XEDAPEN OROKORRAK IKASLEEN KONTSEILUAK

UPV/EHUko ikasleen arautegia

III. TITULUA. IKASLEEN KONTSEILUAK

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

LEHENGO ATALA. IZAERA, PRINTZIPIO OROKORRAK

19. artikulua.– Ikasleen kontseiluen izaera, printzipioak eta araubide juridikoa.

1.– Ikasleen kontseiluak organo estatutario independenteak dira. Estatutuetako 11.4 artikuluan daude jasota UPV/EHUren organigrama orokorraren barruan, ikasleak ordezkatzeko kide anitzeko organo gisa. Ikasleen kontseilu hauek eratuko dira: UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua, campusetako ikasleen kontseiluak, ikastegietako ikasleen kontseiluak, eta, hala badagokio, atal edo egoitzetako ikasleen kontseiluak. Arautegi honi dagokionerako, egoitzako ikasleen kontseiluek, halakorik dagoenean, ataletako ikasleen kontseiluen tratamendu bera izango dute.

2.– Funtzionamendu demokratikoa izango dute, eta arautegi honen bidez arautuko dira, UPV/EHUko Estatutuei eta gainerako araudiei lotuta.

3.– Ikasleen kontseiluetan ezin izango da sineste edo alderdi politiko jakin baten alde jardun, ez eta norberaren irabazia bilatu ere, organoaren izaera publikoari dagokion bezala eta indarreko legeriari men eginez.

4.– Ikasleen kontseiluen egoitzak eta bulegoak kokatuko dira espazioak banatzeko eskumena duen organoak esleitutako lokaletan, kasuan kasuko ikasleen kontseiluaren iritzia entzun ondoren.

20. artikulua.– Ikasleen kontseiluen kide anitzeko eta kide bakarreko ordezkaritza organoak.

1.– Ikasleen kontseiluek kide anitzeko organoen funtzionamendua izango dute, eta, hobeto funtzionatzeko, lan batzordeak sortu ahal izango dituzte.

2.– Ikasleen kontseiluen kide bakarreko organoak hauek dira:

– kontseiluko presidentea.

– idazkaria.

– Diruzaina. Ezinbesteko organoa izango da UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan eta campusetako ikasleen kontseiluetan.

– Presidenteordea, hala badagokio. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan organo hori ezinbestekoa izango da, eta kontseilu hori izango da presidenteorde bat baino gehiago izan ditzakeen bakarra.

3.– Campuseko Ikasleen Kontseiluko presidenteak kide bat izendatu ahal izango du, Ikasleen Kontseilukoa edo ez, bere eginkizunetan laguntzeko. Nolanahi ere, kide hori dagokion campuseko ikaslea izan beharko da.

Kide horiek ikasleen ordezkariei aitortutako eskubideak izango dituzte, bai kontseiluko zereginak ikasketekin eta ebaluazio probekin bateratzeari dagokionez, bai kontseiluko presidenteari laguntzeko behar dituzten baliabideak izateari dagokionez.

4.– Nolanahi den, ikasle kontseilu bateko presidentea ordezkatu behar denean bere eginkizun organikoetan, kontseilu horretako beste kide batek (presidenteordeak, halakorik bada) egingo du hori.

5.– Ikasleen kontseiluek, arautegi hau eta indarrean dauden gainerakoak errespetatuz, barne funtzionamendurako araubidea adostu ahal izango dute bertaratutako kideen gehiengo osoaz. Edonola ere, ikasleen kontseilu bakoitzeko presidenteak bere gain hartuko du bere eginkizunen esparruan egindako kudeaketaren erantzukizuna.

BIGARREN ATALA. IKASLEEN KONTSEILUKO KIDEAK

21. artikulua.– Ikasleen Kontseiluko kidea izatea.

Kargua utziko duen kontseiluko presidenteak, edo, horrelakorik izan ezean, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko Hauteskunde Batzordeak ikasleen kontseiluetako kideei deituko die kontseilua eratzeko. Ikasleen kontseiluko kidearen izaera organo hori eratzearekin eskuratzen da.

22. artikulua.– Ikasleen Kontseiluko kideen eskubideak.

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kide edo campus, ikastegi edo ataletako ikasleen kontseiluetako kide diren neurrian, ordezkariek, arautegi honek aitortutako eskubideez gainera, honako eskubide hauek izango dituzte, dagokien eremuan:

1.– Hautesle eta hautagarri izatea ikasleen kontseiluetako kargu eta ardura guztietarako, arautegi honek ezarritakoaren arabera.

2.– Hitz egitea eta parte hartzea, Ikasleen Kontseiluaren funtzionamendurako eta elkarbizitzarako arauei jarraituz.

3.– Bilkuretako aktetan beren ekintza eta mintzaldien zehaztasunak jasoaraztea, egoki iritziz gero.

4.– Hala eskatuz gero, kontseiluko beste edozein instantziaren informazioa eta azalpenak jasotzea, bai eta haren artxiboak eta dokumentuak behar besteko bermeekin kontsultatzea ere.

5.– Norbera kide den kontseiluko bulegoa, materiala eta azpiegiturak baliatzea, modu desegokian erabiltzen ez baditu, eta kontseiluaren jardun normala eragozten ez badu.

6.– Aztergaien zerrendarako gaiak proposatzea kontseiluaren hurrengo bileretarako, arautegi honen arabera haietarako deialdia egin aurretik.

23. artikulua.– Ikasleen kontseiluetako kideen betebeharrak.

Ikasleen Kontseiluko kide diren neurrian, ordezkariek, arautegi honen arabera ordezkari gisa dagozkien betebeharrez gainera, honako hauek izango dituzte, dagokien eremuan:

1.– Beren ikasleen kontseiluko erabakiak betetzea, betearaztea eta ordezkatzen dituzten kideei ezagutaraztea.

2.– Ordezkatzen dituzten ikasleen iritzia helaraztea eta defendatzea, eta, bestalde, ikasleei informazioa eta kontuak ematea eurek Ikasleen Kontseiluan egiten duten lanaz.

3.– Ikasleak jakitun edukitzea Ikasleen Kontseiluaren jardunaz eta erabakiez.

4.– Beren karguaren eginkizunetan egindakoaren berri ematea Ikasleen Kontseiluko gainerako kideei.

5.– Ikasleak bultzatzea dagokien ikasleen kontseiluan parte hartzera, bai eta ikastegiko, campuseko edo UPV/EHUko ikasleen kontseiluan ere.

HIRUGARREN ATALA. IKASLEEN KONTSEILUEN JARDUN PRINTZIPIOAK, FUNTZIONAMENDUA ETA FINANTZABIDEAK

24. artikulua.– Ikasleen kontseiluen jardun printzipioak.

1.– Ikasleen kontseiluak beren kideen jarduna zehazten duten erabakigune gorenak dira. Ikasleen nahia adierazten dute, eta beren jardun eremuko gaiak eztabaidatzea eta haien inguruko erabakiak hartzea dagokie.

2.– Ikasleen kontseiluen jarduna justizia, berdintasun, askatasun eta demokrazia printzipioetan oinarritu behar da.

3.– Ikasleen kontseiluetan kide guztiak independenteak dira, eta erabakitzeko ahalmena dute. Halaber, kide bakoitzak boto eskubidea izango du, pertsonala eta besterenezina.

4.– Ikasleen kontseiluek barne funtzionamendurako erregimen propioa finkatu ahal izango dute, arautegi hau eta indarrean dauden gainerako arauak errespetatuz.

25. artikulua.– Ikasleen Kontseiluen deialdiak.

1.– Ikasleen Kontseiluak ohiko bilera egingo du hiru hilabetean behin, eta ezohiko bilerak egingo ditu kontseiluko presidenteak hala erabakitzen badu edo kideen bosten batek hala eskatzen badu, edo ehuneko txikiago batek, Ikasleen Kontseiluaren barne funtzionamendurako araubidean horrela ezarrita badago. Salbuespenezko eta premiazko arrazoiengatik baino ez da bilduko UPV/EHUren eskola egutegiaren arabera jaiegun eta opor egun direnetan. Jaieguntzat edo oporralditzat joko dira esparru egutegi akademikoan hala ezarrita daudenak.

2.– Ikasleen Kontseilua biltzeko deia kontseiluko presidenteak egingo du, bilera baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Deialdiaren idatzian aztergaien zerrendako puntu guztiak agertuko dira eta, hala behar izanez gero, horiei dagokien dokumentazioa erantsiko da ele bitan, salbuespenetan izan ezik. Kontseiluko presidenteak aztergaien zerrendan sartu beharko ditu kideen % 10ek idatzi baten bidez eskatutako puntuak. Kontseiluak premiazkotzat jotzen dituen gaiak gehitu beharko dira, baldin eta, gutxienez, kideen % 80 badaude bileran.

3.– Ikasleen Kontseiluko kide guztiak egonda, aho batez erabakitzen badute lan saio bat egitea aurreko puntuan aipatutako deialdia egin gabe, bilera horrek balioa izango du ondorio guztietarako.

4.– Ohiko bilera guztietan, aztergaien zerrendako derrigorrezko puntuak honako hauek izango dira: aurreko bileraren eta onartu gabe zeuden ezohiko bileren aktak irakurtzea eta onartzea, Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakien berri ematea edo lan batzordeek proiektuen gauzatze mailaren berri ematea eta galde-eskeak.

5.– Ikasleen Kontseiluaren bilerak publikoak dira, eta haren jardun eremuko ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute haietan, aretoa bete arte. Kontseiluko presidenteak mintzaldiak moderatuko ditu, bilera zuzen egiten dela bermatzeko. Edonola ere, kontseiluko presidenteak, egoera kontuan hartuta, bilera itxia egitea erabaki dezake, saio osorako edo gai batzuetarako. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere.

26. artikulua.– Quoruma.

1.– Bilerak egiteko, deliberatzeko eta erabakiak hartzeko, Ikasleen Kontseilua zuzen eratuta egongo da baldin eta kontseiluko presidentea eta idazkaria edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta kontseiluko kideen erdiak bertaratzen badira lehen deialdian.

2.– Adierazitako quoruma egon ezean, bigarren deialdian eratuko da, lehen deialdirako jarritako ordua baino ordu laurden beranduago. Bigarren deialdi horretan kontseilua zuzen eratzeko, nahikoa izango da, kontseiluko presidentea eta idazkaria egoteaz gainera, kideen herena egotea.

3.– Erabakiek balioa izan dezaten, horiek hartzeko unean, beharrezkoa izango da bigarren deialdian organoa eratzeko eskatutako gutxieneko kideak egotea bertan.

27. artikulua.– Ikasleen Kontseiluen erabakiak.

1.– Ikasleen Kontseiluak bertaratutako kideen boto baliodunen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak, arautegi honek edo Ikasleen Kontseiluak berak besterik xedatu ezean.

Bereziki, 2.7 artikuluan aurreikusitako etenaldi akademikoa egitea erabakitzeko, beharrezkoa izango da ataleko, ikastegiko, campuseko edo UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideen bi herenek aldeko botoa ematea.

2.– Berdinketa gertatzen bada eta kontseiluko presidenteak hori hausteko kalitateko botoa erabiltzen ez badu, beste bozketa bat egingo da, eta, berriro ere berdinketa geratuz gero, proposamenari uko egin zaiola ulertuko da.

3.– Aurka eta abstentzioa bozkatzen duten organoko kideak erabakien ondorioz sor daitezkeen erantzukizunetatik kanpo geratuko dira.

4.– Bozketa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean. Pertsonei buruzkoa denean, beti izango da isilpekoa.

5.– Erabakiak ikasleen ordezkaritza organoei erreserbatutako iragarki oholetan jarriko dira, eta dagokion webgunean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren edo campusetako ikasleen kontseiluen kasuan, erabakiak, gainera, kronologikoki jasoko dira, eta horien eraginpean dauden campus, ikastegi eta ataletako ikasleen kontseilu guztiei bidaliko zaizkie, dagozkien iragarki oholetan jar ditzaten.

28. artikulua.– Etenaldi akademikorako prozedura berezia.

Etenaldi akademikoari dagokionez, arautegi honen 2.7 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, baldin eta artikulu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen badira eta prozedurari jarraitzen bazaio.

1.– Etenaldi akademikorako deialdia egin ahal izango da, baldin eta eskubideak defendatzeko eta aldarrikapen eta protesta akademikoak egiteko bada.

2.– Etenaldi akademikorako deialdia egiteko beharrezkoa izango da aurreko artikuluan adierazitako gehiengo kualifikatua edukitzea. Etenaldi akademikoak UPV/EHU osoari eragiten badio, beharrezkoa izango da UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua ere alde egotea.

3.– Erabakia idatziz jakinarazi beharko zaio organo eskudunari (dekanotzari, ikastegiko zuzendaritzari, errektoreordetzari).

4.– Etenaldi akademikoa egiteko erabakiaren jakinarazpena ikastegian edo atalean dagoen erregistro orokorrean sartu eta, gehienez, hiru egun balioduneko epean, eskaera egin duen kontseiluarekin biltzeko deia egingo du organo eskudunak, baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera. Etenaldia egiaztapen hori gabe eginez gero, ez da, inola ere, arautegi honen 2.7 artikuluak xedatutakoa aplikatuko.

5.– Organo eskudunak beharrezko deritzen neurriak hartuko ditu etenaldi akademikorik egiten ez duten ikasleen eskubideak bermatzeko.

29. artikulua.– Ikasleen kontseiluen bileren aktak.

1.– Kide anitzeko organoaren bilera bakoitzean idazkariak akta jasoko du. Horretan, nahitaez zehaztu beharko ditu bertaratutakoen zerrenda, aztergaien zerrenda, bilera lekuaren, egunaren eta orduaren xehetasunak, eztabaiden puntu nagusiak, eta hartutako erabakien edukia.

2.– Aktan jasoko dira, organoko kideek hala eskatuta, hartutako erabakiaren aurkako botoak, abstentzioak edo botoen esanahia, baita arrazoiak ere.

3.– Era berean, kide guztiek dute beren mintzaldia edo proposamena osorik transkribatzea eskatzeko eskubidea, baldin eta, orduantxe bertan, edo kontseiluko presidenteak adierazten duen epean, mintzaldia fidelki jasotzen duen testua ematen badute. Testu hori aktan jasoko da, edo haren kopia erantsiko zaio aktari.

4.– Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dauden kideek boto partikularra helarazi ahal izango dute idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta idatzi hori onartutako testuari batuko zaio.

5.– Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira; nolanahi ere, idazkariak erabaki zehatzen ziurtagiriak egin ahal izango ditu, aktaren onarpena gerorako utzita. Hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak akta onartu aurretik egin direnean, berariaz adieraziko da.

30. artikulua.– Finantzabideak.

1.– Ikasleen kontseiluek, beren zereginak betetzeko, finantzabide hauek izango dituzte:

a) UPV/EHUren urteko aurrekontu esleipena.

b) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkieten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkien baldintza berberetan, baldin eta Ikasleen Kontseiluko kideen bi herenek onartzen badituzte.

c) Beren jardueren bidez eskuratutako zenbatekoak.

d) Bestelako diru sarrerak.

2.– Ikasleen Kontseilu bakoitzak erabakiko du UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar duen.

3.– Ikastegiko aurrekontuak partida bat izango du ikastegiko ikasleen kontseiluaren jarduna ordaintzeko. Kontseilu horrek egoitzako eta ataleko ikasleen kontseiluen artean banatuko du, halakorik balego.

LAUGARREN ATALA. IKASLEEN KONTSEILUETAKO PRESIDENTEAK

31. artikulua.– Izaera.

1.– Ikasleen Kontseiluko presidentea kide bakarreko ordezkaritza organoa da, eta bere kontseiluaren eleduna eta ordezkari gorena izango da edozein instantziaren aurrean.

2.– Ikasleen Kontseiluko presidentea dagokion Ikasleen Kontseiluak hautatuko du, bere kideen artetik, urte natural baterako, eta epe hori amaituta, berriro aukeratu ahal izango dute.

32. artikulua.– Prozedura.

Hautatzeko prozesua honako hau izango da:

1.– Kargua utziko duen kontseiluko presidenteak, hauteskundeen behin betiko emaitzak adierazi eta hamar eguneko epean, eta, bestela, Ikasleen Kontseiluko Hauteskunde Batzordeak, hurrengo hamar egunen barruan, dei egingo die ikasleen kontseiluak osatzen dituzten ikasleei kide anitzeko organoa eratzeko, eta kontseiluko presidentea, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina edo/eta presidenteordea aukeratzeko.

2.– Jarraian, bilera berean, hautagaiak aurkeztuko dira, kasuan kasuko ikasleen kontseiluaren barne funtzionamendurako araubidean besterik ezarri ez bada. Hautagaitza bakoitzak kontseiluko presidentea, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina eta/edo presidenteordea proposatuko ditu, eta horiek ikasleen kontseiluko kideak izan beharko dira.

3.– Hautagai zerrendak aurkeztu eta aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, hautagaiak bere programa aurkeztu ahal izango du, eta, gero, hautaketa egingo da, isilpeko eta zuzeneko bozketaren bidez.

4.– Lehen itzulian emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortzen duen hautagaitzak irabaziko du. Ezain hautagaik lortzen ez badu gehiengo hori, bozketa jarraituak egingo dira, eta bakoitzean boto gutxien jasotzen duen hautagaitza baztertuko da. Bi zerrenda geratzen badira eta batek ere ez badu lortzen behar den gehiengoa, gehiengo sinplea lortzen duena izango da hautatua. Hautagai zerrenda bakarra edo bi aurkezten badira edo, hasieran zerrenda gehiago egon arren, bozketa egiteko egunean besteek atzera egiten badute eta bakarra edo bi geratzen badira, itzuli bakarra egingo da. Hautagai zerrenda bakarra badago, haren aldeko botoa edo boto zuria eman ahal izango da, eta horixe izango da hautatua boto baliodunen herena baino gehiago eskuratzen baditu. Bi hautagai zerrenda badaude, boto gehien lortzen dituena izango da hautatua.

5.– Bi hautagai zerrendaren arteko berdinketa gertatuz gero, bileran eginiko zozketaz erabakiko da.

6.– Bozkatzean auzirik sortzen bada, Ikasleen Kontseiluak berak ebatziko du. Hautaketaren inguruko gorabeheraren bat sortzen bada eta kontseilua ados jartzen ez bada bera ebazteko, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko Hauteskunde Batzordeak erabakiko du, Idazkaritza Nagusiari entzunda eta irizpide objektiboak eta ekitatekoak erabiliz.

33. artikulua.– Publizitatea.

1.– Hauteskunde prozesua amaitu ondoren, hautaketaren espediente osoaren kopia bat bidaliko zaio UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko Hauteskunde Batzordeari, hamabost egun balioduneko epean.

Batzorde horrek ikastegiko dekanotzara edo zuzendaritzara, campuseko errektoreordetzara edo UPV/EHUko Idazkaritza Nagusira (ikasleen kontseiluaren eremuaren arabera) bidaliko du espedientea, bai eta ikasle gaietan eskumena duen errektoreordetzara ere, jakinaren gainean egon daitezen eta gainerako ondorioetarako.

2.– Espedientean jasota geratuko dira deialdia, aurkeztutako hautagai zerrendak eta bileraren akta, idazkariak sinatuta kontseiluko presidentearen oniritziarekin.

3.– Hauteskunde prozesuaren emaitzak dagokion ikasleen kontseiluko iragarki oholetan jakinaraziko dira.

34. artikulua.– Kontseiluko presidentearen eginkizunak.

Hauek dira kontseiluko presidentearen eginkizunak:

1.– Dagokion ikasleen kontseiluaren bilerarako deia egitea eta bertan buru egotea, eta kontseiluaren ordezkari izatea UPV/EHUko gainerako organoen aurrean eta gainerako erakunde publiko edo pribatuen aurrean. Kontseiluko presidenteak kasuan kasuko ikasleen kontseilua biltzeko deialdia egiten ez badu arautegi honen 45.16, 49.1.f) eta 52.7 artikuluetan aipatutako proposamenak edo ekimenak eztabaidatzeko eta, hala badagokio, onartzeko, ikastegiko idazkaritzak, campusekoak edo ikasle gaietan eskumena duen errektoreordetzak (ikasleen kontseiluaren eremuaren arabera) egingo du deialdia hilabeteko epean edo, urgentzia justifikatuz gero, 10 eguneko epean.

2.– Ikasleen Kontseiluan eztabaidak moderatzea eta gidatzea eta kideen parte hartzea antolatzea arautegi honi jarraituz eta, egonez gero, bere barne funtzionamendurako araubideari eta kasuan kasuko garapen arauei lotuz.

3.– Parte hartzen duen lan batzordeen lana bultzatzea, koordinatzea, zuzentzea eta gidatzea, eta Ikasleen Kontseiluko beste kide bati eskuordetzea batzorde horietako presidentzia.

4.– Aktak eta Ikasleen Kontseiluak egindako dokumentu guztiak sinatzea eta ontzat ematea.

5.– Ikasleen Kontseiluaren jarraibideak aplikatzea eta haren erabakiak betetzea. Aurrekontua egiteko lana eta gastuaren exekuzioa zuzentzea, eta aurrekontua eta haren kontrola kontseiluari aurkeztea, onar ditzan.

6.– Ikasleen eskubideak errespetatzen direla zaintzea.

7.– Ikasleen Kontseiluak emandako beste egiteko batzuk.

35. artikulua.– Kontseiluko presidentea izateari uztea.

Kontseiluko presidentea izateari utziko zaio arautegi honen 16. artikuluan aurreikusitako kausak gertatuz gero edo zentsura mozio bat onartuz gero. Horretarako, kideen herenaren ekimenez, kasuan kasuko ikasleen kontseiluak ezohiko bilera egingo du, eta kideen gehiengo osoak ontzat ematen badu, zentsura mozioa onartuko du. Mozioarekin batera, hautagai zerrenda alternatiboa proposatu beharko da nahitaez. Zentsura mozioa onartzen bada, kontseiluko presidenteak kargua utziko du, eta mozioarekin batera aurkeztutako hautagai zerrenda aldarrikatuko da automatikoki.

36. artikulua.– Kontseiluko presidente berria hautatzea.

1.– Bat-batean kontseiluko presidenterik gabe geratuz gero, presidenteordeak hartuko du kargua behin-behinean, eta hauteskundeetarako deia egingo du berehala, arautegi honek ezarritakoaren arabera.

Presidenteorderik ez badago, Ikasleen Kontseiluko kide zaharrenak hartuko du kargua behin-behinean, eta hauteskundeetarako deia egingo du berehala. Hauteskunde horietan hautatzen den presidentearen agintaldiak iraungo du aurrekoak bete beharko zuen agintaldia amaitu arte.

2.– Ez da egingo hauteskunde partzialerako deialdirik eskolarik gabeko aldietan, ez eta organoa berritzeko hiru hilabete baino gutxiago geratzen direnean ere, non eta, azken kasu horretan, Ikasleen Kontseiluko kideek ez duten premiazkotzat jo gehiengo osoz.

BOSGARREN ATALA. PRESIDENTEORDEA, IDAZKARIA ETA DIRUZAINA.

37. artikulua.– Izendapena eta kargu uztea.

Aukeratutako hautagai zerrendan horretarako izendatutako pertsonak izango dira presidenteordea, idazkaria eta diruzaina, eta Ikasleen Kontseiluko kide izan beharko dira.

Presidenteak postu horietarako pertsonak izendatu eta kargutik kendu ahal izango ditu. Izendatutako pertsonak dagokion ikasleen kontseiluko kideak izan beharko dira, eta ikasleen kontseilu horrek berretsi beharko ditu.

38. artikulua.– Presidenteordeen eginkizunak.

Presidenteordeen eginkizunak dira:

1.– Presidenteari bere eginkizunak betetzen laguntzea.

2.– Presidentea ordezkatzea eginkizun organikoak betetzen hura falta denean edo gaixorik dagoenean, eta haren abstentzioa edo errekusazioa deklaratu denean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean aurreikusitako moduan.

3.– Dagokion ikasleen kontseiluko presidenteak agindutako beste edozein eginkizun.

39. artikulua.– Idazkariaren eginkizunak.

Ikasleen Kontseiluko idazkariaren eginkizunak dira:

1.– Kontseiluaren fede emailea izatea, presidentearen oniritziarekin, eta kontseiluko bileren aktak jasotzea eta sinatzea, baita dagokion ikasleen kontseiluko presidenteak laguntza eskatzen dion edozein bilerarenak ere.

2.– Kontseiluko artxiboen, liburuen, zigiluen eta erregistroaren zaintzaz eta erabilera egokiaz arduratzea.

3.– Lan batzordeen aktak, dokumentuak eta txostenak antolatzea eta sailkatzea.

4.– Ikasleen Kontseiluak agintzen dizkion beste eginkizun batzuk.

40. artikulua.– Diruzainaren eginkizunak.

1.– Diruzainak kontseiluaren administrazio eta kudeaketa ekonomikoa egingo du.

2.– Kontseiluko diruzainaren eginkizunak honako hauek izango dira:

a) Ikasleen Kontseiluko kontabilitatea eta kontu liburuak eramatea.

b) Ikasleen Kontseiluaren ondare ekonomikoa zaintzea eta babestea, eta dagozkion partida ekonomikoak administratzea, presidentearen gidaritzapean.

c) Ikasleen Kontseiluaren jardun ekonomikoen erantzukizuna hartzea.

d) Ikasleen Kontseiluak ematen dizkion beste eginkizun batzuk.