XEDAPEN GEHIGARRIAK

UPV/EHUko ikasleen arautegia

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Inskribatutako elkarteak.

Arautegi hau indarrean sartzen den egunean elkarteen erregistro publiko batean inskribatuta dauden baina 52. artikuluaren a) eta b) letretan adierazitakoa betetzen ez duten elkarteek UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskatu ahal izango dute, baldin eta bost kide, gutxienez, UPV/EHUko ikasleak badira. Halakoetan, UPV/EHUko elkarte gisa inskribatzen direnean, «UPV/EHUko atala» adieraziko dute, eta kasuan kasuko elkartearen jarduerak UPV/EHUko ikasle diren elkartekideek egiten dituztela ulertuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honen 2.16, 17.7, 19.4 eta 61.2 artikuluek aipatzen dituzten eskubideak arau hauen bitartez gobernatuko dira:

1.– Unibertsitateko espazioak erabiltzeko baimena lortu ahal izango dute UPV/EHUn matrikulatutako ikasleek, helburuak honako hauek badira:

– Ikasleen ordezkaritza organoen zereginak betetzea. Helburu horretarako, espazioak erabiltzeko baimena organo horietako kideei besterik ez zaie emango.

– Ordezkaritza organoek, ikasleen elkarteek edo ikasle talde batek (behar bezala identifikatutako eragile batekin) antolatutako bestelako jarduerak egitea, baldin eta lotuta badaude kultura eta jakintzaren transmisioarekin, hori unibertsitatearen xedeetako bat den aldetik.

2.– Ez da espazioak erabiltzeko baimenik emango honako kasu hauetan:

– Proposatutako jarduera Euskal Herriko Unibertsitatearen helburuen aurkakoa bada, UPV/EHUren Estatutuen 4. artikulua kontuan hartuta.

– Ekitaldia eginez gero, pertsonak edo ondasunak arriskuan egon daitezkeela pentsatzeko arrazoi sendorik badago.

3.– Espazio bat erabiltzeko baimena jaso duten ikasleek betebehar hauek izango dituzte:

– Utzitako aretoak behar bezala eta arduraz erabiltzea, egiturako elementurik eta hornikuntzarik inola ere aldatu gabe, eta unibertsitatearen ondarearen edo pertsonen kalterako izan daitekeen ezer egin barik.

– Areto bera darabilten gainerako ikasleen edo unibertsitateko kideen jarduna eragotzi edo oztopa lezakeen ezer ez egitea.

– Espazioak ikastegia zabalik dagoen orduetan erabiltzea, ikastegiak beste aukerarik eskaintzen ez badu, xedapen honen 8. puntuaren arabera.

– Ondare edo pertsonentzako arriskurik antzemanez gero, unibertsitateko agintariei jakinaraztea eta laguntza eskaintzea.

4.– Espazioak erabiltzeko baldintzak.

Espazio edo areto jakin batzuk erabiltzeko baimena jaso duten ordezkaritza organoek, ikasleen elkarteek edo pertsonek errespetatu beharko dituzte, betiere, haien jabe diren unibertsitate organoek ezarritako baldintzak, zeinak prebentzio, segurtasun eta garbitasun irizpide orokorren araberakoak izango baitira.

5.– Prozedura.

1) Campusetako espazioak erabiliz gero, arau hauek kasuan kasuko campusak ezarritakoen osagarri izango dira.

2) Prozedura ordezkaritza organoaren, ikasleen elkartearen edo talde sustatzailearen ekimenaz hasiko da, eskabidea aurkeztuta. Ordezkaritza organoko edo elkarteko buruak edo talde sustatzaileko ikasle batek aurkeztuko du, organo eskudunari zuzenduta.

Jarduera puntualen kasuan, ekitaldia hasi baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko da eskabidea.

3) Honako hauek dira organo eskudunak, kasuaren arabera:

– Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritza, erabili beharreko aretoa ikastegi batena bada.

– Campuseko errektoreordea, aretoak campusenak direnean, edo jardueraren eremua handiagoa bada erabili beharreko azpiegitura duen ikastegia baino, ikastegiak berak hala eskatuta:

4) Eskabidean adierazi beharko da:

– Baimenaren helburu den jarduera (ordezkaritza organoek edo ikasleen elkarteek edo ikasle talde batek sustatutako jarduera iraunkor, puntual edo aldizkakoak).

– Ikasle talde batek eskatutako jarduera puntual edo aldizkakoak direnean, taldeko kideen izenak.

– Jarduera puntual edo aldizkakoen kasuan, deskribapena, data eta ordutegia, eta jarduerarako behar den espazioaren ezaugarriak.

5) Eskabidea jasota, organo eskudunak erabakiko du erabilera bat datorren xedapen gehigarri honen 1. eta 2. ataletan jasotakoarekin, bai eta espaziorik dagoen, eskabidean adierazitako ezaugarriak dituenik. Edozein kasutan, eskabidearen inguruko argibideak eskatu ahal izango zaizkie egileei.

6) Aurreko baldintzak betez gero, organo eskudunak baimena eman beharko du eskabidea egin denetik hamabost eguneko epean gehienez. Jarduerarako utziko duen aretoaren ezaugarriak eta bera erabiltzeko baldintzak zehaztuko ditu, eskarian adierazitakoez bestelakoak badira. Baimena ukatuz gero, arrazoitu egin beharko da.

6.– Baimena kentzea.

1) Unibertsitateak jakiten badu edo arrazoiz susmatzen badu espazioa erabiltzen ari direla baimendu gabeko zerbaiterako, edo baimenean zehaztutako baldintzak ez direla betetzen ari, baimena kendu ahal izango die eskatzaileei, haiei entzun eta gero.

2) Ikasleen elkarteen kasuan, arauak ez betetzeak ekar lezake Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen elkartea izateari uztea, arautegi honen 63. artikulua aplikatuz.

3) Baimenaren baldintzak ez betetzeagatik ondare eta pertsonentzako arriskurik sortuko balitz edo unibertsitatearen berezko jarduna eragotziko balitz, unibertsitateak bestelako tramiterik gabe ken lezake baimena, eta interesdunek berehalaxe utzi beharko lukete espazioa, kalte ordainerako eskubiderik gabe.

4) Era berean, unibertsitateak espazioak erabiltzeko baimena kendu ahal izango du, edo erabiltzeko baldintzak aldatu, areto horiek irakaskuntzarako, ikerketarako edo unibertsitateak berezko dituen bestelako zereginetarako behar baditu.

7.– Erantzukizunak.

Ordezkaritza organoak, elkarteak eta ikaste taldeak izango dira erantzule aretoetan kalte edo galerarik gertatzen bada erabilera okerraren ondorioz.

Beraz, bestelako erantzukizunak erantzukizun, beren gain hartu beharko dute erabilera okerraren ondorioz unibertsitatearen ondare eta instalazioei egindako kalteen konponketa.

Horretarako, unibertsitateak eskabidea sinatu duen pertsonarengana joko du eta hark gertatutakoaz duen informazio guztia eta unibertsitateak eskatzen dion gainerakoa eman beharko dio erakundeari.

Ikasleen elkarte, ordezkaritza organo edo talderen baten izenean egin bada erabilera okerra, unibertsitateak gutxitu ahal izango dio laguntza edo aurrekontu partida.

8.– Bigarren xedapen gehigarriaren garapena.

Ikastegiek, beren beharren arabera, bigarren xedapen gehigarri honen artikuluak garatu eta zehaztu ahal izango dituzte, ikastegiko ikasleen kontseiluari entzun ondoren.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluak, bere kideen artetik, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Hauteskunde Batzordea izendatuko du, arautegi honetan aurreikusitako eginkizunak izango dituena. Batzorde hori osatuko dute UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak eta idazkariak (batzordeko berezko kideak izango dira) eta hiru campusetako ordezkari banak, zozketaz hautatuak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko campus bakoitzeko kideen artetik.

Hauteskunde Batzordeko kideak ezin izango dira egon batzordeak jardun behar duen hauteskunde prozesuetako zerrendetan. Zerrendetan egonez gero, haien ordezkoak aukeratuko dira zozketa bidez UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko gainerako kideen artetik.