UPV/EHUKO IKASLEEN KONTSEILUA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

III. TITULUA. IKASLEEN KONTSEILUAK

II. KAPITULUA. UPV/EHUKO IKASLEEN KONTSEILUA

41. artikulua.– Izaera.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua ikasleak ordezkatzeko eta koordinatzeko organo gorena da, unibertsitateko arlo guztietan, UPV/EHUko Estatutuen 20. artikuluaren arabera.

2.– Ikasleen Kontseiluaren egoitzak eta bulegoak UPV/EHUk horretarako utzitako lokaletan kokatuko dira, Ikasleen Kontseiluaren iritzia entzun ondoren.

42. artikulua.– Funtzionamendua.

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluak osoko bilkuran eta batzorde iraunkor baten bidez jardun ahal izango du.

43. artikulua.– Osoko bilkurako kideak.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Osoko Bilkura ikasleen ordezkaritzarako organoa da. Kide hauek izango ditu: Gobernu Kontseiluan ikasleek dituzten ordezkariak, campuseko ikasleen kontseiluetako presidenteak eta ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseilu bakoitzeko ordezkari bat edo gehiago. Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako presidenteak edo haiek beren ordez izendatutako kontseiluko kideak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kide izango dira. Ordezkaritzan proportzionaltasuna mantentzeko, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko Hauteskunde Batzordeak ordezkari kopuru gehigarri bat esleituko die ikastegiko ikasleen kontseiluei, ikastegi bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera, ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluei guztira dagozkien 47 ordezkariak banatu arte.

2.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideen agintaldiak iraungo du ikasleek Gobernu Kontseiluan dituzten ordezkariak berritu arte; campuseko, ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako presidenteen kasuan, agintaldia bukatu arte; edo dagokion ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluak ordezkariak berritu arte, kolektibo horri dagozkion hauteskundeak egin ondoren.

3.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluek eta Gobernu Kontseiluan ikasleek dituzten ordezkariek edozein unetan aldatu ahal izango dituzte UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dituzten ordezkariak.

4.– Doktorego Eskolako Ikasleen Kontseiluak ordezkari bat izendatuko du UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan. Doktorego Eskolako kontseiluaren osaera eskolaren arautegian zehaztuko da.

5.– Jatorrizko organoko idazkariak sinatutako agiriaren bidez egiaztatuko da ordezkari izatea.

44. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera.

1.– Batzorde Iraunkorrak kide hauek izango ditu:

a) Presidentea, presidenteordea, idazkaria eta diruzaina. Batzorde Iraunkorrean bakoitzak postu bera izango du. Presidenteorde bat baino gehiago egonez gero, presidenteak aukeratuko du Batzorde Iraunkorreko kide izango dena.

b) Campuseko ikasleen kontseiluetako hiru presidenteordeak.

c) UPV/EHUko Gobernu Kontseiluko ikasleen ordezkari bat, talde horretako kideek aukeratua taldeak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dituen kideen artetik.

d) Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako bost ordezkari, talde horretako kideek aukeratuak taldeak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dituen kideen artetik.

2.– Aurreko ataleko c) eta d) hizkietan aipatutako ordezkariren bat izendatzerik ez badago, dagokion kolektiboan hautagairik ez dagoelako, beste kolektiboko ordezkariekin osatuko da Batzorde Iraunkorra.

45. artikulua.– Eginkizunak.

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren eginkizun nagusiak honako hauek izango dira:

1.– UPV/EHUko ikasleak ordezkatzea beren interesekoak izan daitezkeen gai orokor guztietan, eta, horren harira, talde horrek onartutako solaskide gisa jardutea.

2.– Campuseko ikasle kontseiluak koordinatzea eta, oro har, ziurtatzea ikasleen kontseilu guztiek, bakoitzak bere eremuan eta denak koordinatuta, defendatzen dutela UPV/EHUko ikasleen eskubideak benetan bete daitezen. Horretarako, presidenteak UPV/EHUko ikasleen ordezkarien izen-deiturak eta helbide elektroniko korporatiboak izango ditu bere esku, ordezkariek eragozpenik jartzen ez badute.

3.– Ikasleen jardun ildo orokorrak proposatzea eta gauzatzea unibertsitatean, ikasleen eskubideak defendatuz eta haien aplikazioa zainduz, eskubideok bete daitezela aldarrikatuz eta haietan sakontzeko lan eginez, eta ikasleen baldintza orokorrak hobetzeko ekimenak sustatuz.

4.– UPV/EHUko aurrekontuetan kontseiluari esleitutako aurrekontuaren banaketa erabakitzea, eta aurrekontu horren exekuzioa onartzea eta kontrolatzea. Era berean, diruzainak eginiko proposamenaren arabera, urteko aurrekontuaren % 5 gainditzen duten funtsen aplikazio zehatzaren aldeko txostena egingo du, gero ikasleen arloko errektoreordetzaren aurrean justifikatzeko.

5.– UPV/EHUko ikasleei zuzenean eragiten dieten unibertsitateko arautegiak onartu aurretik entzuna izatea, eta alegazioak aurkezteko aukera izatea. Batez ere, haren iritzia entzun beharko da Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko ikasleen arautegi hau, ebaluazioari buruzko arautegia eta Diziplina Prozeduraren Arautegia onartu aurretik.

6.– Ikasleei eragiten dieten ekimenak eta gatazken konponbidea kudeatzea, bere eskumenen esparruan, eta etenaldi akademiko orokorrerako deialdia egitea UPV/EHUn.

7.– Irakaskuntzarekin eta ikasketekin zerikusia duten arazoak instantzia eskudunei jakinaraztea, eta, hala behar izanez gero, Ikuskaritza Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea, ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriak ezartzeko.

8.– Presidentea hautatzea, eta, hala behar izanez gero, haren aurkako zentsura mozio eraikitzailea onartzea.

9.– UPV/EHUko irakaskuntza eta ikasketak kalitatekoak izan daitezen zaintzea, eta ikasleek jaso dezaten beren titulazioen arabera dagokien prestakuntza intelektuala, kritikoa, soziala, profesionala, zientifikoa eta kulturala.

10.– Ikasleen ordezkariei beren lanean laguntzea eta haiek babestu eta koordinatzea, unibertsitatearen edozein instantziatan.

11.– Ikasleei bekak eta bestelako laguntzak emateko irizpideak finkatzeko zereginetan parte hartzea, baldin eta deialdietan horrela zehazten bada.

12.– Unibertsitate hedakuntzako ekintzak antolatzen laguntzea, eta, oro har, unibertsitateko kultura, arte eta kirol jarduerekiko interesa piztea, horretarako ekimenak sustatuz eta babestuz.

13.– Ordezkatzen dituen pertsonei informazioa ematea, eskura dituen bitartekoen bidez. Batik bat, gobernu organoek eta ikasleen ordezkaritza organoek hartutako erabakiak jakinarazi eta zabalduko ditu, ikasleentzat garrantzia dutenean.

14.– Ikasleen parte hartzea bultzatzea. Bereziki, ikasleen antolakuntza kolektiboa bultzatuko du eta bere ordezkarien jarduna sustatu eta koordinatuko du gobernu, ordezkaritza eta laguntza organoetan, dagokien eremuan.

15.– Ordezkariak hautatzea ikasleen parte hartzerako UPV/EHUtik kanpoko organoetarako.

16.– Eztabaidatzea eta, egokitzat joz gero, onartzea gutxienez hiru ikastegitako ikasleen kontseiluek, campuseko ikasleen kontseilu batek edo UPV/EHUn matrikulatutako ikasleen % 5ek aurkeztutako ekimenak.

17.– Arautegi honen osagarri izango den barne funtzionamendurako araubidea onartzea.

18.– Ikasleen Kontseiluari esleitutako espazioak erabiltzeko araubidea ezartzea, indarrean dagoen arautegiaren esparruan, eta UPV/EHUk Ikasleen Kontseiluari utzitako baliabideen, ondasunen, instalazioen eta lokalen erabilera zuzena zaintzea.

19.– UPV/EHUn etenaldi akademiko orokorrerako deialdia egitea, arautegi honek ezarritako baldintzetan.

20.– UPV/EHUko ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko adierazpenak egitea.

21.– Arautegi honek eta gainerakoek ematen dizkioten beste eginkizun guztiak.

46. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.

1.– Batzorde Iraunkorrak beteko ditu, alde batetik, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren barne funtzionamendurako arautegiari jarraituz eskuordetuta dituen eginkizunak, eta, bestetik, kontseiluak une jakinetan eskuordetzen dizkionak. Edonola ere, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluak ezin izango dizkio eskuordetu ez presidentea aukeratzeko eskumena, ez Batzorde Iraunkorraren kideak aukeratzeko eskumena, ez UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren barne funtzionamendurako arautegia onartzekoa ere.

Barne funtzionamenduko arautegiak bestelakorik adierazi ezean, edo halakorik ez badago, Batzorde Iraunkorrak eskuordetuta izango ditu UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren eginkizun guztiak, presidentea aukeratzekoa, Batzorde Iraunkorraren kideen aukeratzekoa eta barne funtzionamendurako araubidea onartzekoa izan ezik.

2.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideei Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakien berri eman beharko zaie berehala.