IKASTEGIKO EDO ATALEKO IKASLEEN KONTSEILUA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

III. TITULUA. IKASLEEN KONTSEILUAK

IV. KAPITULUA. IKASTEGIKO EDO ATALEKO IKASLEEN KONTSEILUA

50. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.

1.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseilua ikastegiko edo ataleko ikasleak ordezkatzeko kide anitzeko organoa da.

2.– UPV/EHUko Estatutuen 22.1 artikuluaren ondorioetarako, kapitulu honetan eta titulu honen lehen kapituluan jasotako xedapen orokorrak esparru arautegiak izango dira ikastegietako ikasleen kontseiluetarako.

51. artikulua.– Osaera.

1.– Ikastegi edo atal bakoitzeko ikasleen kontseilua osatuko dute Ikastegiko Batzarrean, Egoitzako Batzordean edo Ataleko Batzarrean ikasleek dituzten ordezkariek, dagokionaren arabera, ikastegiko ikasleek Klaustroan dituzten ordezkariek eta ikastegiko edo ataleko delegatuen ordezkariek.

2.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluek barne funtzionamendurako araubidean ezarri ahal izango dute delegatuen zenbat ordezkari egongo diren kontseiluan. Edonola ere, ez dira izango ikastegiko edo ataleko batzarreko ordezkariak baino gehiago. Delegatuen ordezkari kopurua ezartzen ez bada, ikastegian edo atalean ematen den graduko titulazioen kopuru bera izango da.

3.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko kide bakarreko organoak presidentea, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina eta presidenteordea izango dira.

4.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko presidentea Ikastegiko Batzarrean, Egoitzako Batzordean edo Ataleko Batzarrean ikasleek dituzten ordezkariek hautatuko dute beren artetik, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseilua eratu ondoren.

5.– Presidentea, edo berak bere ordez hautatzen duena ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko kideen artetik, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kide izango da.

6.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko presidentea kontseilu horren ordezkaria izango da, ikastegiko edo ataleko gobernu organoen aurrean, bai eta unibertsitateko gainerako instantzien aurrean ere, soil-soilik ikastegi edo atalari eragiten dioten gaietan.

7.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko presidente izateko hautagaitzan idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina ere proposatuko dira.

8.– Delegatuen agintaldia urtebetekoa izango da.

52. artikulua.– Eginkizunak.

Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluak honako eginkizun hauek izango ditu:

1.– UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar den erabakitzea.

2.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dagozkion ordezkariak hautatzea. Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko kideek hautatuko dituzte beren artetik.

3.– Campuseko batzarrerako ordezkaria hautatzea bere kideen artetik.

4.– Ikasleen ordezkari izatea ikastegiko edo ataleko organoetan.

5.– Ikasleen eskubideak betetzen direla zaintzea, eta betetzeko eskatzea.

6.– Ikasleen ordezkariak izendatzea hala dagokion organoetarako. Zehazki, ikasleek sailetan izan beharreko ordezkariak izendatzea, hau da, graduko ikasleen eta titulazio zaharretako lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak (titulazio mota biak batera ematen diren bitartean), eta masterreko ikasleenak, halakorik badago.

7.– Eztabaidatzea eta, egokitzat joz gero, onartzea delegatuen % 20k edo ikastegian edo atalean matrikulatutako ikasleen % 5ek aurkeztutako proposamenak edo ekimenak.

8.– Etenaldi akademiko osorako edo partzialerako deialdia egitea bere Ikastegi edo atalean.

9.– Irakasleen ebaluazioaren emaitzak eskatzea eta jasotzea, modu agregatuan.

10.– Soil-soilik ikastegiko edo ataleko ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko adierazpenak egitea.

11.– Irakaskuntzarekin eta ikasketekin zerikusia duten arazoen berri ematea instantzia eskudunei.

12.– Barne funtzionamendurako araubidea egitea eta, egoki iritziz gero, onartzea; arautegi honetan xedatutakoa errespetatu beharko du araubide horrek, nolanahi ere.

13.– Arautegi honek eta gainerakoek ematen dizkioten beste eginkizun guztiak.

53. artikulua.– Ikasleen kontseiluek sailetan izan behar dituzten ordezkariak izendatzea.

1.– Ikastegi bakarrean irakasten duten sailetan, ikastegiko ikasleen kontseiluak izendatuko ditu graduko eta, hala badagokio, masterreko ikasleen ordezkariak saileko kontseiluetarako.

2.– Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailetan, ikastegiotako ikasleen kontseilu bakoitzak ordezkari bat proposatu ahal izango du saileko kontseilurako. Lekuak baino proposamen gehiago egonez gero, inplikatutako ikastegietako ikasleen kontseiluetako presidenteek erabakiko dute zein ordezkari izango diren Saileko Kontseiluko kide, ikastegiok ahalik eta modurik orekatuenean ordezkatzen ahaleginduz.