UPV/EHUko ikasleen arautegia
I. TITULUA. IKASLEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
I. KAPITULUA. IKASLEEN ESKUBIDEAK
2. artikulua.– UPV/EHUko ikasleen eskubideak.
UPV/EHUko ikasleek, gainerako ordenamenduak aitortutako eskubideez gainera, honako hauek izango dituzte:
1.– Pentsatzeko, iritzia emateko eta beste batzuekin biltzeko eta elkartzeko askatasuna izatea, UPV/EHUren eremuan askatasunok erabiltzeko baliabideak izanik.
2.– Berdintasunez eta bazterkeriarik gabe bizitzea, alde batera utzita nongoan diren, unibertsitateko zein ikastegitakoak, zer ari diren ikasten eta bizitza osoko prestakuntzaren zein etapatan dauden matrikulatuta. Bereziki zainduko da premia bereziak dituzten unibertsitateko kideak baztertuak ez izatea beren desgaitasunagatik, ez zuzenean ez zeharka, ez sarbide prozesuan, ez onarpenean, ez unibertsitatean jarraitzeko arauen aplikazioan ez aitortuak dauzkaten titulu akademiko eta bestelakoak baliatzerakoan.
3.– Norberaren intimitatea, irudi propioa, duintasuna eta orientazio sexuala errespetatua izatea, eta jazarpenaren aurkako babes eraginkorra jasotzea.
4.– UPV/EHUko ordezkaritza eta gobernu organoetan esku hartzea, ordezkaritza aktiboaren eta parte hartzailearen bitartez, Estatutuek, arautegi honek eta UPV/EHUren gainerako garapen araudiek ezarritako baldintzetan. Beren ikastegietako zuzendaritza organoen hautaketan parte hartzea.
5.– Eragiten dieten unibertsitateko gaiei buruzko informazioa jasotzea.
6.– Beren eskubideak bermatuak izatea, prozedura egokien bitartez eta, beharrezkoa bada, Aldezleak esku hartuta.
7.– Beren eskubideak defendatzea eta beren aldarrikapen eta protesta akademikoak egitea. Etenaldi akademikorako deialdi bat eginez gero, eskolara ez doazen ikasleei hutsegite hori ez zaie aintzat hartuko, baina ikasturtearen hasieran ezarritako ebaluazio egutegia ez da aldatuko. Beraz, dena delako datarako adostutakoez gain, ezin izango da ebaluazio proba berririk ezarri.
8.– Osasuna zaintzeko eta arriskuei aurrea hartzeko babesa jasotzea campusetan. Arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jasotzea, eta ikasketa jardueretan beren osasuna eta segurtasuna bermatzeko bitartekoak edukitzea.
9.– UPV/EHUn ikastea, aukera berdintasunez eta indarrean dagoen unibertsitate legeriari jarraikiz.
10.– UPV/EHUtik bokazioari, ikasketei eta lanbideei buruzko informazioa eta orientazioa jasotzea, bai eta aholkua jasotzea ere ikasleei eragiten dieten unibertsitateko jarduerez, batez ere unibertsitate hedakuntzako jarduerez, unibertsitate ostatuaz, kirol ekintzez eta bizitza osasungarriaren beste arlo batzuez, bai eta lan mundura igarotzeko prozesuaz ere.
11.– Kalitatezko prestakuntza akademikoa jasotzea, aukeratutako ikasketei dagozkien gaitasunak eskuratzea bultzatuko duena eta ezagutza, trebetasun, jarrera eta balio demokratikoetan oinarrituko dena.
12.– Irakaskuntzako programazioan zehaztutakoaren arabera aukeratutako hizkuntza ofizialean ikastea eta ebaluazio probak hizkuntza horretan egitea.
13.– Irakats eskaintza matrikula egin aurretik ezagutzea, hau da, eskolak emango dituzten irakasleak, eskoletako hizkuntza, ebaluazio probak egiteko egunak, eta kasuan kasuko deialdiak.
14.– UPV/EHUn Jarraitzeko Arauez, zeinak Gobernu Kontseiluak onartzen baititu, informazioa jasotzea, eta haien ezarpen eta aplikazioan erantzunkidetasunez parte hartzea.
15.– Irakasgaiak aukeratzea, irakats programazioak eta ikastegiak eskura dauzkan baliabideek horretarako aukera ematen duten neurrian, eta jakinda irakasleak nortzuk izango diren.
16.– Ikasketak eta kultura eta kirol jarduerak behar bezala egiteko instalazio eta material egokiak izatea. Premia bereziak dituzten ikasleek unibertsitate inguru irisgarria izateko eskubidea izango dute, legez ezarritako baldintzetan.
17.– Ikasketen antolaketan parte hartzea, unibertsitateko organoen bitartez eta, hala badagokio, ikerketako zereginetan laguntzea.
18.– Beren prestakuntzan zehar tutoretza eta orientazio sistema eraginkor bat izatea beren esku, beren curriculuma eratuz joateko. Irakasleen, tutoreen eta ikaslearentzako arreta zerbitzuen aholkua eta laguntza indibiduala jasotzea, arautegi honek ezarritakoaren arabera. Tutoretzak ikasturtean zehar egingo dira, eta tutoretza ordutegia lauhileko bakoitza hasi aurretik argitaratu beharko da.
Desgaitasuna duten ikasleek eskubidea izango dute, halakorik behar balute, unibertsitateko ikastegiek eta sailek esanguratsuak ez diren egokitzapen kurrikularrak egin ditzaten, eta beren beharren araberako tutoretza espezifikoak ezar ditzaten.
19.– Irakasle-ikertzaileen ebaluazioan eta administrazioko zerbitzuen ebaluazioan parte hartzea eta ebaluazio horiei buruzko informazioa jasotzea, horretarako sortutako kalitate batzordeetan izango dituzten ordezkarien bitartez.
20.– Informazioa jasotzea ebaluaziorako eta kalifikazioak berrikusteko UPV/EHUko arauez. Ebaluazio probak amaitzean, horiek egin izanaren agiri bat jasotzea. Beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa eta, ahal bada, jarraitua jasotzea, ikaskuntza eta irakaskuntzarako metodologia aktiboan oinarritua, eta kalifikazioak berrikustea. Eskoletara ez joateak, besterik gabe, ez du ekarriko eskubide hau galtzea, zeina arautegi honetako V. tituluan arautzen den. Ebaluazio probak desgaitasuna duten ikasleen premietara egokitu beharko dira, eta, horretarako, sailek eta ikastegiek behar diren moldaketak egingo dituzte metodologiari, denborari eta espazioei dagokienez.
Ebaluazio prozesu eta prozedurak dagozkien ebaluazio araudietan zehaztu ahal izango dira, eta zikloka bereizi ahal izango dira. Besteak beste, posibleak diren ebaluazio-sistemak, proba berri bat egiteko kasuak, kalifikazioak argitaratzeko epeak, kalifikazioak erreklamatzeko prozedura, konpentsazio bidezko ebaluazioa eskatzeko irizpideak eta prozedurak eta ebaluazio-epaimahaiak ezarri beharko dituzte.
21.– Legez onartutako prezio publikoak edo tasak ordaintzetik salbuetsita geratzea, eta aurreikusitako laguntzak jasotzea, kasu bakoitzean ezarritako baldintzetan. Era berean, estatuko deialdietako ikasteko bekak eta laguntzak eramangarriak izatea, hau da, beka eta laguntzok estatuko lurralde osoan baliatu ahal izatea, ikasleek zer bizileku duten kontuan hartu gabe; UPV/EHUko bekak ere eramangarriak izango dira, dagozkien deialdietan ezarritako baldintzetan.
22.– Mugikortasuna bermatuko duen administrazio eta finantza laguntza jasotzea, aurrekontuaren arabera.
23.– Doako prestakuntza jasotzea lankidetzako eta parte hartze sozialeko jarduerak egiteko UPV/EHUk sinatutako lankidetza hitzarmenen esparruan.
24.– UPV/EHUk antolatutako borondatezko, parte hartze sozialeko, garapenerako lankidetzako, eta gizarte erantzukizuneko jardueretan parte hartzeko eskatzea. Sustatuko da desgaitasuna duten ikasleek parte hartzea garapenerako lankidetzako eta parte hartze sozialeko proiektuetan.
25.– Boluntario edo kooperante egiaztagiria edukitzea, jarduera egiteko gaituko eta identifikatuko duena.
26.– Unibertsitatearen aitorpen akademikoa jasotzea ikasleen ordezkari izateagatik, baita ere unibertsitateko kultura eta kirol ekintzetan, eta elkartasun eta lankidetza ekintzetan parte hartzeagatik, indarreko araudian ezarritako baldintzetan. Ikasleak hala eskatuta, ziurtagiri bat egingo zaio, UPV/EHUk antolatutako borondatezko eta parte hartze sozialeko jardueretan ikasleak egindako zerbitzuena, honako hauek zehaztuta: data, iraupena, eta ikasleak boluntario edo kooperante gisa egindako zerbitzu mota.
27.– Jarduera akademikoak diseinatuta egotea ikasketak, lana eta familia bateratzeko moduan, eta ikasleek horretarako arreta jasotzea, UPV/EHUren antolakuntza eta aurrekontu baliabideen arabera.
28.– Beren lan esperientzia edo esperientzia profesionala onartua izatea ondorio akademikoetarako, UPV/EHUk ezarriko dituen baldintzei jarraikiz.
29.– Mugikortasun programetan parte hartzea, indarrean dagoen legeriaren esparruan.
30.– UPV/EHUk eta beste erakunde batzuek garatutako laneratzeko programak eta behatokiak ezagutzea, eta horietan parte hartzea.
31.– Beren datu pertsonalak erabiliak ez izatea, Datu Pertsonalak Babesteko Legean araututako xedeak betetzeko ez baldin bada.
32.– Ikasketetan eginiko lanen egile gisa aitortua izatea.
33.– Bizitza osoko unibertsitate prestakuntza hartzea. UPV/EHUk onarpen mekanismo espezifikoak ezarriko eta zabalduko ditu horretarako.
34.– Bere azterketaren kopia zuzendu bat eskuratzea, ebaluazio arautegian kalifikazioak berrikusi eta erreklamatzeko zehaztutako prozeduren arabera. Ezin izango da ikaslearen kalifikazioa jaitsi berrikuspenaren eta erreklamazioaren ondorioz, nahiz eta UPV/EHUk zuzendu ahal izango dituen berak egindako oker materialak, egitezkoak edo aritmetikoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraituz (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 109. 2 artikulua).
3. artikulua.– Graduko eta masterreko ikasleen eskubide partikularrak.
Graduko eta masterreko ikasleek honako eskubide partikular hauek izango dituzte:
1.– Graduko eta masterreko tituluak egiaztatzeko memorien berri jasotzea, eta haiek egiten parte hartzea.
2.– Aurretik jasotako prestakuntza, edo, hala badagokio, aurretik egindako lana edo jardun profesionala aitortua izatea.
3.– Irakaskuntza taldea aukeratzea, hala badagokio, UPV/EHUk ezarritako baldintzetan, ikasketak bateratu ahal izateko lanarekin, ikasketez kanpoko jarduerekin edo familiarekin, eta, bereziki, genero indarkeriaren biktima diren andrazko ikasleek beren eskubideak bete ahal izateko.
4.– Kalitatezko prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasotzea, bat datorrena aurretik egindako ikasketetan eskuratutako gaitasunekin, edo, masterren kasuan, jardun profesionalean aritzeko edo ikerketan hasteko kasuan kasuko tituluan ezarritako helburuekin.
5.– Lehen urtean eta graduko ikasketak egin bitartean, tutoretza eta orientazio pertsonalizatua jasotzea, unibertsitate ingurunera egokitzeko eta errendimendu akademikoa areagotzeko, eta ikasketen amaieran ere halako arreta jasotzea, laneratzeari, garapen profesionalari eta unibertsitate prestakuntzarekin jarraitzeari begira. Masterren kasuan, eskubide horren xedea izango da ikaslea jardun profesionalerako eta ikertzen hasteko prestatzea.
6.– Praktikak egiteko aukera izatea, curriculumekoak edo curriculumetik kanpokoak. Kanpoko erakundeetan eta UPV/EHUko ikastegi, egitura edo zerbitzuetan egin ahal izango dira, aurreikusitako modalitatearen arabera eta dagokien prestakuntza xederako direla bermatuta.
7.– Tutoretza akademiko eta profesional eraginkorra jasotzea gradu amaierako eta master amaierako lanetan eta, hala badagokio, ikasketa planean aurreikusitako kanpoko praktiketan.
8.– Beren jabetza intelektuala aitortua eta babestua izatea, bai gradu edo master amaierako lanarena eta bai aurretik egindako ikerlanena, gaiari buruzko indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan.
9.– Mugikortasunerako laguntza deialdietan eta programetan parte hartzea, bereziki, ikasketen bigarren erdian.
10.– Erakundea ebaluatzeko prozesuetan eta unibertsitateen kalitatea bermatzeko agentzietan parte hartzea.
4. artikulua.– Doktoregoko ikasleen eskubide partikularrak.
Doktoregoko ikasleek honako eskubide partikular hauek izango dituzte:
1.– Kalitateko ikertzaile prestakuntza jasotzea, bikaintasun zientifikoa bultzatuko duena eta ekitatea eta gizarte erantzukizuna aintzat hartuko dituena.
2.– Prestakuntza prozesua gidatuko dien tutore bat izatea, eta doktore tesia gainbegiratuko dien zuzendari bat izatea –eta, hala badagokio, zuzendarikide bat–, ikertzaile esperientzia egiaztatua izango duena.
3.– UPV/EHUk, hirugarren zikloko programetan, doktoregaiak ikertaldeetan eta ikerketa sareetan sartzea bultzatzea.
4.– Ikerketako karrera profesionala ezagutzea eta UPV/EHUk bere programetan ikerketa karrera egiteko aukerak sustatzea.
5.– Ikertzaileak prestatzeko eta mugikortasunerako laguntza deialdietan eta programetan parte hartzea.
6.– Doktore tesiaren emaitzei dagokien jabego intelektualaren babesa izatea.
7.– Ordezkaritza eskubideei dagokienez, prestakuntza bidean dauden ikertzailetzat hartuak izatea, zientzia eta ikerketaren gaineko legeriak ezarritakoaren arabera.
8.– Doktorego programei jarraipena egiteko eta erakundea ebaluatzeko prozesuetan parte hartzea, indarrean dagoen araudiak aurreikusitako baldintzetan.
5. artikulua.– UPV/EHUk eskainitako etengabeko prestakuntzako eta beste ikasketa batzuetako ikasleen eskubide partikularrak.
Ikasle horiek honako eskubide partikular hauek izango dituzte:
1.– UPV/EHUk etengabeko prestakuntza programak kalitate irizpideekin eta onarpen sistema malguekin garatzea, non aintzat hartuko diren ikaslearen aurreko prestakuntza eta lan esperientzia edo jardun profesionala.
2.– Ahal den neurrian, ikasketak lanarekin eta familiarekin bateratu ahal izatea. Genero indarkeriaren biktima diren andrazko ikasleen eskubideak bermatzeko, UPV/EHUk ahal bezainbesteko malgutasunaz antolatuko ditu ordutegiak.
3.– Zerbitzuen karta izatea, UPV/EHUk egingo eta zabalduko duena ikasturte bakoitzean, arlo honetan eskainitako prestakuntza zehaztuta. Zerbitzuen karta horrek honako hauek jasoko ditu, gutxienez: eskainitako jarduera motak eta horien iraupena, balio akademikoen mugak, hala badagokio, eta ikasketak egiteko eskura dauden bitartekoak.
6. artikulua.– Goi mailako kirolari, teknikari eta epaile gisa edo errendimendu handiko kirolari gisa egiaztatutako UPV/EHUko ikasleen eskubideak.
1.– Goi mailako kirolari, teknikari eta epaile gisa egiaztatuta dauden ikasleek (203/2010 Dekretua, uztailaren 20koa, Goi Mailako Kirolari buruzkoa) eta goi mailako edo errendimendu handiko kirolari gisa egiaztatuta dauden ikasleek (971/2007 Errege Dekretua, uztailaren 13koa, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzkoa) honako eskubide hauek izango dituzte, beste arautegi batzuetan aitortutakoez gainera eta unibertsitatearen kasuan kasuko gestio arautegiari jarraituz:
a) Txanda, ordutegia, taldea edo tutoretzak aukeratzea edo aldatzea, ikasketak bateratu ahal izateko entrenamenduen ordutegiekin, lehiaketa ofizialetan parte hartzearekin eta ohiko bizilekutik kanpo egin beharreko kontzentrazioekin.
b) Justifikatuta izatea eskolara ez joatea derrigorrezko saioen % 25 arte lehiaketa ofizialetan parte hartzeagatik, dagokion kirol federazioaren ziurtagiria aurkeztuta.
c) Azterketen egutegi malgua izatea, haien datak lehiaketa ofizialen datekin bat datozenean, dena delako kirol federazioaren ziurtagiriaren bidez justifikatzen bada.
d) Hautazko kredituak jasotzea, unibertsitatearen kasuan kasuko gestio arautegiari jarraituz.
e) UPV/EHUren ordezkari izateko hautatuak diren kirolariei lehiaketarako beharrezkoa den kirol ekipamendua emango die Kirol Zerbitzuak. Era berean, unibertsitateak, bere ahalmenaren arabera, kirol instalazioak eta baliabide egokiak jarriko ditu haien esku, goi mailako edo errendimendu handiko kirolak eskatzen duen entrenamendu espezializatua egin dezaten, kasuan kasuko modalitatean.
f) Tutore akademikoa esleitu dakien. Tutoreak laguntza akademikoa emango die, eta, horrez gain, programako ikasleen eta unibertsitateko estamentuen arteko bitartekaria izango da.
g) Eskainitako plazen % 3 erreserbatuta izatea, eta Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko ikasketetan, berriz, % 5. Eskubide hau goi mailako kirolariek baino ez dute izango.
h) Salbuetsita egotea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan sartzeko egin behar diren proba fisikoetatik. Eskubide hau goi mailako kirolariek baino ez dute izango.
2.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak beste kirolari talde batzuei zabaldu ahal izango dizkie aurreko atalean adierazitako eskubideak, g) letran aipatutakoa izan ezik, bere ahalmenaren arabera eta, betiere, beste ikasle batzuen eskubideak urratu gabe.
7. artikulua.– Genero indarkeriaren biktima diren andrazko ikasleen eskubide partikularrak.
Genero indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten andrazko ikasleek –beren aldeko babes agindua aurkeztu beharko dute, edo salbuespen gisa, ministerio fiskalaren txostena, ikaslea genero indarkeriaren biktima izateko zantzurik badagoela adierazten duena– honako eskubide hauek izango dituzte:
1.– Txanda, ordutegiak, taldeak, tutoretzak aukeratzea edo aldatzea, beren segurtasuna bermatze aldera.
2.– Eskolara ez joatea justifikatuta izatea, arretarako gizarte zerbitzuek edo osasun zerbitzuek hala dagokiola uste badute.
3.– Azterketa egutegi malgua izatea, beren segurtasuna bermatze aldera.
4.– Arreta Psikologikorako Zerbitzuan arreta jasotzea.
8. artikulua.– Ikasleen eskubideak erditze, adopzio edo harrera kasuetan eta hiru urtetik beherako seme-alaben ardura dutenean.
Erditze, adopzio edo harrera kasuetan eta hiru urtetik beherako seme-alaben ardura dutenean, ikasleek justifikatuta izango dute eskolara ez joatea derrigorrezko saioen % 25 arte.
9. artikulua.– Mendekotasuna duen senide baten zaintzaile direla egiaztatzen duten ikasleen eskubideak.
Mendekotasuna duen senide baten zaintzaile direla egiaztatzen duten ikasleek (aurreikusten den bezala 39/2006 Legean, abenduaren 14koan, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoan, edo unean indarrean dagoen legean) eskubide hauek izango dituzte:
1.– Justifikatuta izatea eskolara ez joatea derrigorrezko saioen % 25 arte.
2.– Txanda, ordutegiak, taldeak eta tutoretzak aukeratzea edo aldatzea.
10. artikulua.– Ikasketak eta lana bateratu behar dituzten ikasleen eskubideak.
1.– Gizarte Segurantzaren alta eta lan kontratua aurkeztuta, astean 20 ordu baino gehiagoko lanaldia dutela eta lanaldi hori eta eskolara joatea bateraezinak direla egiaztatzen duten ikasleek eskubide hauek izango dituzte:
a) Justifikatuta izatea eskolara ez joatea derrigorrezko saioen % 25 arte.
b) Txanda, ordutegiak, taldeak eta tutoretzak aukeratzea eta aldatzea.
2.– Goian aipatutako dokumentazioarekin batera, ikasleak berak sinatutako txosten bat aurkeztu beharko du, honako hauek adierazita: lanaldia, kontratuaren iraupena, zer irakasgai edo gairen eskoletara ezin den joan, eta eskolen ehuneko zenbatera ez litzatekeen joango.
3.– Salbuespen gisa, ikastegiak goian aipatutako eskubideak aitortu ahal izango dizkie astean 20 ordu baino gutxiagoko lanaldia duten ikasleei, aurkeztutako dokumentazioa eta ikasleak bere idatzian adierazitako inguruabarrak aztertu ondoren.
11. artikulua.– Hizkuntza eskubideak.
Ikasleek honako hizkuntza eskubide hauek izango dituzte:
1.– Hizkuntza ofizialetako edozeinetan jardutea.
2.– Hizkuntza ofizialetako edozeinetan izatea harremanak UPV/EHUko organoekin.
3.– Irakaskuntzako programazioan zehaztutakoaren arabera aukeratutako hizkuntza ofizialean ikastea eta ebaluazio probak hizkuntza horretan egitea.
4.– Ikerlanak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin, argitaratu eta defendatzea.
5.– Nolanahi ere, eskaintza elebiduna izanik, euskarako talderik ez egoteagatik gaztelaniako taldean matrikulatu behar diren ikasleei ebaluazio probak euskaraz egiteko eskubidea bermatuko zaie.
6.– Gradu edo master amaierako lana euskaraz egitea eta aurkeztea.
12. artikulua.– Eskubideen eraginkortasuna.
Arautegi honek ikasleei aitortutako eskubideak errealak eta eraginkorrak izan daitezen, UPV/EHUk konpromiso hauek hartzen ditu bere gain, besteak beste:
1.– Ikasleei eskubideei buruzko informazioa ematea, eta eskubideok gauzatzeko erraztasunak ematea.
2.– Behar diren baliabideak jartzea eta egokitzapenak egitea, desgaitasuna duten ikasleek gainerako ikasleen baldintza beretan bete ditzaten beren eskubideak, maila akademikoa horregatik jaitsi gabe.
3.– Arautegi honek aitortutako eskubideak baliatzeko aukera bermatzea, prozedura egokien bidez eta, behar izanez gero, Aldezlearen bitartez.
4.– Behar diren irakaskuntza baldintzak eta eskaintza osagarriak bultzatzea, honako helburu hauekin: ikasleen garapen pertsonala sustatzea; haien prestakuntza osoa lortzea; ikasleek ikerketa eta garapen jardueretan parte hartzea, UPV/EHUn bertan edo UPV/EHUk berak sortutako edo bera partaide den erakundeetan; ikasleen prestakuntza praktikoa osatzea; eta haiei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea. Horretarako, hezkuntza lankidetzarako eta praktikak egiteko hitzarmenak sinatuko dira enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatuekin, ikasleen eta unibertsitateko tituludunen lan poltsak sortzea sustatuko da eta haiek enpresak sortzea bultzatuko da. Era berean, ikasleen parte hartzea eta haiek elkarteak sortzea sustatuko da. Horri begira, UPV/EHUk laguntza sistema zabala bultzatuko du.
5.– Bermatzea arautegi honetan aitortutako eskubideak baliatzeak ez diela ikasleei inolako zigorrik edo kalterik ekarriko, betiere indarreko legeriaren arabera gauzatzen badituzte eskubideok.
6.– Ikastegiko zuzendaritzak eta saileko zuzendaritzak irakasleen irakaskuntza betebeharrak betetzen direla zainduko dute, Ikuskaritza Zerbitzuari lagunduz.