UPV/EHUko ikasleen arautegia
II. TITULUA. IKASLEEN ORDEZKARITZAREN ESTATUTUA
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua.– Ordezkariak.
1.– Ordezkariak izango dira UPV/EHUko ordezkaritza eta gobernu organoetan parte hartzen duten ikasleak, beren kolektiboko kideek horretarako aukeratuta, arautegi honek, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrak eta gainerako unibertsitate arauek ezarritakoaren arabera.
2.– Taldeko delegatuak ikastegiko, egoitzako edo ataleko ikasleen kontseiluaren eta ikasleen arteko berezko solaskideak dira.
Ikastegi eta atalek delegatuen hauteskundeetarako deialdia egingo dute eskolaldiaren lehen hogei egunen barruan. Horretarako, arautegi honen II. eranskineko protokoloari jarraituko zaio. Era berean, ikastegi eta atalek beren hauteskunde protokoloak onartu ahal izango dituzte, kasuan kasuko ikastegi edo saileko ikasleen kontseiluak berretsiz gero.
Delegatuek titulu honetako 18. artikuluak ezarritako betebeharrak izango dituzte. Era berean, 17. artikuluko 1etik 3ra bitarteko puntuetan aitortutako eskubideak izango dituzte.
Ikasleek konfiantza kenduko ahalko diote delegatuari. Horretarako, beste hautagaitza bat aurkeztu beharko dute, eta lortu beharko dute aurreko delegatua hautatu zuten ikasleen zerrendako bi herenek beren alde bozkatzea.
Ikastegiko, egoitzako edo ataleko ikasleen kontseilua ezin izan bada eratu, taldeko delegatuak ikasleen solaskide gisa jardun ahal izango du unibertsitateko gobernu organoen aurrean, eta 17. artikuluaren 1., 2., 3., 5. eta 6. zenbakietan ikasleen ordezkariei aitortutako eskubideak izango ditu.
3.– Ikasleen ordezkaritzan parekotasun printzipioa errespetatzea bultzatuko da, gizonen eta emakumeen parte hartzea proportzionala izanik. Era berean, desgaitasuna duten pertsonak ikasleen ordezkari izatea bultzatuko da.
15. artikulua.– Hauteskundeetan parte hartzea.
1.– Unibertsitateko ikasle guztiek konpromisoa dute UPV/EHUko, ikastegiko eta saileko gobernu organoetan eta beren kolektiboetan modu aktiboan eta demokratikoan parte hartzeko, beren ordezkariak hautatuen bidez.
2.– UPV/EHUk ikasleak bultzatuko ditu hauteskundeetan modu aktiboan parte hartzea. Hala, horretarako behar diren bitarteko materialak eta informazioa jarriko du haien esku, eztabaida bultzatuko du, eta saiatuko da ikasleak inplika daitezen beren parte hartzea areagotzeko mekanismoen diseinuan.
16. artikulua.– Ikasleen ordezkaria izateari uztea.
1.– Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da eta galdu egingo da hauetakoren bat gertatuz gero:
a) Heriotza, ezintasuna edo desgaikuntza.
b) Hauteskundeak baliogabetzea.
c) Agintaldia amaitzea.
d) Dimisioa ematea.
e) UPV/EHUkoa izateari edo ordezkatzen zuen kidegokoa izateari uztea.
f) Organoaren segidako bi bilerara edo tartekako lau bilerara ez joatea justifikaziorik gabe. Horren ondorioz, ez zaizkio aitortuko organo horretan ordezkaria izateagatik kredituen transferentziari buruzko arautegiaren arabera zegozkion ECTS kredituak.
2.– UPV/EHUko ikasleen kontseiluek kargutik kendu ahal izango dituzte ikasleen ordezkaritzarako UPV/EHUko beste organo batzuetarako izendatu dituzten ordezkariak, bai eta UPV/EHUtik kanpoko beste organo batzuetarako izendatu dituztenak ere, baldin eta azken horien araudiak aukera hori ematen badu.