ORDEZKARIEN ESKUBIDEAK ESTATUTUA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

II. TITULUA. IKASLEEN ORDEZKARITZAREN ESTATUTUA

II. KAPITULUA. ORDEZKARIEN ESKUBIDEAK

17. artikulua.– Ordezkarien eskubideak.

Ikasleen ordezkariek honako eskubide hauek izango dituzte:

1.– Ordezkari edo delegatu lana askatasunez betetzea.

2.– Beren iritziak askatasunez adieraztea, arauak eta pertsonekiko eta erakundearekiko errespetua izanik horren muga bakarrak. Ordezkariek beren eginkizuna betetzean egiten dituzten adierazpenak ordezkari diren aldetik egindakotzat joko dira, eta ez norberaren izenean egindakotzat, eginkizun hori betetzean izan dezaketen erantzukizuna ezertan galarazi gabe.

3.– Ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko informazio zehatza eta zuzena jasotzea.

4.– Erabakiak hartzeko prozesuan eta politika estrategikoetan erantzunkidetasunez parte hartzea.

5.– Ikasketak eta ordezkaritza jarduerak bateragarriak izatea, beren prestakuntzari kalterik egin gabe. Zehazki, gobernu eta ordezkaritza organoetan ikasleen ordezkari gisa parte hartzeak ordezkariaren prestakuntzari eragiten diola ikusten bada, irakasleek tutoretza osagarriak antolatuko dituzte, ordezkariak irakasgaia edo gaia behar bezala gainditzeko ezagutza lortuko duela bermatze aldera. Nolanahi ere, ikasleen ordezkariek justifikatuta izango dute eskolara ez joatea derrigorrezko saioen % 25 arte, UPV/EHUko Estatutuen 11. artikuluko 1., 4. eta 5. ataletan aipatzen diren kide anitzeko organoen bileretara joateko, edo UPV/EHUko Estatutuen 11. artikuluko 2. eta 3. ataletan aipatzen diren kide bakarreko organoek deitutako bileretara joateko. Eskubide berbera izango dute UPV/EHUtik kanpoko ordezkaritza organoen bileretara joan behar badira ikasleen ordezkari gisa horretarako hautatu dituztelako.

Era berean, UPV/EHUren Estatutuen 11. artikuluko 1. eta 5. ataletan aurreikusitako kide anitzeko organoen bileretara edo UPV/EHUtik kanpoko ordezkaritza organoen bileretara joateagatik ebaluazio proba programatuetara aurkeztu ezin diren ordezkariek beste egun eta ordu bat eskatu ahal izango dute proba horiek egiteko. Horri dagokionez, ulertuko da ordezkariak ezin direla ebaluazio probara joan, baldin eta organoaren bilera ebaluazio probaren aurreko hogeita lau orduen barruan egiten bada.

UPV/EHUko kide anitzeko organoak saiatuko dira bilerarik ez jartzen ez azterketa garaian ez azterketen aurreko ikasketa egunetan.

Unibertsitatez kanpoko arautegiren batek ordu praktikoen kopuru bat betetzea eskatzen badu, ikastegiak plangintza berezi bat emango die ikasleen ordezkariei, atal honetan aipatutako ordezkaritza eginkizunak betetzeagatik galdutako nahitaezko praktikak berreskuratzeko aukera izan dezaten.

Ordezkariak hala eskatuko balu, kasuan kasuko idazkaritzak jakinaraziko die dagokien ikastegi eta sailetako kide bakarreko organoei ikasle hori ordezkaria dela, horiek jakinaraz diezaieten irakasgaien arduradunei, horrela ordezkari lanaren eta betebehar akademikoen arteko talkarik ez sortzeko, eta balizko gatazkak aurreikusi eta eragozteko.

6.– Ebaluazio araudiaren arabera ebaluatuak izatea.

7.– Ikasleentzat interesgarria izan daitekeen informazioa zabaltzeko espazio fisikoak eta baliabide telematikoak izatea. Horrez gain, espazio propioak eta esklusiboak bermatuko zaizkie ordezkariei, informazioa zabaltzeko ez ezik, ordezkaritza lanak ere egin ahal izateko. Funtsezkoa izango da informazio horrek formatu irisgarria izatea eta espazio horiek egokituta egotea desgaitasuna duten ikasleen sarbidea eta parte hartzea ahalbidetzeko.

8.– Ikasleen ordezkari gisa bere funtzioak normaltasunez betetzeko baliabide teknikoak eta ekonomikoak izatea.