaren kopia.

b) Elkarteko kideen kopurua. UPV/EHUko ikasle diren bazkideen zerrenda eta, hala badagokio, UPV/EHUko ikasle ohiena, izena, abizenak eta NAN zenbakia adierazita. Horretaz gain, UPV/EHUko ikasle izatearen egiaztagiria (matrikula agiria) edo UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia, kasuaren arabera.

c) Zuzendaritza Batzordeko kideen izenak, eta haien kokalekua, telefonoa eta harremanetarako helbidea. Horretaz gain, UPV/EHUko ikasle izatearen egiaztagiria (matrikula agiria) edo UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia, kasuaren arabera.

d) Dagokion ikastegiaren edo campusaren txostena, elkartearen egoitza ikastegi batean edo UPV/EHUko lokal batean jartzeko eta aurreko artikuluan aipatutako gainerakorako. Eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

e) Elkartearen jardun eremuaren arabera, dagokion ikasleen kontseiluaren txostena. Eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

f) Jardueren programa:

g) Elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskaera normalizatua.

3.– Prozedura amaituko da elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzean edo ikasleen arloko errektoreordetzak eskaria ezesteko erabaki arrazoitua ematean. Bi kasuetan eskatzaileari erabakia jakinaraziko zaio, gehienez hiru hilabeteko epean, aurreko ataleko g) letran aipatutako eskaera normalizatuan horretarako adierazitako lekuan.

4.– Elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskaria ezesten duen erabakiaren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio errektoreari, hilabeteko epean.

61. artikulua.– Elkartea inskribatzean sortzen diren eskubideak.

1.– Elkarte bat UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan inskribatzeak eskubidea ematen du webgune bat, posta elektroniko bat eta unibertsitateko lokalen batean armairu giltzadun bat izateko, ahal dela «ikasletxe» batean.

2.– Ikastegi eta campusetako premien memoriek toki bat aurreikusi beharko dute bere eremuan egon daitezkeen elkarteetarako.

3.– Dirulaguntzak eman ahal izango dira, zehaztuko diren baldintzen arabera, elkarteen jardueretarako eta ikasleek haietan parte hartzeko, berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren printzipioa errespetatzen badute. UPV/EHUk horretarako partidak bideratuko ditu bere aurrekontuetan.