ELKARTEAK PARTE HARTZEA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

V. KAPITULUA. IKASLEEN ELKARTEEK PARTE HARTZEKO MEKANISMOAK

64. artikulua.– Jarduerak.

1.– Unibertsitateko bizitzan parte hartzeko, ikasleen elkarteek beren intereseko jarduerak egingo dituzte, Estatutuen 4. artikuluan aurreikusitako UPV/EHUren helburuetakoren bat lortze aldera.

2.– Parte hartzea, batez ere, elkarteek antolatutako jarduera zientifiko, kultural, artistiko edo bestelakoen bidez bideratuko da, eta jarduera horiek baliagarriak izan beharko dira ondare intelektuala, humanistikoa, kulturala eta zientifikoa aberasteko, bai eta ikasleen eta, oro har, euskal gizartearen ongizatea, prestakuntza osoa eta garapena bultzatzeko ere.

3.– Ikasleen elkarteek UPV/EHUn eta kanpoan egiten dituzten jarduerek antolamendu juridikoa erabat errespetatu beharko dute. UPV/EHUko ikasleen elkarteek unibertsitateko elkarte diren aldetik antolatzen dituzten jarduera guztien berri eman beharko diote UPV/EHUri, eta hark baimendu egin beharko ditu, hala badagokio. Arautegi honen 63. artikuluan aurreikusitako arrazoiez gainera, elkarte batek UPV/EHUko ikasleen elkartea izateari utziko dio antolamendu juridikoaren arau hauste larriengatik zehapen irmo bat jasoz gero, edo antolamendu juridikoaren arau hauste arinenengatik bi zehapen irmo edo gehiago jasoz gero.

4.– UPV/EHUren eremuan edozein jarduera egin aurretik, elkarteko kideei nahiz jende guztiari zuzendua, UPV/EHUko ikasleen elkarteek baimena eskuratu beharko dute erabili nahi dituzten guneak erabiltzeko, titulu honetan ezarritako baldintzetan.

65. artikulua.– Ikasleen erakundeetan parte hartzea.

1.– UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratutako elkarteek sareetan edo konfederazioetan sartzeko eskubidea izango dute, edozein arlotan.

2.– UPV/EHUk laguntza emango du, bere eskumenen esparruan eta dituen bitartekoen arabera, ikasleen elkarteak erakunde horietan sar daitezen.