XEDAPEN OROKORRAK IKASLEEN ELKARTEAK

UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

55. artikulua.– UPV/EHUko ikasleen elkarteen kontzeptua.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen elkarteak izango dira titulu honen arabera eratutako guztiak, eta, parte hartze eta ordezkaritza demokratikoko printzipioen arabera, honako helburu hauek dituztenak: goi mailako hezkuntza, kulturaren sustapena, unibertsitateko eta kulturako ondasunen defentsa, garapen zientifikoa, kulturala eta artistikoa, jardun profesionalean aritzeko prestakuntza eta horien antzekoak, UPV/EHUko Estatutuen eta indarrean dagoen gainerako ordenamendu juridikoaren arabera.

UPV/EHUko ikasleen elkarteek unibertsitateko organoekin lankidetzan jardun ahal izango dute, kasu bakoitzean zehazten den moduan.

Elkarteen erregistroaz arduratzen den errektoreordetzak horien barne sailkapena egin ahal izango du.

56. artikulua.– Araubide juridikoa.

Ikasleen elkarteak beren estatutuen, arautegi honen eta aplikatu beharreko gainerako arauen bidez gobernatuko dira.

Arautegi honetatik kanpo geratzen dira elkarte alderdikoiak, erlijiosoak eta irabazi asmodunak, baita UPV/EHUren helburuen kontra daudenak edo unibertsitateko kideen eskubideren bat urratzen dutenak ere.